15. ALDIZKARIA - 2002ko otsailaren 4a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

1282/2001 EBAZPENA, abenduaren 24koa, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Hezkuntza zuzendari nagusiak emana, 2001/2002 ikasturtean Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako mailetan testuliburuak erosteko beka eta laguntza deialdia behin-behinekoz ebazten duena.

Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuko zuzendariak txostena aurkeztu du, 2001/2002 ikasturtean testuliburuak erosteko laguntzen kanpainari buruz. Kanpaina hori maiatzaren 14ko 175/2001 Foru Aginduaren bidez onetsi eta 2001eko 68. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, ekainaren 4an.

Txosten hori ikusirik, foru agindu horren 7.1 araua aplikatuz eta Hezkuntza eta Kultura kontseilariak irailaren 30ean emandako 399/1999 Foru Aginduaren bidez eskuordetuak ditudan eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. I. eranskineko zerrendan ageri diren ikasleek testuliburuak erosteko beka jasotzeko eskubidea dutela behin- behinekoz onartzea; hori, hala ere, ez da eragozpen izanen eskubide hori berrikusteko.

2. Behin-behinekoz ezetza ematea ebazpen honen II. eranskinean ageri diren ikasleek egindako beka eskaerei, ez baitituzte deialdiko baldintzak betetzen, erregelamenduzko epe eta eran aurkeztutako alegazio eta berrikusketak ebazten ez diren bitartean. Aditzera ematen da jasotako eskaera eta agirien zuzentasuna egiaztatzen den heinean eginen direla kontzesioa eta ordainketa, bidezko izanez gero.

3. Testuliburuak erosteko laguntzen zenbatekoak aipatu deialdiaren 3. arauan azaltzen direnak dira, deialdiko 8.2 arauan xedatutako deusetan galarazi gabe.

4. Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuari baimena ematea, bidezko diren kudeaketak egin ditzan, emandako eta ukatutako beka eta laguntzak interesatuei eta ikastetxeei jakinarazteko, behar diren administrazio egiaztapenak egiteko eta ikastetxeen aldeko ordainketa aginduak luzatzeko Ekonomi eta Ogasun Departamentuan.

5. Ekonomi eta Ogasun Departamentuari eskaera egitea bidezko diren ordain aginduak luza ditzan, III. eranskinean aipatzen diren ikastetxeen alde (ikastetxe horietan izena emanak baitira laguntzen onuradun diren ikasleak).

489.553,62 euroko (81.454.869 pezeta) zenbateko osoa, 2001ko Gastuen Aurrekontuko "Testuliburuak erosteko Laguntzak" izeneko 41620-4800-422200 kontusailaren kargura ordainduko da.

6. III. eranskinean ageri diren ikastetxeetako zuzendariek, deialdiko 8.4 arauan xedatu bezala, frogatuko dute ebazpen honen I. eranskinean aipatzen diren onuradunei laguntzak pagatu dizkietela, onuradunek laguntzak deialdiko 8.3 arauan aipatzen diren helburuetarako erabili dituztela egiaztatutakoan.

7. Aipatu deialdiko 7.2 araua betetzearren, beren eskubideetan kalte izan dutela uste duten I. eta II. eranskinetako eskatzaileek, bidezko diren alegazioak aurkeztuz, beren eskabidea aldatu, zuzendu edo berrikusteko eskatzen ahalko diote Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuari, behin-behineko ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hamabost egun balioduneko epean.

8. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agintzea eta ebazpen honen eranskinak jendaurrean jartzea honako tokiotan:

-Nafarroako Gobernuaren Argibide Bulegoan, Karlos III.a etorbidea, 2, Iruña.

-Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiko Argibide eta Agiri Bulegoan, Santo Domingo kalea, z.g., Iruña.

-Ikastetxeetako iragarki oholetan ikasleen zerrendak jarriko dira ikusgai, laguntzak eman edo ukatzeko behin-behineko proposamenekin batera.

9. Ebazpen hau Ekonomi eta Ogasun Departamentuak Hezkuntza eta Kultura Departamentuan duen kontuhartzaile-delegatuari, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzura eta Beka eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoetara igortzea.

Iruñean, bi mila eta bateko abenduaren hogeita lauan.-Hezkuntza zuzendari nagusia, Santiago Arellano Hernández.

Iragarkiaren kodea: A0200029