139. ALDIZKARIA - 2002ko azaroaren 18a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

NAFARROAKO ADMINISTRAZIO AUZITEGIA. Jakinarazpen ediktuak.

Ezinezkoa izan da Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59.1 eta 2 artikuluek agintzen duten jakinarazpena egitea. Beraz, ediktu hau argitaratuz betetzen da lege horrek 59.5 artikuluan xedatzen duena, Auzitegi honek 2002ko uztailaren 1ean emandako 2647 zenbakiko Ebazpena errekurtsogileari jakinarazteko. Ebazpen horrek 01-1997 zenbakiko gora jotzeko errekurtsoa ebatzi du; errekurtsoa, berriz, Ana María Ruiz Fernández andreak jarri zuen, Arrotxapeko P-9A Poligonoko Lurrak Berriro Zatitzeko Proiektua, Behin-behineko Likidazio Kontua eta Balorazio Espedientea behin betiko onesteko Iruñeko Udaleko Alkatetzak 2001eko otsailaren 12an eman zuen ebazpenaren aurka. Hona Auzitegi honen ebazpenaren testua, hitzez hitz kopiatuta:

"2647 zenbakiko Ebazpena.

Mahaiburua: Juan Luis Beltrán Aguirre jauna.

Mahaikideak: Carlos Arroyo Izarra jauna eta María Jesús Moreno Garrido andrea.

Iruñean, bi mila eta biko uztailaren batean.

Nafarroako Administrazio Auzitegiko Bigarren Atalak, alboan adierazi diren mahaikideek osaturik, 01-1997 zenbakiko gora jotzeko errekurtsoko espedientea aztertu du. Ana María Ruiz Fernández andreak jarri du errekurtso hori, Arrotxapeko P-9A Poligonoko Lurrak Berriro Zatitzeko Proiektua, Behin-behineko Likidazio Kontua eta Balorazio Espedientea behin betiko onesteko Iruñeko Udaleko Alkatetzak 2001eko otsailaren 12an eman zuen ebazpenaren aurka.

María Jesús Moreno Garrido andreak egin du txostena.

Egitezko aurrekariak:

1. Gora jotzeko errekurtso hau jarri da Iruñeko Udaleko Alkatetzak 2001eko otsailaren 12an emandako ebazpen baten aurka, haren bidez behin betiko onetsi baitziren Arrotxapeko (Iruña) P-9 Poligonoko Lurrak Berriro Zatitzeko Proiektua, Behin-behineko Likidazio Kontua eta Balorazioen Espedientea. Ebazpen hori 2001eko apirilaren 2ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, 41 zenbakikoan.

Interesatuak alegatu du ez dagoela ados ordezpen-balioarekin, ezta ezarri diren artapen-eta apreziazio-koefizienteekin ere, eta ondorioen orokortasuna aipatu du. Adierazi du, halaber, balioespena 1989ko txostenetik abiatuta egin dela, zeren eta Lurralde Antolamenduko Departamentuak eta Sustatzaile eta Eraikitzaileen Elkarteak orain erabiltzen dituzten balioak handiagoak baitira, are babes ofizialeko etxebizitzenak. Azkenik, eskatu du ebazpena indarrik gabe utz dadila eta balio handiagoa ezar dadila, berak aurkeztu duen txosten teknikoan azaltzen den balioa, hain zuzen ere.

2. Iruñeko Udalak bere jarduketaren aurrekariak biltzen dituen espedientea igorri du eta jarduketen legezkotasunaren aldeko txostena erantsi du. Txosten horretan adierazi du, funtsean, Proiektuan dagoen balioespena bat datorrela Lurzoruari buruzko indarreko Legearen irizpideekin. Gora jotzeko errekurtsoa ezesteko eskatu du.

3. Prozedura honetan gainerako interesatu gisa agertu da Carlos Hermida Santos jauna, "VLV, Inmuebles, S.L."ren izenean eta ordezkaritzan. Ez du alegazio-idazkirik aurkeztu gora jotzeko errekurtsoan azaldutako asmoei aurka egiteko.

Zuzenbideko oinarriak:

Lehenengoa._Azpimarratu beharra dago errekurtsogilearen desadostasunaren zioak: ez daudela bidezkoturik ezarri diren artapen-, antzinatasun-eta apreziazio-koefizienteak; kalte-ordainak katastroko balioari doitzeko asmoa bakarrik antzematen dela, eta ondorioak zehaztugabeak direla.

Apirilaren 13ko 6/1998 Legeak, Lurzoruaren Araubideari eta Balorazioei buruzkoak, 31.2 artikuluan ondokoa dio: "2. Eraikuntzen balioa ere lurzorutik bereiz kalkulatuko da; katastro-arautegiarekin bat etorriz zehaztuko da, eraikuntzen ordezpen-kostuaren arabera, kostu hori eraikuntzen antzinatasuna eta artapen-egoera kontuan harturik zuzendu eta gero."

Bi alderdiak ados daude manu horren aplikazioari dagokionez, baina ez daude ados ordezpen-kostua zuzentzeko koefizienteak direla-eta, zehatzago, antzinatasuna eta artapen-gradua direla-eta. Halaber, alderdiak ez datoz bat ordezpen-kostua zehazteko moduari dagokionez, eta errekurtsogileak azpimarratu egin du higiezinen balioak ez direla banaka zehaztu.

Errotxapeko (Iruña) P-9 Poligonoko balorazioetarako egindako espedientean Auzitegi honek ikusi duenez, eraikin eta higiezinak banaka hartu dira, bakoitzaren arkitektura-ezaugarriak, hobekuntzak eta instalazioak deskribatu dira, eta balorazio-formulak ezarri zaizkie, kontuan izanik bakoitzaren katastro-exekuzioko kostua, artapen-egoera eta apreziazio teknikoaren koefizientea. Ezin da aintzat hartu, beraz, ondorioak zehaztugabeak direlako alegazioa; izan ere, higiezinak banaka baloratu dira, beren ezaugarri bereziei erreparatuz, eta kontuan hartu dira eraikin bakoitzaren artapen-gradua eta antzinatasuna.

Bigarrena._Higiezinaren antzinatasuna eta artapen-egoera direla-eta zuzenketa-faktore desberdinak aplikatzearen kontua, berriz, kontu teknikoa da eta halakotzat konpondu behar da, irizpide teknikoei jarraiki.

Errekurtso honetan ez da eskatu, ez eta egin ere, zakuratze bidezko peritu-probarik. Espedientean dauden zenbait txosten teknikok perituen irizpenen pareko funtzioa betetzen dute. Lurrak zatitzeko proiektua idatzi duen taldeak berak egin ditu batzuk, eta Iruñeko Udalak onetsi egin ditu. Txosten horietan katastro-arautegia aplikatu da higiezinaren balioa zehazteko. Beste txosten bat errekurtsogileak eskaturik egin da. Horretan balio handiagoa kalkulatu da, zenbait formula aplikatuz, katastro-arautegia erreferentzia hartuz eta proiektua idatzi duen taldeak erabilitakoa ez, beste depreziazio-balio bat erabiliz, txostengileak higiezinaren artapen-egoeraz eta antzinatasunaz duen iritziaren araberakoa.

Horri buruz, Auzitegi Gorenak 2000ko uztailaren 17ko Epaian hau adierazi du: "perituen edo teknikari adituen hainbat txosten daudenean, bidezkoa da horien azterketa kritikoa egitea, eta epai-organoak ebaluatu egin behar ditu txostenetan azaltzen diren datuak eta ezaguerak, kritika zintzoaren arauak betez. Txostenetan azaltzen diren oinarrietan eta arrazoibide zientifikoetan dago haien indar frogatzailea. Funtsean, lehentasuna eman behar zaie arrazoibide sendoetan bermatutako baieztapen eta ondorioei, baina ez dira ahaztu behar beste irizpide batzuk, hala nola, alderdien interesetatik urrun dauden teknikarien sinesgarritasun handiagoa. Eta, hain zuzen ere, uste izatekoa da udal teknikariek atera dituzten ondorioak objektiboagoak direla, alderdien interesetatik urrun daudelako (Auzitegi Gorenaren 1998ko urtarrilaren 27ko Epaia (R.A. 19981879), 1999ko ekainaren 28koa (R.A.1999/5292) eta 2000ko martxoaren 27koa, beste askoren artean)".

Doktrina hori oraingo kasuari egokiturik, esan beharra dago errekurtso honetan azaldu diren balorazio guztiak nahiko arrazoituta daudela eta guztiei aplikatu zaiela, modu batera edo bestera, Lurzoruaren Araubideari eta Balorazioei buruzko apirilaren 13ko 6/1998 Legearen 31. artikulua. Errekurtsogileak ez du proposatu zakuratze bidezko peritu-proba, beste guztien gainetik egiazkotzat eta inpartzialtzat jo behar dena. Horregatik, Auzitegi honek Iruñeko Udalaren onespena jaso duen balorazioa hobetsi behar du, hau da, lurrak berriro zatitzeko proiektua idatzi duen taldeak egindakoa. Izan ere, gogoan hartu behar dugu lurrak berriro zatitzeko proiektu honetan ez dagokiola Administrazioari kalte-ordainak ordaintzea, aitzitik, proiekturako lurzatiak ekarri dituzten jabeek ordaindu behar dituztela kalte-ordainak. Auzitegi Gorenak ohartarazi duen bezala, jabeek eskaturik egiten diren irizpenak subjektibotasunak jota daude, jabeen asmoen alde egiten baitute nabarmenki. Horrelako irizpenak ezin dira frogatzat baloratu, baldin eta froga gisa aintzat hartu ahal izan daitezen beharrezkoak badira egilearen objektibotasuna eta inpartzialtasuna.

Hirugarrena._Udalak onetsitako txosten teknikoak objektibotzat eta inpartzialtzat hartu behar dira, aurreko oinarrian azaldu dugun bezala. Baina, horrez gainera, aztertu egin behar dugu bi txostenetatik zein egokitzen zaion ongien katastro-arautegiari.

Balorazioen kalkulua dela-eta, Lurzoruaren Araubideari eta Balorazioei buruzko apirilaren 13ko 6/1998 Legeak 31.2 artikuluan ondokoa ezarri du: "2. Eraikuntzen balioa ere lurzorutik bereiz kalkulatuko da; katastro-arautegiarekin bat etorriz zehaztuko da, eraikuntzen ordezpen-kostuaren arabera, kostu hori eraikuntzen antzinatasuna eta artapen-egoera kontuan harturik zuzendu eta gero."

Nafarroan, katastroko balioa kalkulatzeko prozedura berariaz eta argi arautu zen urriaren 10eko 216/1984 Foru Dekretuan, zeinen bidez Hiri-lurren Kontribuzioa Ordainarazteko Erregelamendua onetsi baitzen. Dekretu horrek, Arau Teknikoen Eranskinean, hiri-ondasunen katastroko balioa zehazteko arau zehatzak ditu, azaroaren 18ko 268/1988 Foru Dekretuak emandako idazkerarekin; bigarren dekretu horren bidez eraikuntzen ereduzko balioen taulak onetsi ziren, katastroko balioak eguneratzeko erabili beharrekoak.

Ereduzko balioen taula horietan, eraikina ordeztu edo eraikin zaharraren ordez berria egiteko kostua aurkitu daiteke, herria zein multzotan eta eraikina zein tipologiatan sailkatuta dauden kontuan izanik.

Ereduzko balio horiei, errekurtso honetan aztertu dugun espedientean ageri denez, ehuneko 1,8ko balio-igoeraren koefizientea ezarri zaie.

Datu zehatz hori hartu da oinarri, gorago aipatu dugun katastroaren arloko foru arautegian argi eta garbi zehaztuta baitago, eta artapen eta antzinatasunaren ziozko zuzenketa-koefizienteak ezarri zaizkio. Koefizienteak katastro-arautegian adierazitako eran kalkulatu dira, errekurtsogileak alegatu duen legearen agindua betez.

Antzinatasunagatiko zuzenketa-koefizientea, halaber, lehenago aipatu dugun 216/1984 Foru Dekretuan zehaztuta dago, eta artapen-koefizientea, berriz, katastroko banakako balorazio-orritik jaso da.

Uste dugu, hori guztia ikusirik, aurkatutako Balorazio Proiektua idatzi duen taldeak zehatz-mehatz bete duela katastro-arautegian ezarritako prozedura eraikinaren balioa kalkulatzeko.

Errekurtsogileak, aldiz, peritu-frogatzat aurkeztu du alderdi batek eskaturik egindako txosten teknikoa. Agiri horretan, higiezinaren balioa kalkulatzeko formulak azaltzen dira (azalpen zehatza baino gehiago, korapilotsua eta epaileak nahasteko egina dela ematen du), eta emaitza gisa, Udalak onetsitakoa baino askoz balio handiagoa ateratzen da.

Azken balorazioraino nola iritsi den azaldu nahirik txosten horretan jarri diren arrazoiek erakusten digutenez, azken balorazioa kalkulatzeko, hainbat formula nahasi dira komeni izan den eran, eta formula horiek ez dute zerikusirik gorago aipatu dugun katastro-arautegian ezarritakoarekin. Formula-nahaste horretan, besteak beste, "amortizazio lineala" erabili da antzinatasunarengatiko prezio-jaitsiera kalkulatzeko. Formula hori hipoteken arloko legerian ezarrita dago eta balorazioak egiteko erabiltzen da, baina ez hizpide dugun balorazio-mota egiteko. Beraz, kasu honetan ez da baliozkoa. Txostengileak beste formula bat erabili du (partzialki) katastroko balorazioak arautzen dituen Estatuko arautegitik aterata, gure foru arautegira jo beharrean. Eta formula desberdinen nahasketa heterogeneo hori, alderdi baten interesen aldeko irizpide subjektiboekin kutsatua, bide izan da espedientean ezarritakoa baino balio handiagoa kalkulatzeko. Horixe zen, hain zuzen ere, interesatuak eskaturik egindako peritu-txosten horren helburua. Bidezkoa da ordezpen-kostua, artapen-koefizientea eta apreziazio teknikoaren koefizientea direla-eta azaldu diren alegazioak ezestea.

Laugarrena._Beste alegazio batean, errekurtsogileak adierazi du balorazioak ez dagozkiela lurrak berriro zatitzeko espedientea hasi zen uneko balioei, Katastroko Balioari buruzko 1989ko txosten batetik jaso baitira, eta Nafarroako Gobernuko Lurralde Antolamenduko Departamentuak babes ofizialeko etxebizitzetarako erabiltzen dituen balioak aipatu ditu. Proiektua idatzi duen taldeak arazo hori argitu zuen alegazioen fasea bukatutakoan. Lurrak berriro zatitzeko proiektua hasieran onetsi zen garaiko katastro-balioari erreparatuta egin ziren balorazioak, eta halaxe ageri da lurrak berriro zatitzeko proiektuaren espedientean, Udalak Auzitegi honi bidalitako horretan. Errekurtsogileak ez du kontrakorik frogatu. Bestalde, errekurtsogileek nahi duten adinako balioa ezin zaio aplikatu babes ofizialeko edozein etxebizitzari, baizik eta hizpide dugun etxebizitzak baino zerbitzu gehiago (igogailua, berokuntza, garajea, trastelekua etab.) eta eraikuntza-kalitate hobea dutenei. Ezertxo ere ez da frogatu zehaztapen horien aurka. Izan ere, ez da baloraziotzat onartu behar errekurtsogileak egokitzat jotzen duena, peritu-froga egokiaren bidez egiaztatzen dena baino, eta horrelakorik ezean, kontuan izan behar da Auzitegi honek sinesgarritasun handiagoa eman behar diela Administrazioak ontzat emandako balorazioei, berez inpartzialak direlako. Bidezkoa da errekurtsoa ezestea.

Azaldutako guztiagatik, Auzitegiak ondokoa

Ebatzi du:

1. Ezetsi beharrekoa da eta ezetsi egin dugu aurrean azaldutako gora jotzeko errekurtsoa, Iruñeko Udaleko Alkatetzak 2001eko otsailaren 12an emandako ebazpen baten aurkakoa. Ebazpen hori 2001eko apirilaren 2ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, 41 zenbakikoan; haren bidez behin betiko onetsi ziren Arrotxapeko (Iruña) P-9 Poligonoko Lurrak Berriro Zatitzeko Proiektua, Behin-behineko Likidazio Kontua eta Balorazioen Espedientea. Ebazpena berretsi egin dugu, Zuzenbidearekin bat datorrelako.

Beraz, hau da gure ebazpena eta hori adierazi, agindu eta sinatu dugu. Juan Luis Beltrán. Carlos Arroyo. M. Jesús Moreno. Ziurtatu dut._María Carmen Lorente, idazkaria."

Ebazpen horren kontra errekurtsoa jartzen ahal da Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietarako Sailean, jakinarazpena egin den egunaren biharamunetik zenbatuko den bi hilabeteko epean.

Iruñean, bi mila eta biko irailaren hogeita seian._Nafarroako Administrazio Auzitegiko burua, Roberto Rubio Torrano.

Jakinarazpen ediktua

Ezinezkoa izan da Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59.1 eta 2 artikuluek agintzen duten jakinarazpena egitea. Beraz, ediktu hau argitaratuz betetzen da lege horrek 59.5 artikuluan xedatzen duena, Auzitegi honek 2002ko uztailaren 31n emandako 2772 zenbakiko Ebazpena errekurtsogileari jakinarazteko. Ebazpen horrek 02-1427 zenbakiko gora jotzeko errekurtsoa ebatzi du; errekurtsoa, berriz, José Norberto Viguria Alegría jaunak jarri zuen, abiaduraren muga gainditzeagatik zehapena ezartzeko Iruñeko Udaleko Herritarren Babesaren arloko zinegotzi eskuordeak 2001eko abenduaren 21ean eman zuen ebazpenaren aurka (33920/01 zenbakiko udal espedientea). Hona Auzitegi honen ebazpenaren testua, hitzez hitz kopiatuta:

"2772 zenbakiko Ebazpena.

Mahaiburua: Roberto Rubio Torrano jauna.

Mahaikideak: Javier Repáraz Martínez de Azagra jauna eta Gabriel Casajús Gavari jauna.

Iruñean, bi mila eta biko uztailaren hogeita hamaikan.

Nafarroako Administrazio Auzitegiko Lehen Atalak, alboan adierazi diren mahaikideek osaturik, 02-1427 zenbakiko gora jotzeko errekurtsoari buruzko espedientea aztertu du. José Norberto Viguria Alegría jaunak jarri du errekurtso hori, abiaduraren muga gainditzeagatik zehapena ezartzeko Iruñeko Udaleko Herritarren Babesaren arloko zinegotzi eskuordeak 2001eko abenduaren 21ean eman zuen ebazpenaren aurka (33920/01 zenbakiko udal espedientea).

Egitezko aurrekariak:

1. Gora jotzeko errekurtso hau jarri da Iruñeko Udaleko Herritarren Babesaren arloko zinegotzi eskuordeak isuna ezartzeko eman zuen ebazpen baten aurka (Iruñeko Alkatetzak zehatzeko ahalmena eskuordetu baitzion, 1999ko uztailaren 5ean eman eta abuztuaren 20ko 104/99 zenbakiko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen ebazpenaren bitartez). Isun hori zirkulazioko arau-hauste batengatik ezarri zen, alegia, hiri barnean (Sadar -futbol zelaia) 85 km/orduko abiaduraz ibiltzeagatik, antolamendu juridikoa urratzen zela (33920/01 zenbakiko zehapen espedientea). Interesatuak beraren iritziz aplikatu behar diren oinarri juridikoak azaldu ditu, eta azkenik ebazpena deuseztatzeko eskatu du.

2. Iruñeko Udalak bere jarduketaren aurrekariak biltzen dituen espedientea igorri du eta aurkatutako egintzaren legezkotasunaren aldeko txostena erantsi du.

Zuzenbideko oinarriak:

Bakarra._Preskripzioa deritzon figura juridikoak, jakina denez, Konstituzioko segurtasun juridikoaren printzipioa du bere izateko arrazoia eta justifikazioa. Ustezko arau-hauslearen alde dihardu, Administrazio zehatzailearen geldotasuna, axolarik eza edo utzikeria zigortuz, bidezkoa denean. Preskripzioaren oinarria "ez dago administrazio organoaren bere eskubidea gauzatzeari errefusatu edo uko egiteko asmo subjektiboan edo borondatean, ezta inplizituki ere, baizik eta haren jardute eza objektiboan" (Auzitegi Gorenaren 1999ko maiatzaren 5eko Epaia _R.Ar. 3935_).

Udalak igorritako espedientea aztertuta, zehatzeko ekintza preskribatu egin zela ikusi dugu. Izan ere, preskripzio epea eten egin zen salaketa jakinarazi zenean, 2001eko urriaren 10ean (agenteak salaketa egin eta berehala jakinarazi zuen). Salaketari alegazioak egiteko epea 2001eko urriaren 29an bukatu zen, eta geroago preskripzio epea berriro hasi zen aurrera egiten, Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 132.2 artikuluan xedatu bezala, zehapen-espedientea hilabete baino luzaroago geldirik egon zelako interesatuari ezin egotzi zitzaizkion arrazoiengatik. Espedientearen geldialdiak hiru hilabete baino askoz gehiago iraun zuen, zehapena 2002ko martxoaren 6an jakinarazi baitzen (28 zenbakiko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuz eta Iruñeko udaletxeko ediktu-taulan jarriz); Administrazioak, ordea, hiru hilabeteko epea dauka zehapenak ezartzeko, Bide Segurtasunari buruzko Legeak eta Zirkulazioaren arloko Zehapen Prozedurari buruzko Erregelamenduak diotenez (81.1. artikulua eta 18.1. artikulua, hurrenez hurren). Gainera, Udalak ofizioz adierazi behar izan zuen arau-haustearen preskripzioa.

Zehapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu aurretik (baina Administrazio zehatzailearen egintza ezagatik preskripzio epeak berriz ere aurrera egiten zuela) hura Posta Zerbitzuaren bidez jakinarazteko bi saio alferrik egin ziren 2001eko abenduaren 26an eta 28an, interesatuaren helbidean _Lago kalea, 5, 3.a, ezk., Iruña_ eta egintza horiek preskripzio epea ez ote zuten geldiarazi pentsa liteke. Gure iritziz epea ez zen eten, zeren, Auzitegi Gorenaren jurisprudentzian maiz azaldu denez, "ez dago preskripzioa eteteko indarrik egozterik formazko akatsak dituzten edo eraginkortasunik ez duten jakinarazpen edo argitalpenei" (Besteak beste, AGren 1996ko urriaren 11ko eta 18ko epaiak, R.Ar. 7262 eta 7277, hurrenez hurren). Jakinarazpen saio horiek, espedientean ageri denez, postako langileak betetako jaso-agiriaren gordekina erantsi baitzaio, ia ordu berean egin ziren (lehenbizikoa 11:45ean eta bigarrena 12:30ean), arestian aipatu 30/1992 Legearen 59.2 artikuluko arauaren kontra ("ordu desberdinetan" egin behar dira). Bidezkoa da, beraz, errekurtsoa baiestea eta hartan aurkatutako ebazpen zehatzailea deuseza eta indargabea dela adieraztea.

Azaldutako guztiagatik, Auzitegiak ondokoa

Ebatzi du: Baietsi beharrekoa da eta baietsi egin dugu aurrean azaldutako gora jotzeko errekurtsoa, zirkulazioko arau-hauste batengatik isuna ezartzeko Iruñeko Udaleko Herritarren Babesaren arloko zinegotzi eskuordeak emandako ebazpenaren aurkakoa (33920/01 zenbakiko zehapen espedientea); ebazpen hori deuseztatu beharrekoa da eta deuseztatu egin dugu, Zuzenbidearen aurkakoa delakoan.

Beraz, hau da gure ebazpena eta hori adierazi, agindu eta sinatu dugu. Roberto Rubio. Javier Repáraz. Gabriel Casajús. Ziurtatu dut._María Carmen Lorente, idazkaria."

Ebazpen horren kontra errekurtsoa jartzen ahal da Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietarako Sailean, jakinarazpena egin den egunaren biharamunetik zenbatuko den bi hilabeteko epean.

Iruñean, bi mila eta biko irailaren hogeita seian._Nafarroako Administrazio Auzitegiko burua, Roberto Rubio Torrano.

Jakinarazpen ediktua

Ezinezkoa izan da Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59.1 eta 2 artikuluek agintzen duten jakinarazpena egitea. Beraz, ediktu hau argitaratuz betetzen da lege horrek 59.5 artikuluan xedatzen duena, Auzitegi honek 2002ko ekainaren 28an emandako 2637 zenbakiko Ebazpena errekurtsogileari jakinarazteko. Ebazpen horrek 02-1521 zenbakiko gora jotzeko errekurtsoa ebatzi du; errekurtsoa, berriz, Santiago González Costa jaunak jarri zuen, Iruñeko Udaleko Herritarren Babesaren arloko zinegotzi eskuordeak 2001eko azaroaren 27an emandako ebazpen baten aurka, horren bitartez ezetsi egin baitzen birjarpenezko errekurtso bat, gidatzen ari denean sakeleko telefonoa edo antzeko komunikazio-tresna erabiltzeagatik isuna ezartzeko zinegotzi berak 2001eko ekainaren 27an emandako ebazpenaren aurkakoa (19978/01 zenbakiko udal espedientea). Hona Auzitegi honen ebazpenaren testua, hitzez hitz kopiatuta:

"2637 zenbakiko Ebazpena.

Mahaiburua: Roberto Rubio Torrano jauna.

Mahaikideak: Javier Repáraz Martínez de Azagra jauna eta Gabriel Casajús Gavari jauna.

Iruñean, bi mila eta biko ekainaren hogeita zortzian.

Nafarroako Administrazio Auzitegiko Lehen Atalak, alboan adierazi diren mahaikideek osaturik, 02-1521 zenbakiko gora jotzeko errekurtsoari buruzko espedientea aztertu du. Santiago González Costa jaunak jarri du errekurtso hori, Iruñeko Udaleko Herritarren Babesaren arloko zinegotzi eskuordeak 2001eko azaroaren 27an emandako ebazpen baten aurka, horren bitartez ezetsi egin baitzen birjarpenezko errekurtso bat, gidatzen ari denean sakeleko telefonoa edo antzeko komunikazio-tresna erabiltzeagatik isuna ezartzeko zinegotzi berak 2001eko ekainaren 27an emandako ebazpenaren aurkakoa (19978/01 zenbakiko udal espedientea).

Egitezko aurrekariak:

1. Gora jotzeko errekurtso hau aurkeztu da Iruñeko Udaleko Herritarren Babesaren arloko zinegotzi eskuordeak emandako ebazpen baten aurka, horren bitartez ezetsi egin baitzen birjarpenezko errekurtso bat, zinegotzi berak ezarritako zehapenaren aurkakoa (Iruñeko Alkatetzak zehatzeko ahalmena eskuordetu baitzion, 1999ko abuztuaren 20an 104 zenbakiko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratutako ebazpenaren bidez). Izan ere, zinegotziak interesatuari isuna jarri zion zirkulazioko arauak hausteagatik, alegia, behar adinako arretarik gabe zirkulatzeagatik, hain zuzen ere sakeleko telefonoa erabiltzeagatik gidatzen ari zenean (Juan XXIII.a plaza), antolamendu juridikoa urratzen zuela. Interesatuak, egokitzat jotzen dituen oinarriak azaldu eta gero, zehapena deuseztatzeko eskatu du idazkiaren azkenean.

2. Iruñeko Udalak bere jarduketaren aurrekariak biltzen dituen espedientea bidali dio Auzitegi honi.

Zuzenbideko oinarriak:

Bakarra._Preskripzioa deritzon figura juridikoak, jakina denez, Konstituzioko segurtasun juridikoaren printzipioa du bere izateko arrazoia eta justifikazioa. Ustezko arau-hauslearen alde dihardu, Administrazio zehatzailearen geldotasuna, axolarik eza edo utzikeria zigortuz, bidezkoa denean.

Martxoaren 2ko 339/1990 Errege Dekretu Legegileak, Trafiko, Motordun Ibilgailuen Zirkulazio eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikulatua onetsi zuenak (martxoaren 24ko 5/1997 Legearen bidez eraldaturik), 81.1 artikuluan ondokoa xedatzen du: "Arau-hauslea zehatzeko ekintza hiru hilabeteren buruan preskribatzen da, arau-haustea egiten den egunetik hasita. Preskripzio-epe hori eten eginen da Administrazioak edozein jarduketa egiten duenean, baldin eta salatua jarduketa horren jakitun bada, edo Administrazioak salatuaren identitatea nahiz helbidea jakiteko jarduketaren bat egiten duenean, edo 78. artikuluan ezarritako eran jakinarazpena egiten denean".

Bestalde, zirkulazioaren arloko zehapen prozedurari buruzko Erregelamenduaren 18.1 artikuluaren gaurko testuak honela dio: "Arau-hauslea zehatzeko ekintza hiru hilabeteren buruan preskribatzen da, arau-haustea egiten den egunetik zenbatuta. Zehapen prozedurari ekin aurretik eta hura burutu artean arau-haustea preskribaturik dagoen begiratuko da, eta hala izanez gero, prozedura hastea edo aurrera eramatea ez dela bidezkoa erabakiko da.

Preskripzio-epea eten eginen da Administrazioak edozein jarduketa egiten duenean, baldin eta salatua jarduketa horren jakitun bada, edo Administrazioak salatuaren identitatea nahiz helbidea jakiteko jarduketaren bat egiten duenean, baldin eta jarduketa horrek oihartzuna badu hura egiten duen administrazio-bulegotik kanpo. Era berean, preskripzio-epea eten eginen da Erregelamendu honen 11. artikuluan ezarritako moduan jakinarazpena egiten denean.

Preskripzio-epea berriz hasiko da aurrera egiten baldin eta prozedurak hilabete baino luzaroago geldirik irauten badu salatuari ezin egotzi zaizkion arrazoiengatik".

Beste alde batetik, Guztiendako Administrazio Prozedura arautzen duen Legearen 59.2 artikuluak xedatutakoaren arabera, "ezinezkoa gertatzen bada inork jakinarazpena hartzea, inguruabar hori espedientean agerraraziko da, jakinarazpen saioaren eguna eta ordua ere jarrita, eta bigarren eta azken saioa eginen da, ordu desberdinean, hurrengo hiru egunetan".

Udalak Auzitegi honi bidalitako agirietan ikusi dugunez, ediktu bidezko jakinarazpenera jo aurretik ebazpen zehatzailea interesatuari berari jakinarazteko egin ziren bi saioen orduek 15 minutuko aldea baino ez dute (lehena, 2001eko ekainaren 29koa, 10:45ean egin zen, eta bigarrena, 2001eko uztailaren 3koa, 11:00etan). Beraz, ez zen bete Guztiendako Administrazio Prozedura arautzen duen Legearen 59.2 artikuluan xedatutakoa. Jakinarazpen saio horiek ez ziren behar bezala egin eta ez dute indarrik preskripzio-epea eteteko. Izan ere, Auzitegi Gorenaren jurisprudentzian maiz azaldu denez, "ez dago preskripzioa eteteko indarrik egozterik formazko akatsak dituzten edo eraginkortasunik ez duten jakinarazpen edo argitalpenei" (Besteak beste, AGren 1996ko urriaren 11ko eta 1996ko urriaren 18ko epaiak, hurrenez hurren, R.Ar. 7262 eta 7277).

Aurrekoaren ondorioz, Udalak igorritako espedientea aztertzean, arau-hauslea zehatzeko ekintza preskribaturik zegoela antzeman dugu, BSLren 81.1 artikuluarekin eta Erregelamenduaren 81.1 artikuluarekin bat etorriz. Izan ere, salatutako egintza, salaketa-orrian ageri denez, 2001eko maiatzaren 16an egin zen; salaketa berehala jakinarazi zitzaion arau-hausleari; preskripzio-epea berriz hasi zen aurrera egiten, alegazioak aurkezteko 15 eguneko epea eta, ondotik, interesatuari ezin egotzi zitzaizkion arrazoiengatik espedientea geldirik egon zen hilabetea iragan eta gero. Ez da inon ageri preskripzioa eteteko indarrik zuen ezein jarduketa egin zenik (ebazpen zehatzailea interesatuari berari jakinarazteko saioak akastunak dira, goian esan bezala, eta horren ondorioz, ediktu bidezko jakinarazpenak ere ez du baliorik) harik eta zehapenaren aurkako birjarpenezko errekurtsoa aurkeztu zen arte. Hori 2001eko azaroaren 2an egin zen, hau da, aipatu legean ezarritako hiru hilabeteko epea bukatua zela. Beraz, arau-haustearen preskripzioa gertatu da, eta preskripzioa ofizioz antzeman beharra zegoen. Bidezkoa da, hortaz, gora jotzeko errekurtso hau baiestea.

Azaldutako guztiagatik, Auzitegiak ondokoa

Ebatzi du: Baietsi beharrekoa da eta baietsi egin dugu aurrean azaldutako gora jotzeko errekurtsoa, Iruñeko Udaleko Herritarren Babesaren arloko zinegotzi eskuordearen ebazpen baten aurka jarri dena, ebazpen horrek ezetsi egin baitzuen zinegotzi berak zirkulazioko arau-hauste batengatik ezarritako isunaren aurkako birjarpenezko errekurtsoa; bi ebazpenak deuseztatu beharrekoak dira eta deuseztatu egin ditugu, Zuzenbidearen aurkakoak direlako.

Beraz, hau da gure ebazpena eta hori adierazi, agindu eta sinatu dugu. Roberto Rubio. Javier Repáraz. Gabriel Casajús. Ziurtatu dut._María Carmen Lorente, idazkaria."

Ebazpen horren kontra errekurtsoa jartzen ahal da Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietarako Sailean, jakinarazpena egin den egunaren biharamunetik zenbatuko den bi hilabeteko epean.

Iruñean, bi mila eta biko irailaren hogeita seian._Nafarroako Administrazio Auzitegiko burua, Roberto Rubio Torrano.

Jakinarazpen ediktua

Ezinezkoa izan da Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59.1 eta 2 artikuluek agintzen duten jakinarazpena egitea. Beraz, ediktu hau argitaratuz betetzen da lege horrek 59.5 artikuluan xedatzen duena, Auzitegi honek 2002ko uztailaren 12an emandako 2694 zenbakiko Ebazpena errekurtsogileari jakinarazteko. Ebazpen horrek 02-1980 zenbakiko gora jotzeko errekurtsoa ebatzi du; errekurtsoa, berriz, Carmen Casado Munárriz andreak jarri zuen, tiket edo egoiliar-txartel baliodunik gabe aparkatzeagatik zehapena ezartzeko Iruñeko Udaleko Herritarren Babesaren arloko zinegotzi eskuordeak 2002ko martxoaren 15ean eman zuen ebazpenaren aurka (980950/01 zenbakiko udal espedientea). Hona Auzitegi honen ebazpenaren testua, hitzez hitz kopiatuta:

"2694 zenbakiko Ebazpena.

Mahaiburua: Roberto Rubio Torrano jauna.

Mahaikideak: Javier Repáraz Martínez de Azagra jauna eta Gabriel Casajús Gavari jauna.

Iruñean, bi mila eta biko uztailaren hamabian.

Nafarroako Administrazio Auzitegiko Lehen Atalak, alboan adierazi diren mahaikideek osaturik, 02-1980 zenbakiko gora jotzeko errekurtsoko espedientea aztertu du. Carmen Casado Munárriz andreak jarri zuen, tiket edo egoiliar-txartel baliodunik gabe aparkatzeagatik zehapena ezartzeko Iruñeko Udaleko Herritarren Babesaren arloko zinegotzi eskuordeak 2002ko martxoaren 15ean eman zuen ebazpenaren aurka (980950/01 zenbakiko udal espedientea).

Egitezko aurrekariak:

1. Gora jotzeko errekurtso hau Iruñeko Udaleko Herritarren Babesaren arloko zinegotzi eskuordeak ezarritako isun baten aurka jarri da (Iruñeko Alkatetzak zehatzeko ahalmena eskuordetu baitzion, 1999ko abuztuaren 20ko 104 zenbakiko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen ebazpenaren bitartez). Isun hori zirkulazioko arau-hauste batengatik ezarri zen, alegia, eremu urdinean (Orreaga etorbidea, 11) ibilgailua tiketik eta egoiliar-txartel baliodunik gabe aparkatzeagatik. Interesatuak beraren iritziz aplikatu behar diren oinarri juridikoak azaldu ditu, eta azkenik, zehapena deuseztatzeko eskatu du.

2. Iruñeko Udalak bere jarduketaren aurrekariak biltzen dituen espedientea bidali dio Auzitegi honi.

Zuzenbideko oinarriak:

Bakarra._Lehendabizi aztertu behar da ea kasu honetan egiaztaturik ote dagoen toki erakundeen egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izateko antolamendu juridikoak ezarritako formazko betekizunak bete direla. Horrela ez balitz ezin genuke aztertu arazoaren muina.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 337.1 artikuluan xedaturik dagoenez, aurkatu nahi den egintza jakinarazten edo argitaratzen den egunaren ondorengo hilabetean aurkeztu behar da gora jotzeko errekurtsoa, egintza berariazkoa bada. Aurreko manuarekin bat etorriz, maiatzaren 24ko 173/1999 Foru Dekretuak, Nafarroako toki erakundeen egintzak eta erabakiak aurkatzeko Erregelamenduaren II. Kapituluari idazkera berria eman dionak, 22. artikuluan hauxe dio: "ebazpenean gora jotzeko errekurtsoa onartezina dela adieraziko da kasu hauetan: (...) e) Errekurtsoa jartzeko epea bukatuta dagoenean".

Kasu honetan, ebazpen zehatzailea 2002ko martxoaren 22an jakinarazi zen. Víctor Casado jaunak, errekurtsogilearen aitak, jaso zuen jakinarazpena. Gora jotzeko errekurtsoa, berriz, 2002ko apirilaren 25ean aurkeztu zen. Garbi dago, beraz, ekintzarako epea iraungi zela, eta horregatik bidezkoa da errekurtsoa onartezina dela adieraztea.

Azaldutako guztiagatik, Auzitegiak ondokoa

Ebatzi du: Ez da onargarria eta ez dugu onartu gora jotzeko errekurtso hau, zirkulazioko arau-hauste batengatik Iruñeko Herritarren Babesaren arloko zinegotzi eskuordeak ezarritako zehapenaren aurka jarritakoa.

Beraz, hau da gure ebazpena eta hori adierazi, agindu eta sinatu dugu. Roberto Rubio. Javier Repáraz. Gabriel Casajús. Ziurtatu dut._María Carmen Lorente, idazkaria."

Ebazpen horren kontra errekurtsoa jartzen ahal da Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietarako Sailean, jakinarazpena egin den egunaren biharamunetik zenbatuko den bi hilabeteko epean.

Iruñean, bi mila eta biko irailaren hogeita seian._Nafarroako Administrazio Auzitegiko burua, Roberto Rubio Torrano.

Jakinarazpen ediktua

Ezinezkoa izan da Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59.1 eta 2 artikuluek agintzen duten jakinarazpena egitea. Beraz, ediktu hau argitaratuz betetzen da lege horrek 59.5 artikuluan xedatzen duena, Auzitegi honek 2002ko uztailaren 12an emandako 2697 zenbakiko Ebazpena errekurtsogileari jakinarazteko. Ebazpen horrek 02-2000 zenbakiko gora jotzeko errekurtsoa ebatzi du; errekurtsoa, berriz, Angel María Tellechea Arregui jaunak jarri zuen, Atarrabiako Udaleko Alkatetzak 2002ko apirilaren 16an emandako ebazpen baten aurka, horren bitartez ezetsi egin baitzen birjarpenezko errekurtso bat, debekatutako geldialdi edo aparkaldia egiteagatik isuna ezartzeko Alkatetzak berak 2002ko martxoaren 13an emandako ebazpenaren aurkakoa (66/02 zenbakiko udal espedientea). Hona Auzitegi honen ebazpenaren testua, hitzez hitz kopiatuta:

"2697 zenbakiko Ebazpena.

Mahaiburua: Roberto Rubio Torrano jauna.

Mahaikideak: Javier Repáraz Martínez de Azagra jauna eta Gabriel Casajús Gavari jauna.

Iruñean, bi mila eta biko uztailaren hamabian.

Nafarroako Administrazio Auzitegiko Lehen Atalak, alboan adierazi diren mahaikideek osaturik, 02-2000 zenbakiko gora jotzeko errekurtsoko espedientea aztertu du. Angel María Tellechea Arregui jaunak jarri du errekurtso hori, Atarrabiako Udaleko Alkatetzak 2002ko apirilaren 16an emandako ebazpen baten aurka, horren bitartez ezetsi egin baitzen birjarpenezko errekurtso bat, debekatutako geldialdi edo aparkaldia egiteagatik isuna ezartzeko Alkatetzak berak 2002ko martxoaren 13an emandako ebazpenaren aurkakoa (66/02 zenbakiko udal espedientea).

Egitezko aurrekariak:

1. Gora jotzeko errekurtso hau Atarrabiako Udaleko Alkatetzak emandako ebazpen baten aurka aurkeztu da, horren bitartez ezetsi egin baitzen birjarpenezko errekurtso bat, Alkatetzak berak ezarritako isunaren aurkakoa. Isun hori zirkulazioko arauak hausteagatik ezarri zen, alegia, ibilgailua bigarren ilaran aparkatzeagatik, gidaririk gabe, zirkulazioko erreian traba egiten zuela (Las Eras, z/g), antolamendu juridikoa urratuz. Interesatuak, beraren ustez aplikatu behar diren oinarri juridikoak azaldu eta gero, ebazpena deuseztatzeko eskatu du.

2. Atarrabiako Udalak bere jarduketaren aurrekariak biltzen dituen espedientea bidali dio Auzitegi honi.

Zuzenbideko oinarriak:

Lehenengoa._Udaltzaingoak salatu zituen gertaerak erabat egiaztatu dira espedientean. Izan ere, Trafiko, Motordun Ibilgailuen Zirkulazio eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen 76. artikuluan xedaturik dagoenez, agintaritzaren agenteen salaketek, kontrako frogarik ez dagoenean, salatutako gertaeren fede ematen dute. Salaketa egin zuen funtzionarioak datu adierazgarri ugari aurkeztu du (gertaerak, tokia, eguna, ordua, ibilgailuaren matrikula, marka, modeloa eta kolorea, hautsitako manu juridikoa...). Funtzionarioak salaketako xehetasun guztiak berretsi ditu, gainera, interesatuak bere alegazioak aurkeztu ondoren ere. Orain ere, errekurtsoaren fasean, ez da aurkako frogarik aurkeztu, eta, horrenbestez, ez da ustezko egiazkotasuna gezurtatu. Argi dago, beraz, arau-haustea zehapen-espedientean ageri den moduan gertatu zela.

Bigarrena._Trafiko, Motordun Ibilgailuen Zirkulazio eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen 65.4 artikuluan xedaturik dagoenez, arau-hauste larria da "...leku arriskutsuetan edo trafikoari oztopo larriak sortzen zaizkion lekuetan ibilgailua geldirik edo aparkaturik edukitzea...". Hori dela eta, urtarrilaren 17ko 13/1992 Errege Dekretuaren 91. artikuluan, bide publikoan geldirik edo aparkaturik dauden ibilgailuek arriskua edota zirkulaziorako oztopo larriak sortzen dituzten kasuen zerrenda dago. Oraingoan kasu horietako bat salatu da, xedapen horretako 2.h) idatz-zatian azaltzen dena, hain zuzen ere.

Arau-hauste larriak egiteagatik gehienez 50.000 pezetako (300,51 euro) isuna jartzen ahal da, lege horretako 67.1 artikuluari jarraituz, eta oraingoan ezarri den zehapenaren zenbatekoa horrelako arau-hausteei dagokien gutxienekoa da ia-ia.

Bestalde, espedientea aztertuta, ondoriozta dezakegu Legeak eskatzen dituen formazko betekizun guztiak bete direla, eta ez dela modu horretako akatsik aurkitu, egintza deuseza dela determinatzeko, hain zuzen ere bere xedea lortzeko formazko betekizunak bete ez dituelako edo indefentsioa sortzen duelako, Guztiendako Administrazio Prozedura arautzen duen Legeko 63.2 artikuluan ezarritakoari jarraituz (horri buruzkoa da Auzitegi Gorenaren 1999ko uztailaren 9ko epaia, R. Ar. 1999/6914). Errekurtsogileari aukera eman zaio ibilgailuko gidaria identifikatzeko eta bere aldeko alegazioak aurkezteko, Bide Segurtasunari buruzko Legeko 72, 77 eta 79. artikuluetan ezarritakoa betez (jaso ere, interesatuak jaso zuen salaketa, haren aurkako alegazioak egin baitzituen 2002ko urtarrilaren 25ean; horrenbestez, prozeduran entzuna izateko aukera eta bere burua defendatzeko era izan du, eta ez da beharrezkoa izan ebazpen-proposamena berari jakinaraztea, errekurtsogileak kontrakoa esan arren, eta kontuan izanik zirkulazioaren arloko zehapen-prozedurari buruzko Erregelamenduko 13.2 artikuluaren gaurko testua, otsailaren 4ko 137/2000 Errege Dekretuak aldarazia), eta aukera izan du, halaber, uneoro zehapen espedientea eskura izateko, Prozedurari buruzko Legeko 35.a) artikuluari jarraituz, eta, horrenbestez, hura aztertu eta hartan dauden agirien kopiak egiteko; hain zuzen ere, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 32. artikuluak ematen du horretarako eskubidea, bai pertsonalki eta bai ordezkari baten bitartez, interesatuari, edozein arrazoi dela-eta, ezinezkoa bazaio Administrazioaren egoitzetara joatea horretarako. Bidezkoa da, beraz, errekurtso hau ezestea.

Azaldutako guztiagatik, Auzitegiak ondokoa

Ebatzi du: Ezetsi beharrekoa da eta ezetsi egin dugu aurrean azaldutako gora jotzeko errekurtsoa, Atarrabiako Alkatetzaren ebazpen baten aurka jarri dena, ebazpen horrek ezetsi egin baitzuen Alkatetzak berak zirkulazioko arau-hauste batengatik ezarritako isunaren aurkako birjarpenezko errekurtsoa; ebazpen hori berretsi beharrekoa da eta berretsi egin dugu, Zuzenbidearekin bat datorrelako.

Beraz, hau da gure ebazpena eta hori adierazi, agindu eta sinatu dugu. Roberto Rubio. Javier Repáraz. Gabriel Casajús. Ziurtatu dut._María Carmen Lorente, idazkaria."

Ebazpen horren kontra errekurtsoa jartzen ahal da Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietarako Sailean, jakinarazpena egin den egunaren biharamunetik zenbatuko den bi hilabeteko epean.

Iruñean, bi mila eta biko irailaren hogeita seian._Nafarroako Administrazio Auzitegiko burua, Roberto Rubio Torrano. __ __ A0210514 __

Iragarkiaren kodea: