2. ALDIZKARIA - 2002ko urtarrilaren 4a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Agintariak eta Langileak

254/2001 EBAZPENA, abenduaren 17koa, Justizia zuzendari nagusiak emana, Justizia Administrazioko ofizialen, laguntzaileen eta agenteen lanpostu hutsak betetzeko lekualdatze-lehiaketarako deia egiten duena.

Nafarroako Foru Komunitatean Justizia Administrazioko ofizialen, laguntzaileen eta agenteen kidego nazionaletako lanpostu hutsak daudela ikusirik eta horretarako aurrekontua dagoela kontuan harturik, bidezkoa da lekualdatze-lehiaketarako deia egitea Botere Judizialari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoak 455. eta 494. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, bai eta Justizia Administrazioko ofizial, laguntzaile eta agenteen Kidegoetako Erregelamendu Organikoak, otsailaren 16ko 249/1996 Errege Dekretuak onetsi zuenak, bere IV. tituluaren III. kapituluan ezarritakoari ere jarraikiz.

Hori horrela, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Justizia Zuzendaritza Nagusiak lekualdatze- lehiaketarako deialdia egitea xedatu du, I. eranskinean ageri diren lanpostuak betetzeko. Hona hemen lehiaketaren oinarriak.

Lehenengoa.-Eska daitezkeen lanpostuak.

1. Lehiaketa honetan parte hartu eta Justizia Administrazioko ofizialen, laguntzaileen eta agenteen lanpostu hutsak eskatu ahalko dituzte kidego horietako funtzionarioek, daukaten administrazio egoera edozein izanda ere; egitekoak kenduta, etenaldian jarraitzen dutenek, ordea, ez dute parte hartzerik izango. Parte hartu ahal izateko, otsailaren 16ko 249/1996 Errege Dekretuaren 57. artikuluan lehiaketetan parte hartzeko jarritako baldintzak bete beharko dituzte.

2. Deialdi honetako I. eranskinean ageri diren lanpostuetatik edozein eskatu ahalko dute, bai eta aldi berean Justizia Ministerioak eta autonomia erkidegoetako organo eskudunek argitaratzen dituztenak ere, betiere eskabideak aurkezteko jarritako epea amaitzen den egunean baldintza orokorrak betetzen badituzte.

Lanpostu hutsei identifikazio bana emango zaie, deialdiaren hurrenkera zenbakia hain zuzen. I. eranskinean ageri den organo judizial bateko lanpostu baterako eskaerak organo horretan kasuan kasuko kidegoan dauden lanpostu huts guztietarako balioko du.

3. Gainera, lehiaketa honen ondorioz hutsik gelditzen diren Justizia Administrazioko lanpostuak ere eskatu ahalko dira, orain eskaintzen diren lanpostu hutsen ondoriozko lanpostu gisa sartzen baitira, salbu eta amortizatu nahi badira eta plantilla organikoa aldatzeko edo lantoki bateko langileak berrantolatzeko proiektu aurreratu bat edo negoziazio-aldian dagoen proiektu bat baldin badago. Kasu horietan guztirako dotazioen eta kidegoen arteko desbideraketarako gehieneko ehunekoa errespetatuko da, plantillaren ehuneko bostekoa hain zuzen.

Lanpostuak deialdiaren hurrenkera zenbakia emanda identifikatu behar dira. Organo judizial bateko lanpostua eskatzearekin batera, organo eta kidego horretan diren lanpostu huts guztiak ere eskatzen direla ulertuko da. I. eranskinean ageri den lanpostu huts bat ondorio gisa eskatu nahi denean, asterisko bat jarri beharko zaio ondoan, lanpostu huts gisa eta ondorio gisa eskatzen dela jakiteko, adierazten den lehentasun hurrenkeraren arabera.

Lehiaketaren ondorioz hutsik gelditzen diren lanpostuak eskatzeko eskubideaz baliatu ahal izateko, Ebazpen hau argitaratzen denetik eskabideak aurkezteko epea amaitu bitartean, Justizia Ministerioaren Lurraldeetako Gerentzietako iragarki oholetan, eta haien bitartez baita Auzitegi Nagusietan, Entzutegi Probintzialetan, Justizia Ministerioaren Argibide Zerbitzuan eta Justizia Zuzendaritza Nagusian ere ikusgai jarriko da ondoko informazioa, lanpostuak egoki identifikatu eta eskatu ahal izateko:

-Deitutako lanpostu hutsen izaera berekoak izanik, eska daitezkeen Justizia Administrazioko lanpostuen zerrenda, bakoitzaren hurrenkera zenbakia emanda.

Bigarrena.-Parte hartzeko betebehar eta baldintzak.

1. Justizia Administrazioko ofizialen, laguntzaileen eta agenteen kidegoetako funtzionarioek parte hartzea izango dute, baldin eta eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, orain betetzen duten behin betiko lanpostuaz jabetu ziren egunetik urtebete igaro bada (249/1996 Errege Dekretuaren 57. artikulua, c letra), Erregelamendu Organikoaren 52.c) artikuluan aipaturiko salbuespena eginda.

2. Behin-behineko atxikipena duten jarduneko funtzionarioak lehiaketa honetan parte hartzera beharturik daude.

Lehiaketan destinorik lortzen ez badute, beren kidegoari dagokion lanpostu bat emanen zaie behin- behinekoz, herri berberean.

3. 249/1996 Errege Dekretuko 34. artikuluaren b) eta c) letretan ezarritako borondatezko eszedentzietan dauden funtzionarioek -familia biltzeko eta norberaren intereseko eszedentzietan dauden funtzionarioek- lehiaketan parte hartu ahal izango dute, baldin eta eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, eszedentzia eman zitzaienetik gutxienez bi urte igaro badira.

4. 249/1996 Errege Dekretuaren 35. artikuluaren babesean, seme-alabak zaintzeko eszedentzian dauden funtzionarioek lehiaketan parte hartu ahal izango dute, baldin eta behin betiko azken destinoaz jabetu zirenetik urtebete igaro bada.

5. Derrigorrezko eszedentzian daudenek, behin betiko lanpostu-kentzearen ondorioz lanpostua galdu dutenek eta 249/1996 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamendu Organikoaren 34.a) artikuluaren araberako borondatezko eszedentzian daudenek lehentasunezko eskubidea izango dute, hurrenkera horretan, baina jarduneko zerbitzua utzi zutenean lanean ari ziren herri berean kidego horretako lanpostu huts baterako lehiaketa deialdia lehen aldiz egiten denean bakarrik (Erregelamendu Organikoaren 44.3. artikulua).

6. Erregelamendu Organikoaren 44.3 artikuluan ezarritako lehentasunezko eskubiderako arauak. Lehentasun eskubidearen ondorioak herri bereko lanpostu guztietara zabaltzen direnez, eskubide hori baliatzeko kasuko herrian eskaini eta lehentasun eskubidearen pean jarri nahi diren lanpostu huts guztiak eskatu behar dira. Eskaera horiek lehenbizi jarri beharko dira lehentasun hurrenkeran, eta gero lehentasunik ez duten lanpostuak. Eskabidean ere horrela adierazi beharko dira, jabetzan izandako azkeneko behin betiko destinoaren udalerria edo probintzia adieraziz. Eskubide hori egiaztatzeko agirien fotokopia konpultsatuak aurkeztu beharko dira.

Dagokion herrian diren lanpostu huts guztiak eskatzen ez badira, eskabidean dagokion tokian inguruabar hori aipatzen ez bada edo aurreko lerroaldean adierazi agiriak aurkezten ez badira, lehentasun eskubidea ezin izanen da erabili.

7. Oraingo destinoko zentro berean dagoen lanposturik ezin izanen zaie esleitu funtzionarioei, otsailaren 16ko 249/1996 Foru Dekretuaren 52.c) artikuluan baliabideak berrantolatzeari dagokionez ezarritakoa salbu.

Hirugarrena.-Baremoak.

Lanpostuak esleitzeko merezimenduak baloratzeko honakoei dagokien baremoa erabiliko da: antzinatasuna, autonomia erkidegoko bertako hizkuntza ofizialaren ezagupena eta informatikako ezagupenak, ezagupen horiek ezarrita dituzten lanpostuak direnean. Eskabidearekin batera autonomia erkidegoetako bertako hizkuntza ofizialen ezagupena eta informatikako ezagupena egiaztatzeko agirien fotokopia konpultsatuak aurkeztu beharko dira. Behar bezala konpultsatuak aurkeztu ezean, ez dira baloratuko.

1. Antzinatasuna.-Kidegoan benetan egindako lanengatik puntu bat emango da urtebeteko, eta hori baino aldi laburragoengatik proportzioan neurtuko da (0,0027777 eguneko; hilabeteak 30 egunekotzat hartuko dira). Zerbitzu horiek eskabideak aurkezteko azken egunera arte kontatuko dira.

2. Euskararen ahozko zein idatzizko ezagupena. Nafarroako Foru Komunitateko eremu euskalduneko eta mistoko lanpostuetarako, Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen 5. artikuluak ezarri bezala, euskararen ahozko eta idatzizko ezagupenak -Foru Komunitateko ziurtagiri ofizialaren bidez egiaztatuak edo aurkeztutako titulua eta tituluari dagokion maila homologatuta-, ondorio hauetarako soilik, 6 puntura arteko balioa izango du ziurtatutako mailaren arabera, otsailaren 16ko 249/1996ko Errege Dekretuak onetsitako Erregelamendu Organikoaren bigarren xedapen gehigarrian ezarri bezala:

1.-2. hizkuntz eskakizuna: bi puntu.

2.-3. hizkuntz eskakizuna: lau puntu.

3.-4. hizkuntz eskakizuna: sei puntu.

2. eta 4. hizkuntz eskakizunen egiaztagiri ofizialik ez dagoenez, organo eskudunek antolatzen duten azterketan frogatu beharko da maila hori. Horren bidez behar den egiaztagiria lortuko da.

3. Informatikako ezagupenak: informatikako ezagupen bereziak eskatzen dituzten lanpostuak adierazi egingo dira bai 1. eranskineko lanpostuen zerrendan, bai lehiaketaren ondorioz hutsik gelditzen direnen zerrendan; ezagupen horiek ziurtagiri ofizialaren fotokopia konpultsatuaren bidez frogatzen dituztenei, ondorio horietarako soilik, 6 puntura arteko balioa emango zaie, antzinatasunaz gain eta euskaraz jakiteagatik lortutako puntuez gain, otsailaren 16ko 249/1996 Errege Dekretuaren 54. artikuluaren 10. idatz-zatian ezarritakoaren arabera. Ondorio horretarako, honako irizpide hauek izango dira kontuan:

1.a. 1. maila: informatika ikastaroetan parte hartzearen eta/edo aprobetxamendu ona izatearen ziurtagiri ofizialak, Hezkuntza eta Kultura Ministerioak, Administrazio Publikoetarako Ministerioak, Lan eta Gizarte Gaietarako Ministerioak, gai horretako eskumenak eskualdatu gabe dituzten autonomia erkidegoek eta homologatutako eta/edo onartutako zentroek emanikoak: 0,5 puntu ikastaroko eta gehienez bi puntu.

2.a. 2. maila: 100 eskola-ordu arteko informatika ikastaroetan parte hartzearen eta/edo aprobetxamendu ona izatearen ziurtagiri ofizialak, Justizia Ministerioak eta Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileen kudeaketan eskumenak dituzten autonomia erkidegoek eta/edo homologatutako edo onartutako zentroek emanikoak: hiru puntu.

3.a. 3. maila: 100 eskola-ordutik gorako informatika ikastaroetan parte hartzearen eta/edo aprobetxamendu ona izatearen ziurtagiriak, Justizia Ministerioak eta Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileen kudeaketan eskumenak dituzten autonomia erkidegoek eta homologatutako eta/edo onartutako zentroek emanikoak: lau puntu.

4.a. 4. maila: II. edo III. Mailako Lanbide Heziketako tituluak, informatika espezialitatean, eta informatikako diplomatura: bost puntu.

5.a. 5. maila: Informatikako lizentziatura: sei puntu.

Ez da irizpide horiek metatzerik izango. Hori dela eta, funtzionarioak bi irizpideri edo gehiagori aplikatzekoak diren informatika ezagutzak azaltzen baditu, puntuaziorik handiena ematen diona bakarrik hartuko da kontuan, eta Justizia Ministerioak edo Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileen kudeaketan eskumenak dituen autonomia erkidegoak emandako ikastaroaren orduak agertzen ez badira, sailkapen honen 2. puntuan adierazitakoen balorazioa izango dute.

Laugarrena.-Eskabideak aurkezteko ereduak eta epeak.

1. Justizia Administrazioko ofizialen, laguntzaileen eta agenteen kidegoetako lanpostuen zerrendetako postuetan behin betiko destinoa duten funtzionarioek, zerbitzu berezietan daudenek eta seme-alabak zaintzeko eszedentzian daudenek -eta lanpostua Nafarroako Foru Komunitatean gordea- ebazpen honen II. eranskinean ageri den V-1 ereduaren araberako eskabidea aurkeztu beharko dute, deialdi hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 10 egun naturaleko epean, Justizia zuzendari nagusiari zuzendua, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean (Karlos III.a etorbidea, 2, 31002 Iruña).

2. Justizia Administrazioko beste kidego batzuetako edo beste administrazio batzuetako lanpostuen zerrendetako destinoak dauzkaten funtzionarioek, baldin eta otsailaren 16ko 249/1996 Errege Dekretuaren 34. artikuluko a) letran jasotako eszedentzian badaude ofizialen, laguntzaileen eta agenteen kidegoetan, lehiaketa honetan ofizial, laguntzaile edo agente gisa parte hartu nahi badute, ebazpen honen II. eranskinean agertzen den V-2 ereduaren araberako eskabidea aurkeztu beharko dute, deialdi hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 10 egun naturaleko epean, Justizia zuzendari nagusiari zuzendurik, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean (Karlos III.a etorbidea, 2, 31002 Iruña).

3. Lehiaketa honetan parte hartu nahi duten gainerakoek, besteak beste: derrigorrezko eszedentzian daudenek behin-behineko destinoa izan arren; lanpostua behin betiko kendu zaiela dagoeneko galdu dutenek; jarduneko egoerara itzuli eta behin-behineko destinoa dutenek; eta borondatezko eszedentzian dauden gainerakoek -familia biltzeagatik edo norberaren interesagatik- ebazpen honen II. eranskinean ageri den V-3 ereduaren araberako eskabidea erabili beharko dute eta deialdi hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 10 egun naturaleko epean aurkeztu, Justizia zuzendari nagusiari zuzendua, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean (Karlos III.a etorbidea, 2, 31002 Iruña).

4. Eskabideak Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legearen 38. artikuluan ezarritako eran ere bidal daitezke.

Postetxeetan aurkezten direnak bi era hauetako batean bidali ahalko dira:

a) Posta arruntaz: eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen eman beharko zaie sarrera Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean.

b) Posta ziurtatuaren bidez: eskabidea kartazal ireki batean aurkeztuko da postetxean, han eguna eta zigilua jar ditzaten; lehiaketako partaideek postako zigilua daukan eskabidea bidali behar dute. Epea igarota, ez da eskaririk onartuko baldintza hori betetzen ez badu, gerora frogatzerik izan arren.

5. Norberaren interesagatik borondatezko eszedentzian daudenek administrazio publikoetatik bereizi ez izanaren adierazpena aurkeztu beharko dute eskabidearekin batera.

6. Lehiaketa honetan parte hartzen duen funtzionarioak eskaera bat baino ez du egingo, Nafarroako Foru Komunitatetik kanpoko lanpostuak eskatu arren. Lanpostuok Justizia Ministerioak eta autonomia erkidegoetako organo eskudunek aldi berean egiten dituzten deialdietan agertuko dira, eta Estatuko Aldizkari Ofizialean eta lekuan lekuko aldizkari ofizialetan argitaratuko.

Era berean, eskaera bakarraren bidez aukeratu beharko dute diharduten kidegotik parte hartzea edo eszedentzian dauden kidegoan jarduneko zerbitzura itzultzea.

Funtzionarioak eskatutako destinoei uko egiterik ez dagoenez, lekualdatze-lehiaketaren bidez zerbitzura itzuli denak destinoa lortuz gero, jardunean zegoen kidegoan eszedentzian geratuko da automatikoki. Hortaz, egun duen destinoa lehiaketaren ondoriozko lanpostu hutsen zerrendan eskainiko da.

7. Egindako eskaera loteslea izango da eskatzailearentzat, eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren.

8. Derrigorrezko eszedentzian egon eta behin-behineko atxikipena duten funtzionarioei, lehiaketa honetan parte hartzen ez badute, helbideraturik dauden udalerri, probintzia edo autonomia erkidegoko lanpostu bat esleituko zaie behin betikoz.

Bosgarrena.-Baldintzaturiko eskabideak.

Ofizialen, laguntzaileen eta agenteen kidegoetako bi funtzionariok udalerri, epai-barruti edo probintzia berean dauden lanpostu hutsak nahi izanez gero, aukera izango dute euren eskaera baldintzapean jartzeko, hau da, destinoa biek probintzia berean lortzeko eskaera egin dezakete, eta hori gertatu ezean, biek egindako baldintzapeko eskaerak deuseztatu egingo dira. Baldintzapeko eskaera hori egiten duten funtzionarioek eskabidean zehaztu beharko dute, eta beste funtzionarioaren eskaeraren fotokopia aurkeztu.

Bigarren lehiakidearen eskabidearen fotokopia aurkezten ez bada, biek egindako eskabide baldintzatua deuseztatu egingo da.

Oinarri honi atxikitzen zaizkion funtzionarioek baldintzapeko lanpostuak eskabidearen lehentasunezko hurrenkerako lehen zenbakietan ipini beharko dituzte, eta ondoren, baldintzatu gabeko gainontzekoak.

Seigarrena.-Izapideak.

Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Justizia Zuzendaritza Nagusiak prozesu informatikoan grabatuko du.

Prozesu hori amaituta, baremazioa egingo da, eskabideetan azaltzen diren datuetan oinarriturik.

Estatuko Aldizkari Ofizialean jakitera emango da zein tokitan jarriko diren parte-hartzaile guztien III. eranskinak, non baremazioa eta esleituriko behin-behineko destinoak azalduko baitira.

Funtzionario interesdunek hamar egun naturaleko epea izanen dute III. eranskinean azaltzen diren datuak zuzentzeko. Horretarako, epe horretan bidezko egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte eta aurkezturiko eskabidearen fotokopia zigilatua, hori guztia Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, IV. eranskinean azaltzen den alegazio-ereduaren arabera.

Epe horretan erreklamaziorik egin ezean, bertan ageri diren datuak, baremazioa eta behin-behineko destinoa ontzat hartu eta haiekin ados dagoela ulertuko da.

Lehiaketaren ondoriozko lanpostuak ere eskainiko direnez, behin-behinekoz esleitzen diren lanpostuen eta behin betiko ebazpenekoen artean aldaketak egon daitezke, eskabideen baremazioan egindako akatsen ondorioz. Nolanahi ere, behin-behinekoz esleitzen diren destinoek ez dute eskubiderik edo eskubide-aurreikuspenik sortzen lehiaketaren behin betiko ebazpenari begira.

Zazpigarrena.-Esleipenak.

1. Lanpostuak esleitzeko hurrenkera hirugarren oinarriko baremoen arabera lorturiko puntuazio osoaren ondoriozkoa izango da.

2. Puntuazio osoan berdinketa gertatzen bada, funtzionarioaren lerrun-zerrendara joko da hurrenkera erabakitzeko.

Zortzigarrena.-Esleituriko destinoen izaera.

1. Lehiaketa honen ondoriozko lekualdaketak borondatezkotzat hartuko dira, zerbitzuagatiko kalteordainei buruzko martxoaren 4ko 236/1988 Errege Dekretuak ezarri ondorioetarako.

2. Esleituriko destinoei ezin izango zaie uko egin.

Bederatzigarrena.-Ebazpena eta lanpostuaz jabetzeko epea.

1. Deialdi hau ebazteko Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Justizia zuzendari nagusiak Ebazpena emango du, Justizia Ministerioarekin eta arlo horretako eskumenak eskuordetuak dituzten autonomia erkidegoetako organo eskudunekin koordinatuta.

2. Ebazpenean hauek adieraziko dira: destinoa esleitu zaienen jatorrizko lanpostua eta herria, administrazio egoera -jardunekoa ez bada- eta funtzionario bakoitzari esleituriko lanpostua, destinoa eta herria zehaztuta.

3. Lehiaketaren ebazpenak kidegoz kidego eman ahalko dira, lehiaketan parte hartzen duten funtzionarioen kargu- uzteak, hots, ofizialenak, laguntzaileenak eta agenteenak, txandaka egin daitezen, hori baldin eta Administrazioak uste badu denak batera eginez gero zerbitzu publikoarentzat kaltegarria izan daitekeela.

4. Destino berria hartzeko epea hamar egun naturalekoa izango da, udalerriz aldatzen denean. Udalerri berekoa denean, berriz, aurreko lanpostua utzi eta hurrengo hiru egun naturaletan egin beharko da.

5. Destinoaz jabetzeko epea kargua uzten den egunaren biharamunetik hasiko da kontatzen.

6. Ebazpenak jarduneko egoerara itzultzea badakar, jabetzeko epea lehiaketaren ebazpena Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasiko da.

Lehiaketa honen ondorioz lanera itzultzen diren funtzionarioek beste kidego batean jarduten badute eta Administrazioarekin duten zerbitzu harremana ez badute eten nahi, jabetza hartzea egiteko gutxieneko denbora eduki beharra dagoenez, egungo destinoan duen presidente, epaile, fiskal edo buruari egun bateko baimen ordaindua eskatu ahalko diote, destinoko herria aldatzen ez bada, eta bi egunekoa herria aldatzen bada, non ez duten Kanarietara, Baleareetara, Ceutara edo Melillara joan behar, kasu horretan baimena hiru egun artekoa izan ahalko baita (Erregelamendu Organikoaren 66.1.g) artikulua). Horrelakoetan, lehengo lanpostua uzteko eguna lanpostu berrian hasi aurrekoa hartuko da.

7. Ebazpena ezin bada aldi berean argitaratu Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, Estatuko Aldizkari Ofizialean eta autonomia erkidegoetako aldizkari ofizialetan, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita zenbatuko dira epeak.

8. Funtzionarioek dauzkaten baimen edo lizentziak amaitzen direnean hasiko dira destinoaz jabetzeko epeak, baldin eta aparteko arrazoi justifikatuengatik lizentziak eten edo baliogabetzen ez badira.

Hamargarrena.-Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, bi mila eta bateko abenduaren hamazazpian.-Justizia zuzendari nagusia, José María Abad Alegría.

Iragarkiaren kodea: a0113304