2. ALDIZKARIA - 2002ko urtarrilaren 4a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

506/2001 FORU AGINDUA, abenduaren 12koa, Osasun kontseilariak emana, beste erakunde eta osasun programa batzuetarako dirulaguntzak emateko 2002. urteko deialdia onesten duena.

Nafarroako Foru komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen bidez ezarri da, eta 1997ko 74. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu, ekainaren 20an hain zuzen ere.

Aipatutako Foru Legearen 3. artikuluan ezarritakoari jarraituz, dirulaguntzak publizitate, lehiakortasun eta objektibotasunean oinarrituta emanen dira.

Dirulaguntzen deialdi honen xede dira toki entitateek eta irabazteko asmorik gabeko erakunde, fundazio eta elkarteek autolaguntza taldeen eraketa eta funtzionamendua sustatzeko egiten dituzten berariazko ekintzak, bai eta herritarren parte- hartzea duten osasun programak garatzen dituzten beste entitate batzuenak ere.

Deialdi honek bide ematen du interesa duten elkarte eta entitate guztiak berdintasunez sar daitezen, eta aldi berean bermatzen du dirulaguntzak irizpide objektiboen arabera banatuko direla. Irizpide horien lehentasunak, bestalde, Osasun Departamentuak osasun politikaren arloan sustatzen dituen ildoekin bat etorriz ezarriko dira, bereziki Osasun Planaren barruan azaltzen diren helburuak betetzeko xedea dutenekin bat.

Hori horrela, Nafarroako Foru komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrarri buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 5. artikuluak emandako eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. 1. Dirulaguntza deialdia onestea, 2002. urtean autolaguntza taldeak garatu eta osasun programak abian jartzeko helburua duten jarduketa eta programak egiteko, beti ere Osasun Departamentuaren eta haren erakunde autonomoen jardueren osagarri direnak. Ekintza eta programa horiek Osasun Departamentuak zehaztu eta deialdi honen I. eranskinean azaltzen diren lehentasunekin bat etorri beharko dute.

2. Toki entitateak, erakundeak, fundazioak edo elkarteak egin beharreko ekintzaren xedearen arabera, honako hauek dira kontuan hartu beharko diren jarduketa esparruak:

-Osasuna eta/edo autolaguntzarako harremanak sustatzeko programak garatzea.

-Gizartearentzako aurreneurrien programak eta droga menpekotasunen kontrako udal planak garatzea.

-Gizarteko garapena eta lan programak HIES-GIBaren inguruan.

-Drogei eta HIESari lotuta izan gabe, arriskua duten beste jokabide batzuei begira aurreneurriak hartzeko programak garatzea.

2. Deialdi honen babesean banatuko diren dirulaguntzek 2002. urtean eginen diren jarduketak finantzatuko dituzte. Era berean, dirulaguntza eskatu ahalko da behar bezala justifikatzen baldin bada jarduketak garatzeko beharrezkoa dela jarduketa horiek 2002 eta 2003ko aurrekontu ekitaldietako parte batean exekutatzea, beti ere iraupena urtebetekoa baino luzeagoa ez bada.

3. Nafarroako Foru komunitatean 2002. urtean autolaguntzarako eta osasuna sustatzeko ekintzak edo programak garatzen dituzten toki entitate eta irabazteko asmorik gabeko erakunde, fundazio eta elkarteek eskatu ahalko dituzte Foru Agindu honetan ezartzen diren dirulaguntzak, baldin eta Nafarroako Foru komunitateko Elkarteen Erregistroan inskribaturik badaude.

4. 1. Dirulaguntzarako eskabideak, lehentasunez, Osasun Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira (Iruñeko Amaia kalea, 2 A), honako agiri hauekin batera:

Dirulaguntza lehen aldiz eskatzen duten toki entitate, erakunde, fundazio eta elkarteek:

a) Elkartearen edo erakundearen estatutuak.

b) Dirulaguntza eskatzeko inprimaki ofiziala, behar bezala betea eta egin beharreko proiektu, ekintza edo programaren atal tekniko eta ekonomikoak azalduko dituena. Inprimakia Osasun Departamentuko Osasun Laguntzaren Zerbitzuan jasoko da.

c) Dirulaguntzarako eskabidea aurkezten duenaren ordezkaritza egiaztatzen duen agiria (eskabideko inprimaki ofizialean sartua).

d) Nafarroako Foru komunitateko Elkarteen Erregistroko inskripzioaren ziurtagiria.

e) Identifikazio Fiskaleko Txartelaren fotokopia konpultsatua.

f) Entitate edo elkarte eskatzaileak kontratupeko langilerik baldin badu: Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak luzatutako ziurtagiria, entitate edo elkarte eskatzaileak Gizarte Segurantzarekin zorrik ez duela egiaztatzen duena.

Gainerako erakunde, fundazio eta elkarteek, baldin eta Estatutuak aldatu badituzte, horien aldaketak aurkeztu beharko dituzte.

Kasu guztietan, b), c) eta f) ataletan adierazitako agiriak.

2. Dirulaguntza eskatzeak deialdia zuzentzen duten oinarriak onartzea dakar.

3. Aurkeztutako datuak egiazkoak ez badira edo eskatzaileak faltsutzen baditu zehapena ezar daiteke, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrarri buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 27. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituz.

5. 1. Eskabideak aurkezteko epea 2002ko urtarrilaren 31n amaituko da.

2. Toki entitate, erakunde, fundazio eta elkarteek egindako dirulaguntza-eskaerak ez dira tramitatuko baldin eta aurreko urteko dirulaguntzari dagozkion Oroit-idazki teknikoak eta ekonomikoak eta fakturak aurkeztzen ez badituzte.

3. Eskabideak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, Osasun Laguntzaren Zerbitzuak interesatuari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzen dezala, eta adieraziko dio hala egiten ez badu eskabideari uko egiten diola eta artxibatu eginen dela.

6. 1. Aurkeztutako eskabideak aztertu, baloratu eta dirulaguntzak emateko proposamena egiteko, Ebaluazio Batzorde bat eratuko da, honako kide hauek osatua:

-Osasun Laguntzaren Zerbitzuko zuzendaria, batzordeburu lanetan arituko dena.

-Organo Birlandaketen eta Elkarteen Koordinaziorako atalburua, Batzordeko buruorde lanetan arituko dena.

-Droga menpekotasunaren aurkako Foru Planeko bi kide, zuzendariak izendatu beharrekoak.

-Osasun Publikoaren Institutuko hiru kide, institutuko zuzendariak izendatu beharrekoak.

-Gizarte Ongizate Departamentuko kide bat, bertako zuzendari nagusiak izendatu beharrekoa.

-Osasun Departamentuko Kudeaketa Ekonomikoaren Ataleko kide bat, idazkari teknikoak izendatu beharrekoa.

-Osasun Laguntzaren Zerbitzuko kide bat, bertako zuzendariak dirulaguntzak kudeatuko dituzten langileen artean izendatu beharrekoa.

-Osasun Departamentuko Ikuskatzailetza eta Araubide Juridikoaren Ataleko kide bat, idazkari teknikoak izendatu beharrekoa eta idazkari lanetan arituko dena.

2. Ebaluazio Batzordeak, haren esku utzitako eginkizunak betetzeko, egoki juzkatzen dituen egiaztapenak egin ahalko ditu diruz lagundutako jardueraren inguruan, eta haren egiaztagiri guztiak eskatu ahalko ditu.

Batzordeak emandako proposamena loteslea izanen da, ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 5.3 artikuluan aurreikusitakoari jarraituz.

7. Dirulaguntzak emateko honako irizpideei jarraituko zaie:

-Aurkeztutako programa Osasun Departamentuaren lehentasunezko alor eta xedeekin bat etortzea.

-Osasun barruti edo eskualdean burutzen diren beste programa batzuekin osagarria den eta nola txertatzen den.

-Gizartearen parte-hartzearen sustapena.

-Eskaera egiten duen elkarteak edo bere jarduera esparruko beste entitate batzuek ere finantzaketan parte hartzea.

-Programaren xede den pertsona multzoa.

-Proposaturiko helburuak beteko direla bermatzeko azpiegitura nahikoa izatea.

-Aurreko urteetako programek izan duten eraginkortasuna.

-Elkartean boluntarioak izatea eta haiek programako jardueretan esku hartzea.

-Lokalak eta baliabide administratiboak elkarte desberdinek elkarrekin erabiltzea.

-Eta drogekin eta HIESarekin zerikusia ez duten arrisku jokabideetarako aurreneurrien programen kasuan, erakunde eta zerbitzu ezberdinen arteko lankidetza eta proiektuaren bideragarritasuna milioi batetik beherako aurrekontu mugen barnean.

8. Dirulaguntzak aurkeztu den proiektuaren edo programaren jarduera, material suntsigarria, edo/eta langile gastuak finantzatzeko izanen dira. Horiez gain, funtzionamenduko gastu orokorrak finantzatu ahalko dituzte, dirulaguntzaren zenbatekoaren % 20 arte, gehienez, harrera programak izan ezik, ez baitute muga hori izanen.

Proiektuak toki entitate eta irabazi asmorik gabeko erakunde, fundazio edo elkartearenak berarenak diren baliabideekin eginen dira batez ere. Dirulaguntza jasoko duten proiektuak hautatzerakoan lehentasuna izanen dute jarduerak beren baliabideak erabiliz eginen direla azaltzen duten eskaerek. Jarduera batzuk hirugarrenekin hitzartu edo kontrataturik egitea aurreikusita baldin badago, aurkezturiko proiektuetan zehaztu beharko da hori.

Hala ere, droga menpekotasunaren kontrako eta gizarte aurreneurrirako udal planen programak garatzeko toki entitateei ematen zaizkien dirulaguntzek, baldin eta langileei ordaintzeko badira, konpromisoa sortzen diote toki entitateari kontzeptu horrexetarako gutxienez kopuru bera gastatzeko bere dirua erabiliz.

9. Laguntza hauek eta beste edozein dirulaguntza edo laguntza bateragarriak izanen dira. Proiektu edo programa bati erakunde edo entitate ezberdinek bi dirulaguntzaren edo gehiagoren bidez emandakoaren zenbatekoa, guztira, ez da inolaz ere proiektu edo programaren kostu osoa baino handiagoa izanen.

10. 1. Dirulaguntzak Osasun zuzendari nagusiaren Ebazpenaren bidez emanen dira, Ebaluazio Batzordeak egindako proposamena aztertu ondoren eta Osasun Laguntzaren Zerbitzuak, txostena eman ondoren, onuradunek dirulaguntza lortzeko behar diren baldintzak betetzeari dagokionez.

2. Eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik hiru hilabete iraganik Ebazpena eman gabe, eskabideak ukatu egin direla ulertuko da.

11. 1. Emandako dirulaguntza honela ordainduko da, oro har:

-% 70, emateko unean, horri buruzko Ebazpena onetsitakoan.

-Gainerako % 30, diruz lagundutako proiektua edo programa burutu dela frogatzen duten diru egiaztagiriak eta teknikoak jaso ondoren:

% 30eko zatia ordaintzeko beharrezkoa den egiaztapena egiteko, 2003ko urtarrilaren 10a baino lehen Osasun Departamentuko Erregistroan aurkeztu beharko dira Oroit-idazki Tekniko eta Ekonomikoaren eredu ofiziala eta 2002ko abenduaren 31 baino lehen egindako fakturak, jatorrizkoak eta fotokopiak (Gizarte Segurantzaren abenduko ziurtagiriak, hala nola zergei eta beste tributuei buruzkoak izan ezik, horiek ordainketa egin eta bost egun pasata aurkeztuko baitira). Aurkezten diren faktura horiek fakturen luzatzea eta gastu eta kenkarien egiaztatzea erregulatzen duen martxoaren 8ko 85/1993 Foru Dekretuan adierazitakoari lotu beharko zaizkio. Fakturak zenbaki zerrenda baten arabera eta kontzeptuak zehaztuta daudela aurkeztuko dira.

Udalek dirulaguntza zertarako den frogatu ahalko dute honakoak aurkeztuta: oroit-idazkia eta gastu eta dirusarreren balantzea, Udaleko idazkariak ziurtatua fede-emaile publikoa den aldetik, eta Udaleko kontu-hartzaileak ikus-onetsia.

2. Lehenengo idatz-zatian aurreikusitakoa hala izanik ere, dirulaguntzak 3.100 euro edo hortik beherakoak direnean, dirulaguntzaren ordainketa bakarra izanen da, eta aldez aurretik eginen da.

Diru frogagiriak (jatorrizkoa eta fotokopia, zenbakiak jarritako zerrenda, e.a.) aurreko idatz-zatiko kasuetako berbera izanen da. Fakturak eta oroit-idazki tekniko eta ekonomikoa 2003ko urtarrilaren 31n aurkeztu beharko dira.

3. Gutxiengo etnikoentzako jarduerak biltzen dituzten programak direnean, bi aurrekontu ekitalditan finantzatuak, honako hau izanen da ordaintzeko modua, salbuespen gisa:

Aurreko deialdian emandako dirulaguntza frogatu ondoren, 2002. urteko ekitaldiari dagokion dirulaguntzaren zati proportzionalaren lehen ordainketa.

Bigarren ordainketa eginen da lehenengoa 2002ko abenduaren 31n frogatu ondoren, eta zenbatekoa zati proportzionala izanen da 2003. urteko ekitaldiaren kargura.

Gutxiengo etnikoentzako programako oroit-idazki tekniko eta ekonomikoak 2002ko uztailean aurkeztuko dira.

4. 1997ko Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legearen 30. artikuluaren arabera (Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko 8/1988 Foru Legearen 41. artikulua aldatzen duena), baimena ematen da jarduerak segidako bi urtetan egiteko, iraupena urtebetekoa izanen delarik gehienez; gastua bi aurrekontu ekitaldi ezberdinetan banatuko da.

12. Onuradunak beharturik daude Osasun Departamentuari jakinaraztera Departamentuak berak finantzatzen duen jarduera egiteko beste erakunde batzuek emandako laguntza edo dirulaguntza guztiak.

13. Oro har, eta ekintzaren helburua dela eta desegokitzat hartzen diren kasuak alde batera utzita, programa eta jarduera horien berri emateko argibideetan, zabalkundean, liburuxketan eta antzekoetan, eta, oro har, jendaurrean jartzen den informazio orotan Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala jarri beharko da eta Osasun Departamentua finantzaketan laguntzaile gisa aritu dela aipatu.

14. Diruz lagundutako programaren baldintza guztiak nahiz batzuk ez betetzeak jasotako dirulaguntzaren zenbatekoa, osoa edo zati bat, itzuli beharra ekarriko du berekin, bai eta dirulaguntza ordaindu zenetik ordurarte sortutako berandutza korritua ordaindu beharra ere, Nafarroako Foru komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrarri buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 21. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

15. Deialdi hau garatzeko aurreikusi den gastua 2002ko Nafarroako Aurrekontu Orokorren proiektuko kontusail hauen kargura eginen da: 51120-511002-4810-413900 "Osasun Programetarako laguntzak"; 51000-500000-4600-411100 "Drogamenpekotasunaren kontrako udal planetarako dirulaguntzak"; 51000-500000-4810-411100 "Entitateendako laguntzak gizartean aurreneurri programak garatzeko"; 51000-510000-4810-413900 "Gobernuz kanpoko erakundeekin egindako hitzarmenak (HIESa)", eta 51000-510000-4600-413902 "Aurreneurrirako eta osasuna sustatzeko programetarako hitzarmenak".

Hala ere, dirulaguntzak emanen dira baldin eta 2002ko ekitaldian diru aski bada horretarako.

16. Deialdi honetan espresuki ezarririk ez dagoen orotan Nafarroako Foru komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrarri buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legea aplikatuko da.

17. Deialdi honen eta dagozkion egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, errekurritzen den egintza argitaratu edo jakinarazi eta hilabeteko epean.

18. Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta bateko abenduaren hamabian.-Osasun kontseilaria, Santiago Cervera Soto.

I. ERANSKINA

Lehentasuna duten osasun programak

-Osasunaren aurreneurri eta sustapena, arrisku jokabideak dauden kasuetan.

-Ohitura osasungarrien sustapena.

-Osasuna sustatzeko programak, talde batzuentzat.

-Gizartearen parte-hartzea sustatzen duten programak.

-Drogamenpekotasunaren aurkako aurreneurria eta gizarteratzea.

-Osasuna sustatzeko programak garatzea HIES-GIBaren inguruan.

Iragarkiaren kodea: A0113016