139. ALDIZKARIA - 2002ko azaroaren 18a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

P U I U

Ordenantza fiskal orokorraren behin betiko onespena

Puiuko Udalak, 2002ko apirilaren 12an egin osoko bilkuran, erabaki zuen, horretarako legez eskatzen den gehiengoa izanik, Ordenantza fiskal orokorra hasiera batez onestea.

Jendaurreko epea iragan baita, denbora horretan inork erreklamaziorik aurkeztu gabe, behin betikoz onetsitzat jo eta testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko agindu da.

Puiun, bi mila eta biko urriaren bian. Alkatea, Francisco Gil Guillén.

ORDENANTZA FISKAL OROKORRA

0. ordenantza. Oinarria

Honako ordenantza hau ezartzen da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

I. KAPITULUA

Oinarri orokorrak

1. artikulua. Honako ordenantza fiskal orokor honen xedea da Udal honetako zerga araubidea osatzen duten ordainarazpen guztiendako arauak eta oinarri orokorrak finkatzea.

Ordenantza honen arauak ordenantza partikularren osagarritzat hartuko dira, azken horiek berariaz arautzen ez duten guztian.

2. art. Ordenantza fiskal guztiek eta honako honek ere agintzen duten bezala, zergak ordaintzeko obligazioa guztiena da, eta zerga-eskubide eta betebeharrak izan ditzaketen pertsona fisiko eta juridiko guztiak edo nortasun juridikorik gabeko subjektuak hartzen ditu bere esparruan, betiere, berdintasun eta ahalmen ekonomikoaren printzipioak aintzat hartuz .

3. art. Udalak onetsitako ordenantza fiskalek bere udal mugape osoan izanen dute indarra, indarra hartzen duten unetik hasita, indargabetu edo aldatzen diren arte.

4. art. Udal honek ordainarazten dituen toki-tributuen subjektu pasiboek behar bezalako frogabidez hornituriko kontsultak egiten ahal dizkiote Udalari, kasu bakoitzean dagokien tributu arloko erregimen, sailkapen edo kalifikazioari buruz.

Erantzunak informazio soilaren balioa izanen du eta ez egintza administratiboarena, eta ez dio loturarik ezarriko Administrazioari.

Hala ere, bere kontsulta egin ondoren, eskudun organoaren erantzunak dioenaren arabera bere tributu arloko betebeharrak betetzen dituen subjektu pasiboak ez du erantzukizunik izanen, baldin eta 2/1995 Foru Legearen 63.3. artikuluan adierazten diren baldintzak betetzen badira.

Interesatuek ezin izanen dute inolako errekurtsorik aurkeztu kontsulta baten erantzunaren aurka, nahiz eta gero erantzun horretan oinarritutako egintza administratiboaren aurka egitea zilegi izanen duten.

5. art. Udal honek indarrean diren ordenantza fiskalen kopiak emanen dizkie eskatzen dituztenei. Ordenantzek beraietan ezarritako epean izanen dute indarra. Eperik ezartzen ez bada, mugarik gabeko iraupena dutela ulertuko da (2/1995 Foru Legearen 14. artikulua).

II. KAPITULUA

Zerga erlazioaren elementuak. Zergagaia

6. art. Zergagaia izaera juridikoa edo ekonomikoa duen oinarria da, ordainarazpen bakoitza finkatzeko kasuan kasuko ordenantzan zehazten dena, eta hura gauzatzeak zerga ordaintzeko obligazioa sorrarazten du.

Ordenantza fiskal partikular bakoitzean zehaztuko da zergagaiaren izaera, zerga ordaindu beharra zein kasutan sortzen den adierazita.

7. art. Analogia ez da onartuko zergagaiaren eremua edo salbuespen nahiz hobariena bere berezko mugez harantzago zabaltzeko (2/1995 Foru Legearen 65. artikulua).

8. art. Subjektu pasiboa

Subjektu pasiboa pertsona fisiko edo juridikoa da, zeina, legeari jarraikiz, zergak ordaintzera beharturik baitago, zergadunaren nahiz haren ordezkari gisa.

Zergaduna pertsona fisiko edo juridikoa da, zeinari legeak zergagaiaren ondoriozko tributu karga ezartzen baitio.

Zergadunaren ordezkoa subjektu pasiboa da, zeina, legeak hala beharturik eta zergadun haren ordez, behartuta baitago zerga betebeharren prestazio material eta formalak betetzera.

Subjektu pasibotzat hartuko dira, halaber, jaraunspen jasogabeak, ondasun komunitateak eta beste entitate batzuk, nortasun juridikorik ez izanik ere, unitate ekonomiko edo ondare bereizi zergagarri bat osatzen badute.

9. art. Zerga erlazioaren aldaezintasuna. Subjektu pasiboaren eta zerga betebeharraren gainerako elementuak ez dira partikularren egintza edo hitzarmenen eraginpean aldatzen ahal.

Egintza eta hitzarmen horiek ez dute udal administrazioan eraginik izanen, berekin dakartzaten ondorio juridiko-pribatuak galarazi gabe.

10. art. Karga oinarria:

Tributuei buruzko ordenantzetan, zorra zehazteko oinarritzat zerga-oinarriak hartzen direnean, horiek zehazteko behar diren bitartekoak eta metodoak paratuko dira.

Likidazio-oinarritzat hartuko da zerga-oinarrian eginiko murrizketen emaitza. Murrizketa horiek kasuan kasuko ordainarazpena arautzen duen legean edo ordenantzan ezarrita daudenak dira.

11. art. Karga-tasa.

Karga-tasatzat hartuko dira likidazio oinarriari kuota zehazteko aplikatzen zaizkionak, izaeraz proportzionalak edo progresiboak izan daitezkeenak.

12. art. Kuotaren zehaztapena.

Kuota honela zehaztuko da:

a) Hartarako espres zehaztutako kopuru finkoaren arabera.

b) Zenbatekoak diren zerga-oinarriaren gainean aplikaturiko tarifak, ordenantza partikularretan ezarrita daudenak, haien arabera.

c) Zerga-oinarriaren balioari dagokion karga-tasa proportzional edo progresiboa aplikatuz.

d) Kontribuzio berezien kasuan, haiek arautzen dituen ordenantzan aipatzen diren banaketa-irizpideei jarraikiz, subjektu pasibo bakoitzari zerga-oinarriaren atal bat egoztearen ondorioz ateratzen den kopurua.

13. art. Salbuespenak eta hobariak.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta Nafarroako Foru Parlamentuak onetsiak dituen edo onesten dituen gainerako arau aplikagarrietan xedatzen denari lotuko zaio.

III. KAPITULUA

Tributu zorra

14. art. Tributu zorra subjektu pasiboak udal administrazioari zor dion diru kopurua da. Kopuru horretan tributu kuota sartzen da eta, hala behar denean, ondoko kontzeptuak gehitzen zaizkio:

a) Oinarrien edo kuoten gainean legez esijitzen ahal diren errekarguak.

b) Berandutzagatiko korritua, legez ezarria.

c) Tributuei buruzko Lege Orokorreko 61. artikuluko 3. idatz-zatian ezarritako errekarguak.

d) Premiamenduko errekargua.

e) Diru bidezko zerga-zehapenak.

Tributu zorra ordaintzeko erantzukizuna

15. art. Legeak tributu zorraren erantzule deklaratzen ahal ditu, subjektu pasibo edo zordun nagusiekin batera, beste pertsona batzuk, solidario edo subsidiarioki.

Kontrakorik agintzen duen legezko arau espresik izan ezean, erantzukizuna beti subsidiarioa izanen da.

Erantzukizuna tributu zor osoari dagokiona izanen da, zehapenak kenduta.

Premiamenduko errekargua bakarrik eskatzen ahalko zaio erantzuleari, dirusarrera egiteko borondatezko epea igarotzen bada ordainketa egin gabe.

16. art. Betiere, tributu zorra ordaintzera behartzeko administrazio-ekintza erantzuleen esku uzteko, beharrezkoa da administrazio-egintza bat, zeinean, interesatuari entzunaldia eman ondoren, erantzukizuna deklaratu eta haren zenbaterainokoa zein den zehaztuko baita.

Egintza hori jakinaraziko zaie, likidazioaren funtsezko osagaiak adieraziz, une horrexetatik zordun nagusiaren eskubide guztien jabe eginen direlarik.

17. art. Administrazio-egintza erantzule subsidiarioen esku uzteko, nahitaezkoa da aldez aurretik zordun nagusiaren eta gainerako erantzule solidarioen ordainezintasuna deklaratzea, aitorpen horren aurretik bidezko diren zuhurtasunezko neurriak hartzea galarazi gabe.

18. art. Zor baten erantzule solidario edo subsidiaroak bi edo gehiago baldin badira, zorra oso-osorik horietako edozeini eskatzen ahal zaio.

Tributu zorraren iraungipena

19. art. Tributu zorra honela iraungiko da:

a) Ordaindu edo bete delako.

b) Preskripzio bidez.

c) Egiaztatutako ordainezintasunagatik.

d) Konpentsazio bidez.

20. art. 1. Edonola ere, lau urteko epean iraungiko dira ondoko eskubide eta betebeharrak:

a) Tributu zorra dagokion likidazioaren bidez zehazteko eskubidea, non epea sortzapen egunean hasiko baita.

b) Likidaturiko tributu zorrak ordaintzea esijitzeko ekintza, non epea hasiko baita borondatezko ordainketaren epea amaitzen den egunean.

c) Tributu arloko arau-hausteak direla medio zehapenak ezartzeko ekintza, non epea hasiko baita arau-hausteak gauzatzen diren egunean.

2. Orobat, lau urteko epean iraungiko da beharrik gabe egindako ordainketa atzera jasotzeko zergadunek duten eskubidea, non epea hasiko baita ordainketa egiten den egunean.

3. Preskripzioa eteten denean, etendura gertatzen den egunean hasiko da lau urteko epea.

21. art. Aurreko artikuluaren 1. atalak aipatzen duen preskripzio epea honakoetan eteten da:

_Edozein administrazio-ekintza egiten bada, subjektu pasiboa formalki jakinaren gainean dagoela, kreditu edo eskubide hori aitortu, erregularizatu, ikuskatu, segurtatu, egiaztatu, likidatu edo jasotzeko asmoz.

_Subjektu pasiboak tributu zorra ordaindu edo likidatzeko egiten duen edozein ekintzagatik.

_Edozein motatako erreklamazio edo errekurtsoen aurkezpenaren bidez, baldin eta, udal administrazioari berari egozten ahal zaion errua dela medio, administrazio horrek ebazpenik ematen ez badu hartarako ezarritako epearen barrenean, preskripzio epea berriz ere hasiko da kontatzen aipatu epe hori iragandakotzat jotzen den unetik aurrera.

Aurreko artikuluaren 2. atalaren kasuan, preskripzio epearen etendura etorriko da dirusarrera bidegabea atzera jasotzeko xedez subjektu pasiboak egiten duen edozein egintza fedemailerekin, edo hori hala izan dela aitortzeko udal administrazioak egiten duen edozein egintzaren bidez.

22. art. Preskripzioa ofizioz aplikatuko da, subjektu pasiboak izendatu edo salbuetsi beharrik gabe.

23. art. Subjektu pasiboaren eta gainerako erantzuleen kaudimengabezia egiaztatua dela bide ordaindu ezin izan diren tributu zorrak behin-behinekoz iraungitzat deklaratuko dira, preskripzio epearen barrenean birgaitzen ez diren bitartean. Epe hori amaiturik zorra birgaitzen ez bada, behin betiko iraungirik geldituko da.

IV. KAPITULUA

Tributu arloko arau-hausteak eta zehapenak. Tributu arloko arau-hausteak

24. art. Tributu arloko arau-hausteak dira, bai ordenantza honetan bai toki entitateen ogasuna arautzen duten gainerako legezko xedapenetan azaldu eta zehatzen diren ekintzak eta ez-egiteak. Arau-hausteak axolagabekeria hutsezkoak badira ere zeha daitezke.

25. art. Subjektu arau-hausletzat joko dira legez arau-haustetzat hartutako egintzak edo ez-egiteak burutzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoak, eta, bereziki, ondoko hauek:

a) Tributuen subjektu pasiboak, zergadunak nahiz ordezkoak izan.

b) Jarduteko gaitasunik ez duten subjektu pasiboen legezko ordezkaria.

c) 2/1995 Foru Legearen 62. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Administrazioari informazioa edo laguntza ematera beharturik dauden pertsona fisiko nahiz juridikoak.

26. art. Legez arau-haustetzat hartzen diren ekintzek edo ez-egiteek, honako kasuetan ez dute erantzukizunik sortuko:

a) Tributu gaietan jarduteko gaitasunik ez dutenek eginak direnean.

b) Ezinbesteko kasuetan.

c) Erabakia anitzen artean hartua denean, beren botoa gorde dutenentzat edo erabakia hartu zen bileran egon ez zirenentzat.

27. art. Arau-hausteak bi motatakoak izan daitezke:

a) Arinak.

b) Larriak.

28. art. Arau-hauste arintzat hartzen da tributuen kudeaketan edozein pertsonari, subjektu pasiboa izan ala ez, eskatzen zaizkion tributu-obligazio edo betekizunak ez kunplitzea, arau-hauste larriak ez direnean, eta horiek zehapena graduatzeko osagai gisa hartzen ez direnean.

29. art. Arau-hauste larriak honako hauek dira:

a) Legez edo kasuan kasuko ordenantzan ezarritako epeetan ez ordaintzea tributu zor osoa edo haren parte bat.

b) Salbuespenak, zerga-onurak edo itzulkinak bidegabe baliatu edo erdiestea.

c) Toki entitateak autolikidazio prozeduraren bidez esijitzen ez diren tributuak likidatu ahal izateko behar dituen aitorpen edo agiriak ez aurkeztu, epez kanpo aurkeztu, edo osatu gabe edo oker aurkeztea.

Zehapenak

30. art. Arau-hausteak zigortzeko, diru bidezko isunak jarriko dira, finkoak edo proportzionalak, 2/1995 Foru Legeko 95. artikuluan xedatutakoaren arabera.

31. art. Arau-hauste arin bakoitzak 6,01 eurotik 901,52ra bitarteko zehapena izanen du. Ikuskatzaileen jardunari, beren eskumenak erabiltzen ari direlarik, kontra, uko edo traba egiten bazaio, 300,51 eurotik 6.010,12ra bitarteko isuna ezarriko da.

Arau-hauste larriei diru-isun proportzionala jarriko zaie, kuotaren ehuneko 50etik 150era bitartekoa, 2/1995 Foru Legeko 97.3 artikuluan aipatzen den murrizketa deusetan galarazi gabe.

Orobat, zilegi izanen da berandutza korrituak esijitzea borondatezko epea bukatu eta zerga-egoera erregularizatuko duen likidazioa egiten den egunera bitarteko denboragatik.

Zehapen prozedura

32. art. Tributu arloko zehapenak ezartzeko espedientea ez da izanen subjektu arau-hauslearen tributu-egoera egiaztatu eta ikertzeko instruitutako bera, baizik eta beste bat, eta hartan interesatuari entzunaldia emanen zaio.

Zehapenak erabaki eta ezarriko dituzte tributuen behin-behineko edo behin betiko likidazioak burutzeko egintza administratiboak eman behar dituzten organo berberek.

33. art. Tributu arloko arau-hausteen ondoriozko erantzukizunak.

1. Arau-hausteek sortzen duten erantzukizuna zehapena ordaindu edo betetzean iraungitzen da, edo preskripzioz.

2. Subjektu arau-hausleak hiltzean, tributu arloko obligazio betegabeak oinordeko edo legaziodunen esku geldituko dira, legeria zibilean jaraunspena eskuratzeari buruz ezartzen dena ukatu gabe. Inoiz ez da zehapenik pasatuko esku batetik bestera .

3. Sozietateak edo entitateak deuseztu eta likidatzen direnean, haien tributu arloko obligazio betegabeak bazkide edo kapital-partaideen esku geldituko dira, eta horiek solidarioki erantzun beharko diete haiei, gehienez ere esleitu zaien likidazio kuotaren balioaren zenbatekoraino.

V. KAPITULUA

Kudeaketa arauak

34. art. Tributuen kudeaketa honela hasiko da:

a) Subjektu pasiboaren adierazpen edo ekimenaren bidez.

b) Ofizioz.

c) Toki entitateen administrazio-organoen ikerketaren bidez.

Zerga aitorpena

35. art. a) Zerga aitorpentzat hartuko da zergagai baten inguruabarrak edo elementuak gertatu edo sortu direla adierazi edo aitortzen duen dokumentu oro. Halaber, aitorpen balioa izanen du zergagai bat biltzen duen edo berez eratzen duen dokumentuaren aurkezte hutsak.

b) Inondik inora ere ez da esijituko zerga aitorpenak zinpean egin daitezen.

c) Aurkezteko garaian interesatuei emanen zaie aitorpenaren hartu-agiria, aitorpenaren kopiak ere balio duelarik horretarako.

d) Froga agiria aurkeztean, interesatuek eransten ahal diote kopia soil bat edo fotokopiaren bat, hain zuzen ere, udal administrazioak erkatu ondoren, jatorrizkoa itzul diezaien, non ez den erabakitzen ez dela itzuli behar prozedurari buruzko behin betiko ebazpena eman baino lehen, agiria pribatua delako edo bidezkotzat jotzen den beste arrazoiren batengatik.

Aitorpena nahitaez aurkeztu beharra

36. art. Aitorpena nahitaez aurkeztu beharko da ordenantza partikular bakoitzean zehaztutako epeetan, eta, oro har, zergagaia gertatzen den egunaren ondoko hogeita hamar egun balioduneko epearen barrenean. Epe horietan aurkezten ez bada, arau-hauste arintzat hartuko da eta horren ondoren dagokion zehapena ezarriko.

Aurkezpenaren ondorioak

37. art. Aitorpena udal administrazioan aurkezteak ez du esan nahi zerga bidezkoa dela ontzat eman edo aitortzen dela.

Udal administrazioak aitorpenak egitea eta aitorpen horiek zabaltzea eska dezake, bai eta, orobat, ikusten diren okerrak zuzentzea ere, tributuak likidatu eta egiaztatzeko beharrezkoa baldin bada. Aurreko lerroaldeak aipatzen dituen betebeharrak ez egitea arau-hauste soiltzat hartuko da eta horren arabera zehatuko.

Epeak

38. art. Ordenantza partikularretan adieraziko da zein izanen diren tributuko kudeaketako izapide bakoitza egiteko bete beharreko epeak. Ordenantza horiek ez badituzte epeak finkatzen, oro har ulertuko da ez dela sei hilabete baino luzeagoa izanen administrazio prozedura hasten denetik prozedura amaitzen duen ebazpenaren eguna bitarteko denbora, non ez den ezinezkoa gertatzen hala izatea, behar bezala justifikatutako ezinbesteko arrazoiren baten ondorioz. Ikuskapenen kasuan, epe hori bi urtekoa izanen da.

Udal honek epeak betetzen ez baditu, ez da ondorioz administrazio ekintzaren iraungipena etorriko, baina interesatuek erreklamazioa aurkezteko baimena izanen dute.

Izapidaketaren akatsen kontrako erreklamazioak noiznahi egiten ahal dira, bereziki, prozedura geraraztea, jarritako epeak haustea edo arazoa behin betikoz ebatzi aitzin konpon daitezkeen izapideak ez egitea dakarten kasuetan.

Ikerketa eta ikuskapena

39. art. Toki Entitate honek ikertuko ditu zergagaia osatzen edo baldintzatzen duten gertakizun, egintza, egoera, jarduera, ustiapen eta gainerako inguruabarrak, eta egiaztatuko du karga-oinarriaren balorazioa.

40. art. Ikerketa egiteko, aztertuko dira subjektu pasiboaren kontabilitate nagusiaren edo laguntzailearen agiriak, liburuak, fitxategiak, fakturak, frogagiriak eta idazpenak, eta ikuskatuko dira ondasunak, elementuak, ustiapenak eta tributua zehazteko beharrezko den beste edozein informazio aurrekari.

41. art. Subjektu pasiboak beharturik daude kontabilitate liburuak, erregistroak eta kasu bakoitzean eskatzen diren gainerako dokumentuak eraman eta kontserbatzera, bai eta ikuskapen lanetarako laguntza ematera ere, Administrazioari eskuratuz zergagaiarekin zerikusia duten datu, txosten eta aurrekariak edo frogagiriak.

42. art. Ikuskapenak subjektu pasiboentzako eragin ekonomikorik baldin badakar, eginbide, jakinarazpen eta aurretiko edo behin betiko akten bidez dokumentatuko dira.

Salaketa

43. art. Toki entitateen ikerketa salaketa bidez hasten ahal da. Salaketa erabiltzea Administrazioari laguntza emateko obligaziotik aparte dago, 2/1995 Foru Legearen 62. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Salatzailea ez da interesatutzat hartuko salaketaren ondorioz hasten den ikerketan, eta salatzailea den aldetik ez du eskubiderik izanen errekurtso edo erreklamaziorik aurkezteko.

Nabarmenki funtsik gabeak diren salaketak bestelako tramiterik gabe artxibatzen ahal dira.

Tributu likidazioak

44. art. 1. Zerga-oinarriak zehaztu ondoan, kudeaketak jarraituko du likidazioa eginez tributu zorra finkatzeko. Likidazioak izanen dira behin-behinekoak edo behin betikoak.

2. Behin betikoak honako hauek izanen dira:

_Zergagaiaren ikerketa administratiboa egin ondoan eta karga oinarria egiaztatutakoan egindakoak, tartean behin-behineko likidaziorik izan edo ez.

_Preskripzio epearen barrenean egiaztatu ez direnak.

3. Aurreko atalean adierazitako kasuetatik aparte, likidazioak behin-behinekoak izanen dira, hala kontuaren gainekoak, nola osagarriak, berme izaerakoak, partzialak nahiz osotarakoak.

45. art. a) Likidazioak egiterakoan, Udalak egiaztatuko ditu tributu aitorpenetan adierazitako egintza eta balorazio guztiak.

b) Aitorpenen emaitzaren gaineko tributu oinarria handitzen bada, subjektu pasiboari jakinarazi behar zaio.

46. art. Likidazioak subjektu pasiboei jakinaraziko zaizkie, honako hauek adierazita:

a) Haien funtsezko elementuak.

b) Erabil daitezkeen inpugnazio bideak, eta zein diren haiek aurkezteko erakundeak eta horretarako epeak.

c) Tributu zorra non, noiz eta nola ordaindu behar den.

Jakinarazpen akastunak eragina izaten hasiko dira subjektu pasiboak jakinarazi zaiola espresuki onartzen duenean, dagokion errekurtsoa aurkezten duenean edo tributu zorraren ordainketa egiten duenean.

Sei hilabeteren buruan hasiko dira eragina izaten subjektu pasiboei zuzenean egindako jakinarazpenak, baldin eta hartan egintzaren testu osoa emanik, beste baldintzaren bat aipatzen ez badute, non ez den epe horren barrenean protesta formala egiten, Administrazioak akatsa zuzen dezan eskatzeko.

Zergadunen erroldak

47. art. Ordenantza partikularrean berean hala zehazten den kasuetan, udal administrazioak zergadunen erroldak prestatuko ditu, interesatuen aitorpenak ikusirik, ezagutzen dituen datuen arabera eta, orobat, administrazio ikuskapenak emandakoak gehituz. Zergadunen errolda horrela prestatu eta gero, erregistro iraunkor eta publikotzat hartuko da, eta Udalak paratu nahi duen edonolako prozeduraren bidez funtzionatuko du, mekanikoa ere barne dela.

48. art. Zergadunen errolda eratu ondoan, bertan gertatzen diren alta, baja eta aldaketa guztiak onesteko, egin beharko da erreklama daitekeen administrazio egintza bat, eta aldaketak subjektu pasiboei jakinarazi beharko zaizkie legeak agindu bezala.

Erroldan zein-nahi alta, baja edo gorabehera sor dezakeen aldaketaren berri eman beharko dio zergadunak Udalari, hura gertatu ondoko hogeita hamar egun balioduneko epearen barrenean.

49. art. Zergadunen erroldek zerga gaietarako agiri balioa izanen dute, haiek erabiliko baitira zerrenda, ordainagiri eta kobrantzako bestelako agirietan, kasuan kasuko ordainarazpena gauzatzeko.

VI. KAPITULUA

Dirubilketa. Oinarri orokorrak.

50. art. Dirubilketaren kudeaketa da udal ogasunaren ondasunak osatzen dituzten kreditu eta eskubideak gauzatzera bideratutako eginkizun administratiboa betetzea.

51. art. 1. Dirubilketa bi modutan egin daiteke:

_Borondatezko aldian.

_Derrigorrezko aldian.

2. Borondatezko aldian ordaintzera behartuta daudenek horretarako zehaztutako epeen barrenean kitatuko dituzte beren zorrak. Derrigorrezko aldian, indarra duen legeriari atxikiz, dirubilketa nahitaez eginen da ondarearen gaineko premiamendu bidez, zerga ordaindu behar duenak borondatezko aldian bere obligazioa betetzen ez badu.

52. art. Udalaren baliabideen bilketa zuzenean eginen da, diruzaintzaren bidez, halako moduan non kontu-hartzaileak zerbitzuen fiskalizazioa betetzen ahalko baitu.

53. art. Tributu-zorren sailkapena, dirubilketari begira.

1. Udal agintariek eginiko likidazioen ondorioz sortzen diren tributu-zorrak, dirubilketari begira, honela sailkatuko dira: jakinarazi beharrekoak, jakinarazpenik gabekoak eta norberak likidatutakoak.

2. Jakinarazi beharrekoetan ezinbestekoa da jakinarazpena igortzea, subjektu pasiboak tributu zorraren berri izan dezan. Hortaz, legearen araberako jakinarazpenik gabe, zorra ezin izanen da eskatu.

3. Jakinarazpenik gabeko zorrak dira banakako jakinarazpenik behar ez dutenak, zuzenean subjektu pasiboek lehendik ezagutzen dituzten zergadun erroldetatik heldu direlako, nahiz eta tributu-zorra aldian behin aldatu, dagokion ordenantzan aurretiaz zehaztutako errekargu edo tasa gehikuntzen aplikazioagatik.

4. Norberak likidatutakoetan, subjektu pasiboak, efektu tinbratuen bidez edo aitorpen-likidazioa egitean, aldi berean tributu zorraren ordainketa egiten du.

54. art. Ordainketa egiteko tokia:

Toki entitate honen aldeko zorrak Udalaren kutxan ordainduko dira edo, bera titular dela, banku nahiz aurrezki kutxetan horretarako irekitako kontuetan.

55. art. Ordainketa epeak.

Tributu zorrak honela ordainduko dira:

a) Jakinarazi beharrekoak, hogeita hamar egun balioduneko epearen barrenean, jakinarazpenetik hasita.

b) Ordainagiri bitartez aldian-aldian kobratzen direnak, banakako jakinarazpenik behar ez denean, aurreko letran ezarritako epe berean, zein hiruhileko naturaletan ordaindu behar diren haren lehen egunetik hasita. Kobrantza aldiaren jakinarazpena kolektiboa izanen da, Udalaren iragarki oholean jarrita eginen baita.

c) Subjektu pasiboak berak zuzenean likidatzen dituen zorrak aitorpena aurkeztean ordainduko dira. Aitorpenak aurkezteko egunak edo epeak tributu bakoitzaren ordenantza arau-emailean zehaztuko dira eta, halakorik ezean, hogeita hamar egun baliodun izanen dira, zergagaia gauzatzen den egunetik kontatzen hasita.

56. art. Ordaintzeko modua:

1. Tributu zorrak eskudirutan ordaindu behar dira honako bitarteko hauetako bat erabiliz:

a) Legezko dirua.

b) Posta edo telegrafo bidezko igorpena.

c) Banku txekea.

d) Kreditu eta aurrezki entitateetan Udalak horretarako irekitako kontuetan, transferentzia edo ordain gutunaren bidez.

2. Aurreko atalean hori ezarriagatik ere, tributu zorrak kreditu eta aurrezki entitateetan helbideratzea ere zilegi da, horrako horiek subjektu pasiboaren administratzaile lana egiten dutela, hark baimendutako zorrak ordainduz. Helbideratze horretarako betebehar bakarra da udal diruzaintzari eta banku entitateari aldez aurretik ohartaraztea helbideratzea zein tributuri dagokion.

57. art. Gerorapenak eta zatikako ordainketak.

1. Tributu zorra likidatzean, Udalak ordainketa geroratu edo zatika ordaintzeko aukera eman dezake, zergadunek hala eskatzen badute.

2. Tributu zorraren gerorapen edo zatikako ordainketari buruzko gorabehera guztiak Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 90.etik 92.era bitarteko artikuluetan, biak barne, xedatzen denari lotuko zaizkio.

VII. KAPITULUA

Errekurtsoak

58. art. Ordenantzen behin betiko onespenaren kontra, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik hasita, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean, udal ebazpenen aurka egiteko, oro har, aipatzen diren errekurtsoak aurkezten ahal dira.

59. art. Aurreko artikuluan hori ezarriagatik ere, indarrean egonen da beti interesatuen eskubidea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/95 Foru Legean edo ordenantzetan ezarritakoa hausten duten ordainarazpenen gaineko xedapenak aplikatzen dituzten udal erabakien kontra egitekoa, Udal ebazpenen kontrako errekurtsoak aurkezteko ezarrita dagoen prozedura orokorrari jarraikiz.

60. art. Zergak ordaintzeko obligazioaren edo ordainarazpen bat dela eta likidatutako kuota baten zenbatekoaren aurka errekurtsoren bat jartzeko, esijitutako kopurua aurretik ordaintzerik ez da eskatuko, baina erreklamazioak ez du inolaz ere zor hori kobratzeko Administrazioak egiten duena oztopatuko, interesatuak ez badu diruzaintzan uzten likidazioaren zenbatekoa, gehi ehuneko hogeita bost, sor daitezkeen errekargu, kostu edo gastuak bermatu ahal izateko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa._Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera behin betikoz onetsitakoan, Ordenantza Fiskal honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak izanen, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean testua oso-osorik argitara ematen denean.

Bigarrena._Ordenantza Fiskal Orokor hau edo Udal honek onesten dituen ordenantza partikularrak aldatzeko, onespenerako egin diren izapide berberak eginen dira, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen IX. tituluko hirugarren ataleko lehen kapituluan xedatutakoaren arabera.

Hirugarrena._Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan aplikagarri izanen dira Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta udal erabakiak baino goragoko xedapen guztiak, araututako arloei aplikatzeko modukoak diren heinean. __ __ A0211021 __

Iragarkiaren kodea: