19. ALDIZKARIA - 2002ko otsailaren 13a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

ERABAKIA, 2002ko urtarrilaren 7koa, Nafarroako Gobernuak hartua, Iruñerrian gai inerteen hondakindegia ezartzeko Udalez Gaindiko Plan Sektoriala, "Asociación Navarra de Empresas de la Construcción y Obras Públicas" ANECOP-REAMek sustatua, Ardatzen (Eguesibar) kokatzea onesten duena.

I.-Aurrekariak.

Nafarroako Gobernuak, 2000ko azaroaren 6an egin bilkuran, Udalez Gaindiko Proiektu Sektorial deklaratu zuen Iruñerrian gai inerteen hondakindegiak ezartzeko proiektua, "Asociación Navarra de Empresas de la Construcción y Obras Públicas" ANECOPek, "Recuperación Ambiental, S.L." REAM merkataritzako sozietatearen bitartez sustatua.

Jendaurreko epea iraganik, ikusirik aurkeztu diren alegazioak eta espedienteari erantsi zaion dokumentazioa, baita zenbait erakundek eman dituzten txostenak ere, Nafarroako Gobernuak, 2001eko uztailaren 2an egin bilkuran, toki batzuetarako espedientea onetsi zuen eta proiektuaren onura publikoa eta interes soziala deklaratu, desjabetu ahal izateko. Aldi berean, jendaurrean jartzea erabaki zuen Ardazko kokalekua, aurreko epean proiektuari egindako zenbait alegazio ikusirik, promotoreak proposatuta.

Jendaurreko epe berria iraganik, ez da alegazio bat bakarrik ere hartu Ardazko kokalekuari dagokionez.

Bestalde, 2001eko abenduaren 17an egin bilkuran, Gobernuak interes orokorrekoa dela deklaratu zuen Iruñerrian gai inerteen Hondakindegiak ezartzeko Udalez Gaindiko Proiektu Sektoriala.

II.-Aurkeztu dokumentazioa eta bere edukia.

Promotoreak Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren txosten bat aurkeztu du, Gobernuak 2001eko uztailaren 2ko Erabakian eskatua.

Herrilan Departamentuaren txostena bertako Zainketa Zerbitzuaren eta Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuaren txostenez osatzen da, eta promotoreak 2001eko martxoaren 23an eta abuztuaren 2an eskatuak dira. Horregatik, Ardazko kokalekuan ez ezik, Txitxibar, Espartza, Gazolatz, Arazuri, Miravalles, Zabaldika, Undio, Orkoien eta Ardazkoan ere badu eragina.

Zainketa Zerbitzuaren zehaztapenak hondakindegien inguruko errepideetako sarbideen baldintzei buruzkoak dira, eta jabari publikoko eta zortasuneko eremuen ukipenei buruzkoak.

Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuak ez die ezer gehitu Zainketa Zerbitzuak egindako oharrei.

III.-Hirigintza eta lurralde kontuko inguruabarrak.

III.1 Iruñerriko EHAetan, bide-sarean aurreikusi ukipena.

Ardazko kokalekuak zerikusia zuzena du Iruñerriko E.H.A.etan (RVI.1 Herri arteko bide periferikoen sarea) aurreikusi komunikazio bidearekin. Zehazkiago, hondakindegiak bide horretako "pasagune kritikoa" den eremu batean du eragina.

Bi azpiegiturek hartutako azalera hori zerrenda txiki bat da mutur batean, eta hondakindegitik kanpo utz daiteke. Horrela, ez litzateke kokaleku hau Proiektu Sektorialetik kendu beharko.

Beste aukera bat da bide-sarearen behin betiko trazadurak hondakindegia ez ukitzea eta, ondorioz, ez litzateke azalerarik kendu beharko. Orobat, hondakindegiko proiektu partikularrak bi azpiegiturak bateragarriak izateko neurri teknikoak har litzake kontuan. Horregatik, hobe da, hasiera batean, bideak ukitutako eremua kentzea, non ez den lerroalde honetan aipatu bi kasuetatik bat gertatzen.

III.2 Proiektu partikularraren tramitazioa.

Zenbait hondakindegi ezartzeko Proiektu Sektoriala onesten duen Gobernuaren Erabakian, hainbat baldintza sartzen dira proiektu partikularrak tramitatzeko; besteak beste, sarbideei buruzko txostena eskatzea Herrilan Departamentuari.

Herrilan Departamentuak eman txostenak zenbait zehaztapen jasotzen ditu hondakindegien inguruko errepideetako sarbideen baldintzei buruz eta jabari publikoko eta zortasuneko eremuetako ukipenei buruz.

Beraz, zehaztapen horien berri emanen zaio promotoreari, behar diren Proiektuetan sar ditzan.

Proiektu partikularrak tramitatzeko gainerako eskakizun orokorrak, hondakindegi batzuk onetsi zituen Gobernuaren Erabakian bildutakoak, Ardazko Hondakindegiaren Proiektua tramitatzeko behar dira aplikatu.

IV.-Onura publikoa eta interes soziala deklaratzea.

Promotoreak Udalez Gaindiko Proiektu Sektorial bezala tramitatzeko eskatu zuen, eta onura publikoa deklaratzea, desjabetzapen kontuetarako.

Nafarroako Gobernuak, 2001eko uztailaren 2an egin bilkuran, espedientea onestea erabaki zuen zenbait kokalekutarako, baita kokaleku horien onura publikoa eta interes soziala deklaratzea ere, desjabetzapen ondorioetarako.

Horrenbestez, bidezko da Ardazko hondakindegiaren onura publikoa eta interes soziala deklaratzea. Aipatu espedientean behar bezala justifikatu zen interes hura bera dago orain ere.

V.-Proposamena.

Esandakoa ikusirik, espediente hau Lurraldearen Antolamendurako Batzordearen hurrengo saioko eguneko zerrendan sartzea proposatzen da, eta bere txostena eman dezan, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen 65.1 d) artikuluan ezarritakoari jarraituz. Hona proposamena:

1. Ardazko kokalekua (Eguesibar) onestea, Iruñerrian gai inerteen hondakindegiak ezartzeko Udalez Gaindiko Plan Sektorialaren barrenean, "Asociación Navarra de Empresas de la Construcción y Obras Públicas" ANECOP-REAMek sustatua, zehaztapen hauekin:

-Hondakindegiaren eremutik kentzen dira herri arteko bide-sareko pasagune kritikoari dagozkion lurzoru erreserbak hartutako lurrak, Iruñerriko E.H.A.etan zehaztutakoak (RVI.1 Herri arteko bide periferikoen sarea). Ez du eraginik izanen bi kasu hauetako batean:

a) Hondakindegia funtzionamenduan jartzean bide trazadura hori zehazten duen Plan edo Proiektu Sektoriala onetsita badago eta, ondorioz, lurra desafektatua badago edo

b) Hondakindegia funtzionamenduan jartzean, bi azpiegiturak bateragarri egiten dituzten neurri tekniko egokiak hartu badira eta neurri horiek Herrilan Zuzendaritza Nagusiaren adostasun txostena badute.

-Ardazko kokalekuaren proiektu partikularra tramitatzean, gainerako kokalekuentzat eskatu ziren zehaztapen orokor berak eskatuko dira, Iruñerrian gai inerteen hondakindegiak ezartzeko Udalez Gaindiko Proiektu Sektoriala onetsi zuen 2001eko uztailaren 2ko Gobernuaren Erabakian eskatutakoak.

2. Testu Bateratu bat egin dezala eskatzea promotoreari, aurreko puntuan adierazi zehaztapenak betetzeko aldaketak jasoko dituena.

3. Ardazko kokalekuaren (Eguesibar) onura publikoa eta interes soziala deklaratzea, desjabetzapen ondorioetarako, eta haren interes orokorra, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legearen 66. artikuluan aurreikusi ondorioetarako.

4. "Asociación de Empresas de la Construcción y Obras Públicas" ANECOP-REAM Ardazko (Eguesibar) kokalekuak hartutako lurren desjabetzapenaren onuradun deklaratzea.

5. Adieraztea, Ardazko kokalekuaren (Eguesibar) onespenak ez dituela baztertzen hura gauzatzeko behar diren baimen guztiak.

6. Adieraztea, Erabaki honen aurka, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hilabetean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatua) 116 eta 117. artikuluetan xedatutakoari jarraituz, edo bestela, zuzenean inpugnatzen ahal dela Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzio-ordenan, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean, Administrazioarekiko Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 46. artikuluak agindu bezala.

7. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari, "Asociación de Empresas de la Construcción y Obras Públicas" ANECOP-REAMi eta Eguesibarko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta biko urtarrilaren zazpian.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria. Nafarroako Gobernuko idazkaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: A0200495