151. ALDIZKARIA - 2002ko abenduaren 16a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

S A R T A G U D A

Behin betiko onespena Laborantzako herrilurren aprobetxamendua arautzen duen ordenantzako aldaketari

Sartagudako Udalak, 2002ko abuztuaren 29an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zituen Laborantzako herrilurren aprobetxamendua arautzen duen ordenantzako zenbait aldaketa. Horri buruzko iragarkia 2002ko 113. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, irailaren 18an.

Argitaratu ondoko 30 eguneko epea espedientearen aurkako erreklamazio, kexa edo oharrik gabe iragan denez, Sartagudako Udalak, 2002ko urriaren 31n egin osoko bilkuran, behin betiko onetsi zituen aldaketa horiek, arauzko quorumarekin. Aldaketek 2003ko urtarrilaren 1ean hartuko dute indarra eta jarraian osorik argitaratzen dira.

Argitara ematen da, orok jakin dezan.

Sartagudan, bi mila eta biko urriaren hogeita hamaikan. Alkate udalburua, José Ignacio Ruiz Martínez.

"VI. TITULUA

I. kapitulua._Arau-hausteak eta zehapenak.

II. kapitulua._Bestelako xedapen orokorrak

III. kapitulua._Errekurtsoak

XEDAPEN IRAGANKORRAK

AZKEN XEDAPENA

4. artikulua. Sartagudako herrilurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea; Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamendua; ordenantza hau eta gainerako erregelamenduzko xedapenak; eta bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko 3. idatz-zatian xedatutakoa deusetan galarazi gabe.

6. artikulua. Udalak adierazten du bera dela jarraian zehazten diren laborantzako ondasunen jabe eta edukitzaile juridiko bakarra:

_Alderdi hauetan diren finkak: Sotillo del Cura, Sotillo, Huertos, Ramillo eta Soto Escalera Roya.

_23 erreguko finka, Alto de la Mesilla ondoan, Cumbrero alderdian.

Udalaren laborantzako ondasun horiek ordenantza honen arauetatik kanpo gelditzen dira eta indarrean diren lege xedapenek norberaren ondasunetarako edo ondarekoetarako ezarritakoari jarraituko zaio.

7. artikulua. Herrilurretako ondasunen gaineko ahalmenak, dela haien erabileraz, dela administrazioaz, dela aprobetxamenduaren araubideaz, dela antolamenduaz, Sartagudako Udalari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herrilurretako ondasunen inguruan Sartagudako Udalak hartutako erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute, Toki Administrazioari buruzko Foru Legean (NTAFL) ezarritako kasuetan.

8. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aurretik Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Sartagudako Udalak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasunezko aukerak.

Herrilurretako ondasunak desafektatu ondotik beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Sartagudako Udalaren ondarera itzuliko lirateke herrilurretako ondasun gisa.

Jarraituko den prozedura Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritakoa izanen da.

18. artikulua. 1. Ereduko lotearen azalera honako hau da:

_Lehorreko lurra: 32 erregu.

_Ureztalurra: 8 erregu.

2. 17. artikuluan ezarritakoa aplikatzearen ondorioz onuradun suertatzen direnei entregatuko zaizkien loteak, ereduko loteari ondoko koefizienteak aplikatuz aterako dira:

a) Hiru kide bitarteko famili unitateak: 32 erregu lehorreko lur edo 8 erregu ureztalur.

b) Lau kidetik seira bitarteko famili unitateak: 64 erregu lehorreko lur edo 16 erregu ureztalur.

c) Zazpi kidetik bederatzira bitarteko famili unitateak: 96 erregu lehorreko lur edo 24 erregu ureztalur.

d) Bederatzi kide baino gehiagoko famili unitateak: 160 erregu lehorreko lur edo 32 erregu ureztalur.

Ustiapen mistoetan (lehorrekoak eta ureztatzekoak) baliokidetasun hau ezarri da: ureztalurretako erregu 1 lehorreko lurretako 4 erregu izanen da.

19. artikulua. Aprobetxamendu hau erabiltzeko epea 15 urtekoa izanen da. Udalak baimentzen dituen frutarbolen alor berrietan, epeak ez dira 20 urtetik gorakoak izanen. Salbuespen gisa, mahasti, almendrondo eta olibondoen alorretan, epeak ez dira inoiz 25 urtetik gorakoak izanen. Emandako epea bukatutakoan, ez da kalte-ordainik jasoko izan dezakeen hondar-balioagatik.

Epeari dagokionez, nekazaritza urtea urtarrilaren 1ean hasi eta abenduaren 31n bukatzen da.

20. artikulua. Aprobetxamendu honetan, herrilurren onuradunek hurrengo lur-sariak ordainduko dituzte:

A) Lehorreko lurrak:

1. mota: 1,50 euro/erregua.

2. mota: 1,20 euro/erregua.

B) Ureztalurrak:

1. mota: 25,54 euro/erregua.

2. mota: 16,53 euro/erregua.

3. mota: 10,52 euro/erregua.

Zenbateko horiek 2003ko lur-sarienak dira.

Onuradunek ordaindu beharreko lur-sarien zenbatekoak urtero eguneratuko dira, nekazariek izandako prezio aldaketaren arabera, betiere erakunde ofizial eskudunak onetsitako indizeei jarraituz.

Lurzatien onuradunek ordainduko dituzte uraren ohiko kuotak eta aurrerantzean legez ezartzen diren gainerako kuotak ere.

25. artikulua. Lurzatiak 1. atalean ezarritakoaren arabera banatu ondotik, geratzen diren laborantzako herrilurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean esleituko dira herritarren artean.

Zuzenean esleitutako herrilurretako lurzatien onuradunek ordaindu beharreko lur-saria honako hau izanen da:

A) Lehorreko lurrak:

1. mota: 3,00 euro/erregua.

2. mota: 2,40 euro/erregua.

B) Ureztalurrak:

1. mota: 51,09 euro/erregua.

2. mota: 33,06 euro/erregua.

3. mota: 21,04 euro/erregua.

Zenbateko horiek 2003ko lur-sarienak dira.

Onuradunek ordaindu beharreko lur-sarien zenbatekoak urtero eguneratuko dira, nekazariek izandako prezio aldaketaren arabera, betiere erakunde ofizial eskudunak onetsitako indizeei jarraituz.

Lurzatien onuradunek ordainduko dituzte uraren ohiko kuotak eta aurrerantzean legez ezartzen diren gainerako kuotak ere.

29. artikulua. Udalak zozketa bidez eman ahalko die antzeko lurrik ez duten herritarrei, horiek hala eskatzen badute, etxeko baratzetarako erabiltzeko lurzati bat, erregu batekoa, baldintza hauetan:

a) Urteko lur-saria izanen da 25. artikuluan antzeko kalitatea duten ureztalurretarako ezarritakoa. Zenbateko hori urtero eguneratuko da, nekazariek izandako prezio aldaketaren arabera, betiere organo ofizial eskudunak onetsitako indizeei jarraituz.

b) Esleipen hartzailea ezin izanen da ureztalurren jabe izan, ez ezta herrilurretako ureztalurren onuradun ere.

c) Esleipena 10 urterako izanen da.

d) Laborantza zuzenean eta pertsonalki eginen da, 22, 23 eta 24. artikuluetan ezarritakoari jarraituz.

Horretarako, Udalak ureztalurretako lur puska bat gordeko du, 10 erregukoa, eta lur hori lehentasuna duten herritarren arteko esleipenetik, herritarren arteko esleipen zuzenetik eta enkantetik kanpo utzi ahalko da.

VI. TITULUA

I. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

44. artikulua. Laborantzaren arloan, honako hauek dira arau-hauste administratiboak:

1._Lurrak lantzea udal esleipenik gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak edo larre utziak izan.

2._Lur-sariak, ureztatze kuotak edo bestelako tasak edo ordainketak erregelemanduz ezarritako epearen barnean ez ordaintzea.

3._Nekazaritzako lanak erregelamendu honek baimentzen ez dituen aroetan egitea, larreen ustiapenaren kaltetan.

4._Lurzati bat goldatzean ildoa irekia uztea bide baten ertzean.

5._Beste lurzatietatik bereizteko ezpondak laboratzea.

6._Bideak edo abelbideak laboratzea.

7._Bideetan eta abelbideetan harriak edo bestelako materialak botatzea.

8._Aziendarako urmaeletik ura hartzea eta tratamendu fitosanitarioetako makineria hura hartzeko erabiltzea.

9._Esleipenetan zehaztutako epeak ez errespetatzea.

10._Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dioten egitate guztiak.

45. artikulua. Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:

_44. artikuluko 2.a: kontzetsioa kenduko da.

_44. artikuluko 9.a: herrilurren esleipen-hartzailea izateko eskubidea galduko da.

Gainerako arau-hauste bakoitza 15,03 eurotik 120,20 eurora bitarteko isunarekin zehatuko da, ezertan ukatu gabe ondasun publikoei edo partikularrei egindako kalteak behar bezala ordaintzea, bai eta exekuzio subsidiarioak edo gauzak zeuden bezala uzteak sortzen dituen gastuak ordaintzea ere.

II. KAPITULUA

Bestelako xedapen orokorrak

46. artikulua. Herrilurretako lurzatien esleipen berrirako zozketa orokorra egin ondoren, beste esleipen batzuk eginen dira urtero; izan ere, esleitu gabeko lurzatiak horietarako izanen baitira. Horiek egindako eskaera guztiei erantzuteko nahikoak ez badira, lehenbizi erantzunen zaie, ezkontza edo antzekoren bat dela bide onuradun izateko baldintzak betetzen dituztenei. Gainontzekoentzat, behar den zozketa baztergarria eginen da eta baztertuek lehentasuneko txanda bat izanen dute hurrengoan eginen den urteko kontzesioa egin arte.

47. artikulua. Aurreko artikuluak aipatzen dituen kontzesioak direla-eta, herrilurretako lurzatiak esleitzeko urtero eginen den zozketa lehen bi hilabeteetan eginen da, eskaerak aurreko abenduan aurkeztu ondoren, eta betiere ordenantza honetan ezarritako prozedurari jarraituz. Lurzatien bajak azaroan eta abenduaren 15a arte eskatuko dira.

Esleipen berri horiek erabiltzeko epea izanen da aprobetxamendu guztiak bukatzeko falta dena.

48. artikulua. Herrilurretako edozein lurzati esleitzean, hori landuta badago, esleipen-hartzaile berriak aurrekoari egindako lanen zenbatekoa ordainduko dio, dagokion peritazioa egin ondoren.

Lehorreko lurzatia ereina bada, fruitua aurreko esleipen-hartzailearena izanen da uzta jaso arte, eta orduan onuradun berriak okupatuko du. Aipatutakoak indarra izanen du soilik lurzatien esleipen epea bukatzen den urtean.

49. artikulua. Herrilurretako lote osoari borondatez uko egiteak, berorren galera ekarriko du aprobetxamenduaren epe osoa bukatzeko falta den aldirako.

50. artikulua. Herrilurretako lurzatiak erabiltzeko aukera, edonola ere, hurrengo arrazoiengatik galduko da: Sartagudako biztanlea izateari uko egiteagatik, herrian urtean bederatzi hilabetetan benetan ez bizitzeagatik, edo Udalarekin zerga arloko betebeharrak beterik ez izateagatik.

51. artikulua. Ureztatzeko herri lurzatien esleipen hartzaileek ubideak zaindu beharko dituzte eta aldian-aldian garbitu.

Esleipen epea bukatzean, lurzatiak esleipen egunean jaso zituzten bezala utziko dituzte, zuhaitzak, motzondoak, sustraiak eta adarrak kenduz eta laborantzarako prest utziz.

III. KAPITULUA

Errekurtsoak

52. artikulua. Ordenatza hau interpretatzerakoan edo aplikatzerakoan, Udalaren osoko bilkuraren egintzen edo erabakien ondorioz sortzen ahal diren gorabehera guztiak ondoko errekurtsoetako bat paratuz ebatziko dira:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari edo Sailari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, erabakia jakinarazi ondoko hilabetean.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa._Gobellako Ureztalur Berrian ureztalur bilakatu den eremuan, Udalak onetsitako baldintzen pleguari jarraituko zaio, aprobetxamendua bukatu arte; bestela, ordenantza honetan ezarritakoari jarraituko zaio.

Eremu horretako hurrengo kontzesioetan, bertako arau bereziei jarraituko zaie, eta bigarren tokian, Herrilurren ordenantzari.

Seigarrena._Esleipen epean, lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduen onuradunen dirusarrerak aldatzen badira, ordenantza honetako 17. artikuluan eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Legean ezarritakoa baino handiagoak bilakatuz, aprobetxamendu horietarako ezarritako lur-saria berrikusi eginen da, eta herritarrendako esleipen zuzenari dagokion lur-saria ordaintzera pasako dira. Lur-sari hori eguneratu eginen da nekazarien prezioetan izandako aldaketen arabera, betiere erakunde ofizial eskudunak onetsitako indizeei jarraituz.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honetan jaso gabeko kasu berezietan, Udalak behar diren erabakiak hartuko ditu, herrilurren aprobetxamenduen arloan indarrean den araudiari jarraituz.

Herrilurren ordenantza hau onesteko prozedura honi jarraituko zaio:

1._Sartagudako Udaleko osoko bilkuraren hasierako onespena.

2._Jendaurreko aldia, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean iragarkia argitaratu ondotik, hogeita hamar eguneko epean bidezko juzgatzen diren alegazio edo erreklamazioak aurkez daitezen.

3._Epearen barruan aurkeztutako erreklamazio eta alegazio guztien ebazpena eta behin betiko onespena.

4._Behin betiko onespenaren iragarkia.

Onesteko erabili den tramitazio bera erabiliko da ordenantza hau aldatzeko edo edozer gehitzeko. __ __ A0212015 __

Iragarkiaren kodea: