15. ALDIZKARIA - 2002ko otsailaren 4a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

122/2001 FORU AGINDUA, abenduaren 18koa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak emana, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutua izeneko erakunde autonomoaren egitura organikoa Bulegoei doakienez aldatzen duena.

Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuaren estatutuak onartzen duen irailaren 13ko 374/1999 Foru Dekretuaren II. Tituluko 3. kapituluan, atal mailara arteko unitate organikoak ezarri ziren. Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak urtarrilaren 17an emandako 1/2000 Foru Aginduaren bidez, atalak gorpuztu ziren eta, besteak beste, Tutoretzen eta Sektorearteko Programen Bulegoa, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Zuzendaritza Kudeatzaileari atxiki zitzaiona.

Irailaren 24ko 269/2001 Foru Dekretuaren bidez Nafarroako Pertsona Helduen Tutoretzarako Fundazioa sortzeak berekin dakar Nafarroako Gizarte Ongizate Institutuaren zenbait egikinkizun Fundazio horrek gauzatzea.

Bestalde, Boluntariotzari buruzko martxoaren 27ko 2/1998 Foru Legeko 12. artikuluak ezartzen du Nafarroako Foru Komunitateko administrazio publikoek boluntarioak eta gizarte zibilaren barneko elkartasuna sustatuko dituztela, horretarako gizarte zerbitzuetako boluntarioen garapena bultzatuz, eta horrek erakunde autonomo horren egitura aldatu beharra dakar berekin.

Beraz, eta Nafarroako Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36 eta 50.2 artikuluek ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Gizarte Zerbitzuetako Boluntarioen Sustapen eta Garapenerako Bulegoa sortzea eta Hirugarren Adineko Atalari atxikitzea.

Gizarte Zerbitzuetako Boluntarioen Sustapen eta Garapenerako Bulegoak honako eginkizun hauek izanen ditu:

-Boluntariotzaren Legea aplikatzea.

-Boluntarioen mugimenduaren gaurko errealitatea aztertzea.

-Nafarroan boluntarioen mugimendua indartzeko ekintzak bultzatzea.

-Foru Komunitatean gauzatutako boluntarioen ekintzak koordinatzea.

-Boluntarioen jardueretan ari diren elkarteekiko elkarlanean aritzea eta aholkuak eta babesa ematea.

-Herritarrak jebearaztea boluntarioen mugimenduaren premiaz.

-Nafarroako Gizarte Ongizate Institutuaren Zuzendaritzari eta haren barne-erakundei laguntzea, bere eskumeneko gaietan eta aipatutako eginkizunetatik ematen zaion beste edozeinetan.

2. Tutoretzen eta Sektorearteko Programen Bulegoa amortizatzea.

3. Foru Agindu honen berri ematea Nafarroako Gizarte Ongizate Institutuari, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara emateko agintzea, bidezko ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta bateko urriaren hamarrean.-Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilaria, Calixto Ayesa Dianda.

Iragarkiaren kodea: A0113311