24. ALDIZKARIA - 2002ko otsailaren 25a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

7/2002 FORU DEKRETUA, urtarrilaren 14koa, entzefalopatia espongiforme kutsakorrei aurrea hartzeko zenbait neurri hartzen dituena.

Abenduaren 26ko 381/2000 Foru Dekretuaren bidez Nafarroako behi-aziendaren entzefalopatia espongiformearen kontra premiazko aurreneurri batzuk hartu ziren. Foru dekretu hori beste batek aldatu zuen gero, otsailaren 19ko 38/2001 Foru Dekretuak hain zuzen.

Orduz geroztik honaino pasatutako denborak ikusarazten du komenigarria dela foru dekretu haiek indarrik gabe uztea eta neurri haietako batzuk Europan eta Espainian indarra duten oinarrizko arauetara egokitzea.

Alde batetik, 2001eko maiatzaren 22an Europar Parlamentuak eta Kontseiluak emandako 999/2001/EE Erregelamenduak, zenbait entzefalopatia espongiforme kutsakorri aurrea hartu, kontrolatu eta kasatzeko xedapenak ezartzen dituenak, giza kontsumorako hiltzen den behi aziendaren adina beheratu zuen, 30 hilabetetik 24 hilabetera hain zuzen, detekzio proba lasterrak egin behar zaizkion aziendarena hain zuzen. Bestetik, exijitzen du askoz ere proba gehiago egin dakizkiela giza kontsumorako ardi eta ahuntz aziendari edo abeltzaintzako ustiategietan hiltzen diren azienda horiei.

Bestaldetik, zezenketetan hildako zezenak giza kontsumorako debekatzea Espainiako oinarrizko araudiari lotua dago, eta ez du zentzu handirik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak garai batean ezarritako debekuak, batik bat eritasuna atzemateko egindako proba kopuru handiak argi erakusten duelako ez dagoela entzefalopatia espongiformerik zezenketarako zezenetan.

Ez du zentzurik, dagoeneko, ustiategietan hiltzen den behi aziendaren gorpuei bertan lur emateko aukera legala izateak, gaur egun normaltasun osoz egiten duelako gorpua desagertarazteko lan hori Nafarroako For Komunitateko Administrazioak baimendutako zentroak, esan nahi baita arriskuko material espezifikoak eraldatzeko industriak.

Azkenik, Europako araudiari jarraikiz, handitu egiten dira behi aziendaren entzepalopatia espongiformearekin loturiko presako neurrien helburuak, hauek guztiak hartzeko: behi azienda, ardi azienda eta ahuntz azienda. p.Horrenbestez, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura eta Osasun kontseilariek proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta biko urtarrilaren hamalauan egindako bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Araudiaren arabera entzefalopatia espongiforme kutsakorrak antzemateko probak egin behar dituen behi azienda ez da hilko abeltzaintzako saneamendu kanpainetatik heldu diren animaliak hiltzeko baimena duten hiltegietan baizik, betiere Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak horretarako baldintza teknikoak betetzen badituzte.

2. artikulua. Debekatu egiten da abeltzaintzako ustiategietan behi, ardi edo ahuntz azienda hiltzea, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko albaitaritzako zerbitzu ofizialek aurretik baimena eman ez badute.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenbizikoa.-Baimena ematen zaie Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari eta Osasun Departamentuari Foru Dekretu hau eta entzepalopatia espongiforme kutsakorrei buruzko Europako araudia betearazteko behar diren laguntza teknikoko kontratuak egiteko, baita presako prozeduraren bidez ere.

Bigarrena.-1. Baimena ematen zaio Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari "Navarra de Servicios S.A." sozietate publikoari, Europako araudiari jarraikiz, behi, ardi eta ahuntz aziendari entzefalopatia espongiforme kutsakorrak antzemateko lagin-hartze eta probak egiteko.

2. Nafarroako Gobernuko "Navarra de Servicios S.A." sozietate publikoaren menpeko laborategia Nafarroako Foru Komunitateko loborategi izendatzea entzefalopatia espongiforme kutsakorrak antzemateko testak egiteko eta eritasun horiekin ikustekoa duten bestelako jarduketak egiteko.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak eta Osasun Departamentuak laborategiak detekzio testak egiteko erabili beharreko protokoloak ezarriko dituzte.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditzen dira:

-381/2002 Foru Dekretua, abenduaren 26koa, Nafarroako behi- aziendaren enzefalopatia espongiformearen kontra premiazko aurreneurri batzuk hartzen dituena.

-38/2001 Foru Dekretua, otsailaren 19koa. abenduaren 26ko 381/2000 Foru Dekretua aldatzen duena.

-2000ko azaroaren 28ko Foru Agindua, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean behi-aziendaren entzefalopatia espongiformea (BEE) detektatzeko testak eginen dituen Laboratorioa hautatzen duena.

-Foru Dekretu honetan ezarritakoari kontra egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapenak.

AZKEN XEDAPENA

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta biko urtarrilaren hamalauan.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: A0200781