I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
Beste Xedapenak
1341/2002 FORU AGINDUA, abenduaren 5ekoa, Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak emana, errepideko hiriarteko bidaiari-garraio kolektiboa finantzatzeko 2002. urteko dirulaguntzen deialdia egiten duena.
1992. urtetik aurrera, bidaiari-garraioari laguntzeko kontusailak izan dira Nafarroako Aurrekontu Orokorretan. Kontusail horren bilakaera azterturik, beharrezkoa da aldaketak egitea aurreko urteetako dirulaguntza deialdian. Hortaz, diruz lagunduko diren zerbitzuek bete beharreko baldintzak erantsi dira, garraioen arloan indarra duen araudiari jarraikiz.
Laguntza horietarako 60.102 euro izanen dira 2002. urtean.
Deialdi honetatik bazter geldituko dira hiriarteko bidaiari-garraio kolektiboaren zerbitzuak finantzatzeko Nafarroako Gobernuko Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuarekin hitzarmen edo akordioak sinatuak dituzten udal eta kontzejuak, bai eta edozein erakunde publikok emandako dirulaguntzen bidez osorik edo parte batean finantzatzen diren garraio zerbitzuak eta gazteek gauez erabiltzen dituzten "Joan-etorriko" zerbitzuak ere.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zuen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean xedatutakoarekin bat, bidezkoa da dirulaguntza deialdia eta hori arautuko duten oinarriak onestea.
Horiek horrela, ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 5. artikuluak eman dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINDU DUT:
Lehena._Errepideko hiriarteko bidaiari-garraio kolektiboa 2002. urtean finantzatzeko laguntzen deialdia onestea. Foru Agindu honen eranskinean ageri dira oinarriak.
Bigarrena._60.102 euroko gastua onestea, 2001etik 2002ra luzatutako Aurrekontuko "Bidaiarien garraio-zerbitzuei eusteko laguntzak" izeneko 630000/62120/4701/513200 kontusailaren kargura.
Hirugarrena._Foru Agindu honen berri ematea Garraio Zerbitzuari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari eta Ekonomi eta Ogasun Departamentuak Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatuari.
Laugarrena._Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.
Iruñean, bi mila eta biko abenduaren bostean._Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilaria, JosÚ Ignacio Palacios Zuasti.
E R A N S K I N A
Lehenbizikoa._Xedea.
Foru Agindu honen xedea da erabiltzaile guztientzako hiriarteko garraioa finantzatzen laguntzeko deialdia eta horren oinarriak ezartzea, hain zuzen, 2002. urtean, erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio erregularrik ez duten biziguneetara iristeko helburua duten zerbitzuak egiten dituztenentzat eta bidaien kopurua handitu edo lehendik dauden kontzesioekin lotura ezartzeko asmoa dutenentzat.
Bigarrena._Onuradunak.
Dirulaguntza jaso ahalko dute hiriarteko bidaiari-garraio kolektiboaren zerbitzuak beren aurrekontuen kargura antolatzen dituzten udal edo kontzejuek, deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen dituztenean.
Hirugarrena._Zerbitzuaren betebeharrak.
Udalek edo Kontzejuek antolatzen dituzten garraio zerbitzuek, deialdi honetako dirulaguntzak jaso ahal izateko, baldintza hauek bete beharko dituzte:
.Hiriarteko garraio publikoko zerbitzuak izatea, bidaiarien garraio publikoko enpresek emanak (autobusa edo taxia), erabiltzaileen eskari orokorrari erantzuteko; edozein interesatuk erabiltzen ahalko ditu.
.Aurrez finkatuta izatea egutegia, ordutegia eta geralekuak.
.Zerbitzua erabiltzaileari kobratzea.
Joan-etorriko zerbitzu bat bakarrik lagunduko da diruz eguneko, non eta salbuespenez eta arrazoi sendoko arrazoiak medio joan-etorriko bi zerbitzu laguntzen ez diren.
Laugarrena._Eskabideak.
Eskabideak Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Erregistroan aurkeztu beharko dira, 2002ko abenduaren 27a baino lehen, honako agiri hauekin batera:
.Enpresa adjudikazio-hartzailearekin sinatutako akordio, hitzarmen edo kontratuak.
.Zerbitzuaren kostuen aurrekontua eta dirusarreren kalkulua urteko azken hiruhilekorako, eta urteko lehenbiziko hiru hiruhilekoetako egiazko kostu eta sarreren justifikazioa.
.Zerbitzuaren baldintzak: egutegia, ordutegia, geralekuak eta tarifa.
.Egiten den zerbitzuaren interesa justifikatzen duen memoria, erabiltzen diren baliabideak espresuki adierazita.
Agiriek jatorrizkoak edo notario nahiz administrazio bidez kautotutako kopiak izan beharko dute.
Eskabideak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, interesatuari eskatuko zaio zuzen dezala hamar eguneko epean, eta ohartaraziko, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea beste tramiterik gabe artxibatuko dela.
Nolanahi ere, Garraio Zerbitzuak eskabideari buruzko ebazpena emateko beharrezko dituen argibide edo agiriak eskatzen ahalko dizkio eskatzaileari.
Bosgarrena._Eskabideak baloratzeko irizpideak eta dirulaguntzen zenbatekoa.
Laguntzak eman eta haien kopurua zehazteko honako xehetasun hauek hartuko dira kontuan:
.Biztanle kopurua.
.Proposatutako zerbitzuak herritarrek egin beharreko joan-etorrietarako zein neurritan diren egokiak, eta zerbitzua emateko baliabideak berdin, izan dezaketen erabilerarako.
.Garraio publikorik ez izatea. Baldin badago, zerbitzu erabilgarrien maiztasuna baloratuko da.
.Osasun edo hezkuntza zentroetara, feria edo merkatuetara dagoen distantzia.
Laguntzen zenbatekoa izanen da zerbitzuak izaten ahal duen defizitaren % 30etik % 70era artekoa.
Seigarrena._Ebazpena.
Garraio eta Telekomunikazio Zuzendaritza Nagusiak, Garraio Zerbitzuaren txostenaren ondotik, ebatzi eginen ditu aurkezten diren dirulaguntza-eskaerak, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hilabete bateko epearen barrenean.
Epe horretan ebazpen espresurik ematen ez bada, eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da.
Zazpigarrena._Laguntzen ordainketa.
Laguntzen onuradunek, haien likidaziorako, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentura igorri beharko dituzte, garraio zerbitzua egin duten enpresei ordaindutakoen egiaztagiriak, zerbitzua eman duten enpresek luzatutako fakturak (bidaia kopuruak adierazita) eta, orobat, zerbitzua benetan eman dela frogatzen duten ibilbide-orriak edo bestelako frogagiriak. Deklaratu eta frogatuko da, halaber, zenbat erabiltzaile eraman den eta zenbat diru jaso den zerbitzuan. Urteko lehen hiruhilekoetako egiaztagiriak eskaerarekin batera aurkeztuko dira, eta laugarren hiruhilekoak, berriz, 2003ko urtarrilaren 8rako.
Dokumentazio hori jasotakoan, eta frogatu ondoren, laguntza transferituko da, baldin eta ematea erabaki bada.
Zortzigarrena._Dirulaguntzak baliogabetzea.
Deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen ez badira, eta legez ezarritako gainerako kasuetan, dirulaguntza osorik edo hein batean uzten ahalko da baliorik gabe, eta jasotako zenbatekoak itzul daitezela erabaki.
Bederatzigarrena._Finantzazioa.
Deialdi honen babesean ematen diren dirulaguntzak finantzatzeko 60.102 euro izanen dira 2002. urtean, 2001etik 2002ra luzatutako Aurrekontuko "Bidaiarien garraio-zerbitzuei eusteko laguntzak" izeneko 630000/62120/4701/513200 kontusailaren kargura.
Dirulaguntzetan eman beharreko kopurua, guztira, aipatu kopuru hori baino handiagoa bada, dirulaguntza bakoitzaren zenbatekoa proportzioan murriztuko da.
Nolanahi dela ere, murrizte hori ez da gertatuko, baldin eta bestelako baliabide batzuk baldin badaude, hasiera batez beste dirulaguntza batzuetarako bereiziak, eta Administrazioak erabakitzen badu diru hori deialdi honetan araututako dirulaguntzetarako erabili behar dela.
Hamargarrena._Administrazio helegiteak.
Deialdi honen eta bere oinarrien aurka gora jotzeko helegitea jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, deialdi hau argitara eman eta biharamunetik hilabeteko epean.
Prozedurari bukaera ematen dion ebazpenaren aurka gora jotzeko helegitea jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
Hamaikagarrena._Deialditik bazter gelditzeko kasuak.
Deialdi honetatik bazter geldituko dira hiriarteko bidaiari-garraio kolektiboaren zerbitzuak finantzatzeko Nafarroako Gobernuko Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuarekin hitzarmen edo akordioak sinatuak dituzten udal eta kontzejuak.
Bazterturik geldituko dira, halaber, edonolako erakunde publikoren dirulaguntzari esker osorik nahiz zati batean finantzaturik dauden garraio zerbitzuak eta, orobat, gazteentzako gaueko garraioak, "Joan-etorri" izenekoak, alegia. __ __ A0213096 __
Iragarkiaren kodea: