152. ALDIZKARIA - 2002ko abenduaren 18a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

337/2002 FORU AGINDUA, azaroaren 26koa, Ekonomi eta Ogasun kontseilariak emana. Honen bidez ezartzen dira Zerga Bereziei dagozkien aitorpenak telematikoki aurkezteko baldintza orokorrak eta prozedura, bai eta aitorpenak eta jakinarazpenak aurkeztu eta kudeatzeko kanpoko lankidetzarako itun edo akordioak sinatzeko prozedura eta baldintzak ere.

Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 45. artikuluari jarraikiz, administrazio publikoek ahaleginak egin behar dituzte beren jardueren eta eskumenen esparruan teknika elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiltzeko.

Otsailaren 16ko 263/1996 Errege Dekretuak, teknika elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilpena arautzen duenak, aipatu artikulu hori garatzeari ekiten dio, teknika horiek erabiltzeko berme, betebehar eta baldintzak finkatzeko.

Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren zazpigaren xedapen gehigarrian baimena ematen zaio Ekonomi eta Ogasun kontseilariari Foru Agindu bidez erregula dezan zergadun eta entitateek zein kasu eta baldintzatan aurkezten ahal dituzten baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiliz aitorpenak, jakinarazpenak, aitorpen-likidazioak, autolikidazioak edo tributuen arloko araudiak eskatutako beste agiri guztiak.

Ildo berean, abenduaren 14ko 352/1998 Foru Dekretuak, Zerga Administrazioari informazioa eman behar jakin batzuei aplikatu beharreko xedapenak garatzen dituenak, bere laugarren xedapen gehigarrian, baimena ematen dio Ekonomi eta Ogasun kontseilariari zerga aitorpenak baliabide telematikoz aurkezteko kasuak eta baldintzak finkatzeko.

Izandako esperientziak erakutsi du komenigarria dela aitorpen horien kudeaketan komunikazio telematikoko teknologia berriak sartzea, alde batetik zergadunek betebeharrak errazago egin ditzaten eta, bestetik, aitorpenen kudeaketa arintzeko, emandako datuen tratamendu eta kontrol informatiko azkarra eginez.

Halaber, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 90. artikuluaren arabera, tributuak kudeatzeko gizarte lankidetza gauzatzeko, tributu administrazioak akordioak sinatuko ditu gizarte, lan, enpresa edo lanbideetako sektore edo interesen ordezkari diren entitate, instituzio eta erakundeekin. Lankidetza hori, besteak beste, aitorpenak, jakinarazpenak eta tributuei buruzko beste edozein agiri telematika bidez aurkeztera bideratzen ahalko da.

Aitorpen eta jakinarazpenak aurkeztu eta kudeatzeko kanpoko lankidetza gauzatzeko Ekonomi eta Ogasun Departamentuak erabili behar duen prozedura, ondoko hauetan ezartzen da: Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduko 60. artikuluan, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamenduko 62. artikuluan eta Sozietateen gaineko Zergaren Erregelamenduko xedapen gehigarrian. Aipatu artikulu horien 4. eta 8. atalei eta xedapen gehigarri horren 4.ari jarraikiz, Ekonomi eta Ogasun kontseilariak, foru agindu bidez, arau batzuk emanen ditu artikulu eta xedapen gehigarri horien 1. atalean aurreikusitako hitzarmenak sinatu dituzten entitateek aitorpen, jakinarazpen, deklarazio-likidazio eta tributuei buruzko arauek eskatutako beste edozein agiri baliabide telematikoz eta hirugarren pertsonen izenean aurkezteko kasuak eta baldintzak finkatzeko; kasu eta baldintza horiek ere balio zuten bestelako entitate edo pertsonek hirugarren pertsonen izenean telematika bidezko aurkezpen hori egiteko. Hortaz, Foru Agindu honetan itun edo hitzarmen horiek sinatzeko prozedura eta baldintzak ezartzen dira.

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Aitorpen ereduak telematika bidez aurkezteko sistemaren aplikazio eremua.

1. Foru Agindu honetan araututako aurkezpen telematikoa Zerga Berezien ondoko eredu hauei aplikatuo zaie:

a) 560 eredua, "Elektrizitatearen gaineko Zergaren aitorpen-likidazioa".

b) 561 eredua, "Garagardoaren gaineko Zergaren aitorpen-likidazioa".

c) 562 eredua, "Bitarteko Produktuen gaineko Zergaren aitorpen-likidazioa ".

d) 563 eredua, "Alkohol eta Edari Eratorrien gaineko Zergaren aitorpen-likidazioa".

e) 564 eredua "Hidrokarburoen gaineko Zergaren aitorpen-likidazioa".

f) 566 eredua, "Tabakoaren gaineko Zergaren aitorpen-likidazioa".

2. Hirugarren pertsonen izenean telematika bidezko aitorpenak aurkezteko baimena duten pertsona edo entitateek, Foru Agindu honetako 4. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, ahalmen hori erabili ahalko dute aurreko 1. atalean aipatutako aitorpen ereduekin.

2. artikulua. 560, 561, 562, 563, 564 eta 566 ereduen aitorpenak telematika bidez aurkezteko baldintza orokorrak.

1. Foru Agindu honetako 1.1. artikuluan ezarritako aitorpen ereduak aurkeztu behar dituzten zergapekoek baliabide telematikoen bitartez eginen dute aurkezpen hori.

2. Eredu horien aitorpenak telematika bidez aurkezteko ondoko baldintza hauek ezarri dira:

1. Aitortzaileak Identifikazio Fiskalerako Zenbakia izan behar du (I.F.Z.).

2. Aitortzaileak 2CA motako erabiltzaile ziurtagiri bat izan behar du, Diru eta Tinbre Fabrika Nazionala-Diruaren Errege-Etxeak emana eta bere nabigatzailean zuzenean instalatua nahiz txartel adimendun motako gailu kriptografikoan.

3. Aurkezlea hirugarren pertsonen izenean aitorpenak aurkezteko pertsona edo entitate baimendua baldin bada, Diru eta Tinbre Fabrika Nazionala-Diruaren Errege-Etxeak emandako 2CA motako erabiltzaile ziurtagiria izan beharko du eskura bere nabigatzailean.

4. Aurkezpen mota hau hautatzen duten aitortzaileek kontuan hartuko dituzte aurkezpena egiteko behar diren arau teknikoak, Foru Agindu honetako eranskinean ageri direnak.

5. Foru Agindu honetako 1.1. artikuluan azaldutako ereduen aitorpenak baliabide telematikoez aurkezteko, aitortzaileak Ekonomi eta Ogasun Dartamentuak prestatutako imprimakia, bere ordenagailuaren pantailan agertuko dena, erabili beharko du.

3. Kasu bakoitzean ordenagailuaren pantailan ageriko den inprimakian jarri beharreko datu fiskalak Ekonomi ta Ogasun kontseilariaren irailaren 19ko 172/2000 Foru Aginduaren bidez onetsitako aitorpen ereduen edukiaren araberakoak izanen dira. Foru Agindu horren bidez Zerga Berezien eta Aseguru-sarien gaineko Zergaren aitorpena, eurotan zein pezetatan, egiteko inprimakiak onetsi eta haientzako kudeaketa arauak ezarri ziren.

4. Eredu horien aitorpenen aurkezpen telematikoa eta, bidezkoa bada, dirua sartzea, irailaren 19ko 172/2000 Foru Aginduan ezarritako epe orokorren barruan eginen dira.

3. artikulua. Aitorpen-likidazioak telematika bidez aurkezteko prozedura.

1. Nafarroako Zerga Ogasunak Interneteko zerbitzari bat jarri du aitortzaileen eskura, eta bertan Zerga Bereziak telematika bidez aurkezteko lotura aurkituko dute. Zerbitzu horretaz baliatzeko, aitortzailea ondoko Internet helbide honetara sartuko da: "http://www.cfnavarra.es" eta kontzeptu fiskala eta igorri beharreko aitorpenaren fitxategia hautatuko.

2. Prozedura hau lehen aldiz erabiltzean, erabiltzaileak segurtasuneko ziurtagiri bat jaitsi beharko du, horrek adieraziko baitio zerbitzari seguru batekin ari dela lanean.

Ziurtagiri horrek zerbitzaria identifikatzen du erabiltzailea aplikazioan sartzen den unetik beretik, eta erabiliko diren datuen pribatutasuna mantentzen.

3. Ondoren, erabiltzaileak aitorpenaren aurkezpenarako aukera izanen du eskura.

Datu ekonomikoak jartzeko inprimakia eskuratu baino lehen, aurkeztu behar den aitorpen mota adierazi behar da.

Ondoko datu hauek eskatzen dira:

Zerga: Aitorpena zein zergari dagokion adierazi beharko da.

Mota: (Arrunta/Ordezgarria). Aitorpena lehen aldiz aurkezten denean arrunta dela jarriko da.

Ordezgarria jarriko da, bide telematikoz lehenago beste aitorpen bat aurkeztu den ekitaldi edo aldikoa bada aitorpena.

Erabiliko den aitorpen mota zehaztutakoan, aitortzailea dagokion inprimakira bideratzen da. Inprimaki horrek biltzen ditu erabiltzailearen aitorpenean ageri den aldiko datuak. Datuak Internet bidez bidaliko dira Nafarroako Gobernuaren zerbitzarira, ondoren tratamendua egin dadin.

Aldia eta urtea: aurkeztu behar den aitorpenari dagozkion aldia (hilabetea edo hiruhilekoa) eta urtea jarriko dira.

_Hizkuntza (gaztelania/euskara).

4. Aitorpena bidali aurretik egiaztapenak egin ahalko dira.

5. Gero, aitorpena bidaliko du. Horretarako, Diru eta Tinbre Fabrika Nazionala-Diruaren Errege-Etxeak eman eta nabigatzailean jarritako 2CA motako erabiltzailearen ziurtagiria aukeratzean sortutako sinadura digitala erabiliko du. Aitorpena onartzen bada, Nafarroako Zerga Ogasunak inprimakia itzuliko dio, elektronika bidez egiaztatua, aurkeztu den eguna eta ordua adierazita.

Aitorpena onartzen ez bada, ikusitako akatsak azalduko dira pantailan.. Kasu horretan, akatsak sarrerako inprimakian zuzendu eta aitorpena berriz bidaliko da.

Aitortzaileak inprimatu eta gorde eginen du aitorpen onartu eta egiaztatua, kode elektronikoarekin batera. Aitorpen hori izanen da aurkeztu izanaren frogagiria.

4. artikulua. Lankidetza itun edo hitzarmenak.

1. Tributu administrazioak, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduko 60.4 artikuluan, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamenduko 62.8 artikuluan eta Sozietateen gaineko Zergaren Erregelamenduko xedapen gehigarrian, hala nola gizarte lankidetzaren sistema bestelako zerga figuretara zabaltzen duten gainerako arauetan aurreikusitako lankidetza itun edo hitzarmenen bidez, baimena emanen die administrazio publikoei, sektore edo interes sozialen, laboralen, enpresarialen edo profesionalen ordezkari diren erakundeei, aitorpenak, aitorpen-likidazioak edo tributuei buruzko arauek agindutako bestelako agiriak hirugarren pertsonen izenean telematika bidez aurkezteko. Halaber, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren esparruan, enpresei ere luzatuko zaie baimen hori, langileei zerbitzu hori eman ahal izateko.

2. Tributu administrazioak, halaber, lankidetza itun edo hitzarmen berberen bitartez, baimena emanen die profesional kolegiatuei, elkarteei edo gorago aipatutako erakunde eta entitateetako kideei, hirugarren pertsonen izenean tributuen aitorpenak telematika bidez aurkezteko. Profesional horiek baimen hori lortu nahi baldin badute, itun edo hitzarmenaren edukiari atxikitzeko banakako agiri bat sinatu beharko dute aurretik, eta bertan berariaz adieraziko da haren eduki osoa onartzen dutela.

3. Aurreko ataletan aipatutako pertsonek edo entitateek, hirugarren pertsonen izenean tributuen aitorpenak telematika bidez aurkezten baldin badituzte, zergapeko horien ordezkaritza izanen dute, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 36. artikuluan eta Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 32. artikuluan ezarri bezala. Ekonomi eta Ogasun Departamentuak ordezkaritza hori kreditatzeko eskatu ahalko die edozein momentutan.

4. Artikulu honen 1. eta 2. ataletan aipatutako pertsona edo entitateek datu pertsonalen tratamendu automatizaturako Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezartzen diren baldintzak bete beharko dituzte.

5. Artikulu honetako 1. atalean aipatutako entitateek itun edo hitzarmeneko baldintzak betetzen ez badituzte, ituna edo hitzarmena bertan behera utzi eta hirugarren pertsonen izenean tributuen aitorpenak telematika bidez aurkezteko ahalmena kenduko da. Ekonomi eta Ogasun Departamentuak horren berri emanen du, idatziz edo telematika bidez, interesatuari entzunaldia eman ondoren, eta ezertan ukatu gabe jurisdikzio eskudunaren aurrean ituna hausteagatik bidezko diren erreklamazioak egiteko ahalmena.

Artikulu honetako 2. atalean aipatutako profesionalen atxikipenerako banakako agirietan azaldutako betebeharrak bete ezean, baztertu eginen dira itun edo hitzarmenetik eta bere banakako baimena deuseztatuko, lehen aipatutako prozedurari eta bermeei jarraikiz.

6. Tributu aitorpenak noren izenean aurkeztu diren, aurkezleak ez badu horiek ordezkatzeko behar den ahalmena, bidezko diren erantzukizunak, behar izanez gero penalak, eskatuko zaizkio.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Diru eta Tinbre Fabrika Nazionala-Diruaren Errege-Etxeak tributuei buruzko arauen arabera eta Foru Agindu honek indarra hartu baino lehen emandako X.509.V3 ziurtagiriek balioko dute baldin eta Foru Agindu honetan aurreikusitako aitorpenak telematika bidez aurkezteko indarra baldin badute.

AZKEN XEDAPENA

Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2003ko urtarrilaren 1etik aurrera aurkeztu diren aitorpenei aplikatuko zaie nahitaez.

Iruñean, bi mila eta biko azaroaren hogeita seian._Ekonomi eta Ogasun kontseilaria, Francisco J. Iribarren Fentanes.

E R A N S K I N A

Tributu aitorpenak telematika bidez aurkezteko arau teknikoak

Aitorpena aurkezteko modalitate hori hautatzen duten aitortzaileek ondoko baldintza hauek bete beharko dituzte:

1. Bidaltzeko softwarearen betebeharrak:

Aurkezlearen ekipo informatikoak ondoko elementu hauek izanen ditu:

_Microsofteko sistema eragile hauetako bat: Windows 98, Windows Me, Windows NT 4.0, Windows 2000 edo Windows XP.

_Internet Explorer 4 nabigatzailea edo hobea.

2. Ondoko hauek instalatu beharko ditu nabigatzailean:

FNMT entitate jaulkitzailearen erro ziurtagiria, 2 CA motakoa, notazio hexadezimalean adierazten denean 36 F1 1 B 19 serie zenbakia duena eta "hash sha 1" logaritmo gisa beste honako hau:

43 F9 B1 10 D5 BA FD 48 22 52 31 B0 D0 08 2B 37 2F EF 9A 54

3. Ondokoak instalatu beharko ditu:

2CA motako erabiltzaile ziurtagiri bat izan behar du, Diru eta Tinbre Fabrika Nazionala-Diruaren Errege-Etxeak emana eta bere nabigatzailean zuzenean instalatua nahiz txartel adimendun motako gailu kriptografikoan, kautotzeko eta sinadura digitala sortzeko.

4. Igorpen prozesuan honako prozesu bat abiaraziko da, urratsez urrats aurrera egiteko modukoa baldin eta igorlearen ekipoak lehenago deskribatutako beharkizunak betetzen baditu eta nabigatzailearen konfigurazioak javascript, javaren applet-ak eta cookie-ak exekutatzen uzten badu, eta, gainera, eskatzen ahal diren baimenak ematen badira:

Erabiltzaile eta zerbitzari ziurtagiriak erabiliz, bi muturretan "SSL-V3" protokoloaren estandarrei jarraituz konektatzen diren ekipoen kautotzea, alegia aitorpenaren aurkezlearen eta hartzailearen (Nafarroako Zerga Ogasuna) ekipoena. __ __ A0213098 __

Iragarkiaren kodea: