152. ALDIZKARIA - 2002ko abenduaren 18a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

93/2002 FORU AGINDUA, azaroaren 20koa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak emana, emakume eta gizonezkoen artean eskubide berdintasuna eta bereizkeriarik gabeko jokabideak sustatzeko asmoz, 2003. urtean onura eta interes sozialeko jarduerak programatzen dituzten Nafarroako toki entitateentzat Nafarroako Emakumearen Institutuak ematen dituen dirulaguntzen deialdia arautzen duena.

Nafarroako Emakumearen Institutua Nafarroako Gobernuaren erakunde autonomo bat da, emakumeen kontrako bereizkeria guztiak egiazki desagertzen laguntzeko sortua, bai eta Nafarroako bizitza politiko, ekonomiko, kultural eta sozialeko esparru guztietan benetako berdintasuna lortzeko beharrezkoak diren neurriak hartzeko ere.

Helburu hori lortzen laguntzeko modu bat erakundeen arteko elkarlana bultzatzea da, berdintasunerako politikak gara ditzaten. Horretarako, beste ekintza batzuen artean, toki entitateei dirulaguntzak eman behar zaizkie emakumearen aukerak eta berdintasuna sustatzeko programak egin ditzaten.

Horrenbestez, ikusirik Nafarroako Emakumearen Institutuko zuzendari kudeatzailearen proposamena eta Ekonomi eta Ogasun Departamentuko kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna, eta Nafarroako Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1963 Foru Legeak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Eskubide berdintasuna sustatzeko asmoz, 2003. urtean onura eta interes sozialeko jarduerak programatzen dituzten Nafarroako toki entitateentzat Nafarroako Emakumearen Institutuak ematen dituen dirulaguntzen deialdiko arauak onestea. Deialdia Foru Agindu honen eranskinean ageri da.

2. Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

3. Foru Agindu hau Nafarroako Emakumearen Institutura igortzea, baita Nafarroako Aldizkari Ofizialera ere, argitara eman dezan.

Iruñean, bi mila eta biko azaroaren hogeian._Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilaria, Calixto Ayesa Dianda.

E R A N S K I N A

Eskubide berdintasuna sustatzeko asmoz, 2003. urtean onura eta interes sozialeko jarduerak programatzen dituzten Nafarroako toki entitateentzat Nafarroako Emakumearen Institutuak ematen dituen dirulaguntzen deialdiko arauak

1. artikulua. Xedea.

Lehiaketa publikorako deia egiten da emakumeak sustatzeko eta arlo horretan jarduteko helburua duten ekintzetarako dirulaguntzak emateko. Dirulaguntzak, emakume eta gizonezkoen artean eskubide berdintasuna eta bereizkeriarik gabeko jokabideak sustatzeko asmoz, 2003. urtean egiten diren onura eta interes sozialeko jardueretarako izanen dira.

2. art. Onuradunak.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean araututako Nafarroako toki entitate guztiek eskatu ahalko dituzte deialdi honetako dirulaguntzak.

3. art. Aurkezteko epea eta lekua.

Dirulaguntza eskabideak deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik 30 egun naturaleko epean aurkeztuko dira Nafarroako Emakumearen Institutuko Erregistroan, edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan ezarritako bideetako bat baliatuz.

4. art. Aurkeztu beharreko agiriak.

1. Dirulaguntza eskabideak Nafarroako Emakumearen Institutuari zuzendu behar zaizkio, horretarako ezarrita dagoen ereduari jarraituz. Urte naturalaren barruan osorik egitekoak diren jardueretarako bakarrik eskatu ahalko da dirulaguntza. Eskabideei ondorengo agiriak erantsi behar zaizkie:

_Jarduera berarentzat beste dirulaguntzarik eskatu den ala ez den eta, eskatu bada, zein erakunderi eskatu zaion eta hori guztia zertan den berariaz azaltzen duen adierazpena. Honen erantzukizuna eskabidea sinatzen duen pertsonak izanen du.

Zein programatarako eskatzen den dirulaguntza. Gainera, gutxienez, ondokook adierazi beharko dira:

_Gauzatuko d(ir)en jarduera(k), lehentasunaren arabera ordenatuak; helburuen deskribapena, metodologia eta noiz egingo diren. Kontuan hartu behar da jarduerak urteko abenduaren 31 baino lehen burutu beharko direla.

_Jarduera bakoitzeko aurreikusten diren gastuen aurrekontua, sailez sail xehetua. Jarduerak finantzatzeko baliabideak edukiz gero, aipatu egin beharko dira.

5. art. Dirulaguntza jaso dezaketen jarduerak.

1. Emakumearen prestakuntza edo garapen pertsonala sustatzeko helburua duten proiektu edo jarduerak.

2. Ekintza soziokulturalak, emakumeek gizartean duten tokiari buruzko eztabaidak antolatu eta sustatzeko asmoa baldin badute, konparazio batera:komunikabideak, sexuari loturiko bortizkeria, ardurakidetza familian (aitak, amak, seme-alabak), eta abar.

3. Bortizkeriari aurre egiteko eta desagertarazteko helburua duten proiektu eta jarduerak.

4. Emakumeek gizartean eta politikan duten parte-hartzea ahalbidetzeko jarduerak.

5. Nafarroako Emakumearen Institutuak lan-munduan sartzeko bultzatzen dituen programetan parte-hartzea handitzeko jarduerak.

6. Etxeko lanen kudeaketaren arloko prestakuntza jarduerak:sukaldaritza, brikolajea, administrazioa, bizimodu osasungarria izateko ohiturak, elikadura.

7. Eskulangintza berreskuratzea: zaharberritzea, eskulanak, ehoziriak, zeramika lanak, diseinua, jantzigintza, e.a.

8. Kultur eta arte ekitaldiak bultzatu eta hedatzea, erakusketa, mintzaldi eta bestelako kultur agerraldi batzuen bitartez.

9. Oro har, aukera berdintasunerako hurrengo planaren helburuak garatzen dituen jarduera guztiak.

6. art. Balorazio irizpideak.

Proiektuen balorazioa egiteko honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

_Aurreko programa zenbateraino bete den.

_Jardueren lehentasuna.

_Programen plangintza eta berritasuna.

_Toki entitateak eta herriko emakume elkarteak elkar lanean aritzea jarduerak osatzeko.

_Delako Udalak emakumearen zinegotzitza edukitzea, kargudun hori arduratzen baita udaletan aukera berdintasunaz.

_Proposatutako jarduerak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo bestelako entitateen programa edo zerbitzuetan sartzeko aukera.

7. art. Ebazpena

1. Proiektuak Balorazio Batzordeak baloratuko ditu. Batzorde horren buru Informazio eta Lankidetza atalburua izango da, eta honetaz gain Nafarroako Emakumearen Institutuko Ikasketa eta Programako buruak eta hango Administrazio Unitateko buruak osatuko dute batzordea.

Aurkeztutako programen edukiaren arabera, Balorazio Batzordeak Nafarroako Emakumearen Institutuko langile teknikoen laguntza eskatu ahalko du.

Aurkeztutako proiektuen ebaluazioa egin ondoren, Balorazio Batzordeak Nafarroako Emakumearen Institutuko zuzendari kudeatzaileari bidaliko dio proposamena.

2. Ebazteko epea bi hilabetekoa izanen da, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.Epe horretan ebazpenik ematen ez bada, aurkeztutako eskabideak ezetsitzat joko dira.

3. Adjudikazioa egiten duen Ebazpenean jarduera bakoitzari emandako dirulaguntzaren zenbatekoa adieraziko da, baita diruz lagundutako kontzeptuak ere, horrelakorik izanez gero.

8. art. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Hautatutako jardueren finantzazioa haien egiazko kostuaren % 100era iritsi ahalko da.

2. Ematen diren dirulaguntzak bateragarriak dira beste batzuekin, administrazioarenak berarenak, beste administrazio publiko batzuenak, beste ente publiko edo pribatu batzuenak, edo partikularrenak izan, baldin eta entitate eskatzaileak beste laguntza ekonomiko hori jaso eta berehala Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Departamentuari jakinarazten badio.

Dirulaguntzen artean jardueraren guztirakoa gainditzen bada, dirulaguntza gutxitu beharko da edo soberakina itzuli.

9. art. Ordainketa eta frogagiriak.

1. Dirulaguntzen esleipena ebatzi ondoren, esleitutako kopuruaren % 50 emango zaie laguntza hartzen duten toki entitateei.

Gainerako % 50a diruz lagundutako jarduerak bukatu ondoren ordainduko da, baina aldez aurretik jardueren burutzeari buruzko memoria aurkeztu eta gastu eta ordainketak frogatu beharko dira, dagozkien frogagiriak (fakturak, ordainagiriak...) aurkeztuz; gutxienez dirulaguntza osatu bitartekoak. Agiri horiek jatorrizkoak izan beharko dute eta martxoaren 8ko 85/1993 Foru Dekretuaren araberakoak, eta Nafarroako Emakumearen Institutuaren Erregistroan aurkeztuko dira, jarduerak amaitu eta hurrengo urte naturaleko urtarrilaren 10a baino lehen.

Dirulaguntzaren zenbateko osoaren % 20 jardueraren gastu orokorretarako izanen da (alokairuak, argia, e.a.).

2. Aurreko atalean adierazitakoa gorabehera, dirulaguntzaren zenbatekoak 3.005,06 euro baino gutxiago egiten badu, dena batera eta aurretik ordainduko da.

3. Eskaera lehen aldiz egiten duten toki entitate onuradunek transferentzia bidez ordaintzeko eskaera aurkeztu beharko dute, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik 10 eguneko epean, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa jaso nahi badute.

10. art. Toki entitate onuradunen betebeharrak. Ordainketak itzuli beharra

1. Hona hemen Foru Agindu honen babesean dirulaguntza jasotako toki entitateen betebeharrak:

_Dirulaguntza emateko arrazoi izan den jarduera burutu edo jokabidea edukitzea.

_Jarduera egin izana edo hartarako jokabidea hartu izana frogatzea, baita dirulaguntza lortzeko baldintzak betetzen direla ere.

_Emandako dirulaguntzak direla eta, entitate emaileak egiten dituen egiaztapen ekintzak oro onartzea.

_Beste edozein administraziori xede berarekin eskatutako nahiz lortutako dirulaguntzen berri ematea organo emaileari.

_Hartutako laguntzaren kobraketa kontabilitatean edo erregistro liburuan jasotzea, indarreko arauen arabera horrelako liburuak izatera behartuta baldin badago.

_Diruz laguntzen diren jardueren publizitatean, Nafarroako Emakumearen Institutuaren lankidetza aipatzea.

2. Eskuratutako kopuruak osorik edo hein batean itzuli beharko dira eta berandutza korrituak eskatuko dira dirulaguntza ordaintzen den unetik beretik eta Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko abenduaren 26ko 8/1988 Foru Legeko 19. artikuluan finkatu bezala kalkulatuta, ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 21.1 artikuluan jasotako kasuren bat gertatuz gero, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko erregimen orokorra arautzen baitu. Hartutako kopuruak osorik edo haien zati bat itzuli beharko da artikulu bereko 2. idatz-zatian jasotako edozein kasu gertatzen denean bakarrik.

3. Gastuak Ebazpenean emandakoa baino txikiagoak izaten badira, dirulaguntzaren bigarren ordainketatik kenduko da behar den kopurua, edo ordaindutakotik itzuliko, zein den kasua, harik eta gastuak eta dirulaguntza berdindu arte.

4. Proiektua hasieran aurreikusitako bidetik nabarmen alderatzen bada, bidegabe jasotako kopurua itzultzera behartuko da. Horretarako, betiere, joko da aldaketa "nabarmentzat", diruz lagundutako jarduera egin beharrean, deialdian aurkeztutako jarduera programan espresuki aipatzen ez den beste bat egitea. Beste edozein aldaketa aldez aurretik Nafarroako Emakumearen Institutuari eskatu beharko zaio eta bertan justifikatu, 2003ko azaroaren lehena baino lehen. Horrela bada, Nafarroako Emakumearen Institutuak baimena ematen ahalko du aldaketa hori egiteko.

11. art. Arau-hausteak eta zehapenak

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeko 27. eta 28. artikuluetan ezarritakoari jarraituko zaio.

Zehapen prozedura Nafarroako Emakumearen Institutuko zuzendari kudeatzaileak hasiko du. Haren ebazpena Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilaren esku egonen da.

12. art. Aurrekontuko diru kopurua

Dirulaguntza jaso dezaketen proiektuetarako diru kopurua, guztira, dagokion ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako ezartzen den zenbatekoaren araberakoa izanen da. Dirulaguntzak emateko baldintza izanen da 2003ko ekitaldian behar adina diru egotea.

13. art. Administrazio errekurtsoak

Ebazpen honen eta bere egintzen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aurrera, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan eta hura aldatzen duen urtarrilaren 13ko 4/1999 Legean xedaturikoarekin bat.

14. art. Ordezko arauak

Foru Agindu honetan aurreikusirik ez dagoen guztian ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean ezarritako araubideari jarraituko zaio, lege hartan ezartzen baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra. __ __ A0212648 __

Iragarkiaren kodea: