138. ALDIZKARIA - 2002ko azaroaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

226/2002 FORU DEKRETUA, azaroaren 4koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen zerbitzuko langileen plantilla organikoa aldatzen duena zenbait kolektiboren maila igoera bultzatzearren, Administrazioak eta sindikatuek 2002 eta 2003. urteetarako Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen lan baldintzei buruz sinatutako akordioa bete dadin.

Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15. artikuluko 6. atalak ahalmena ematen die administrazio horiei, salbuespen gisa, eraginkortasunak eta ekonomiak bultzatuta lanpostuen antolamenduan eta eginkizunetan aldaketak egitea komeni denean, funtzionarioendako hautapen probetarako deialdi murriztuak egiteko. Betiere, mailaz igotzeko izanen dira eta deialdian sartutako lanpostu hutsen ondorioz ez da plantillako lanpostu kopurua handituko.

Administrazioak eta CCOO, UGT eta CEMSATSE sindikatuek (azken horrek lan-kontratuko langileentzat bakarrik), Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen lan baldintzei buruz, 2002ko apirilaren 15ean 2002. eta 2003. urteetarako sinatutako Akordioaren barrenean, barne igoera izeneko 8. atalean, zenbait kolektiboren hautapen proben bitarteko maila igoera dator: Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko hezitzaileak, (C maila) % 12,78ko lanpostuko osagarria jasotzen dutenak, administrari laguntzaileak (D maila), sukaldariak (D maila), sukaldeko laguntzaileak (E maila) eta Lizarrako Santo Domingo zahar etxeko eta Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko beste zentro batzuetako zerbitzu orokorretako zenbait langile (E maila), gaur egun laguntzaile lanetan dihardutenak ingresatutako jendeaz zuzenean arduratuz.

Maila igoera horiek gauzatzeko deialdi murriztuak eginen dira, plantillan egokitzapenak egitera behartuko dutenak. Horretarako, aldez aurretik, plantilla organikoa aldatzen duen Foru Dekretu hau onetsi behar da, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko zentroetan ingresatutako jendeaz zuzenean arduratzen direnen laguntzaile lanak betetzeko behar den lanpostu kopurua zehaztu ondoren.

Horiek horrela, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta biko azaroaren lauan egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. 1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen zerbitzuko plantilla organikoa aldatzea, lanpostu hauek aurrekontuko kontsignaziorik gabe sortuta: gizarte laguntzaileendako 21 lanpostu (B maila) Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuan, administrariendako 100 lanpostu (C maila), sukaldariendako 5 lanpostu (C maila), sukaldeko laguntzaileendako 4 lanpostu (D maila) eta gerentologiako zaintzaileendako 36 lanpostu (D maila).

2. Aurreko atalean gerontologiako zaintzaileendako sortutako lanpostuak Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko zentro hauetarako dira:

-29 Lizarrako Santo Domingo zahar etxean (horietako 2 lan araubidean, lanaldi partzialean).

-4 Pabiloi Urdineko laguntzarekiko zahar etxean, denak lan araubidean, lanaldi partzialean).

-3 El Vergel zahar etxean.

2. artikulua. 1 Deialdi murriztuetan ezarritako baldintzak bete eta hautapen probak egin eta gainditzen dituzten langileak lanpostuen jabe egiten direnean izanen dute balioa aurreko artikuluan sortutako lanpostuek. Proba horietarako deialdiak Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.6 artikuluan aurreikusitakoaren arabera eginen dira.

2. Aurreko atalean aipatu lanpostu jabetza gertatzen denean, besterik gabe amortizatuko dira Foru Dekretu honen 1. artikuluan sortutako lanpostuetarako izendatzen diren izangaiak adina lanpostu, hezitzaileenak (C maila), administrari laguntzaileenak (E maila), sukaldarienak (D maila), sukaldeko laguntzaileenak (E maila) eta zerbitzu orokorretako langileenak (E maila), hurrenez hurren.

3. artikulua. 1. Gaur egun % 12,78ko lanpostuko osagarria jasotzen duten Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko hezitzaileek (C maila) hartzen ahal dute parte Foru Dekretu honen bidez sortutako gizarte hezitzaileendako lanpostuak (B maila) betetzeko egiten diren hauta probetan; horretarako, erdi mailako titulazioa izan beharko dute.

2. Bestalde, gerontologiako zaintzaileendako lanpostuak, Foru Dekretu honen bidez sortutakoak, betetzeko, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko E maila edo taldeko langileek hartzen ahal dute parte; horretarako, % 14ko lanpostuko osagarria izan beharko dute gaur egun, zaharren osasunaz zuzenean arduratzeagatik, plazak sortzen diren zentroari atxikita egonen dira eta haietarako eskatzen den titulazioa izan beharko dute.

4. artikulua. 1. Hautapen probak gainditu ondoren lanpostu horietarako izendatzen diren langileak maila edo talde hauetan sartuko dira: B maila edo taldean, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko hezitzaileen kasuan, C maila edo taldean administrari laguntzaileak edo sukaldariak badira eta D maila edo taldean sukaldeko laguntzaileak eta Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko zerbitzu orokorretako langileak direnean, eta lehendik atxikita zeuden Departamentu edo erakunde autonomoari atxikita jarraituko dute.

2. Foru Dekretu honek mailaz igotzeko ematen duen aukeran parte hartzeagatik langileak ez du aurretik duen araubide juridikoa galduko, funtzionarioa, estatutupekoa edo lan-kontratuduna izan. Eskubide pasiboen eta osasun laguntzaren araubide berari ere eutsiko dio.

Baldintza horretatik salbuetsita daude Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera transferitutako funtzionarioak, MUFACEn afiliatu eta, beraz, Estatuaren Klase Pasiboen Araubidearen menpe daudenak. Horiek, mailaz igotzean, nahitaez araubidea utziko dute eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko dira.

5. artikulua. Foru Dekretu honen 1. artikuluan sortutako lanpostuetarako izendatzen diren langileek orain arteko eginkizunak betetzen jarraituko dute eta, gainera, maila edo talde berriaren ondoriozkoak bete ditzatela agintzen ahal zaie.

6. artikulua. 1 Mailaz igotzeko promozio honen bidez administrari edo sukaldari (C maila), sukaldeko laguntzaile eta gerontologiako zaintzaile (D maila) izendatzen diren langileek gaur egun beren maila eta lanpostuetarako finkatuta dauden ordainsariak jasoko dituzte.

2. Gizarte hezitzaile (B maila) izendatzen diren langileek beren mailako oinarrizko ordainsariak jasoko dituzte, baita lanpostuko osagarri bat ere, mailari dagokion hasierako lansariaren 100eko 22koa.

7. artikulua. 1. Lizarrako Santo Domingo zahar etxean, hautapen prozesuak zenbait aldaketa ekartzen ahal ditu zerbitzu orokorretako langileentzat (E maila), emaitza zein den ikusita.

2. Aldaketa horiek eragindako langileen artean lehentasun ordena bat ezarri behar bada, abenduaren 29ko 388/1997 Foru Dekretuaren 6. artikuluan ezarritako irizpideak aplikatuko dira, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentu eta erakunde autonomoetako langileak lanpostuz mugitzeko prozedura ezartzen duen hartakoak, alegia.

3. Hautapen prozesua amaitutakoan, Lizarrako Santo Domingo zahar etxean, zerbitzu orokorretako lanpostuetan diharduten langileek, Foru Dekretu honetako barne igoerak ukitu gabeko lanpostuak badira, beren mailako eta lanpostuko eginkizunak beteko dituzte eta, ordainean, E mailako ordainsariak bakarrik jasoko dituzte.

8. artikulua. 1. Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko hezitzaileek (C maila), sukaldariek (D maila) eta sukaldeko laguntzaileek (E maila), Foru Dekretu honetako barne igoeren aplikazio eremuan sartutakoek, ez badute hautapen prozesuan parte hartzen edo deialdian eskatutako baldintza ez betetzeagatik ezin badute parte hartu, edo, parte hartuta, hura gainditzen ez badute, oraingo mailan eta lanpostuan jarraituko dute baina "iraungitzeko" gisa.

2. Aurreko ataleko aurreikuspen bera aplikatuko zaie Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko zentroetako zerbitzu orokorretako langileei (E maila), Foru Dekretu honetako barne igoeraren aplikazio esparruan sartuta dauden lanpostuak betetzen badituzte.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ahalmena ematen zaio Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari Foru Dekretu hau garatu eta betetzeko behar diren xedapenak agindu ditzan.

Bigarrena.-Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta biko azaroaren lauan.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: A0211877