138. ALDIZKARIA - 2002ko azaroaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

FORU AGINDUA, 2002ko azaroaren 4koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, Jatorri eta Osasuneko Gidak egiteko sistema berri bat ezartzen duena, abereen joan-etorriak babestearren.

Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legeak abeltegi batetik bestera edo hiltegietara eramaten diren abereek bete behar dituzten osasun baldintzak ezarri zituen. 19. artikuluak xedatzen duenez, abereak edozein garraiobidez eraman-ekartzeko Jatorri eta Osasuneko Gida eskuratu beharko da. Gida hori Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko albaitaritza-zerbitzu ofizialek edo hark gaiturikoek eginen dute.

Jatorri eta Osasuneko Gidak egiaztatzen du aziendak abereak garraiatzeko osasunari buruz indarra duen arautegia betetzen duela eta abiaburuko eskualdean ez dela epizootiarik atzeman, askatasunez eraman-ekartzea eragozten dionik.

Informatikako sistemak garatzean, teknologia telematiko berriek aukera gehiago eskaintzen dituztenez, eta abereak eta abeltegiak identifikatu eta haien osasuna zehazteko programa berrien segurtasuna eta lastertasuna dela-eta, posible da baliabide moderno horiek Jatorri eta Ogasuneko Gidak arinago egiteko erabiltzea.

Sistema berriarekin lortu nahi da Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren arlokako bulego guztietan eskatu ahal daitezela Gidak, eskatzaileari emateko, eskualdekako bulego bateko edo Iruñeko bulego nagusiko albaitari batek baimen informatikoa eman ondoren. Horrela posible izanen da osasun agiri horiek Departamentuak Nafarroa osoan dauzkan hogeita hamar baino gehiago bulegoetan eta funtzionarioen lanaldi osoan banatzea.

Komeni da, beraz, eskabideak arautzen dituzten xedapen teknikoak ematea eta Jatorri eta Osasuneko Gidak banatzea, ofizialtasuna eta isilpeko argibideak berme direla, agiri horiek behar duten bezala.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeko 36.2.b) artikuluak eman dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru Agindu honen xedea da Jatorri eta Osasuneko Gidak SIMOGAN errolda sistema informatizatuaren bidez eskatu eta, bidezko denean, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamenturen eskualdekako edo arlokako bulegoetan eman ahal izateko arauak ezartzea, joan-etorriaren xede den espeziearen arabera abereak identifikatu eta erregistratzeko behar diren bestelako agiriak ukatu gabe.

2. artikulua. Abereen Jatorri eta Osasuneko Gidaren eskaera.

1. Abeltegi baten titularrak, haren legezko ordezkariak edo behar bezala kreditaturiko pertsona batek Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren eskualdekako edo arlokako edozein bulegotan eskatzen ahalko du Jatorri eta Osasuneko Gida, bulego hori zuzenean SIMOGANen informatikako sistemari loturik badago.

2. Eskaera behar bezala harturik, Administrazioko langileek abiaburua eta helmuga adierazteko behar diren datuen idazketa informatikoa eginen dute, baita joan-etorriaren xede diren abereen espeziea eta haren ezaugarriak ere.

3. artikulua. Jatorri eta Osasuneko Gidaren baimena.

1. Abeltzaintza Zerbitzuko albaitariek edo Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak gaituriko albaitariek baimenduko dute eskaturiko gida, hori ez egiteko legezko arrazoirik ez badago. Ahal badute, abereen abiaburuko abeltegia dagoeneko eskualdeko bulegoari atxikiriko albaitariek baimenduko dituzte abereen joan-etorriak, urrutiko informatikako sistema baten bidez. Horretarako albaitariek beren izenpea emanen dute, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko informatikako zerbitzuek eskaneatuko dutena.

2. Betiere, eskualdeko albaitariak lanean ez badaude, Iruñeko bulegoei atxikiriko albaitariek ikusaraziko dituzte eskaturiko gida guztiak eta, hala bada, baimena emanen diete.

3. Aplikazio informatikoak irazkiak eta joan-etorriak baimentzeko onespenak izanen ditu edo, bestela, baimen hori ukatzekoak eta, beraz, ez dute Gida onartuko indarra duten arauekin bat ez datozen osasun kalifikazioen ondoriozko murrizketak daudenean.

4. SIMOGANen murrizketarik ez dagoenean, baimena prozedura informatiko baten bidez emanen da, abeltegien jatorria eta helburuak eta abereak garraiatzeko bereizgarriak eta erregistroa egiaztatu ondoren.

4. artikulua. Jatorri eta Osasuneko Gidak eman eta aurkezteko arauak.

1. Albaitariak baimena ematearekin batera, non eskatu zen, bertako eskualdeko edo arloko bulegoan berehalaxe emanen da Jatorri edo Osasuneko Gida. Jatorri eta Osasuneko Gidan gida baimendu zuen albaitariaren bereizgarriak, izen-deiturak eta izenpe digitalizatua agertuko dira.

2. Jatorri eta Osasuneko Gida baimenduna eskatu zeneko bulegoko informatikako ekipoan irarririk gordeko da. Jatorri eta Osasuneko Gidak lau ale izanen ditu, berdin-berdinak. Ale bat eskatu zen eta abeltzainari eman zitzaioneko eskualdeko bulegoko artxiboan gordeko da. Beste hiru aleak abeltzainari emanen zaizkio:

-Bat abiaburuko abeltegiko erregistroko liburuan artxibatu dezan.

-Bi ale kamioilariak eramanen ditu bere ibilbidean. Bata helmugan aurkeztu beharko du eta bestea gorde eginen du, garraioko erregistroko agiritako balio dezan.

5. artikulua. Jatorri eta Osasuneko Giden legezko balioa.

1. Ematen dituen funtzionarioak izenpetu eta kolorezko tintaz zigilatuko ditu Jatorri eta Osasuneko Giden ale guztiak. Haren bereizgarriak ere agertuko dira agiri horretan.

2. Jatorri eta Osasuneko Gidek legezko balioa izanen dute Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko eskualdekako edo arlokako bulegoetako funtzionarioek behar bezala bete, zigilatu eta izenpetzen dituztenean.

6. artikulua. Abereen Jatorri eta Osasuneko Gidak eskatu eta emateko ordutegia.

Gidak eskualdekako eta arlokako bulegoak jendearendako irekita dauden orduetan eskatzen ahalko dira.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusiak, horretarako emanen duen Ebazpenaren bidez, baimentzen ahalko du Jatorri eta Osasuneko Gidak toki entitateen bulegoetan eskatu eta eman ahal daitezela, zailtasun geografikoengatik bidezko deritzen herri edo tokietan. Eskuordetza horretarako, bulego horiek funtzionario baimendunak eta informatikako ekipo egokiak eduki beharko dituzte.

AZKEN XEDAPENA

Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta biko azaroaren lauan.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: A0211896