145. ALDIZKARIA - 2002ko abenduaren 2a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

I Z A B A

Ordenantza behin betiko onetsita

Izabako Udalak, 2001eko abenduaren 27an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Izabako Udaleko Ezkondu gabeko bikote egonkorren erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantza.

bon.ean eta Udaleko iragarki oholean argitaratu ondoko jendaurreko epea bukatuta, Izabako Udalak behin betiko onetsi zuen aipatu ordenantza, osoko bilkurak 2002ko uztailaren 4an hartu erabakiaren bitartez. Hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraituz. Jarraian argitara ematen da ordenantza osoa.

Izaban, bi mila eta biko uztailaren hamabostean. Alkate udalburua, Angel Luis de Miguel Barace.

IZABAKO UDALEKO EZKONDU GABEKO BIKOTE EGONKORREN ERREGISTROAREN ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Izabako Udaleko Ezkondu gabeko bikote egonkorren erregistroak administrazio izaera du eta bertan ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzeak, baita haien iraungitzea ere, inskribatzen ahal dira ordenantza honetan ezartzen den eran eta baldintzetan.

2. art. Bikote guztiek, sexu berekoak izan edo ez, erregistroan inskribatzeko eskatzen ahal dute, baldin eta haien adostasun libre eta osoarekin ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatu badute.

Gutxienez, elkartutako kide batek egon beharko du Izabako udalerrian erroldatua, bertan bizi ohi delako.

Halaber, bi kideek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, ez daudela ezkonduak ezta inskribatuak ere ezkondu gabeko bikote egonkorren beste erregistroren batean.

3. art. Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioa egiteko, bi lagunek batera agertu beharko dute erregistroaz arduratzen den funtzionarioaren aitzinera, haien artean ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatzen dutela deklaratzeko.

Ez da inskripziorik eginen bikoteko bat burujabetu gabeko adingabea bada, edo lerro zuzenean odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaide badira, nahiz alboko lerrotik bigarren maila bitarteko odolkidetasunezko ahaide badira.

Bikoteko batek akats edo anomalia psikikorik badu, orduan ere ez da inskripziorik eginen. Halakoetan, medikuaren irizpena beharko du, ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatzeko gaitasuna aitortzen diona.

Era berean, ukatu eginen da inskripzioa bikoteko bat ezkondua badago edo ezkontzeko gaitasun gabea deklaratua bada.

4. art. Lehenbiziko idazpena egitean, bikoteak nahi dituen argitasun guztiak agertarazten ahalko ditu beren arteko elkartzeari buruz. Hitzez hitz idazten ahalko dira elkartutako kideen giza eta ondare loturak arautzen dituzten hitzarmenak.

Aurreko lerroaldean aipatutako edukiak geroago ere inskribatzen ahalko dira, bikoteko bi kideak bertara joanda.

Nolanahi ere, elkartzea bukatu edo iraungitzeko oharpenak egiteko, aski izanen da kide bakar batek hala eskatzea.

5. art. Erregistroa Udalaren idazkaritza orokorrean egonen da.

6. art. Aurreko artikuluetan aipatzen diren inskripzioak erregistratzeko, Liburu Orokorra erabiliko da. Liburua orri mugigarri, zenbatu eta zigilatuez osatua dago, eta irekitzeko eta ixteko eginbideak paratuko dira hasieran eta bukaeran.

7. art. Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioak oinarrizko inskripzioaren izaera izanen du eta horren bazterrean geroago Liburu Orokorrean elkartzeari buruz egiten den beste edozein idazpen agertaraziko da.

8. art. Erregistroak Liburu Lagungarri bat ere izanen du, inskribatuen deituren arabera ordenaturik, eta bertan adieraziko da Liburu Orokorreko zein orrialdetan dauden inskribaturiko bikoteekin zerikusia duten oharpenak.

9. art. Erregistroan inskribatutakoen intimitatea, norbanakoarena nahiz familiarena, babesteko, ez zaio publizitaterik emanen idazpenen edukiari, salbu eta erregistroaren ardura duen funtzionarioak luzatzen dituen egiaztagiriak, bikoteko edozein kidek, epaileek edo auzitegiek hala eskatu ondotik.

10. art. Egiten diren inskripzioak eta luzatzen diren ziurtagiriak doakoak izanen dira.

11. art. Izatezko bikoteen erregistroan inskribatzen diren ezkondu gabeko bizikidetasunezko elkartzeek, ezkontza bidezko elkartzeen tratamendu bera izanen dute Izabako Udalean.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Ordenantza hau berrikusiko da, legeetan aldaketarik bada gai honen inguruan.

I. ERANSKINA

Izabako Udaletxean, Udal Erroldaren bulegoan, halako egunean ......, honako hauek batera agertu gara:

Izena: ......., jaioterria: ........, helbidea (erroldakoa): .............., adinez nagusia (edo adingabe burujabea, horren agiria aurkezten baitugu) N.A.N. zenbakia: ......., eta

Izena: ........., jaioterria: ......., helbidea (erroldakoa): .............., adinez nagusia (edo adingabe burujabea, horren agiria aurkezten baitugu) N.A.N. zenbakia: .........

Eta adierazten dugu:

Udal honetako Ezkondu gabeko bikote egonkorren erregistroan inskriba gaitzatela nahi dugula, horri buruzko ordenantzaren arabera, eta horretarako:

Aitortzen dugu:

Lehenbizi: aipatu ordenantzan aurreikusitako bizikidetasuna dela eta, gure helbidea honako hau izanen dela: ............. (oroitararazi behar zaio .......... jaun/andreari T.A.O.L.aren 15. artikuluari jarraituz, erroldatu beharra duela ohiko bizilekuko udalerrian).

Bigarren: ez gaudela gu biok ezkontzaren bidez lotuak, ez eta gutako inor beste inorekin ere.

Hirugarren: gure artean ez dagoela lerro zuzenean odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaidetasunik, ez eta alboko lerrotik bigarren maila bitarteko odolkidetasunezko ahaidetasunik ere.

Laugarren: gutako inork ez duela akats edo anomalia psikikorik eta ez dela ezkontzeko gaitasun gabea deklaratua izan.

Bosgarren: ez dugula nahi (nahi dugula) erregistroan jasotzerik gure arteko giza nahiz ondare mailako harremanen gaineko hitzarmenik.

Seigarren: baimena ematen dugula Izabako Udal Erroldan datu hauek egiaztatzeko.

Eta zin egiten dugu gutako inor ez dagoela inskribatua ez Izabako erregistroan, ez maila eta xede bereko inongo herritako erregistroan ere.

Horiek guztiak horrela,

Izabako Udaleko Ezkondu gabeko bikote egonkorren erregistroan inskriba gaitzatela eskatzen dugu.

Sin.: ....................... Sin.: .......................

II. ERANSKINA

Izabako Udalean, ................ egunean, honako hauek agertu gara:

Izena: ....................................., N.A.N. zenbakia: .............., eta

Izena: ...................................., N.A.N. zenbakia: .................

Eta Ezkondu gabeko bikote egonkorren udal erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantzan zehaztutakoarekin bat, adierazten dugu asmoa dugula gure arteko bikote egonkorra bukatutzat edo iraungitzat jotzeko, izan ere horrelaxe inskribatua dago aipatu Udaleko erregistroan.

Horregatik guztiagatik, eskatzen dugu bukatutzat edo iraungitzat jo dadila aipatutako elkartzearen inskripzioa.

Sin.: ...................... Sin.: ......................... __ __ A0211834 __

Iragarkiaren kodea: