138. ALDIZKARIA - 2002ko azaroaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

1568/2002 FORU AGINDUA, urriaren 16koa, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana, Xabierko gazteluaren ingurunea antolatzeko ideia lehiaketarako deialdiaren zazpigarren oinarria aldatu eta proposamenak aurkezteko epea 2002ko abenduaren 20ra arte luzatzen duena.

Nafarroako Gobernuak, 2001eko martxoaren 19an egindako bilkuran, erabaki zuen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari agindu ematea Xabierko gazteluaren ingurunean jarduera helburuak lortzeko ideia lehiaketa publikoa prestatu eta egiteko.

Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak abuztuaren 20an emandako 1187/2002 Foru Aginduaren bidez, Epaimahai bitarteko ideia lehiaketarako deialdia onetsi zen Xabierko gazteluaren ingurunea antolatzeko. Foru Agindu hori 2002ko 107. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen irailaren 4an, eta 3 hilabeteko epea ireki zen ideiak aurkezteko.

Kultura Zuzendaritza Nagusiak lehiaketaren zazpigarren oinarria aldatzea proposatu du, antolamenduko osagaietako baten neurriak eta kokapena zehaztearren, hots, Ikuskizun Aretoari (erabilera anitzeko eraikina) dagozkionak. Bestetik, antzeman da pleguan ez dela behar bezala jaso Gobernuaren erabakian aipatutako helburuetako bat, haren 1.g) puntuan adierazitakoa hain zuzen ere.

Horiek horrela, bidezkoa da Foru Agindu bat ematea 7. oinarria aldatzeko eta ideien aurkezpenerako epea hamabost egunez luzatzeko, horrek bide emanen baitu lehiakideek orain arte egindako lanean behar diren egokitzapenak sar ditzaten.

Horrenbestez, eta Nafarroako Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko ekainaren 16ko 10/1998 Foru Legean xedatutakoari jarraikiz,

AGINDU DUT:

1. Xabierko gazteluaren ingurunea antolatzeko ideia lehiaketaren zazpigarren oinarriko bosgarren lerroaldea aldatzea. Honela esanen du:

-Ikuskizun areto bat egitea pilotalekuen orubean. Aretoak 1.500 lagunendako lekua izanen du, eta eraldatu edo egokitzen ahalko da inguruabar eta erabileren arabera, hau da, eliz ospakizunak, bilkurak, erakusketak edo ikuskizun artistikoak egiten ahalko dira bertan. Leku horren antolakuntza kultur etxe batena bezalakoxea izanen da, kontuan hartuko baita honakook egon behar dutela: eszenatoki bat, 1.500 lagunendako espazio nahikoa, erakusketa eta bilkura aretoak, eta bulegoak.

2. Xabierko gazteluaren ingurunea antolatzeko ideia lehiaketaren zazpigarren oinarrian beste lerroalde bat eranstea ondoko helburua jasotzeko:

-Gazteluaren inguruan gauez multimediako ikuskizun bat, kanpotik ikustekoa, antolatu eta jartzeko behar diren aurreikuspenak kontuan hartzea.

3. Proposamenak aurkezteko epea 2002ko abenduaren 20ra arte luzatzea.

4. Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Nafarroako egunkarietan argitaratzea.

5. Foru Agindu hau igortzea, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Zuzendaritza Nagusira, Herrilan Zuzendaritza Nagusira, Merkataritza eta Turismo Zuzendaritza Nagusira, Kultura Zuzendaritza Nagusira, Xabierko Udalera eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Kontrol Administratiboaren Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta biko urriaren hamaseian.-Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, Jesús Javier Marcotegui Ros.

Iragarkiaren kodea: A0211301