138. ALDIZKARIA - 2002ko azaroaren 15a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

P U I U

Hirilurren balio igoeraren gaineko zerga arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Puiuko Udalak, 2002ko apirilaren 12ko osoko bilkura arruntean eta legezko gehiengoa izanik, Hirilurren balio igoeraren gaineko zerga arautzen duen ordenantza onetsi zuen hasiera batez.

Jendaurreko epean erreklamaziorik aurkeztu ez denez, behin betikoz onetsitzat jo eta testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko agindu da.

Puiun, bi mila eta biko urriaren zortzian. El Alcalde, Francisco Gil Guillén.

HIRILURREN BALIO IGOERAREN GAINEKO ZERGA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Oinarria

1. artikulua. Honako ordainarazpen hau ezartzen da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen II. Tituluko VI. Kapituluko 172.etik 178.era bitarteko artikuluetan, biak barne, xedatutakoaren babesean.

Zergagaia

2. art. 1) Zerga honen gaia hiri lursailen balio igoera da, igoera hori agertzen delarik nahiz Lursailen jabetza eskualdatzeagatik, nolanahi ere dela, nahiz jabaria mugatzen duen gozamenduko edozein eskubide erreal eratu edo eskualdatzeagatik.

2) Ondorio horietarako, ondokoak dira hirilurrak:

a) Hirilurzorua eta lurzoru urbanizagarri programatua.

b) Lurzoru urbanizagarri ez programatua, Hirigintzako Jarduketa Programa onesten denetik aitzina.

c) Ibilgailuendako sarbideak dituztenak, bai eta ur hornidura, ur hustuketa nahiz argindar hornidura ere; edo bestela, azalera erdia eraikia dutelako eremu sendotuan daudenak.

d) Nekazaritzari buruzko legearen aurka zatituriko lurrak.

3) Ez da zerga honen menpean egonen lurralde kontribuzioaren gaietarako landalurtzat jotzen diren lursailek izan duten balio gehikuntza.

Salbuespenak

3. art. Honako egintzengatik agertzen diren balio igoerak zerga honetatik salbuetsirik egonen dira:

a) Ezkontideek ezkontza unitatera ekartzen dituzten ondasun eta eskubideak, haien alde eta haiek ordaintzeko egiten diren esleipenak eta beren amankomuneko ondasunengatik ezkontideei egiten zaizkien eskualdatzeak.

b) Herentziaz, ordeinuz, ezkonsariz, emaitzaz edo, dohainik dela, beste edonola egiten diren edozein ondasunen eskualdatzea, aurrekoen, ondorengoen eta ezkontideen artean egiten bada.

Hala ere, esan diren negozio juridiko horiek egiten direnean, ez dute etenen Ordenantza honen 6. artikuluan xedatzen den hogei urteko epea.

c) Ezkontideen arteko edo haiengandik seme-alabenganako ondasun eskualdatzeak, baldin ezkontza baliogabetze, banantze edo dibortzio kasuetako epaia betetzeagatik bada.

d) Morrontza eskubide edozertarikoak eratu eta eskualdatzea.

4. art. Halaber, zerga honetatik salbuetsirik daude balio igoerak, zerga hori ordaintzeko eginbidea honakoei egokitzen zaienean:

a) Nafarroako Foru Komunitateari, Estatuari, autonomi erkidegoei, eta bai haien guztien erakunde autonomo izaera administratibokoei ere

b) Puiuko Udalari eta udal horrek osagai dituen edo osagai den beste toki entitateei eta haien erakunde autonomo izaera administratibokoei

c) Ongintzazko edo ongintza-irakaskuntzazkotzat kalifikatzen diren erakundeei.

d) Egungo legeek agindu bezala eraturiko Gizarte Segurantzaren eta mutualitate nahiz bahituretxeen entitate kudeatzaileei

e) Nazioarteko hitzarmen edo itunetan salbuespena aitortu zaien pertsona edo entitateei.

f) Haiei atxikitako lursailen alderako itzulkizun diren kontzesio administratiboen titularrei.

g) Espainiako Gurutze Gorriari.

Subjektu pasiboak

5. art. Honakoak dira zergaren subjektu pasiboak zergadun gisa:

a) Lursail eskualdatzeetan edo irabazi asmoz jabaria mugatzen duten gozatze eskubide errealak eratu edo trasmititzean, lursailaren eroslea, edo kasuko eskubide erreala eratu edo eskualdatu egiten zaion pertsona.

b) Lursail eskualdatzeetan edo ordaindu beharrez jabaria mugatzen duten gozatze eskubide errealak eratu edo trasmititzean, Lursailaren trasmititzaileak edo kasuko eskubide erreala eratu edo eskualdatu egiten duen pertsona. Hala ere, erosleak zergadunaren ordezkoak eginen ditu, non eta erosle hori ez den subjektu salbuespena duten pertsona edo erakundeetakoa.

Erosleak zergadunaren ordezkoak egiten baditu, aurreko lerroaldean xedatu bezala, zilegi izanen du betiere kargaren zenbatekoa transmititzaileari erreperkutitzea.

Zerga oinarria

6. art. Zerga honen oinarria da hirilurren balio igoera erreala, sortzapenaren unean agertzera emana eta gehienez hogei urteko epean izandakoa.

7. art. Lur eskualdaketetan, lurrek sortzapenaren unean izaten duten balioa, une horretan Hirilurraren gaineko Kontribuzioaren ondorioetarako finkaturik dutena izanen da.

Hirilurren balioaren igoera erreala zenbatekoa den zehazteko, ondoko adierazpen matematikoa aplikatuko da:

ZO= KB * U * %X, elementuak ondokoak baitira:

ZO = Zerga oinarria edota lurren balioaren igoera erreala.

KB = Lurraren balioa, katastroan.

U = Urte kopurua, balioaren igoera zenbat urtetan zehar gertatu den.

% X = Portzentajea, lurraren balio igoera zenbat denboran sortu den, haren arabera finkatutakoa, ondoko taula erabiliz aterako baita:

Balio igoera zenbat denboran sortu den:

1etik 5 urte bitarte 10 urte bitarte 15 urte bitarte 20 urte bitarte

3% 3% 3% 3%

8. art. Jabaria mugatzen duten gozamenduko eskubide errealen eraketa eta eskualdaketan, balioaren gehikuntza zein epetan gertatu den Udalak haren arabera kalkulatzen duen portzentajea finkoa, balio-zatiaren gainean aplikatuko da eta, horri dagokionean, balio hori Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren ondorioetarako finkatu diren arauak aplikatuz kalkulatzen den eskubide horien balioa izanen da.

9. art. Eraikin edo lur baten gainean solairu bat edo gehiago goratzeko eskubidearen edo azalerako eskubide erreala izan gabe lurpean eraikitzeko eskubidearen eraketan edo eskualdaketan, balioaren igoera zein epetan gertatu den Udalak haren arabera finkatzen duen portzentajea, balioaren zatiaren gainean aplikatuko da eta, horri dagokionean, balio hori aterako da eskualdaketa eskrituran finkatzen den proportziotasun-modulutik edo, hori ez badago, hegalkin edo zorupean eraikiko diren solairuen azalera edo bolumenaren, eta behin horiek eraiki ondoren, eraikitako azalera edo bolumen osoaren arteko proportzioa ezarri ondoren aterako denetik.

10. art. Nahitaezko desjabetzapenak daudenean, balioaren igoera zein epetan gertatu den Udalak haren arabera finkatzen duen portzentajea lurraren balioari dagokion prezio-justuaren zatiaren gainean aplikatuko da.

Kuota

11. art. Zerga honen kuota lortzeko, zerga oinarriari ehuneko 10eko karga-tasa aplikatuko zaio denbora tarte guztietarako.

Sortzapena

12. art. Zerga sortzen da:

a) Lurraren jabetza eskualdatzen denean, kostubidez edo dohainik, bizien artean edo heriotzagatik, eskualdatzen den egunean berean.

b) Jabaria mugatzen duen gozamenduko eskubide errealen bat eratu edo eskualdatzen denean, eraketa edo eskualdaketa ematen den egun berean.

Epaitegiek edo administrazioak emandako ebazpen irmoaren bidez deklaratu edo onartzen denean lurraren eskualdaketaren edo horren gaineko gozamenduaren eskubide errealaren eskualdaketa zehazten duen egintza edo kontratua deuseztatu, eten edo ebatzi dela, subjektu pasiboak eskubidea izanen du ordaindutako zerga itzul diezaioten, betiere egintza edo kontratu horrek irabazirik sortu ez badio eta itzulketa, ebazpena irmo bihurtu eta bost urteko epean, egin diezaiotela eskatzen badu; irabazi-ondorioak izan direla usteko da, interesdunek elkarri itzulketak egin behar dizkiotela egiaztatzen ez denean. Itzulketa horiek Nafarroako Foru Berriko 506. Legeak eta horiekin bat datozenek eta Kode Zibileko 1295. artikuluak aipatzen dituzte. Egintzak edo kontratuak irabazirik sortu ez badute ere, etetea edo ebazpena deklaratzen bada subjektu pasiboak zergarekiko dituen betebeharrak bete ez dituelako, ez da ezer itzuliko

Kontratua indarrik gabe gelditzen bada kontratu-emaile biek adostasun osoz hala erabaki dutelako, ordaindutako zergarik ez da itzuliko eta zergaren menpeko egintza berritzat hartuko da. Elkarren arteko erabakitzat hartuko da adostasuneko adiskidetze egintza eta eskaria bera onartzea.

Baldintzaren bat tartean daukaten egintza edo kontratuetan, horren kalifikazioa Nafarroako Foru Berriko aginduek emanen dute. Baldintza hori esekitzekoa bada, baldintza hori bete arte zenbatekoa ez da likidatuko. Baldintza hori iraungitzailea bada, zerga eskatuko da, baldintza hori betetzen denean, behar den itzulketa egin behar bada ere, aurreko lerroaldeko erregelari jarraikiz.

Zergaren kudeaketa

13. art. Zergadunak edo, hala balitz, haien legezko ordezkoak, beharturik daude aitorpena Udalaren kudeaketa bulegoan aurkeztera, hartan ematen duten eredua betez; aitorpen horretan agertuko dira bidezko likidazioa egiteko tributu-harremanerako elementu nahitaezkoak.

Aitorpen hori aurkeztuko da, zerga sortzen denetik hasita ondoko epe hauetan:

a) Bizidunen arteko egintzak direnean, epea bi hilabetekoa izanen da.

b) Heriotzaren ondoriozko egintzak direnean, epea sei hilabetekoa izanen da eta urtebetekoa, subjektu pasiboak hala eskatzen badu

Aitorpenari agiri bat erantsiko zaio, non ezarraldia sortzen duten egintza edo kontratuak agertuko diren, bai eta subjektu pasiboak onuradun den aldetik eskatzen dituen salbuespenen egiaztagiri guztiak ere.

14. art. Udal Administrazioak eskatzen ahal dizkie interesdunei behar diren datu, argibide, aurrerakin eta frogagiriak, zerga likidatzeko.

15. art. 13. artikuluan xedatutakoa galarazi gabe, halaber beharturik daude subjektu pasiboek dituzten epe eta era berberetan Udalari aditzera ematera zergagaiaren gauzatzea zein izan den, lurren trasmititzaileak edo jabaria mugatzen duten gozamenduko eskubide errealen eratzaile edo trasmititzaileak, betiere irabazi asmoz eta bizien arteko negozio juridikoaren ondorioz eman badira.

16. art. Halaber, Notarioak beharturik egonen dira Puiuko Udalari igortzera, hiruhileko bakoitzaren lehen hamabostaldian, aurreko hiruhilekoan baimendu dituzten agiri guztien zerrenda edo aurkibidea, zerga honen zergagaia gauzatu dela agerian uzten duten gertakari, egintza edo negozio juridikoei buruzkoak, azken borondatezko egintzak izan ezik.

Halaber, beharturik egonen dira, epe berean, sinadura ezagutu edo legitimatzeko aurkeztu zaizkien agiri pribatuen zerrenda, gertakari, egintza edo negozio juridiko berberek osatutakoa, igortzera.

Artikulu honetan aurreikusitakoak ez du galarazten lege orokor eta tributuzkoetan ezarritako betebehar orokorra.

17. art. Arau-hauste nahiz zehapenei dagokienez, Ordenantza fiskal orokorrean xedatutakoari eginen zaio men.

Iragarkiaren kodea: A0211020