19. ALDIZKARIA - 2002ko otsailaren 13a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

8/2002 FORU AGINDUA, urtarrilaren 10ekoa, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak emana, lanerako prestakuntza ekintzetarako laguntzak emateko prozedura arautzen duena. Ekintza horiek lanik gabe dauden pertsonentzat dira eta Europako Gizarte Fondoko 3. Helburu berrian eta Nafarroako Enplegu Planean aurreikusita daude.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1999ko uztailaren 12ko 1784/1999 Erregelamenduak, Gizarte Fondoari buruzkoak, 2 eta 3. artikuluetan aplikazio esparrua eta diruz lagun daitezkeen jarduerak ezartzen ditu, hurrenez hurren.

Otsailaren 13ko 31/1995 Foru Dekretuak, Nafarroako Foru Komunitatean Lanerako Lanbide Prestakuntza edo Etengabeko Prestakuntza arautzen duenak, xede horretarako laguntzak emateko oinarriak ezartzen ditu. Foru Agindu honek hura garatzen du lanerako prestakuntzaren arloan.

Foru Agindu honetan ageri diren laguntzak Nafarroako Enplegu Zerbitzuak kudeatzen ditu, erakunde autonomo hori sortu zuen apirilaren 29ko 148/1998 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz.

Legezko agindu horiek ikusirik, eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Zuzendaritza Kontseiluak adostasun txostena emanik.

AGINDU DUT:

I. KAPITULUA

Lanerako Prestakuntza programak

1. artikulua. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak lanerako prestakuntza bultzatzeko xedea duen programa hau burutuko du, langabeen lehentasunezko taldeen prestakuntza ekintzak finantzatzeko diru laguntzak emanez, langabezian daudenak teknikoki gaitu eta trebatu eta lan merkatuan sartzea errazago izan dezaten. Hona hemen lehentasunezko taldeak:

1.-Unibertsitateko graduatu-ondokoak eta 2. mailako L.H.ko eta erdi edo goi mailako heziketa zikloetako tituludunak, 30 urtetik beherakoak. Emakumeek lehentasuna izanen dute.

2.-Lan munduan sartzeko arazoak dituzten pertsona taldeak: ezgaituak, errehabilitatzen ari diren drogazaleak eta presoak.

3.-Emakumeak; gizonezkoek eta emakumezkoek lan munduan aukera berdinak izatea bultzatzeko asmoz, ondoko ekintza hauek sustatuko dira:

a) Lanik gabe dauden emakumeak lan munduan lehenbizikoz edo berriro sartzeko prestakuntza.

b) Emakumeak lan munduan sartzea errazteko ekintza teknikoak.

2. artikulua. Diru laguntza emateko lehentasunezko ekintzak izanen dira:

-1. pertsona-taldean:

-Enplegurako konpromisoaren bidez lan munduan berehala sartzeko bidea ematen duten ekintzak, are gehiago konpromiso horretan parte-hartzaileen % 50 sartzen bada gutxienez.

-Teknologia berriak ezartzen eta enpresetako lanpostuetan balioaniztasuna sortzen laguntzen duten ekintzak, bai eta ekoizpen prozesuaren kalitatea hobetzen eta produktua merkaturatzen laguntzen dutenak ere.

-Lan merkatuan eskari gehien duten lanbide profiletarako prestatzen duten ekintzak.

-Antzeko prestakuntza ekintzetan, kosturik txikienak eta parte-hartzaile gehien dituztenak.

-3. pertsona-taldean, aipaturiko lehentasunez gain:

-Emakumeak urri diren lanbide edo lanen inguruko prestakuntza ekintzak, batez ere, Informazioaren Teknologia Berrien arlokoak.

-Prestakuntzarako aukera gutxi duten emakumeei zuzenduriko ekintzak eta emakume horiek lan munduan errazago sartzeko neurriak biltzen dituztenak.

3. artikulua. Lanerako prestakuntza ekintzak egiteko diru laguntza eskatu ahalko dute, Foru Agindu hau argitaratzen denerako, Laneratzeko Prestakuntza Plan Nazionaleko ekintzetarako zentro homologatu diren prestakuntza entitateek; orobat, baldintza hori bete gabe, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren prestakuntza helburuekin bat datozen eta lehentasunez ezgaituekin, errehabilitatzen ari diren drogazaleekin eta presoekin (1.2 artikuluan aipatuak) diharduten entitateek.

4. artikulua. Ekintzek gutxienez ere 15 ordu iraunen dute. Ekintza horien prestakuntza edukien programan honakoak sartu beharko dira: lanerako orientazioko modulu bat, aukera berdintasunekoa, ingurumenekoa eta laneko arriskuei aurrea hartzekoa, laneko arriskua duten lanbideei edo arriskua duten jarduerei dagozkien prestakuntza ekintzetan. Halaber, ona da hizkuntzen oinarrizko maila bat izatea, beteko duen lanpostuarekin zerikusirik badu, eta oinarrizko maila informatikan eta interneten.

5. artikulua. Nafarroako Emakumearen Institutuak aurretiazko balorazioa eginen du eta proposatu ahalko ditu, orientazio gisa, 3. taldean aurkezturiko ekintzen artean bidezkotzat jotzen dituenak. Halaber, ekintzen jarraipen eta ebaluazioa eginen du eta, bukatzean, horiei buruzko txosten bat, likidaziorako nahitaezkoa izanen dena.

II. KAPITULUA

Prestakuntza, enplegurako konpromisoa harturik

6. artikulua. Enpresek, bakarrik edo prestakuntza entitateekin edo bestelako erakundeekin batera, prestakuntza eman eta, ondoren, parte-hartzaileen % 50ak gutxienez enplegua izateko benetako konpromisoa hartzen badute, diru laguntza jaso dezakete ekintza horiek direla eta.

7. artikulua. Eskabideak irailaren 30a baino lehen aurkezten ahalko dira, eta horien gaineko ebazpena emateko lehentasun irizpidea eskabideen data izanen da, aurrekontuetako kontusailean behar adina diru baldin badago betiere.

8. artikulua. Prestakuntza moduluak, gutxienez ere 25 ordu eta gehienez 100 iraunen dutenak, 10 ikasleri bederen emanen zaizkie, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren arabera behar bezala justifikaturiko salbuespenak izan ezik. Parte- hartzaileek langabeak izan behar dute edo egonkorra ez den lana izan.

Ekintza horien ondorioz izenpetzen diren lan kontratuek hasiera batez sei hilabete iraunen dute gutxienez ere, eta Langileen Estatutuan eta hori garatzen duten arauetan ageri diren kontratu motetako edozein izaten ahalko dira.

Prestakuntza ekintza hasi ondoren izenpetu beharko da kontratua, eta ezin luzatuko da hura bukatu eta bi hilabete baino gehiago, ekintza egiten den urte naturalaren barruan. Hala ere, kasu berezietan, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak baimendurik, prestakuntza ekintza egin eta hurrengo urtean izenpetzen ahalko da kontratua.

Prestakuntza ekintzek teoriko-praktikoak izan beharko dute. Praktikak lanpostuetan egiten direnean, Nafarroako Enplegu Zerbitzuan eta Lan Ikuskatzailetzan enpresak eta prestakuntza entitateak izenpeturiko izkribua aurkeztuko da, non praktikak eginen dituzten ikasleen izen-deiturak, iraupena, ordutegia eta haien lanetik kanpoko izaera agertuko baitira. Praktikek eragin litzaketen gastuak enpresaren kontu izanen dira.

9. artikulua. Prestakuntza ekintza enpresak berak egiten badu, diru laguntzarako onartzen diren gastuak irakasleenak, ikasleen aseguruarenak eta material didaktiko eta kontsumokoenak izanen dira bakarrik. Kasuan kasuko nominaren bidez frogatuko da irakasleek ematen dituzten orduen kostua.

Prestakuntza enpresakoa ez den entitate batek egiten badu, aipaturiko gastuak ez ezik, beste gastu batzuk ere onartuko dira, eta kasuan kasuko faktura eta ordainagiriaren bidez frogatuko.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ikuskapenak eginen ditu edozein unetan, prestakuntza ekintzak egoki egiten eta diru laguntza behar bezala aplikatzen ari diren egiaztatzeko.

III. KAPITULUA

Beste ekintza batzuk

10. artikulua. Kapitulu honen barrenean, diru laguntza ematen ahal zaio Foru Agindu honen babesean egindako prestakuntza ekintzak ebaluatzeko kanpoko laguntza teknikoari.

IV. KAPITULUA

Programa hauetako arau komunak

11. artikulua. 2002. urteko laguntzetarako eskabideak Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren erregistroan aurkeztu beharko dira, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hogei egun naturaleko epean, enplegurako konpromisoa biltzen duen prestakuntza programan zehazten dena salbu.

Hurrengo urteetan, ekitaldi ekonomikoa hasi aurreko abenduan aurkeztuko dira laguntza eskaerak.

12. artikulua. Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

A.-Agiri orokorrak:

1.-Enpresa, erakunde edo entitatearen nortasuna egiaztatzen duten agiriak, eratze eskrituraren, estatutuen edo erregistroko inskripzioaren kopia bidez, agiri horiek Nafarroako Enplegu Zerbitzuan lehendik ez badaude.

2.-Entitate eskatzailearen legezko ordezkarien datu pertsonalak eta, hala bada, haien ahalordetzea, baita jakinarazpenetarako helbidea eta eskaturiko ekintzez arduratzen den pertsona ere.

3.-Identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia.

4.-Transferentzia bidez ordaintzeko eskabidea, behar bezala betea, ematen den diru laguntza ordaindu ahal izateko, hala bada.

5.-Entitateak dagozkion zergak ordainduak dituela frogatzen duen ziurtagiri eguneratua, Nafarroako Foru Ogasunak emana.

B.-Ekintza bakoitzaren berariazko agiriak, horretarako Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ematen dituen inprimakiak behar bezala beterik.

Diru laguntzarako aurkezturiko prestakuntza ekintza guztien laburpen zerrenda; gainera, euskarri informatikoan aurkeztuko da (Windows Excel 97 sistema eragilea).

Aurkeztu eskabideak behar bezala ebazteko beharrezkotzat jotzen dituen agiri eta argibide guztiak eskatzen ahalko dizkie Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eskatzaileei.

13. artikulua. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ikastaro edo ekintzen katalogo bat emanen die prestakuntza entitateei. Bertan agertuko dira: lehentasuna, orduen modulu orientagarria eta prestakuntza ikastaro edo ekintza bakoitzari dagokion maila eta modulu ekonomikoa.

14. artikulua. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak erabakiko du, zuzendari kudeatzaileak eman Ebazpenaren bidez, zer ekintzari emanen dion diru laguntza, eskatzaileek aurkezturiko datuak ikusirik, horiek baloratu ondoren eta aurrekontuko diru kopuruaren arabera.

Hasiera bateko diru laguntza emateko Ebazpenak entitate bakoitzak eskatzen dituen eta diruz lagun daitezkeen ekintza guztiak hartuko ditu kontuan.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, hasiera batean emaniko ekintzen ordez, maila bereko beste batzuk ematen ahalko ditu, entitate eskatzaileak eskabide arrazoitua egiten badu.

15. artikulua. Aurkezturiko eskabideen espedienteak ebazteko epea ez da hiru hilabetekoa baino luzeagoa izanen, aurkezten direnetik hasita, arrazoi justifikatuak izan ezik. Epea berariazko ebazpenik eman gabe pasatzen bada, eskabidea ez dela onartu esan nahiko du.

16. artikulua. 1.-Aipaturiko programa guztietako diru laguntzen zenbatekoa ekintzetan aukeratzen ahal den kostuaren % 100 artekoa izaten ahalko da, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak abenduaren 9ko 1386/1998 Ebazpenaren bidez ezarritako modulu ekonomikoen arabera, beti ere aurrekontuetan dirurik baldin badago.

2.-I. kapituluan aurreikusi programetan, diru laguntza 12 ikaslerentzat emanen da, gehienez ere. Laguntza txikiagoa izanen da ikasle gutxiago hasten badira edo prestakuntzaren lehen erdian hura uzten badute, laneko arrazoiak direla-eta edo ezinbestean uzten denean salbu. Prestakuntza ekintza batean 12 ikasle baino gehiago hasiz gero, hamabi lagun baino gutxiago gelditu arte ez da da diru laguntza murriztuko.

Prestakuntza ekintza hasitakoan, haren iraunaldiaren bost zatietatik lehenean bakarrik sarten ahal dira ikasle gehiago.

Edozein arrazoi dela medio, prestakuntza ekintza batean parte hartzen duten ikasleak 6 baino gutxiago badira, bertan behera utzi ahalko du Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, baldin eta irakastaldiaren lehen erdia iragan ez bada.

17. artikulua. Foru Agindu honetan aurreikusi laguntzak "Lanerako prestakuntza programa konfinantziatu gabeak" izeneko kontusailaren kargura ordainduko dira; aldiz, emakumeen taldeko ekintzak "E.G.F.ak kofinantzatu lanerako prestakuntza programak" izeneko kontusailaren bitartez eta Informazioaren Teknologia Berriko ekintzak "Emakumeak prestatu eta lanean sartzeko ekintzak" izenekoaren bitartez, Nafarroako Aurrekontu Orokorretatik; ekitaldi ekonomiko bakoitzean programa honi esleitutako diru kopurua izanen da muga.

18. artikulua. Prestakuntza ekintzetan parte hartzen dutenen zerrendak, fitxa pertsonalak eta sinaduren kontrola ekintzak hasi ondorengo hamabost egunetan aurkeztuko dira. Agiriak, gainera, aipatu erakundeak ezarritako programarekin bateragarria den euskarri informatikoan aurkeztuko dira.

Errehabilitatzen ari diren drogazale eta presoentzako ekintzetan, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, entitate eskatzailearekin bat etorrita, hartuko du behar den erabakia ikasle horien lan egoerari dagokionez.

Urte bakoitzeko prestakuntza ekintzak abenduaren 20a baino lehen bukatu beharko dira, non ez dauden arrazoi justifikatuak.

19. artikulua. Ematen diren diru laguntzen azken likidaziorako, nahitaezkoa izanen da honako hauek aurkeztea, ekintza bakoitza bukatu eta hamabost eguneko epean:

-Gastuen eta azken likidazioaren aitorpena, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak horretarako eman Ebazpenaren arabera, horien frogagiritzat jotzen baita.

-Parte-hartzaileen azken zerrenda eta haien eguneroko asistentzia orriak, behar bezala izenpetuak.

Zentro laguntzaileek parte-hartzaileei diplomak emateko, gutxienez % 70 irakastordu beharko dituzte sartu.

-Prestakuntza ekintza bakoitzaren ebaluazio-memoria, ekintza egin duen entitateak izenpetu eta zigilatuta.

-Eskatzaileak Nafarroako Foru Ogasuneko zergak ordainduta dituela frogatzen duen ziurtagiri eguneratua.

Prestakuntza ekintzek enplegurako konpromisoa dutenean, ekintza horien ondorioz egiten diren lan kontratuen kopia ere aurkeztu beharko da aurreko agiriez gain.

20. artikulua. Diru laguntzaren onuradunek adierazi beharko dute Nafarroako Gobernuko beste edozein Departamenturen edo bestelako erakunde publiko edo pribatuen laguntzarik hartzen duten, diru laguntza horrek helburu berbera baldin badu. Kasu horretan, laguntza jaso gabeko partearen arabera eginen da azkeneko likidazioa.

21. artikulua. Prestakuntza ekintza hastean diru laguntzaren % 75a ordainduko da, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen Ebazpenaren bidez, Enplegurako Prestakuntzaren Zerbitzuak adostasun txostena egin ondoren, eta gainerako % 25a ekintza bukatzean, beste Ebazpen baten bidez, hurrenez hurren, arau honetako 18. eta 19. artikuluetan aipatzen diren agiriak aurkeztu eta gero.

Betiere, eta ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeko 18.2 artikuluan aurreikusitako kasuetan, diru-aurrerakina jasotzeko, onuradunak zuzenbidean onartzen diren abal edo bermeak aurkeztu beharko ditu.

22. artikulua. Hasiera batean proposatu eta onetsiriko ikastaroetan aldaketarik izaten bada, nahitaez Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinaraziko zaio, onets dezan. Onesten ez badu eta, Zerbitzu horren arabera funtsezko aldaketa bada, deuseztatzen ahalko du diru laguntza.

23. artikulua. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diru laguntza jaso duten ekintzak behar bezala jarraitu eta kontrolatzeko behar dituen agiri osagarri guztiak eskatzen ahalko ditu. Kasuan kasuko entitateak horretarako ematen zaion epean aurkeztu beharko ditu.

Betebehar hori ezarritako epean betetzen ez bada, hasiera batez bertan behera utziko da diru laguntza eta, gero, betebeharra berriro eskaturik, bere epean betetzen ez bada, deuseztatu eginen da.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak noiznahi jarraipen eta kontroleko bisitak egiten ahalko ditu, prestakuntza ekintzak ongi burutzen ari diren eta diru laguntza behar bezala aplikatzen ari diren egiaztatzeko. Halaber, auditoriak egiten ahalko ditu prestakuntza zentroetan, diruz lagunduriko ekintzen gastuak agiri bidez frogatuta dauden egiaztatzeko.

24. artikulua. Eskaturiko agiriak aurkezten ez badira, eta Zerbitzua ohartzen bada laguntza jaso dutenak ez direla prestakuntza ekintzak burutzen ari edo diru laguntza beste xede baterako erabiltzen ari direla, interesatuek diotena entzun ondoren, emaniko diru laguntza hein batean edo osorik deuseztatuko da, aurreratutakoa itzuli egin beharko da eta eskatu diren gainerakoei ezetza emanen zaie.

25. artikulua. Prestakuntza ekintzen publizitatea edo zabalkundea egiten denean, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren eta, hala bada, Europako Gizarte Fondoaren finantziazioa izan dutela azaldu beharko da.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Foru Agindu hau 2002ko diru laguntzetarako eskaerei aplikatuko zaie, hark indarra hartu baino lehen aurkeztutakoei.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditu da 1999ko azaroaren 23ko Foru Agindua, langabezian direnentzako lanerako prestakuntzari laguntzak emateko prozedura arautzen duena, prestakuntza Europako Gizarte Fondoko 3. helburu berrian eta Nafarroako Enplegu Planean aurreikusia denean.

AZKEN XEDAPENA

Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta biko urtarrilaren hamarrean.-Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilaria, Nuria Iturriagagoitia Ripoll.

Iragarkiaren kodea: A0200409