19. ALDIZKARIA - 2002ko otsailaren 13a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

16/2002 EBAZPENA, urtarrilaren 16koa, Hezkuntza zuzendari nagusiak emana. Europako Batasunaren Sokrates programaren bigarren aldiko Ekintza deszentralizatuen laguntzetarako deialdia egiten du: Grundtvig: irakasleen prestakuntzarako ikaskuntza eta mugikortasunerako elkarteak.

Sokrates programa Europako Batasunak hezkuntza gaietan herriz gaindiko kooperazioa handitzeko sortu duen ekintza komunitarioko programa da eta Amsterdameko Itunaren 149. eta 150. artikuluetan hartzen du oinarri, agintzen baitute Europako Batasunak "lagun eginen duela hezkuntzaren kalitatea hobetzen estatu erkideen arteko kooperazioa sustatuz eta, hala behartzen bada, haien ekintza bultzatuz eta osatuz."

Sokrates programaren bigarren aldia Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2000ko urtarrilaren 24ko 253/2000/EE Erabakiaren bidez onetsi zen (Europako Komunitateen Aldizkari Ofiziala, EKAO), 2000ko urtarrilaren 1etik 2006ko abenduaren 31ra arteko eperako.

Europako batzordeak urtero jendaurreratzen du EKAOn zer laguntza eman diren Sokrates programaren barrenean. Eskatzailearen Gidak, hura ere Europako Batzordeak argitaratua, informazioa ematen du laguntzak eskatzeko prozedurez, eskaerak aurkezteko epeez eta hautapen prozesuan kontuan hartuko diren irizpideez. Europako Batzordeak berak bereizkuntza egiten du batetik laguntzak jasotzeko hautagai izateko baldintzak eta bestetik hautagaiak lehensteko irizpideak bestetik. Ezartzen ere du ekintza deszentralizatuetan estatu erkideek zilegi izanen dutela beren herrietako premien arabera behartzen diren osagarrizko irizpideak.

Programaren koordinazioa, antolamendu ona eta kudeaketa finantzarioa segurtatzeko, Sokrates Agentzia Nazionala sortu zuen Espainako eremuan, zeinari baitagokio dirulaguntzak eraukitzea Europako Batzordearen izenean laguntza norbanakoei banatuz eta bai Komunitate Autonomoek hautatu dituzten instituzioei. Orobat, 2000ko azaroaren 27ko 23057 Ministerio Aginduak (2000ko abenduaren 19ko "EAO") arau orokorra ezartzen ditu Europako Batasunaren Sokrates programako ekintza deszentralizatuen laguntzetarako deialdi berariazkoak gobernatzeko.

Kontuan harturik laguntzen kudeaketa ekonomikoa eta ordainketa Sokrates Agentzia Nazionalari dagozkiola eta Grundtvig 2: "ikasteko elkarteak" eta Grundtvig 3: "helduen hezitzaileak prestatzeko mugikortasuna" ekintzen laguntzak jasoko dituzten ikastetxeak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Kultura Departamentuak hautatu behar dituela.

Hezkuntza eta Kultura kontseilariak irailaren 30eko 339/1999 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Onestea Ebazpen honen eranskineko deialdia, zeinak arautzen baitu nola hautatu zein ikastetxek hartuko duen parte Europako Batasunaren Sokrates programako bigarren aldiko Grundtvig delako ekintzan.

2. Deialdia eta haren Eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara daitezela agintzea.

3. Ebazpen hau igortzea Araubide Bereziko Irakaskuntzaren eta Teknologia Berrien Zerbitzura, Araubide Bereziko Irakaskuntzaren eta Atzerriko Hizkuntzen Atalera, Atzerriko Hizkuntzak Sustatzeko Unitate Teknikora, Hizkuntzen Unitate Teknikora, Helduen Hezkuntzaren eta Osabidezkoaren Unitate Teknikora, Guraso eta Ikasleentzako Argibide eta Aholku Bulegora eta Sokrates Agentzia Nazionalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta biko urtarrilaren hamaseian.-Hezkuntza zuzendari nagusia, Santiago Arellano Hernández.

ERANSKINA

EUROPAKO BATASUNAREN SOKRATES PROGRAMAREN BIGARREN ALDIKO EKINTZA DESZENTRALIZATUEN LAGUNTZETARAKO DEIALDIA

Grundtvig: irakasleen prestakuntzarako ikaskuntza eta mugikortasunerako elkarteak

LEHEN KAPITULUA

Deialdiko laguntza motak. Eskaerak aurkeztu, hautatu, ebazpena ebatzi eta laguntzak jasotzeko irizpide orokorrak

1. artikulua.

"Grundtvig" ekintzaren xedea helduen hezkuntzaren kalitatea eta ikuspegi europarra zentzu zabalean hobetzea da, hala nola Europako hiritarrei bidea ematea bizitza osoan zehar ikas dezaten.

Grundtvig ekintza honetan lau atal daude:

.Grundtvig 1: lankidetza europarrerako proiektuak.

.Grundtvig 2: ikasteko elkarteak.

.Grundtvig 3: helduen hezitzaileak prestatzeko mugikortasuna.

.Grundtvig 4: Grundtvig sareak.

Laguntzetarako deia egin da E.B.eko Sokrates programaren fondoen kargura, programa horretako ekintza deszentralizatuetan lehiaketaz parte hartzeko: Grundtvig 2 (ikasteko elkarteak) eta Grundtvig 3 (helduen hezitzaileak prestatzeko mugikortasuna).

Zenbat laguntza izanen diren finkatzeko kontuan hartuko da zenbat diru esleitu zaion Nafarroako Foru Komunitateari ekintza bakoitzerako, 2000ko azaroaren 27ko 23057 Ministerio Aginduak ezarri lurralde banaketako formularen arabera (2000ko abenduaren 19ko "EAO").

2. artikulua. Eskabideak aurkezteko modua, epea eta dokumentazioa.

Eskaera inprimakiak, Eskatzailearen Gida, 2002rako Proposamenen Deialdi Orokorra eta ikastaro katalogoa, interesatuen eskura egonen dira Hezkuntza Departamentuko Argibide Bulegoan (Santo Domingo, z.g., 31001 Iruña) eta ondoko helbide elektroniko hauetan: http://www.mec.es/sgpe/Socrates eta http://www.pnte.cfnavarra.es

2.2. Eskabideak eta deialdiko ekintza bakoitzerako ezarritako agiri osagarriak Hezkuntza eta Kultura Departamentuko erregistroan aurkeztuko dira (Santo Domingo, z.g., 31001 Iruña) eta Araubide Bereziko Irakaskuntzen eta Teknologia Berrien Zerbitzuko zuzendariari zuzenduko zaizkio.

2.3.Zilegi izanen da, halaber, eskaerak Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluak aipatzen dituenetako edozein egoitzatan aurkeztea. Eskatzaileak posta bulego batean aurkezten badu eskera, kartazal ireki batean eginen du, postako funtzionarioak datatu eta zigilatu dezan eskabidea, zertifikatu baino lehen. Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluak ezartzen dituenetako edozein bide.

2.4. Eskabideak aurkezteko epea deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hasi eta 2002ko martxoaren 1ean bukatuko da. Prestatzeko eta aztertzeko bisitak gutxienez bi hilabete lehenago eskatuko dira.

3. artikulua. Eskaeren hautapena.

3.1. Hautapen batzorde tekniko batek aztertu eta baloratuko ditu eskaerak eta bai haien ebazpena proposatuko ere. Honako kideak izanen ditu:

-Batzordeburua: Araubide Bereziko Irakaskuntzaren eta Teknologia Berrien Zerbitzuko zuzendaria edo berak izendatzen duen ordezkaria.

-Batzordekideak: Araubide Bereziko Irakaskuntzen eta Atzerriko Hizkuntzen Ataleko burua.

-Atzerriko Hizkuntzak Sustatzeko Unitate Teknikoaren burua.

-Hizkuntzen Unitate Teknikoko burua

-Zerbitzu honetako aholkulari tekniko bat.

3.2.Batzordeak konprobatu eginen du jasotako eskaerak laguntza mota bakoitzaren ezaugarrien araberakoak direla eta proiektuak ebaluatuko ditu Eskatzailearen Gidan eta Ebazpen honetan ezarritako irizpideen arabera.

Batzorde horrek eskumena izanen du hautapen prozesuarekin lotutako duda guztiak argitzeko eta zilegi izanen du eskatzaileei elkarrizketa bat egitea proiektua sakonkiago baloratu ahal izateko.

Hautapen batzordeak zilegi izanen du teknikari espezializatuei kontsulta egitea, eskaerak baloratzen lagun egin diezaioten.

3.3. Araubide Bereziko Irakaskuntzaren eta Teknologia Berrien Zerbitzuak hautatuko du ekintza deszentralizatuak prestatzeko zein bisita eginen diren.

3.4. Europako Batzordeak 2001eko Proposamenen Deialdi Orokorrean azaldutako lehentasunekin bat datozen langaiak dituzten proiektuak lehenetsiko dira.

3.5. Europako Batasunaren nahiz hezkuntza administrazioaren laguntzarik proiektu mota bererako jaso gabeko eskatzaileak lehenetsiko dira.

4. artikulua. Deialdiaren ebazpena.

Hezkuntza zuzendari nagusiak deialdi hau ebatziko du, eskabideak aurkezteko azken egunetik hasita hilabeteko epean, aurkezturiko eskabideak hautatu eta baloratzen dituen batzordearen proposamenari jarraikiz. Laguntzak emateko behin-behineko zerrendak Hezkuntza eta Kultura Departamentuko egoitzetan jendaurreratuko dira.

Ebazpen horren kontra zilegi izanen da erreklamazioak aurkeztea argitara eman eta hamar egun naturaletan. Erreklamazioak ebatzi ondoren, Araubide Bereziko Irakaskuntzaren eta Teknologia Berrien Zerbitzuak aditzera emanen dio Sokrates Agentzia Nazionalari zer eskaera hautatu diren behin-behineko. Kasuko ekintzak hala behar badu, ekintzan esku duten herrietako agentzia nazionalei kontsulta egin ondoren, Espainiako Agentzia Nazionalak eskatzaile onartu eta baztertuen zerrenda hori berretsiko du, batean zein bestean arrazoiak zehaztuz.

Ebazpena ez zaie eskatzaileei banaka jakinaraziko.

Hautatuen, ordezkoen eta baztertuen zerrenda behin betikoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

5. artikulua. Laguntza nola justifikatu eta nola jaso.

5.1. Sokrates Agentzia Nazionalak hitzarmen finantzario bat sinatuko du zuzenean laguntza hartzaileekin laguntza pagatzeko, 2000ko azaroaren 27ko 23057 Ministerio aginduak (abenduaren 19ko "EAO").

5.2. Laguntza hartzaileek honako obligazioak beretuko dituzte:

a) Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Zerbitzuak Ikuskatu eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari desplazamenduko datak adieraztea, behar den baimena emateko.

b) Beste administrazio batetik edo erakunde publiko zein pribatu batetik, nazionala izan nahiz atzerrikoa, helburu bereko laguntzarik jaso duten adieraztea.

c) Tokatzen diren kontrol finantzarioko eta konprobazioko ekintzak onartzea, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak, Sokrates Agentzia Nazionalak eta Europako Batzordeak egin nahi dituztenak.

d) Frogatzea jasotako laguntza egoki erabili dela, hartarako memoria ekonomiko bat bidaliz (eta harekin batera kasuko frogagiri orijinalak) Sokrates Agentzia Nazionalari (Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioa, paseo del Prado, 28, 28014 Madrid), kasuko hitzarmenean ezartzen diren modu eta epean, eta bai egindako jardueraren memoria pedagogikoaren kopia bat ere.

e) Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Araubide Bereziko Irakaskuntzaren eta Teknologia Berrien Zerbitzuari jarduera pedagogikoa, Ebazpen honetako ataletan azaltzen diren irizpideen araberakoa, hala nola memoria ekonomikoaren kopia bat bidaltzea jarduerak bukatu eta hurrengo 20 egun naturaletan.

5.3. Jasotako laguntzaren erabilera frogatzen ez bada, itzuli beharko zaio Sokrates Agentzia Nazionalari frogatu gabeko kopurua, berandutza interesak gehitua, hartzaileak dituzkeen erantzun behar administratiboak ezertan galarazi gabe, Aurrekontuei buruzko lege indarduneko 81. eta 82. artikuluen eta Europako araudiarena rabera.

5.4. Laguntzak emateko hartuko diren inguruabarrak ezertan aldatzen badira (adibidez, parte-hartzaileen kopurua, proiektua egiteko egunak, zentro elkartua aldatzea eta antzeko beste batzuk), eta bai laguntzari uko egiten bazaio, hala eman beharko zaio aditzera Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Araubide Bereziko Irakaskuntzaren eta Teknologia Berrien Zerbitzuari, eta horren arabera aldatuko da eraukipenaren ebazpena, betiere laguntzaren kopurua handitzen ez badu.

6. artikulua. Ebaluazioa eta dokumentazioa nola berreskuratu.

Behin betiko ebazpenak argitaratu eta irmotu direlarik, aukera izanen da interesatuek edo pertsona baimendunek dokumentazioa berreskuratzea Hezkuntza eta Kultura Departamentuan, argitara den egunetik hiru hilabeteko epean. Epe hori iraganik, dokumentazioa suntsitu eginen da.

BIGARREN KAPITULUA

Grundtvig 2 Ikasteko elkarteak

1. artikulua. Helburuak eta iraupena.

Ikasteko Grundtvig elkarteek eskala txikiko lankidetzarako jardueren esparrua osatzen dute zentzu zabalean helduen hezkuntzaren arloan lan egiten duten erakundeentzat. Horietan, ordezkaritza izanen dute Sokrates programan parte hartzen duten hiru herrialdek gutxienez, eta horietako bat bederen Europako Batasunekoa izanen da. Elkarteak ahalik eta orekatuenak izanen dira eta ez dituzte haien barruan bilduko herrialde bateko zentro gehiegi, nahiz eta tokiko zentroetako taldeen parte-hartzea gomendatuta dagoen. Elkarte baten tamainarik hoberena proiektuaren izaeraren araberakoa da eta ez da ikastetxeen gehieneko kopurua finkatu.

Ekintzaren barruan proiektuak egiteko laguntzak ematea aurreikusten da, hala zentro koordinatzaileari nola elkartuei, gehienez hiru urtez, urte bakoitzean aztertu eta ebaluatu ondoren.

2. artikulua. Parte-hartzaileen betebeharrak.

Grundtvig ikasteko elkarteko koordinatzaileak ondoko kategoria hauetako batekoak izanen dira:

a) Helduen hezkuntzarako ikastetxeak, helduentzako ikastaroak ematen dituzten Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeak, ikasle helduei hezkuntzarako aukerak ematen dizkieten herri unibertsitateak eta udaletako ikastetxeak.

b) Helduen hezkuntzako langileei prestakuntza ematen dieten erakundeak.

c) Agintari nazionalak, tokikoak eta garapenerako agentziak.

d) Helduen hezkuntzan lan egiten duen edozein erakunde, hala nola irabazi asmorik gabeko fundazioak eta elkarteak, sindikatuak eta enpresari elkarteak, liburutegiak eta museoak, espetxeak eta erreformategiak, kirol elkarteak, auzo elkarteak.

e) Lanbide erakundeak eta enpresa pribatuak, Lanbide Heziketara mugatzen ez diren ikasketa planak aplikatzen ari baldin badira.

f) Ikasteko banakako eskaerei erantzuna ematen dieten bestelako hezkuntza-emaileak.

g) Gainerako erakundeek, adibidez, argitaratzaileek, komunikabideek edo ikerketarako zentroek, bazkide gisa parte hartu ahalko dute esperientzia osagarri egokia ekartzen dutenean. Laguntza berezia emanen zaie hezkuntza formalaren eta ez-formalaren elkarte mistoei.

3. artikulua. Laguntzen mota eta zenbatekoa.

Bi laguntza mota daude:

a) Prestatzeko bisitak.

Gehienez 1.000 euro emanen dira pertsona bakoitzeko (nora joan behar den eta bisitak zenbat iraunen duen hartuko da kontuan), proiektua prestatzeko behar diren nazioarteko bisitak egiteko.

b) Ikasteko elkarteen proiektuak.

Proposatutako jarduera nolakoa den, ikasteko elkarteek dirulaguntza jaso ahalko dute urte batez edo bi urtez; behar bezala justifikaturiko kasu berezi batzuetan, laguntza hiru urtekoa izanen da, gehienez. Hasiera batez, proiektuaren barruan abiatutako mugikortasun-jarduerek ez dute bi aste baino gehiago iraunen.

Laguntzak bi atal izanen ditu:

Kopuru finko bat, proiektuko jarduerari loturiko gastuak ordaintzeko, nazioarteko bidaietarako izan ezik. Oro har, SOKRATES programaren bigarren fasearen hasierako etapetan, 5.000 euro emanen zaio urtean zentro koordinatzaileari eta 4.000na euro gainerako zentroei (gutxiago eskatu denean salbu).

Kopuru aldagarri bat, nazioarteko bidaien gastuak eta dietak ordaintzen laguntzeko.

4. artikulua. Eskabideak aurkezteko modua, epea eta dokumentazioa.

4.1. Zentro koordinatzaileek ondoko agiri hauek aurkeztuko dituzte Hezkuntza Departamentuan:

a) "Sokrates Grundtvig 2 hautagai-inprimakia, bi ale.

b) Elkartekideak diren helduen gainerako zentroen konpromiso-gutuna.

c) Eskatzailea ikastetxea baldin bada, Eskola Kontseiluak edo balio bereko beste organo batek proiektua onetsi duela adierazten duen agiria aurkeztu beharko da, bai eta ikastetxeko zuzendaritzaren ziurtagiria ere, proiektuan parte hartzen duten irakasleen zerrenda azaltzen duena.

d) Aurkezten diren agirien zerrenda zenbakiduna.

e) Eskatzailea ikastetxea ez bada, agiri bat aurkeztuko da, non egiaztatuko den bere "erantzukizunaren" barruan hezkuntza planak gauzatzea dagoela.

4.2. Zentro elkartuek:

a) "Grundtvig 3.2 hautagai-inprimakia (Ikasteko elkarteak)", bi ale, zentro koordinatzaileak aurkeztuak, eta proiektua azaltzen duten epigrafeen itzulpena. Gainera, inprimaki elektroniko bat bete ahalko dute Interneten.

b) Zentro koordinatzaileari buruzko ataleko d, e eta f agiriak.

4.3. Prestatzeko bisitarako eskabideak.

a) "Sokrates Grundtvig 2" hautagai-inprimakia, prestatzeko bisitarakoa.

b) Egin baino bi hilabete lehenago aurkeztuko dira, dagokien inprimakian.

5. artikulua. Hautatzeko irizpideak.

Hautatzeko irizpideak ondoko hauek izanen dira:

Aurretik Europako laguntzarik jaso ez izatea: puntu bat.

Hezkuntza formalaren arloko ikastetxeen eta hezkuntza ez-formalekoen elkarte misto baten partaidetza izatea (adibidez, helduen hezkuntzarako ikastetxeak, elkarteak eta goi mailako hezkuntzako erakundeak eta ikastetxeak) : puntu bat.

Ikuspegi europarra izatea edukiaren, elkartearen, emaitzen eta zabalkundearen aldetik: gehienez puntu bat.

-Helduen irakasletza, arlo ukituak eta diziplinartekotasuna: gehienez bi puntu.

-Helburuak eta espero diren emaitzak argiak izatea: gehienez puntu bat.

-Lan plana: gehienez bi puntu.

-Ebaluaziorako baliabideak: gehienez puntu bat.

-Zabalkunderako estrategiak: gehienez puntu bat.

-Proiektuak helduen hezkuntza hobetzeko eragina izatea: gehienez puntu bat.

-Hizkuntzak ikasteko sustapena: gehienez puntu bat.

-Informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilpena: gehienez puntu bat.

6. artikulua. Ebaluazioa eta ziurtagiriak.

5.1. Ekintza ebaluatu ahal izateko, ikastetxe eta erakunde parte-hartzaileek memoria ekonomikoaren ale bat eta memoria pedagogiko bat igorriko dituzte Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Araubide Bereziko Irakaskuntzen eta Teknologia Berrien Zerbitzura, ekintza bukatu eta hurrengo hogei egun balioduneko epean. Memoria pedagogiko horretan ondoko datu hauen berri emanen dute: parte hartu duten irakasleen zerrenda, helburuak zer mailatan lortu diren, zer material sortu diren, hezkuntza komunitateko sektoreak nola inplikatu diren eta proiektua beste ikastetxe batzuetara zabaltzeko zer bide dauden.

6.2. Araubide Bereziko Irakaskuntzen eta Teknologia Berrien Zerbitzuak proiektua ebaluatu ondoren, ziurtagiriak emanen dizkie parte hartu duten irakasleei, eta orduak ziurtatuko dira ondoko ereduari jarraikiz:

-Ikastetxe koordinatzaileetan proiektuaren arduradun diren irakasleentzat: gehienez 50 ordu.

-Ikastetxe elkartuetan proiektuaren arduradun diren irakasleentzat: gehienez 45 ordu.

-Bai ikastetxe koordinatzaileetan, bai elkartuetan, proiektuetan laguntzen duten irakasleentzat: gehienez 35 ordu.

HIRUGARREN KAPITULUA

Grundtvig 3 "Helduen hezitzaileak prestatzeko mugikortasuna"

1. artikulua. Helburua eta iraupena.

Grundtvig 3 ekintza honen helburua etengabeko ikaskuntzaren kalitatea hobetzea, eta bide ematea helduen hezkuntzako ikastetxeetan lan egiten dutenei edo helduen prestakuntzan parte hartzen dutenei atzerrian prestakuntza ikastaroak egiteko, 1-4 astekoak. Horrela, aukera ematen zaie parte-hartzaileei irakaskuntzarako, prestakuntzarako eta aholkularitzarako gaitasun praktikoak hobetzeko eta hobeki ezagut dezaten Europako etengabeko ikaskuntza.

2. artikulua. Laguntzen mota eta zenbatekoa.

Ekintza honen barruan Europako Batasunaren laguntzak aurreikusi dira, SAN-en bidez emanak eta gehienez 1.500 eurokoak pertsona bakoitzeko, prestakuntzarako jardueraran parte hartzeak sortzen dituen bidai gastuak, izena emateko tasak (beharrezkoa bada), egonaldiko gastuak, prestatzekoak (hizkuntzari buruzkoa barne) ordaintzen laguntzeko.

Laguntzen zenbatekoa banaka finkatuko da, eta horretarako kontuan hartuko dira zein prestakuntza jarduera den, zenbat irauten duen eta non eginen den.

Kasu batzuetan zilegi izanen da prestakuntza jardueratzat hartzea egonaldi bat merkataritzako lokal batean, industria batean edo gobernuaz kanpoko erakunde batean, aipatu helburuak lortzeko bidea ematen baldin badute. Oro har, ikastaroen aurretik prestakuntzarako aldi bat eginen da, eta haien ondoren, jarraipenerako aldi bat. Lanaren bi fase horiek parte-hartzaileen herrialdean eginen dira.

3. artikulua. Laguntza jaso nahi duten ikastaroek bete beharreko irizpideak.

Grundtvig 3 ekintzako laguntzekin egiten ahal diren ikastaroek ondoko alderdi hauek bete behar dituzte:

-Helduen irakaskuntzan edo helduen hezitzaileen prestakuntzan erabilitako metodologiaren alderdiak.

-Helduen hezkuntzarako ikastetxeen kudeaketaren alderdiak eta komunitatean etengabeko hezkuntza sustatzea.

-Europako integrazioari buruzko gaiak.

-Kultura arteko hezkuntzari loturiko gaiak, langile etorkinen, langile ibiltarien, ijitoen eta bidaiarien hezkuntza.

Comenius 2 katalogoko ikastaroak ere eskatu ahal dira.

4. artikulua. Hautagaien betebeharrak.

4.1. Laguntzak lanaldi partzialean edo osoan helduekin lan egiten duten langileei ematen ahal zaizkien hala hezkuntza formalekoei nola ez-formalekoei. Ondoko hauek sartzen dira:

-Helduen hezkuntzako zentroetan lan egiten duten irakasle eta zuzendaritza taldeak.

-Helduen hezkuntzaren arloan erantzukizuna duten ikuskatzaile eta aholkulariak.

-Gizartetik baztertzeko arriskuan dauden helduekin bitartekari eta kaleko hezitzaile gisara lan egiten duten pertsonak.

-Kultura arteko hezkuntzari loturiko gaiak, langile etorkinen, langile ibiltarien, ijitoen eta bidaiarien hezkuntza.

-Hezkuntza premia bereziak dituzten pertsonekin lan egiten duten pertsonak.

4.2. Hizkuntz irakasleek, prestakuntza ikastaro batean parte hartzeko laguntza jaso nahi baldin badute, ondoko kategoria hauetako batean sartuak egon beharko dute:

-Atzerriko hizkuntzetako irakasle kualifikatuak, helduen hezkuntzan aritzen direnak.

-Atzerriko hizkuntzetako irakasle horien hezitzaileak.

-Helduen irakasleak, beste irakasgaiak emateko atzerriko hizkuntza bat erabiltzen dutenak.

-Hizkuntzen irakaskuntzako ikuskatzaileak eta aholkulariak.

5. artikulua. Eskabideak aurkezteko modua, epea eta dokumentazioa.

Eskatutako baldintzak betetzen dituzten pertsonek ondoko agiri hauek aurkeztuko dituzte Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Erregistroan:

a) "Sokrates Grundtvig 3. hautagai-inprimakia, Helduen hezitzaileentzako mugikortasuna", bi ale.

b) Eskatzailearen nortasuna egiaztatzeko agiria.

c) Ikastaroko hizkuntzan duen gaitasuna egiaztatzeko agiria.

d) Dagokion ikastaroan edo jardueran lortutako emaitzak zabaltzeko bideei buruzko proiektua.

e) Zinpeko aitorpena, aurretik Batasunaren laguntzarik jaso ez duela dioena.

f) Hautagaiak erakunde pribatu batean lan egiten baldin badu, erakundearen estatutuak eta haren existentziaren froga eguneratua (azken urteko txostena, finantzen ziurtagiria etab.) aurkeztu beharko ditu.

g) Aurkezten diren agirien zerrenda zenbakiduna. Agiri bidez egiaztatzen dena baizik ez da baloratuko.

Eskabideak aurkezteko epea:

Eskabideak ikastaroa hasteko aurreikusitako eguna baino 2 hilabete lehenago aurkeztu behar dira, dagokion inprimakia erabiliz.

6. artikulua. Hautagaiak aukeratzea.

6.1. Lehentasunezko irizpideak:

Lankidetza europarrerako proiektuen barruan egindako ikastaroetara joateko bidea ematen duten jarduerak lehenetsiko dira, baldin eta proiektu horiek Grundtvig 1 ekintzaren edo Sokrates programaren lehenbiziko faseko helduen hezkuntzari buruzko ekintzaren finantzaketa badute. Dena den, zilegi izanen da kategoria honetakoa ez den prestakuntza ikastaro batera joateko eskaera egitea. Horrela bada, eskatutako ikastaroak ondoko baldintza hauek betetzen dituela frogatu beharko da:

a) Grundtvig 3 ekintzaren helburu nagusiei men egitea.

b) Izaera europarra izatea; tetsuinguru honetan, horrek esan nahi du:

-Europako herrialde desberdinetako parte-hartzaileak dituela.

-Kontuan hartzen dituela parte-hartzaileen kulturen eta hezkuntza ohituren arteko desberdintasunak.

-Parte-hartzaileen herrialdeetan antolatutako ikastaroen bidez ezin ase diren premiei erantzuten diela.

c) Kualifikazio eta esperientzia egokiak dituzten hezitzaileek ematea.

d) Oinarria izatea programa zehatu batean, non erabiliko den material didaktikoari eta jarraipena egiteko aurreikusten diren jarduerei buruzko informazioa ematen den.

e) Ahal izanez gero, prestakuntza aldi bat eta jarraipenerako beste bat izatea, ikastaroaz gain.

f) Kalitate-prezio erlazio egokia izatea.

6.2. Irizpide osagarriak:

a) Proiektua egokia izatea, esperientzia ezagutarazteko modukoa: gehienez 5 puntu.

b) Hautagaiaren lanbide eginkizunak zuzeneko loturak izatea eskatutako ikastaroko gaiarekin: gehienez 4 puntu.

c) Ikastetxea herri txiki batean edo eskualde behartsu batean egotea: gehienez puntu bat.

7. artikulua. Onartzea eta uko egitea.

Behin betiko hautapena iragarki oholetan jendaurrean paratu ondoko 10 egun baliodunetan, hautatutako pertsonek laguntza onartzen duten ala ez jakinaraziko diote Hezkuntza eta Kultura Departamentuari, eta hala behar izanez gero, beren datuetan edo eskatutako jardueran gertatu den edozein aldaketaren berri emanen.

Aipatu epean onuradunaren berririk ez bada, laguntzari uko egin diola ulertuko da.

8. artikulua. Onuradunen eginkizunak.

Arau honetako aitzinsolasean aipaturiko eginkizunetaz gain, onuradunek prest egon beharko dute beren herrialdean aurreko prestakuntza aldi bat egiteko, praktikaldi bat egiteko eta bertan beren ezagupen eta gaitasun berriak aplikatzeko eta, ikastaroa bukatzen denean, beren aurrerapenei buruzko txosten bat egiteko. Oro har, hezitzaileak antolatuko ditu gai horiek, ikastaroari oso loturik baitaude, eta horretarako, urrutiko irakaskuntzaren baliabideak erabiliko ditu maiz.

9. artikulua. Ebaluazioa eta ziurtagiriak.

Parte-hartzearen ziurtagiriak homologatzeko, onuradunek prestakuntzako ikastaro edo jarduera antolatu duen entitateak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko dute Hezkuntza eta Kultura Departamentuan, eta bertan haren iraupenaren berri emanen dute, indarra duen arauei jarraikiz haren homologazioa egiteko.

Iragarkiaren kodea: A