145. ALDIZKARIA - 2002ko abenduaren 2a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

L E O T Z

Leozko udal barrutiko Bikote egonkorren erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantza behin betiko onetsita

Leozko Udalak, 2002ko maiatzaren 31n egin bilkura arruntean, erabaki zuen hasiera batez onestea Leozko udal barrutiko Bikote egonkorren erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantza.

Onespenari zegokion iragarkia 2002ko 104. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, abuztuaren 28an, eta haren aurkako alegaziorik ez zenez aurkeztu, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1999 Foru Legeko 325. artikuluan ezarritakoarekin bat, 2002ko urriaren 1ean egindako osoko bilkuran erabaki zen behin betiko onestea aipatutako ordenantza.

Beraz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 2/1990 Foru Legeko 326. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, osorik argitaratzen da Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean.

Iratxetan (Leotz), bi mila eta biko urriaren hamalauan. Alkatea, Josu Zabalza Murillo.

LEOZKO UDALEKO BIKOTE EGONKORREN ERREGISTROAREN ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Leozko Udaleko Bikote egonkorren erregistroak izaera administratiboa du eta bertan sartu ahalko dira hurrengo artikuluan aipatzen diren elkartzeak eta elkartze horien bukaerak, ordenantza honetan ezartzen diren era eta baldintzetan.

2. art. Ordenantza hau aplikatzerakoan, bikote egonkorrentzako berdintasun juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Foru Legeak ezartzen duenari jarraituz, bikote egonkortzat hartuko da bi pertsonaren arteko elkartze libre eta publikoa, ezkontideenaren pareko afektibitate-harreman batean, sexu-joera kontuan izan gabe, baldin eta adinez nagusi badira edo adingabeko emantzipatu, eta zuzeneko lerroan edo alboko lerroan, bigarren mailaraino, odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaidetasunik ez badute. Elkartze hori osatzen duten kideek ezin izanen dute beste pertsona batekin ezkontza-loturarik izan edo bikote egonkorrik osatu.

3. art. Bikoteek, sexu-joera kontuan izan gabe, erregistroan inskribatzeko eskatzen ahal dute, baldin eta haien adostasun libre eta osoarekin aurreko artikuluan azaldutako elkartzeren bat osatzen badute.

Gutxienez, bikoteko kide batek egon beharko du Leozko Udalean erroldaturik, bertan bizi ohi delako.

Halaber, bi kideek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, ez daudela ezkonduak ezta inskribatuak ere bikote egonkorren beste erregistroren batean.

4. art. Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioa egiteko, bi lagunek batera agertu beharko dute erregistroaz arduratzen den funtzionarioaren aitzinera. Ezinbesteko kasuetan edo kasu berezietan, bikoteko kide bat eta beste kidearen ordezkari bat agertu ahalko dira, betiere ordezkaritza hori notarioak berariaz emandako ahalordearekin frogatzen bada. Horrela, haien artean ordenantza honetako 2. artikuluan zehazten denaren araberako elkartze bat osatzen dutela deklaratuko dute.

5. art. Ez da inskripziorik eginen bikoteko bat emantzipatu gabeko adingabea bada, edo zuzeneko lerroan edo alboko lerroan, bigarren mailaraino, odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaidetasuna badute.

Bikoteko batek akats edo anomalia psikikorik badu, orduan ere ez da inskripziorik eginen. Horrelakoetan, medikuaren irizpena beharko dute, ordenantza honetako 2. artikuluan zehazten denaren araberako elkartze bat osatzeko gaitasuna aitortzen diena.

Era berean, ukatu eginen da inskripzioa bikoteko bat ezkondua badago, beste batekin bikote egonkorra osatzen badu edo ezkontzeko gaitasunik gabea deklaratua bada.

6. art. Lehenbiziko idazpena egitean, bikoteak nahi dituen argitasun guztiak agertarazten ahalko ditu beren arteko elkartzeari buruz. Hitzez hitz idazten ahalko dira, baita ere, elkartutako kideen giza eta ondare harremanak arautzen dituzten hitzarmen guztiak.

Aurreko lerroaldean aipatutako edukiak geroago ere inskribatzen ahalko dira, bikoteko bi kideak edota bietako bat eta bestearen legezko ordezkaria bertara joanda.

Nolanahi ere, elkartzea bukatu edo iraungitzeko oharpenak egiteko, aski izanen da kide bakar batek hala eskatzea.

7. art. Leozko Udalean ordenantza honek eskatutako baldintzei jarraituz inskribatzen diren elkartze guztiek ezkontza bidezko elkartzeen tratamendu bera izanen dute, Udalaren eskumenekoak diren gaietan.

8. art. Bikote egonkorren erregistroa Udalaren idazkaritzaren ardura izanen da. Inskripzioak eta luzatzen diren ziurtagiriak doakoak izanen dira erabat, Epaitegitik datozenak bezala.

9. art. Aurreko artikuluetan aipatzen diren inskripzioak erregistratzeko, Liburu Orokorra erabiliko da. Liburua orri mugigarri, zenbatu eta zigilatuez osatua egonen da, eta irekitzeko eta ixteko eginbideak paratuko dira hasieran eta bukaeran.

10. art. Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioa izanen da bere oinarrizko inskripzioa, eta haren bazterrean jarriko dira geroago Liburu Orokorrean elkartze horri buruz egiten diren gainerako idazpen guztiak.

11. art. Erregistroan Liburu Lagungarri bat ere izanen da, inskribatuen deituren arabera ordenaturik, eta bertan adieraziko da Liburu Orokorreko zein orrialdetan dauden inskribaturiko bikoteekin zerikusia duten oharpenak.

12. art. Erregistroan inskribatutakoen intimitatea, norbanakoarena nahiz familiarena, babesteko ez zaio publizitaterik emanen idazpenen edukiari, salbu eta Erregistroaren arduradunak luzatzen dituen egiaztagiriak, bikoteko edozein kidek, epaileek edo auzitegiek hala eskatu ondotik.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Ordenantza hau berrikusiko da, legeetan aldaketarik bada gai honen inguruan.

I. ERANSKINA

Leozko Udaletxean, Udal Erroldaren bulegoan, halako egunean ......, honako hauek batera agertu gara:

Izena: ........., jaioterria: ......., helbidea (erroldakoa): .............., adinez nagusia (edo adingabe burujabea, horren agiria aurkezten baitugu); N.A.N. zenbakia: ......... eta

Izena: ........., (edo, hala bada, legez hura ordezkatzen duena: .................., betiere aurkezten dugun notarioaren ahalordearen arabera); jaioterria: .......; helbidea (erroldakoa): .............., adinez nagusia (edo adingabe burujabea, horren agiria aurkezten baitugu); N.A.N. zenbakia: .........

Eta adierazten dugu:

Udal honetako Ezkondu gabeko bikote egonkorren erregistroan inskriba gaitzatela nahi dugula, horri buruzko ordenantzaren arabera, eta horretarako:

Aitortzen dugu:

Lehenbizi: aipatu ordenantzan aurreikusitako bizikidetasuna dela eta, gure helbidea honako hau izanen dela: .............. (gogorarazi behar zaio ................. jaunari/andreari T.A.O.L.aren 15. artikuluari jarraituz, erroldatu beharra duela ohiko bizilekuko udalerrian).

Bigarren: ez gaudela gu biok ezkontzaren bidez lotuak, ez eta gutako inor beste inorekin ere.

Hirugarren: gure artean ez dagoela lerro zuzenean odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaidetasunik, ez eta alboko lerrotik bigarren maila bitarteko odolkidetasunezko ahaidetasunik ere.

Laugarren: gutako inork ez duela akats edo anomalia psikikorik, eta ez dela ezkontzeko gaitasun gabea deklaratua izan.

Bosgarren: ez dugula nahi (nahi dugula) erregistroan inskribatzea gure arteko giza nahiz ondare mailako harremanen gaineko hitzarmenik.

Seigarren: baimena ematen dugula Leozko Udal Erroldan datu hauek egiaztatzeko.

Eta zin egiten dugu gutako inor ez dagoela inskribatua ez Leozko erregistroan, ez maila eta xede bereko inongo herritako erregistroan ere.

Horiek guztiak horrela,

Leozko Udaleko Ezkondu gabeko bikote egonkorren erregistroan inskriba gaitzatela eskatzen dugu.

Sin.: ........................ Sin.: ........................

II. ERANSKINA

Leozko Udalean, ................ egunean, honako hauek agertu gara:

Izena: ....................................., N.A.N. zenbakia: .............., eta

Izena: ...................................., N.A.N. zenbakia: .................

Eta Ezkondu gabeko bikote egonkorren udal erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantzan zehaztutakoarekin bat, adierazten dugu asmoa dugula gure arteko bikote egonkorra bukatutzat edo iraungitzat jotzeko, izan ere horrelaxe inskribatua dago aipatu Udaleko erregistroan.

Horiek guztiak horrela,

Eskatzen dugu bukatutzat edo iraungitzat jo dadila aipatutako elkartzearen inskripzioa.

Sin.: ........................ Sin.: ........................ __ __ A0211508 __

Iragarkiaren kodea: