145. ALDIZKARIA - 2002ko abenduaren 2a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

601/2002 FORU AGINDUA, azaroaren 20koa, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emana, Nafarroako Gobernuaren Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) eskuratzeko azterketen egitura eta antolaketa arautu, eta agiri hori eskuratzeko 2003ko deialdiak onesten dituena.

Nafarroako Gobernuak 1985eko irailaren 11ko Erabakiaren bidez bere gain hartu zuen Nafarroako Gobernuaren Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) emateko ardura, Euskaltzaindiak hori egiteari utzi baitzion.

Erabaki horretan berean ezarri zen Hezkuntza eta Kultura Departamentuak jarduera hori egiteko legezko esparrua zehaztuko zuela eta horretaz arduratuko ziren organoak eratuko zituela.

Nafarroako Gobernuaren Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) 1535/1985 Foru Aginduaren bidez sortu zen.

Abenduaren 15eko 463/1998 Foru Aginduaren bidez erabaki zen Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Euskara Zerbitzuaren esku uztea Nafarroako Gobernuaren Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) eskuratzeko probak antolatzeko, prestatzeko, egiteko eta zuzentzeko lanak, eta lan horiek beren gain hartuko dituzten EGA Azterketaren Batzorde Ofiziala eta EGA Azterketaren Epaimahai Ofiziala sortzea.

Euskara Zerbitzuak txostena egin du eta aditzera eman bidezko dela deialdien oinarriak eta probak egiteko eta haien eginkizunak zehazteko eratutako erakunde eskudunak onartzea.

Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeko 36.2 c) eta d) artikuluak esleitu dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Gobernuaren Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) eskuratzeko azterketarako deia egitea. Azterketa hori irakasle ez-unibertsitarioendako da eta urtarrilean eginen da.

2. Nafarroako Gobernuaren Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) eskuratzeko 2003ko azterketa irekietarako deia egitea.

3. Nafarroako Gobernuaren Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) eskuratzeko azterketen araubidea ezartzea. Azterketa hori Nafarroako Urruneko Hizkuntza Eskola Ofizialaren (NUHEO) eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeen arteko Lankidetza Programan parte hartzen ari diren ikasleendako da.

4. Deialdi honetako oinarriak, Foru Agindu honen eranskinean zehaztutakoak, onartzea.

5. Nafarroako Gobernuaren Euskararen Gaitasun Agiriaren (EGA) Batzorde Ofizialaren eginkizunak eta kideak 2003ko deialdirako berrestea. Hezkuntza eta Kultura kontseilariaren abenduaren 5eko 448/2001 Foru Aginduaren bidez sortu zen Batzorde hori.

6. Nafarroako Gobernuaren Euskararen Gaitasun Agiriaren (EGA) Epaimahai Ofiziala eratzea 2003ko deialdietarako, eta haren gain uztea probak egin eta zuzentzeko lan teknikoak, eta laneko eta erreklamazioei aurre egiteko batzordeetan parte hartzea. Eginkizun horiek oro Batzorde Ofizialak koordinatuko ditu.

7. Nafarroako Gobernuaren Euskararen Gaitasun Agiriaren (EGA) Epaimahai Ofizialeko kide ondoko hauek izendatzea:

Epaimahaikide titularrak:

_Mª Jesús Asiain Yarnoz andrea, epaimahaiburu.

_Francisco Javier Gorricho Labiano jauna, idazkari.

_Ana Aguirre Ceberio andrea.

_Ana Arakistain Jauregi andrea.

_Harritxu Etxaluze Aroztegi andrea.

_María Carmen Huarte Carrión andrea.

_Miren Garbiñe Basurto Luzuriaga andrea.

_Javier Tirapu Flores jauna.

_Pascual Recalde Irigoyen jauna.

_Ainhoa Irazustabarrena Barriola andrea.

_Esther Mugertza Imaz andrea.

_Pedro Luis Mateos Yeste jauna.

_Garbiñe Urreizti Lezertua andrea.

_Koldo Asiron Saez jauna.

_Ana Alberro Goñi andrea.

_Inés Eraso Thetschel andrea.

_Jon Etxegarai Agara jauna.

_Itxaro Etxetxipia Senosiain andrea.

_Maite Gorospe Lizaso andrea.

_Xabier Iaben Soltxaga jauna.

_Koldo Los Arcos Perez jauna.

_Iñaki Mundiñano Larraza jauna.

_Pello Uharte Orotz jauna.

_Kepa Yekora Jiménez jauna.

_Jon Zaldua Lasa jauna.

_Axun Almandotz Taberna andrea.

Epaimahaikide ordezkoak:

_Juan Miguel Urdiroz Perez jauna.

_Susana Lasarte Lázaro andrea.

_Sagrario Crespo Zulet andrea.

_Ion Rey Bacaicoa jauna.

_Amaia Irazusta Zarra andrea.

_Josetxo Irigoien Paternain jauna.

_Ana Etxeberria Suescun andrea.

_Belen Apecechea Larrainzar andrea.

8. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Euskara Zerbitzuak bere gain hartuko ditu matrikulatzeko eta kontrolatzeko lanak, tituluak ematea proposatzekoak eta, orobat, gai horietan eskudunak diren beste erakunde ofizial batzuekin izan beharreko harreman instituzionalak.

9. 2003ko deialdietako azterketak bukaturik, Epaimahaiak probak gainditu dituztenen eta huts egin dutenen aktak Euskara Zerbitzuari igorriko dizkio. Hezkuntza eta Kultura kontseilariak Foru Agindu baten bidez baimena emanen du probak gainditu dituztenei Nafarroako Gobernuaren Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) emateko.

10. Foru Agindu honetan xedatutakoari kontra egiten dion maila bereko edo apalagoko arau oro indarrik gabe gelditu da.

11. Foru Agindu hau eta eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

12. Foru Agindu hau eta eranskina igortzea Hezkuntza Zuzendaritza Nagusira, Euskara Zerbitzura, Euskara Zerbitzuko Administrazio Unitatera, Helduak Euskalduntzeko Bulegora, Zubiarte Euskaltegira, Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentrora, Araubide Bereziko Irakaskuntzaren eta Teknologia Berrien Zerbitzura, Iruñeko eta Tuterako Hizkuntza Eskola Ofizialetara, Nafarroako Urruneko Hizkuntza Eskola Ofizialera, Giza Baliabideen Zerbitzura, Idazkaritza Teknikora, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Euskararen eta Hizkuntza Komunitarioen Zerbitzura, eta goian aipatu batzorde eta epaimahaiko kideei, behar diren ondorioak izan ditzaten.

13. Deialdi honen eta bere oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, administrazioarekiko auzi-errekurtsoaren aurretik, Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, bi mila eta biko azaroaren hogeian._Hezkuntza eta Kultura kontseilaria, Jesús María Laguna Peña.

ERANSKINA

Deialdiaren oinarriak

1. oinarria. Nafarroako Gobernuaren Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) eskuratzeko azterketa: irakasle ez-unibertsitarioak.

1. atala._Betebeharrak.

a) Azterketa honetan parte har dezakete Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe ez-unibertsitarioetan 2001/2002 eta 2002/2003 ikasturteetan zerbitzuak bete dituzten irakasleek.

b) Azterketa honetan parte har dezakete euskarazko birziklapen ikastaroetan ari diren irakasleek. Irakasle horiek lanera ez joateko administrazio baimena dute. Ikastaro horiek apirilaren 22ko 119/2002 Foru Aginduaren babesean antolatu dira. Matrikula doakoa da.

c) Ez dute matrikularik egiten ahalko Euskal Autonomia Erkidegoan 2003an EGA eskuratzeko matrikula egiten dutenek.

2. atala._Azterketaren egitura.

Probak urtarrilean hasiko dira. Probaren egitura zein den jakiteko: 221/1998 Foru Agindua, ekainaren 17koa (Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, 77. zenbakia).

a) Proba idatzia. Baztertzailea da eta zati hauek ditu:

_Entzunaren ulermena: azterketan entzunen den grabazio batean oinarritutako aukera anitzeko hainbat galderari erantzutea.

_Irakurriaren ulermena: testu baten edukiaren gaineko aukera anitzeko hainbat galderari erantzutea.

_Idazlan laburra: epaimahaiak proposatutako gaien arteko bati buruz gutuna, oharra edo antzeko zerbait idatzi beharko da. 100 hitzekoa (15-20 lerro) izanen da gutxienez, hasiera eta bukaera kontuan izan gabe.

_Idazlan luzea: epaimahaiak proposatutako gaiaren, egoeraren eta genero testualaren gainean 300 hitzeko testua idatzi beharko da, gutxienez.

b) Ahozko proba. Bi zati ditu:

_Ahozko azalpena, "bakarkakoa", 10 minutu ingurukoa.

Epaimahaiak proposatutako gaien artetik zoriz ateratako gai baten gainean mintzatu beharko da. Proba prestatzeko izangaiek 20 minutu izanen dituzte, gutxi gorabehera.

_Taldeko eztabaida. Hiruzpalau hautagaiz osatutako taldeetan egin beharrekoa. Talde bakoitzari hainbat gai eskainiko zaio. Epaimahaiaren aurrean solasean eta eztabaidan aritu beharko dute elkarrekin, aurretik deus ere prestatu gabe. Iraupena: 20 minutu, gutxi gorabehera.

3. atala._Proben balorazioa.

a) Ahozko probako bi zatiak bakarka baloratuko dira. Kalifikazioak gai edo ez gai izanen dira.

b) Agiria eskuratu nahi bada, 2003. urteko deialdietako azterketetako bi probak (idatzia eta ahozko proba) nahitaez gainditu beharko dira. Urtarrileko azterketako proba idatzia gainditu duten irakasleek ez dituzte ekaineko eta iraileko azterketa irekietako atariko proba eta proba idatzia egin beharko. Urtarrileko proba idatzia gainditzen ez badute, proba guztiak egin beharko dituzte.

2. oinarria. Nafarroako Gobernuaren Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) eskuratzeko azterketa: deialdi irekiak.

1. atala._Betebeharrak.

a) Azterketa irekietan parte hartzeko 16 urte beterik izan beharko dira 2002ko abenduaren 31rako.

b) Ez dute matrikularik egiten ahalko Euskal Autonomia Erkidegoan 2003an EGA eskuratzeko matrikula egiten dutenek.

2. atala._Azterketaren egitura.

a) Atariko proba.

Proba objektiboa (test erako 90 galdera: 100 puntu), ondorengo gaitasun eta jakintzak ebaluatzeko:

_Ahozko zein idatzizko komunikazioan ohikotasunez erabiltzen diren hizkuntza baliabideak eta Euskaltzaindiak batasunerako eta normatibizaziorako eman dituen arauak praktikan ezagutzea: (70 galdera: 70 puntu).

_Entzunaren ulermena. Azterketan entzunen den grabazio batean oinarritutako aukera anitzeko hainbat galderari erantzutea (10 galdera: 15 puntu).

_Irakurriaren ulermena. Testu baten edukiaren gainean aukera anitzeko hainbat galderari erantzutea (10 galdera: 15 puntu).

b) Proba idatzia. Bi zati ditu:

_Idazlan laburra: epaimahaiak proposatutako egoera baten gainean gutuna, oharra edo antzeko zerbait idatzi beharko da. 100 hitzekoa (15etik 20 lerro bitartekoa) izanen da gutxienez, hasiera eta azken agurra kontuan izan gabe. Gehienez: 10 puntu. Gutxienez: 5 puntu.

_Idazlan luzea: epaimahaiak proposatutako gaiaren, egoeraren edo genero testualaren gainean, 300 hitzeko testua idatzi beharko da, gutxienez. Gehienez: 30 puntu. Gutxienez: 15 puntu.

c) Ahozko proba. Bi zati ditu:

_Ahozko azalpena: azterketari bakoitzak 5 minutu inguru izanen du epaimahaiak proposatutako testu bat laburtzeko. Proba prestatzeko 20ren bat minutu izanen dute. Proba, salbuespenak salbuespen, 3naka eginen dute.

_Eztabaida: aipatu azalpen horiek bukaturik, azterketari talde horretako kideak elkarrekin arituko dira gai horren gainean eztabaidan, aldez aurretik ezer prestatu gabe. Horretarako, azterketariek epaimahaiak emandako gidoia hartuko dute oinarri. Bigarren zati hau 10 minutukoa izanen da, gehienez.

3. atala._Proben balorazioa.

a) Atariko proban 100 puntu atera daitezke. Nolanahi ere, proba gainditzeko 65 puntu atera behar dira, gutxienez.

b) Proba idatziaren zatietako bakoitza gainditu beharko da, nahitaez. Proba osoa gainditzeko, proba idatziko zatien konputu osoan 22 puntu atera behar dira, gutxienez.

c) Ahozko probaren bi aldiak batera baloratuko dira. Kalifikazioak gai edo ez gai izanen dira.

d) Agiria eskuratzeko, 2003ko deialdietako azterketetako hiru probak (atarikoa, idatzia, ahozkoa) gainditu beharko dira, nahitaez. Ekaineko deialdian atariko proba eta proba idatzia gainditu dituztenek ez dituzte iraileko azterketan proba horiek egin beharko.

3. oinarria. Nafarroako Urruneko Hizkuntza Eskola Ofizialaren (NUHEO) eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeen arteko Lankidetza Programan parte hartzen ari diren ikasleendako azterketen araubidea.

1. atala._Nafarroako Gobernuaren Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) eskuratzeko azterketa.

a) Azterketa honen egitura eta eranskin honetako 2. oinarrian deskribatutakoarena berberak izanen dira eta Euskara Zerbitzuak onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendan zehaztutako ikastetxeetan eginen da.

b) Nafarroako Gobernuaren Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) eskuratzeko azterketa hau egin dezakete, abenduaren 5eko 448/2001 Foru Aginduaren I. eranskineko 3. atalean ezarritakoaren babesean matrikulatu diren ikasleek, betiere aipatu atal horretan ezarri azterketa gainditu badute.

c) Halaber, azterketa hau egin dezakete NUHEOren eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeen arteko Lankidetza Programan parte hartzen ari diren ikasleek, ikasle berri modura, betiere NUHEOk aurrez erabakitako baldintzetan. Ikasle horiek eranskin honetako 4. oinarriko 3. atalean ezarritako baldintza eta epe berak izanen dituzte.

d) Bigarren Hezkuntzako ikasleak, hots, EGA azterketarako matrikula egin eta atal honetako a) letran aipatu azterketa gainditu ez dutenak, 2003ko azterketa irekietara soilik aurkez daitezke, eranskin honetako 5. oinarriaren 2. atalean deitutakoetara, alegia.

e) Nafarroako Gobernuaren Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) eskuratzeko azterketako izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda 2003ko martxoaren 27an jarriko da jendaurrean, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko iragarki oholean. Zerrenda horretan sartuko dira, orobat, NUHEOren eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeen arteko Lankidetza Programan parte hartzen ari diren ikasleak, baldin eta EGA agiria eskuratzeko azterketarako onartu badira.

2. atala._DBHko 4. kurtsoan eskolatutako ikasleen azterketen eta matrikularen araubidea.

a) Nafarroako Gobernuaren Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) eskuratzeko azterketetan matrikula egin dezakete, Hizkuntza Eskola Ofizialeko Oinarrizko Zikloko Ziurtagiria (euskarazkoa) eskuratu ondoren, NUHEOren eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeen arteko Lankidetza Programan parte hartzen ari diren DBHko 4. kurtsoko ikasleek.

b) Ikasle horiek matrikula bakarra eginen dute eta balioko die EGA eskuratzeko azterketara aurkezteko, ondoren zehazten diren jardunbidearen eta baldintzen arabera.

_2002-2003 ikasturtean, ikasleek beren ikastetxeetan eginen dituzte NUHEOko Euskara Sailak DBHko 4. kurtsoan eskolatutako ikasleendako prestatu duen programazioko ikasketak.

_Ikasturte hori bukaturik, EGA eskuratzeko azterketaren egitura bereko azterketa eginen dute beren ikastetxeetan. Azterketaren edukiak aurreko lerroaldean aipatutako programazioari lotuko zaizkio. Ikasle horiek azterketa hori nahitaez gainditu beharko dute programa honetan jarraitu nahi izanez gero.

_2003-2004 ikasturtean, ikasle horiek NUHEOko Euskara sailak prestatutako programazioko ikasketak eginen dituzte, EGA eskuratzeari begira.

_Programazio horri dagozkion ikasketak bukaturik, EGA eskuratzeko 2004ko azterketetara aurkeztuko dira, oinarri honetako 1. atalean ezarritako baldintzetan.

4. oinarria. Agiriak eta matrikula egiteko epeak.

1. atala._Irakasle ez-unibertsitarioen azterketa.

a) 1. oinarriko 1. atalean ezarritako baldintzak betetzen dituzten irakasle ez-unibertsitarioek matrikula bakarra eginen dute. Matrikula hori 2003ko azterketa guztietarako izanen da. Ez dute deus ere ordaindu beharko.

b) Izena emateko epea hamalau egun naturalekoa izanen da, Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Interesatuek Departamentuko Argibide Bulegoan emanen zaizkien beheko agiriak aurkeztu beharko dituzte Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Erregistroan, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean edo azaroaren 26ko 30/92 Legearen 38.4 artikuluan aurrez ikusitako edozein bide erabiliz:

_Eskabide orokorra.

_Matrikula inprimakia.

_Nortasun-agiriaren fotokopia, bi aldetatik egina eta argi irakurtzeko modukoa.

d) Onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda 2002ko abenduaren 27an jarriko da jendaurrean, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko iragarki oholean.

e) Onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendari erreklamazioak egiteko epea 2003ko urtarrilaren 3an bukatuko da.

f) Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda 2003ko urtarrilaren 8an jarriko da jendaurrean, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko iragarki oholean.

2. atala._Nafarroako Gobernuaren Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) eskuratzeko azterketa irekiak.

a) Izena emateko epea: martxoaren 11tik 21era bitarte, bi egun horiek barne.

b) Epe horretan matrikulaldi bakarra eginen da eta ekaineko eta iraileko azterketetarako balioko du.

c) Interesatuek beheko agiriak, behar bezala bete ondoren, aurkeztu beharko dituzte Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Erregistroan, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean edo azaroaren 26ko 30/92 Legearen 38.4 artikuluan aurrez ikusitako edozein bide erabiliz:

_Eskabide orokorra.

_Matrikula inprimakia.

_Nortasun-agiriaren fotokopia, bi aldetatik egina eta argi irakurtzeko modukoa.

_Azterketa egiteko eskubideengatik ordaindu beharrekoa Nafarroako Foru Komunitateko Dirubilketa Kontuan sartu izanaren gordekina.

d) Azterketa egiteko eskubideak.

_Azterketa egiteko eskubideengatik 28,30 euro ordaindu beharko da.

_1. mailako familia ugariko kide izanez gero, 14,15 euro ordaindu beharko da eta 2. mailako familia ugariko kide izanez gero, matrikula doan izanen da. Bi kasuetan murriztapenak 21 urte bete arte balioko du. Nolanahi ere, familia ugariko kide dela egiaztatu beharko da behar bezala eguneratutako familia ugariko karnetaren fotokopia bidez.

_Nafarroako Gobernuaren zerbitzupeko funtzionarioek eta lan-kontratudun finkoek ez dute matrikularik ordaindu beharko. Haien 25 urtez beherako seme-alabek ere ez dute deus ordaindu beharko, hots, matrikulaldian 25 urte edo gutxiago badute. Horretarako, Familia Liburuaren fotokopia aurkeztu beharko dute eta aditzera eman gurasoetatik zein den funtzionario edo lan-kontratudun finko.

e) Onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda 2003ko martxoaren 27an jarriko da jendaurrean, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko iragarki oholean.

f) Onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendari erreklamazioak egiteko epea 2003ko apirilaren 10ean bukatuko da.

g) Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda 2003ko apirilaren 15ean jarriko da jendaurrean, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko iragarki oholean.

3. atala._NUHEOren eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeen arteko Lankidetza Programan parte hartzen ari diren DBHko 4. kurtsoko ikasleen matrikula.

a) Eranskin honetako 3. oinarriaren 2. atalean aipatutako ikasleek matrikula egiteko behar dituzten agiriak beren ikastetxeetako administraziora eraman beharko dituzte. Hauexek dira:

_Eskabide orokorra.

_Matrikula inprimakia.

_Nortasun-agiriaren fotokopia, bi aldetatik egina eta argi irakurtzeko modukoa.

_Azterketa egiteko eskubideengatik ordaindu beharrekoa Nafarroako Foru Komunitateko Dirubilketa Kontuan sartu izanaren gordekina.

b) Azterketa egiteko eskubideak.

_Azterketa egiteko eskubideengatik 28,30 euro ordaindu beharko da.

_1. mailako familia ugariko kide izanez gero, 14,15 euro ordaindu beharko da eta 2. mailako familia ugariko kide izanez gero, matrikula doan izanen da. Bi kasuetan murriztapenak 21 urte bete arte balioko du. Nolanahi ere, familia ugariko kide dela egiaztatu beharko da behar bezala eguneratutako familia ugariko karnetaren fotokopia bidez.

_Nafarroako Gobernuaren zerbitzupeko funtzionarioek eta lan-kontratudun finkoek ez dute matrikularik ordaindu beharko. Haien 25 urtez beherako seme-alabek ere ez dute deus ordaindu beharko, hots, matrikulaldian 25 urte edo gutxiago badute. Horretarako, Familia Liburuaren fotokopia aurkeztu beharko dute eta aditzera eman gurasoetatik zein den funtzionario edo lan-kontratudun finko.

c) Lankidetza Programan parte hartzen ari diren ikastetxeek, goian aipatu agiriak behar bezala bete ondoren, 2003ko urtarrilaren 14tik 31ra aurkeztuko dituzte Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Erregistroan, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean edo azaroaren 26ko 30/92 Legearen 38.4 artikuluan aurrez ikusitako edozein bide erabiliz.

d) Onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda 2003ko otsailaren 18an jarriko da jendaurrean, NUHEOren eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeen arteko Lankidetza Programan parte hartzen ari diren ikastetxeetan.

e) Onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendari erreklamazioak egiteko epea 2003ko otsailaren 25ean bukatuko da.

f) Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda 2003ko martxoaren 7an jarriko da jendaurrean, NUHEOren eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeen arteko Lankidetza Programan parte hartzen ari diren ikastetxeetan.

5. oinarria. Azterketak egiteko eta emaitzak jendaurrean jartzeko egun-orduak.

1. atala._Irakasle ez-unibertsitarioen azterketa.

a) Lehen azterketa 2003ko urtarrilaren 13an eginen da, astelehenarekin, goizeko 9:00etan, Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroan, Uharteko Zubiarte karrikaren 13an.

b) Plikak 2003ko urtarrilaren 20ko 13:00etan irekiko dira, Euskara Zerbitzuan.

c) Azterketa idatziaren emaitzen akta eta azterketa hori berrikusi nahi dela eskatzeko egun-orduak eta tokia 2003ko urtarrilaren 22an jarriko dira jendaurrean, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko iragarki oholean. Aktarekin batera agertuko da, halaber, hurrengo azterketa zein egunetan eta tokitan eginen den.

2. atala._Nafarroako Gobernuaren Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) eskuratzeko azterketa irekiak.

a) Lehen azterketa (atariko proba) 2003ko maiatzaren 10ean eginen da, goizeko 10:00etan. Onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendan agertuko da zein tokitan eginen den.

b) Plikak 2003ko maiatzaren 14ko goizeko 9:00etan irekiko dira, Euskara Zerbitzuan.

c) Atariko probaren emaitzen akta eta azterketa hori berrikusi nahi dela eskatzeko egun-orduak eta tokia 2003ko maiatzaren 16an jarriko dira jendaurrean, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko iragarki oholean. Aktarekin batera agertuko da, halaber, hurrengo azterketa zein egunetan eta tokitan eginen den.

d) Proba idatziaren emaitzen akta argitaratzen denean adieraziko da ahozko azterketa zein toki eta egunetan eginen den.

e) Azterketa berrikusiko da horretarako eskaera egiten denean emandako egun-orduetan. Ez da eskaerarik, ez berrikuspenik onartuko ezarritako epez kanpo.

6. oinarria. Ahozko azterketa grabatzea.

Epaimahaiak ez ditu oro har ahozko probak grabatuko. Azterketari batek bere azterketa graba diezaioten nahi badu, matrikula orrian horretarako jarri den laukitxoan gurutze bat jarri beharko du.

Aurretik ez eskatzeak berarekin ekarriko du azterketariak ahozko probaren gaineko berrikuspen edo erreklamazio orori uko egitea, ezinezkoa gertatuko baita egin duen ahozko proba euskarri dokumental bakar batekin ere alderatzea.

7. oinarria. Agiria eskuratzeko eskubideak.

Nafarroako Gobernuaren Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) eskuratzeko probak gainditu dituzten izangaiek, agiri hori jaso baino lehenago, Euskara Zerbitzuan aurkeztu beharko dute agiri hori emateko tarifa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Dirubilketa Kontuan ordaindu dela egiaztatzen duen gordekina.

17,43 euro ordaindu beharko da. 1. mailako familia ugariko kide izanez gero, 8,71 euro; eta bigarren mailako familia ugariko kide izanda, deus ez. Nolanahi ere dela, familia ugariko kide dela karnet bidez egiaztatu beharko da. __ __ A0212759 __

Iragarkiaren kodea: