I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak
1518/2002 FORU AGINDUA, urriaren 4koa, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana, 1999ko haizeteen ondorioz kaltetuak izan ziren toki entitateendako laguntzen beste deialdi berezi bat ezartzen duena.
Uztailaren 19ko 860/2001 Foru Aginduaren bitartez, 1999ko haizeteen ondorioz kaltetuak izan ziren toki entitateendako laguntza araubide berezi bat ezarri zen, egurraren merkatuan gertaturiko gorabeherek zenbait toki entitateren ekonomian izan dezaketen eragin negatiboa gutxitzeko asmoz.
Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak txosten batean adierazten du, egurraren merkatuko eragin negatiboek dirautelakoz, laguntzen beste deialdi bat ezarri beharra dagoela. Hori ikusirik,
AGINDU DUT:
1. 1999ko haizeteen ondorioz kaltetuak izan ziren toki entitateendako laguntzen beste deialdi berezi bat ezartzea.
2. Laguntza horiek finantzatzeko gastua, 90.000 euro, 2003ko Gastuen Aurrekontuko "Haizeteen ondoriozko kalteetarako laguntza bereziak" kontusailetik egin dadila agintzea.
3. Foru Agindu honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aitzina, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan xedaturikoarekin bat.
4. Luzapen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Foru Komunitateko egunkarietan argitaratzea.
Iruñean, bi mila eta biko urriaren lauan.-Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, Jesús Javier Marcotegui Ros.
1999KO HAIZETEEN ONDORIOZ KALTETUAK IZAN ZIREN TOKI ENTITATEENDAKO LAGUNTZEN DEIALDIAREN OINARRIAK
Lehenbizikoa.-Xedea.
Deialdiaren xedea hauxe da: 1999. urtearen amaieran Frantzian izandako haizeteen ondorioz, egurra saldu gabe gelditu ziren edo merkeago saldu behar izan zuten toki entitate guztiendako dirulaguntzen beste araubide bat ezartzea.
Bigarrena.-Onuradunak.
Luzapen honetan aurreikusitako dirulaguntzen onuradunak honako hauek izan daitezke: baso-lurren titularra izanik eta haien aprobetxamendua egiteko enkante publikoa eginik, aprobetxamendu hori eman gabe utzi edo % 10eko eta % 20ko beherapena egin ondoren saldu duten Nafarroako toki entitateak.
Hirugarrena.-Dirulaguntzen zenbatekoa eta iraupena.
Laguntzak eman aurretik finkatuko da zenbat diru banatuko den. Urteko 240 euro emanen dira mailegaturiko 6.010 euroko kapital bakoitzeko, betiere mailegu horren finantza kostua aipatu kopurua baino handiagoa baldin bada. Dirulaguntza kalkulatzeko aintzat hartuko den gehieneko kapitala tasazio ofizialaren balioaren aldean egurrak galdutako balioaren adinakoa izanen da. Tasazioa, laguntza hauetarako, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak 1999rako finkatutako prezioen arabera eginen da. Tasazio horren balioaren aldean galduriko dirua berdintzeko eskatutako maileguei aipatu diru-kopurua emanen zaie. Laguntzak, kreditua gauzatu eta 2003ko azaroaren 30era bitarteko epeari dagozkion kantitateak oinarritzat harturik emanen dira.
Laugarrena.-Eskaerak eta dokumentazioa.
1. Epea.
Dirulaguntza hauek baliatu nahi dituzten toki entitateek deialdi hau argitara eman eta 2003ko irailaren 1a baino lehen aurkeztu beharko dute eskaera, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren Erregistroan edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 34.4. artikuluan adierazi beste bide bat erabiliz. Eskaerak ebazteko epea bi hilabetekoa izanen da.
2. Eskatzaileek bete beharrekoak:
-Nafarroako toki entitatea izatea.
-Salgai jartzeko baimena duten oihan aprobetxamenduak edukitzea eta haien balorazioa 30.000 eurotik gorakoa izatea.
-Aprobetxamendu horien enkante publikoa egina izatea, eta bertan honelako kasuren bat gertatu izana:
Lizitazio prezioa Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak egindako tasazio ofizialaren araberakoa jarriz egindako enkantea eman gabe geldituta, bigarren enkantean aprobetxamendua % 10 merkeago saldu izana.
Bigarren enkantea eman gabe geldituta, aprobetxamendua % 20 merkeago saldu izana hirugarren enkantean.
Azkeneko enkante hori eman gabe geldituta, aprobetxamendua saldu gabe gelditu izana.
-Egur loteak enkantera atera eta ondotik banku kreditua eskatu izana.
-Kreditua eskatzeko arrazoia oihangintzaren alorreko lanak edo edozein administrazioren laguntzaz hornituriko ekintzak izatea.
3. Onuradunaren beharkizunak:
-Adierazitako betekizun eta baldintza guztiak egiaztatzea, honako agiri hauen bitartez:
Egur enkantearen emaitza islatzen duen toki entitatearen akta.
Eskaturiko kredituaren eta ordaindutako kuoten banku-agiriak.
Kreditua eskatzeko arrazoia oihangintzaren alorreko lanak edo edozein administrazioren laguntzaz hornituriko ekintzak direla adierazten duen ziurtagiria, toki entitateko idazkariak egina.
-Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari adieraztea dirulaguntzaren xede den egurra noiz saltzen den, edo, saldu gabe ere, kreditua noiz kitatzen den.
-Jasotako dirua mendian inbertitzea, egurra saldu izan balitz bezala.
4. Bermerako neurriak. Banaka emanen diren laguntzen zenbatekoak ikusirik eta kontuan harturik onuradunak, kasu guztietan, toki entitateak izanen direla, ez da beharrezkoa bermerako neurririk ezartzea.
Bosgarrena.-Dirulaguntzak ordaintzeko bidea:
Dirulaguntza urtean bi zatitan ordainduko da, aurkeztu beharreko agiriak egiaztatu ondoren. Lehenbiziko zatia kreditua gauzatu eta 2003ko maiatzera bitarteko kuotei dagokie. Bigarren zatia 2003ko maiatzetik azaroaren 30era bitarteko kuotei dagokie.
Dirulaguntza hauek Nafarroako Foru Administrazioak edo beste administrazio publiko batek ematen dituen beste guztiekin bateragarriak dira eta aurrekontuetako kreditu nahikoaren baldintzapean egonen dira.
Seigarrena.-Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka, baita oinarri eta egintzen aurka ere, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
Iragarkiaren kodea: A0210982