III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
E L O
Hilerriko zerbitzua eta hileta zerbitzuen tasak arautzen dituen ordenantza fiskala
Eloko Udalak, 2002ko uztailaren 23an egin osoko bilkuran, aho batez erabaki zuen hasiera batez onestea ordenantza hau:
HILERRIKO ZERBITZUA ETA HILETA ZERBITZUEN TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKALA
Hilerriaren funtzionamendu arauak
1. artikulua. Udala arduratzen da Eloko hilerrian gorpuak lurperatzeaz eta hobitik ateratzeaz. Horretarako, enpresa espezializatu baten zerbitzuak kontratatuko ditu.
Panteoiak ez diren hobi eta nitxoetan, tradiziozko lurperatze ordenari jarraituko zaio.
2. art. Hobi edo nitxo bakoitzean hilarri edo gurutze bakarra ezarri ahalko da eta bertako idazkuneko datuek hobi edo nitxo horretan lurperatuta dagoenarenak izan beharko dute. Debeku da lurrean oinarritzen diren gurutze eta hilarriak barneko paretei atxikitzea.
3. art. Lurperatze bat egiterakoan, aurreko lurperatze bati dagokion hilarri edo gurutzea baldin badago udal zerbitzuek kendu eginen dute.
4. art. Familiakoek edo jabeek bi hilabeteko epea izanen dute, gehienez ere, hobietatik kendutako hilarriak hilerritik eramateko. Horrela egin ezean, Udalaren esku geldituko dira.
5. art. Hilobien gainean harlauzak ezarri nahi badira, Udalari baimena eskatu beharko zaio. Neurriak 170x75x40 zentimetrokoak izanen dira gehienez ere, eta hormatik 10 zentimetroko tartea utzi beharko da. Jabeek harlauza horiek kendu beharko dituzte, hilobi horren aurreko hirugarren hilobian lurperatzerik egiten bada. Bestela, Udalak kenduko ditu, betiere gastuak jabeei igorriz.
6. art. Gorpuzkiak gutxienez ere 15 urtez egonen dira hilobi eta nitxoetan. Hilobiak segur, xahu eta apain atxikitzea titularren betebeharra da.
Kontserbazio egoera behar bezalakoa ez bada, Alkatetzak errekerimendua eginen die interesatuei, 30 eguneko epean egin behar diren obrei ekin diezaieten. Hala egiten ez badute, ehorzketak egiten ez uzteko arrazoi aski izanen da.
7. art. Udalak kontratatutako enpresak ehortziko ditu gorpuak, bai eta hobitik aterako ere.
8. art. Ehorzketa bakoitzeko, Udalak kasuan kasuko ekitaldi ekonomikorako ezarritako tasa ordainduko da.
Oinarria
9. art. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen Lehenengo Tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoaren arabera eta lege bereko 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.
Zergagaia
10. art. Hilerriko berariazko zerbitzuak ematea, horra zergagaia.
Subjektu pasiboa
11. art. Zerbitzua eskatzen duen pertsona fisikoa edo juridikoa, horra subjektu pasiboa.
Zerga oinarria
12. art. Zerga oinarria zergagaiaren arabera finkatuko da, eta zergagaiak Ordenantza honen ondorioetarako honako hauek izanen dira:
-Ehorzketak, lurrean.
-Ehorzketak, nitxoan.
-Hobitik ateratzeak.
Tarifen aplikazioa
13. art. Udalak, eskaeren ordenari jarraituz, hilobien kontzesioa emanen du, interesatuek halaxe eskatzen badute.
14. art. Zerbitzuei dagozkien tasak zerbitzuak eman eta hurrengo hamabost egunen barrenean ordainduko dira.
Tarifak
15. art. Honako hauek dira aplikatuko diren tarifak:
Ehorzketak, lurrean. Erroldatuak: 175 euro.
Ehorzketak, lurrean. Erroldatu gabeak: 205 euro.
Ehorzketak, nitxoan. Erroldatuak: 126 euro.
Ehorzketak, nitxoan. Erroldatu gabeak: 156 euro.
Hobitik ateratzeak. Erroldatuak: 106 euro.
Hobitik ateratzeak. Erroldatu gabeak: 136 euro.
AZKEN XEDAPENAK
Lehena.-Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan, ordezko gisa aplikatuko dira Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta Hilotzen gaineko Osasun Erregelamendua.
Bigarrena.-Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko, haren testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoan.
Elon, bi mila eta biko abuztuaren hamalauan. Alkate udalburua, María Lourdes Oroz Sarasate.
Iragarkiaren kodea: A0211066