138. ALDIZKARIA - 2002ko azaroaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

DEIALDIA, "Iruña-Altsasu gas naturaleko sareko saihesbidea, Urdiaingo mugapean" izeneko proiektuak ukituriko finka batzuk okupatu aitzineko aktak egiteko.

2002ko abuztuaren 21ean "Iruña-Altsasu gas naturaleko sareko saihesbidea, Urdiaingo mugapean" izeneko instalazio proiektua eta hark ukituriko ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean jarri ziren.

Industriako zuzendari nagusiak, 1653/2002 Ebazpenaren bidez, "Iruña-Altsasu gas naturaleko sareko saihesbidea, Urdiaingo mugapean" izeneko proiektua onetsi, Administrazioaren baimena eman eta hura egiteko baimena eman zuen. Halaber, instalazio horren onura publikoa adierazi zuen. Onura publikoaren adierazpen horrek berekin dakar ukituriko ondasunak presaz okupatu beharra, 1954ko abenduaren 16ko Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legeko 52. eta 53. artikuluek agindu bezala, Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legeko IV. Tituluko 103, 104, 105, 106 eta 107. artikuluekin. Hori dela eta, dei egiten zaie ondasun haien titularrei okupatu aitzineko aktak egiteko.

Horrenbestez, Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legeko 52. artikuluan xedaturikoa betez, dei egiten zaie ukituriko ondasun eta eskubideen titularrei, Iruñeko Udaletxean ager daitezen, okupatu aitzineko aktak egiteko eta, bidezko bada, behin betikoz okupatzekoak ere.

Interesatu guztiek, baita ukituriko ondasunen gainean edozein eskubideren titular direnek ere, ekitaldi horretara agertu beharko dute, edo, bestela, behar bezala baimendutako ordezkaria bidali, titulartasuna frogatzen duten agiriak eta kontribuzioaren azken ordain-agiria aldean dituztela. Halaber, nahi izanez gero, perituak eta notarioa, beren kontura, ekar ditzakete.

Aktak Urdiaingo Herriko Etxean eginen dira, 2002ko azaroaren 27an.

Aktak egiteko hurrenkera interesatu bakoitzari jakinaraziko zaio, banakako zitazio zedularen bitartez.

Titular ezezagunen edo helbide ezezaguneko titularren kasuetan, argitalpen hau Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legeko 59. artikuluko 5. idatz-zatiak agintzen duenerako ere egiten da.

Desjabetzapen espedientean Gas Natural SDG, S.A. enpresa izanen da onuradun.

Iruñean, bi mila eta biko urriaren hogeita zortzian.-Industri Segurtasuneko Zerbitzuko zuzendaria, José Antonio Ayesa Usabiaga.

Iragarkiaren kodea: A0211703