15. ALDIZKARIA - 2002ko otsailaren 4a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

345/2001 FORU DEKRETUA, abenduaren 17koa. Honen bitartez, Nafarroako udalerri batzuk eremu geografiko homogeneoei atxikitzen zaizkie, etxebizitza arloan babesgarriak diren jarduketei moduluak eta prezioak aplikatzearren, eta atxikitze berriak egiteko prozedura ezartzen da.

Nafarroa bi eremu geografikotan banatua dago etxebizitza arloan babesgarriak diren jarduketei moduluak eta prezioak aplikatzearren. Ildo horretan, komeni da prozedura arin bat ezartzea, Nafarroako udalerriak aipatu eremu horiei atxikitzeko eta, beharrezkoa bada, atxikipen hori aldatzeko inguruabar ekonomikoen bilakaeraren arabera, horrek eragina baitu tokian tokiko etxebizitzen sustapenean. Horrela, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak, bilakaera horren arabera, udalerri bakoitza dagokion eremuan sailkatuko du.

Horrenbestez, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposatuta eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta bateko abenduaren hamazazpian egin bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Ondoko udalerri hauek 01 eremu geografikoari atxikiko zaizkio, etxebizitza arloan babesgarriak diren jarduketei moduluak eta prezioak aplikatzearren: Iruña, Antsoain, Aranguren, Barañain, Beriain, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Zizur, Egues, Noain-Elortzibar, Lizarra, Ezkabarte, Galar, Uharte, Oltza, Orkoien, Tafalla, Tutera, Atarrabia eta Zizur Nagusia.

2. artikulua. Nafarroako gainerako udalerriak 02 eremu geografikoari atxikiko zaizkio, etxebizitza arloan babesgarriak diren jarduketei moduluak eta prezioak aplikatzearren.

AZKEN XEDAPENA

Lehena.-Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari ahalmena ematen zaio Nafarroako udalerriak 01 eta 02 eremu geografikoei atxikitzeko.

Bigarrena.-Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta bateko abenduaren hamazazpian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, Jesús Javier Marcotegui Ros.

Iragarkiaren kodea: A0113570