139. ALDIZKARIA - 2002ko azaroaren 18a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

210/2002 FORU DEKRETUA, urriaren 7koa, "Viana-NA-134 errepideko industrialdeko hornidura" izeneko obrak ukituriko ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzen duena, nahitaezko desjabetzapena egiteko.

Vianako Udalak 2001eko maiatzaren 17an egindako osoko bilkuran hartutako erabakiaren bitartez, Vianako industrialdera hornidurak eramateko proiektu bat onetsi zen. 2002ko apirilaren 19an hartutako Erabakiaren bidez, Udalak onetsi zuen beharrezkoa zela proiektu horrek ukituriko ondasun eta eskubideak okupatzea. Orobat, ondasun-eskubideen zerrenda zehaztua onetsi eta jendaurrean jarri zuen hamabost egunez.

Jendaurreko epea amaiturik eta alegaziorik aurkeztu ez zela ikusirik, Vianako Udalak, 2002ko irailaren 5ean egindako osoko bilkuran, behin betiko bihurtu zuen erabaki hura, hots, ondasun eta eskubideak okupatu beharra deklaratu eta zerrenda zehaztua onetsi zuena.

Obrak presakoak dira, herriko industrialdean hornidura publikoa bermatzeko, egun ez baitu funtsezko zerbitzu hori. Horniduraren xede den eremuaren garapenari esker, garrantzi sozio-ekonomiko handia duten enpresa batzuk eraikitzen ari dira bertan, baina irekitzeko hornidura zerbitzu horren beharrean daude. Gainera, obraren lizitazio fasea aski aurreratua da. Horiek horrela, obra behar bezala exekutatzeko, beharrezkoa da ukituriko ondasun eta eskubideak lehenbailehen okupatzea.

Nafarroako Gobernuak, Vianako Udalak alegaturikoa ikusirik, uste du justifikatua dagoela desjabetzapenak ukituriko ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak emandako eskumenak erabiliz, Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta biko urriaren zazpiko bilkuran hartu zuen erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra._Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legearen 52. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, "Viana-NA-134 errepideko industrialdeko hornidura" izeneko obrak ukituriko ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea.

AZKEN XEDAPENA

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta biko urriaren zazpian._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Toki Administrazioko kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin. __ __ A0211106 __

Iragarkiaren kodea: