151. ALDIZKARIA - 2002ko abenduaren 16a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

216/2002 FORU DEKRETUA, urriaren 21ekoa. Honen bidez arautzen da Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren prestakuntza jardueretan nola parte hartu eta erabakitzen dira haien diru-konpentsazioak.

Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuko 52. artikuluko 2. idatz-zatiak ezartzen du Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileei ikastaroak ematen dizkieten funtzionarioek arautzen den diru-konpentsazioa jasoko dutela, ikastaro horiek haien lanpostuaren eginkizun berezkoez kanpokoak baldin badira.

Abenduaren 20ko 276/1989 Foru Dekretuaren bidez arautzen dira, besteak beste, Nafarroako Funtzionario Publikoen Eskolan prestakuntza-ikastaroak emateagatik egokitzen diren diru-ordainak.

Irailaren 30eko 323/1991 Foru Dekretuak Funtzionarioen Eskola, Psikologia Aplikatuaren Institutuarekin eta Segurtasunerako Prestakuntza Atalarekin bateratu eta erakunde autonomo berri bat osatu zuen, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa azpiegitura logistiko komun batez hornitzeko, horrela indartuko baitziren Administrazioaren prestakuntza-jarduerak eta funtzio publikoan sartzerakoan egiten direnak, zioen azalpenean jasotzen zen bezala. Gerora, uztailaren 3ko 249/2000 Foru Dekretuaren bidez, aipatu erakunde autonomoari eman zitzaizkion funtzionarioak hizkuntz ikasketen arloan prestatzeko eginkizunak eta baliabideak, ordu arte Hezkuntza eta Kultura Departamentuari baitzegozkion.

Gaurko eguna arte, 1989an Nafarroako Funtzionario Publikoen Eskolarako onetsitako xedapenak Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak antolatutako prestakuntza-jarduera guztiei oro har aplikatu izan zaizkie. Erakunde horren sorrera eta garapenak ekarri dituen aldaketak, orain bete behar dituen premiak eta aplikatu den urtetan bildutako eskarmentuak komenigarri egiten du abenduaren 20ko 276/1989 Foru Dekretuak ezarritako arauak aldatzea eta horien ordez gaurko egoerari erantzuteko egokiagoak ezartzea.

2002ko apirilaren 15ean Administrazioak alde batetik eta CC.OO., U.G.T. eta CEMSATSE sindikatuek bestetik Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen enplegu-baldintzei buruz 2002 eta 2003 urteetarako sinatutako Akordioan (azken horrek lan-kontratudunei dagokienean besterik ez), 17. atalean, "Beste gai batzuk" izenekoan, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren prestakuntza jardueretan parte hartzeagatiko diru-konpentsazioak emateko arauak aldatzeko konpromisoa jasotzen da, honako parametro hauen arabera ezarriz zenbatekoak: lan orduetan edo lan orduez kanpo egitea, enplegatuaren ikasketa-maila eta prestakuntza-jardueraren zer-nolakoak (eskola-ordua edo praktika-ordua).

Kontuan hartuz neurri horiek toki-entitateetako funtzionarioei ere badagozkiela, Toki Araubidearen Foru Batzordearen aurrean tramitatu da, eta hark, 2002ko ekainaren 12an egindako bilkuran, proiektuaren edukiaren aldeko txostena eman du.

Nafarroako Kontseiluak, 2002ko irailaren 3ko bilkuran, Foru Dekretu honen aldeko txostena eman zuen, haren edukia ordenamendu juridikoari lotzen zitzaiolakoan. Horiek horrela, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta biko urriaren hogeita batean egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak antolatutako ikastaroetan eta gainerako prestakuntza-jardueretan nola parte hartuko duten Foru Dekretu honetan jasotako xedapenek eta aplikagarri diren gainerakoek arautuko dute.

2. artikulua. 1. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileei proposatzen ahal zaie Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak antolatutako ikastaroetan eta gainerako prestakuntza-jardueretan parte hartzea, beren gaitasun akademiko eta profesionalaren barneko eginkizunetan. Jarduera hori ez baldin bada bere lanpostuaren funtzio berezkoetan aritzea, Foru Dekretu honetan arautzen diren diru-konpentsazioak eskuratuko ditu.

2. Aurreko atalak aipatzen duen proposamena Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko organo eskudunek egingo dute, eta beharrezkoak izango dira langile horren zuzeneko nagusiari egitekoaren berri ematea eta interesatuaren adostasuna. Jarduera hori lanaldiaren barnean egiten bada, proposatutako pertsonaren edo pertsonen zuzeneko nagusiaren baimena beharko da. Baimenik ematen ez bada, arrazoiak eman beharko dira.

3. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko organo eskudunek deialdi irekia egiten ahal dute Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen artean, gai jakin batzuetarako zerrendak osatu eta langile horien artetik prestakuntza-jardueretan arituko direnak hautatzeko.

4. Funtzio publikoan sartzeko prozedura batean edo igoerako sustapeneko nahiz birtziklatze-, hobekuntza-edo espezializazio-ikastaroetan parte hartzen duten hautagaiek lanpostura sartu aurretik egiten dituzten praktiketako prestakuntzan Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen lankidetza lanpostuko eginkizun berezkotzat hartuko da, baldin eta lan hori lanpostuari dagozkion jarduera eta lanaldi ohikoetan sartua bada, eta kasu horretan ez du inolako diru-konpentsaziorik ekarriko berekin.

3. artikulua. 1. 3. artikulua. 1. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileek prestakuntza-jardueretan parte hartzen dutenean honako diru-konpentsazioak izango dituzte.

a) Eskola-ordua, ohiko lan-orduetan, unibertsitateko erdi edo goi mailako tituludunek emana: 25,02 euro.

b) Eskola-ordua, ohiko lan-orduetatik kanpo, unibertsitateko erdi edo goi mailako tituludunek emana: 54,21 euro.

c) Eskola-ordua, ohiko lan-orduetan, unibertsitateko titulaziorik gabeak emana: 19,24 euro.

d) Eskola-ordua, ohiko lan-orduetatik kanpo, unibertsitateko titulaziorik gabeko langileak emana: 41,69 euro.

e) Praktika-ordua, norberaren lanpostuko eginkizun berezkoetan arituz, ohiko lanaldiaren barnean: 14,80 euro.

f) Praktika-ordua, norberaren lanpostuko eginkizun berezkoetan arituz, ohiko lanalditik kanpo: 32,07 euro.

2. Aurreko idatz-zatian araututako diru-konpentsazioek %50eko gehikuntza izanen dute, baldin eta jarduerak igande edo jai egun ofizialetan egiten badira.

3. Aurreko idatz-zatietan araututako konpentsazioak jaso ahal izateko, beharrezkoa da aldez aurretik Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko organo eskudunek emandako ziurtapena.

4. Aurreko idatz-zatiek aipatzen dituzten diru-konpentsazioak Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren aurrekontuko kontusailen kargura ordainduko dira.

5. Artikulu honek aipatzen dituen diru-konpentsazioengatik inola ere ezingo da eskuratu enplegatuaren mailari urtean dagokion hasierako soldataren 100eko 25a baino gehiagoko zenbatekoa.

4. artikulua. 1. 4. artikulua. 1. Aurreko artikuluetan aipatutako prestakuntza-jardueretan aritu behar dutenek honako hauek egin beharko dituzte:

a) Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren organo eskudunekin batera, ikasmaterialak erabakitzerakoan partea hartzea, eta baita haiek egiten eta prestatzen ere.

b) Eskolak edo praktika-saioak ematea.

c) Ikasleen kontsultei arreta ematea, halakorik baldin bada.

d) Ikasleen ardura eta ezagupenen eta gaitasunen bereganatzearen mailaren ebaluazioan laguntzea, eta baita ikasleen jarreren ebaluazioan ere.

2. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko organo eskudunek prestakuntza-jardueretan erabiltzeko testuak edo eskuliburu originalak prestatzeko mandatu berariazkoa egin dezakete. Kasu horretan, interesatuak 3. artikuluan ageri diren diru-konpentsazioak jasoko ditu, lan horretan emandako orduen erabera.

5. artikulua. 1. 5. artikulua. 1. Aldi bateko zerbitzu-eginkizunen araubidean Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Segurtasun Eskolan irakaskuntzan eta babeste teknikoan aritzeko esleitutako segurtasun-zerbitzuetako funtzionarioek, esleipen horrek dirauen bitartean hilean 374,75eko diru-konpentsazioa jasoko dute.

2. Aldi bateko zerbitzu-eginkizunen araubidean Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Segurtasun Eskolari eratxikitako funtzionarioak beste Administrazio Publiko batekoak direnean, Administrazio horren eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren artean egindako hitzarmen baten bidez arautuko da eratxikipen hori zein baldintzatan egiten den. Aurreko idatz-zatiak aipatzen duen diru-konpentsazioa, betiere, Foru Komunitatearen Adiministrazioaren kargu izango da.

6. artikulua. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuari eratxikitako langileek ezingo dituzte eman urtean 40 ordu baino gehiago eskola edo praktika ematen.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetzen dira abenduaren 20ko 276/1989 Foru Dekretuko 7., 8., eta 9. artikuluak eta baita Foru Dekretu honek ezartzen duenaren aurkako lerrun bereko edo apalagoko edozein xedapen ere.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa._Ahalmena ematen zaio Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari Foru Dekretu hau garatu eta betetzeko behar diren xedapenak agindu ditzan.

Bigarrena._Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta biko urriaren hogeita batean._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin. __ __ A0211654 __

Iragarkiaren kodea: