142. ALDIZKARIA - 2002ko azaroaren 25a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

319/2002 FORU AGINDUA, azaroaren 12koa, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak emana. Honen bitartez dei egiten da Interreg III Europako Batasuneko Ekinbide Programako (2000-2006) C Kapituluaren barruan onetsiriko proiektu batzuetarako laguntzak emateko.

Europako Batzordeak, 2001eko maiatzaren 7ko Jakinarazpenaren bidez (C141 EBAO, 2000ko maiatzaren 15ekoa), Interreg III Europako Batasuneko Ekinbiderako jarraibideak onetsi zituen 2000-2006 urteetarako "Eskualdeen arteko lankidetza" izeneko C kapituluan, estatuetako, eskualdeetako eta tokian tokiko agintarien arteko estatuz gaindiko lankidetza garatzeko eta Europako Batasuneko eskualdeen arteko batasun ekonomikoa eta soziala sustatzeko asmoz.

Horretarako, Europako Batzordeak eskualdeen arteko lankidetzarako lau programa onetsi ditu, iparralde, hegoalde, sortalde eta sartalderako. Programa horietan Programazio Komite batzuk eratuko dira, ukituriko administrazioen ordezkariez osatuak, beste eginkizunen artean, Europako Batasunaren fondoen kontu hein batean finantzatzeko aurkezten diren proiektuak aukeratzeko.

Foru Agindu honen xedea da Nafarroako Foru Komunitatearentzat interesgarritzat jotzen diren proiektuak finantzatzeko beste laguntza bat ematea, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kontu. Proiektu horiek "Eskualdeen arteko banakako lankidetzarako proiektuak" eta "Sareak" izeneko motetako Interreg III Cra aurkeztuak beharko dute eta kasuan kasuko Programazio Komiteak aldez aurretik onetsi beharko ditu.

Horrenbestez, ikusirik Kanpo Ekintzarako Zerbitzuaren proposamena eta Kontu-hartzailetza Delegatuaren adostasun txostena,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Deialdi honen helburua hauxe da: Interreg III Europako Batasuneko Ekinbide Programako C Kapitulura aurkeztu ("Eskualdeen arteko banakako lankidetzarako proiektuak" eta "Sareak" modalitateak) eta Interreg III C-ko Programazio Komiteek onetsi dituzten proiektuetarako Nafarroako Gobernuak emanen dituen laguntzen araubidea ezartzea.

2. artikulua. Onuradunak.

Laguntzak jaso ahalko dituzte helbidea Nafarroako Foru Komunitatean duten pertsona juridiko pribatuek eta sozietate publikoek. Horretarako Interreg III C Programa Operatiboko kasuan kasuko Agintaritza Kudeatzaileak agintari publikoen antzekotzat joko ditu, kasuan kasuko Programaren gehigarrian ezarririko irizpideen arabera.

3. artikulua. Laguntza jaso dezaketen proiektuak.

Nafarroako Gobernuaren finantzaketa lortzeko, aurkezturiko proiektuek Interreg III Europako Batasuneko Ekinbide Programako (2000-2006) C Kapituluko Programazio Komiteen onespena izan beharko dute.

Onespen hori lortzea ezinbesteko baldintza da, baina ez nahikoa, deialdi honetako laguntzak eskuratzeko.

4. artikulua. Eskabideak noiz aurkeztu.

Laguntzen eskabideak deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurkeztu ahalko dira, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Kanpo Ekintzarako Zerbitzuan, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean, urtarrilaren 13ko 4/1992 Legeak aldatu zuen horretan, baimendutako beste edozein administrazio erregistrotan.

5. artikulua. Eskabideak nola aurkeztu.

Eskabidea bi kopiatan aurkeztuko da, gaztelaniaz. Harekin batera agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Nortasuna egiaztatzen duen agiria (sozietatearen izena, estatutuak eta identifikazio fiskalerako zenbakia).

b) Zerga betebeharrak ordainduak izatearen ziurtagiria.

c) Programa operatibo bakoitzeko (Interreg III C) deialdian ezarritako agiriak. Horretarako ereduak Kanpo Ekintzarako Zerbitzuan edo http://www.cfnavarra.es/info-point.europa webgunean bil daitezke (bi ale).

d) Nafarroako Gobernuari laguntza eskatzeko fitxa, http:// www.cfnavarra.es/info-point.europa webguneko ereduaren araberakoa.

e) c) eta d) ataletan eskaturiko agirien kopia, disketean edo CD Rom-ean.

6. artikulua. Eskabideak zuzentzeko epea.

Eskabidea behar bezala betea edo eskatutako agiri guztiekin batera aurkezten ez bada, eskatzaileari hamar eguneko epea emanen zaio, jakinarazi eta biharamunetik hasita, egindako akatsa zuzendu edo falta duen agiria aurkezteko, eta jakinaraziko zaio horrela egin ezean, eskabidea bertan behera utzitzat jo eta espedientea artxibatuko dela besterik gabe.

7. artikulua. Laguntzak emateko irizpideak.

Aurkezturiko eskabideak baloratu eta laguntzen zenbatekoa finkatzeko, aurrekontuko diruaz eta eskabideen kopuruaz gain, ondoko irizpide hauei jarraikiko zaie:

a) Proiektuaren kalitatea eta berrikuntza.

b) Proiektua nola osatu eta lotzen den Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko bestelako programa edo zerbitzuekin.

c) Proiektuaren bideragarritasuna eta koherentzia.

8. artikulua. Aurrekontuari buruzko arauak.

1. Laguntzak ez dira proiektuen gastu hautagarriaren % 50 baino handiagoak izanen.

2. Laguntza jasotzen duten proiektuei ematen zaien laguntza ez da izanen 2002ko ekainaren 15ean Nafarroako Gobernuak onetsiriko Hainbat Urtetarako Gastuari buruzko Erabakian ezarritako urteko diru-kopuruak baino handiagoa.

Aipatu urteko diru-kopuruak ondoko hauek dira:

Interreg III B eta C, 2002. urtea: 1.075.800 euro (*).

Interreg III B eta C, 2003. urtea: 601.600 euro.

Interreg III B eta C, 2004. urtea: 601.600 euro.

Interreg III B eta C, 2005. urtea: 601.600 euro.

Interreg III B eta C, 2006. urtea: 601.600 euro.

(*) A kapitulurako dirua barne.

3. Laguntzak 2002rako luzatu den 2001eko gastu aurrekontuko "Interreg III Ekinbidea" 11610-16003-7810-1341-00 kontusailaren eta hurrengo urteetako aurrekontuetako antzeko kontusailen kargura ordainduko dira.

9. artikulua. Ebazpena.

1. Proiektuak baloratzeko Balorazio Batzorde bat eratuko da. Batzordeburua Kanpo Ekintzarako Zerbitzuko zuzendaria izanen da eta batzordekideak, Zerbitzu horri atxikiriko bi teknikari.

Aurkeztutako proiektuen edukia dela eta, Batzordeak zilegi izanen du beste Departamentu batzuei laguntza eskatzea.

Balorazio Batzordeak, proiektuak ebaluatu ondoren, laguntza emateko behin-behineko proposamena igorriko dio Ekonomia eta Europako Aferen zuzendari nagusiari, horrek behin-behineko ebazpena eman dezan.

Eskabidea aurkeztu zenetik bi hilabete igaroz gero berariazko ebazpena jaso gabe, ezetsitzat hartuko da.

2. Programazio Komiteak, aurkezturiko proiektua onetsi ondoren, dirulaguntzaren behin-behineko kontzesioa behin betiko bihurtuko da.

3. Ebazpenak banan-banan jakinaraziko zaizkie interesatuei, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legean ezarri bezala.

10. artikulua. Kudeaketa eta arautegia.

Interreg III C Europako Batasuneko ekinbidearen barruko proiektuei buruzko araubidea da betearaztekoa.

Onetsitako laguntza ordaintzeko modu eta epeei dagokienez, Europako Batasuneko ekinbide hartako programen barruko proiektuak kudeatzeko agindutakoari jarraikiko zaio.

11. artikulua. Froga-agiriak.

Laguntzak jasotzen dituztenek, eskatutako agiriak aurkeztu beharko dituzte, dagokien programaren xedapenetan ezarritako modu eta epeetan.

a) Proiektuaren garapenaren froga-agirietan dirusarrerak eta gastuak adieraziko dira zehatz-mehatz eta haiekin batera proiektuaren garapena azaltzen duen laburpen bat, baita proiektua burutzean izaniko aldaketak ere, aurrekontuetan izaniko eragina zehaztuz, behar diren agiriekin batera.

b) Aurkezturiko programaren bilakaera nabarmen ukitzen duen edozein gorabehera berehalaxe jakinaraziko da, bereziki aldaketa horrek proiektuaren kostu osoa aldarazten badu. Proiektuari uko eginez gero, espresuki adierazi beharko da.

c) Proiektua bukatu ondoren, gehienez ere hilabeteko epean, proiektua azaltzen duen memoria, lorturiko emaitzak biltzen dituen agiri bat barne, baita dirusarreren eta gastuen zehaztasunak ere.

d) Horrekin batera, dirulaguntzaren xede den proiektua aurrera eramateko norberaren gastuen eta beste inori eginiko ordainketen froga-agiriak aurkeztuko dira, gastuak eta ordainketak frogatzen dituzten kasuan kasuko agiriak aurkeztuz. Agiri horiek jatorrizkoak edo kopia kautotuak beharko dute. Ezinbesteko baldintza izanen da gastua eta ordainketa egiten duena Nafarroako Foru Komunitatean dirulaguntzaren onuraduna izan dena izatea.

12. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeko 27. eta 28. artikuluetan ezarritakoari jarraikiko zaio (1997ko ekainaren 20ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, 74. zenbakia).

13. artikulua. Administrazio helegiteak.

Deialdi honen oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka gora jotzeko helegitea jarri ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik hilabeteko epean.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra._Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta biko azaroaren hamabian._Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, Francisco J. Iribarren Fentanes. __ __ A0212304 __

Iragarkiaren kodea: