138. ALDIZKARIA - 2002ko azaroaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Agintariak eta Langileak

AKATS ZUZENKETA, uztailaren 18ko 153/2002 Ebazpenarena. Ebazpen hori Justizia zuzendari nagusiak eman zuen Nafarroako Foru Komunitateko Justizia Administrazioko ofizialen artean lekualdatze lehiaketarako deia egiteko, Bake Epaitegietako Idazkaritza Multzoetako lanpostuak betetzeko.

Ikusirik akats batzuk daudela Justizia zuzendari nagusiak uztailaren 18an emandako 153/2002 Ebazpenean, ondoren egin beharreko zuzenketak azaltzen dira. Ebazpen horren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Justizia Administrazioko ofizialen artean lekualdatze lehiaketarako deia egin zen, Bake Epaitegietako Idazkaritza Multzoetako lanpostuak betetzeko.

6582. orrialdean, lehenbiziko lerroaldean, ondoko hau dioen tokian: "Justizia Administrazioan Justizia Administrazioko ofizialen kidegoko lanpostu hutsak daude...", honela behar du: "Justizia Administrazioan lanpostu hutsak daude, hain zuzen ere, Bake Epaitegietan eta Bake Epaitegietako Multzoetan (7.000 bizilagunetik gorako herrietako bake idazkarien kidegoan) eta Justizia Administrazioko ofizialen, laguntzaileen eta agenteen kidegoetan,..."

6582. orrialdean, lehenengo oinarriaren 1. puntuaren ordez, ondoko hau jarri behar da: "1. Lehiaketa honetan parte hartu eta Justizia Administrazioko Bake Epaitegietako idazkarien lanpostu hutsak eskatu ahalko dituzte bake idazkarien iraungi beharreko kidegoko funtzionarioek eta Justizia Administrazioko ofizialek, laguntzaileek eta agenteek, beren administrazio egoera edozein izanda ere; etenaldian jarraitzen dutenek, ordea, ez dute parte hartzerik izanen. 7.000 biztaletik gorako herrietako lanpostuetarako, bake idazkarien kidegoko funtzionarioek lehentasuna izanen dute Justizia Administrazioko ofizialen kidegoko kideen aurrean."

6582. orrialdean, lehenengo oinarriaren 2. puntuaren ordez, ondoko hau jarri behar da:

"2.º 7.000 biztanletik gorako herrietako Bake Epaitegietako Idazkaritzako lanpostuetarako, 7.000 biztanletik gorako herrietako Bake Epaitegietako idazkarien iraungi beharreko kidegoko funtzionarioek lehentasuna izanen dute Justizia Administrazioko ofizialen kidegoko kideen aurrean.

7.000 biztanletik gorako Bake Epaitegien Multzoetako Idazkaritzak Justizia Administrazioko ofizialek soilik bete ahalko dituzte, izan ere, ekainaren 12ko 1639/1970 Dekretuak, 7.000 bizilagunetik gorako Bake Epaitegietako Idazkarien Erregelamendu Organikoa onesten duenak, bizilagun gehiago dituzten herrietako lanpostuak betetzeko baimena ematen du soilik."

6582. orrialdean, lehenengo oinarriaren 4. puntuan, ondoko hau dioen tokian "...Lanpostu hutsak identifikatzeko honako hauek erabiliko dira: destinoko zentroaren kodea...", honela behar du "...Lanpostu hutsak identifikatzeko honako hauek erabiliko dira: beren literala, destinoko zentroaren kodea...".

6583. orrialdean, hirugarren oinarria osorik aldatu behar da, honela:

"Hirugarrena.-Baremoak.

Lanpostuak 7.000 biztanletik gorako herrietako Epaitegietarako diren ala ez, haiek adjudikatzeko merezimenduak bi baremoren arabera baloratuko dira.

1.º 7.000 biztanletik gorako herrietako Bake Epaitegietako edo Bake Epaitegien Multzoetako Idazkaritzetako lanpostuak.

1.1. 7.000 biztanletik gorako herrietako Bake Epaitegietako idazkarien iraungi beharreko kidegoko funtzionarioek lehentasuna izanen dute Justizia Administrazioko ofizialen aurrean. Kidegoan emandako zerbitzuen antzinatasuna baloratuko da, puntu bat urte oso bakoitzeko; denbora tarte txikiagoak porportzionalki baloratuko dira (0,0027777 puntu eguneko), eta hilabeteak 30 egunekoak izanen dira.

1.2. Justizia Administrazioko ofizialen kidegoko funtzionarioek aurreko puntuan aipatutako bake idazkarien ondotik eskatu ahalko dituzte lanpostu hauek. Ofizialen artean ondoko lehentasun hauek hartuko dira kontuan (Botere Judizialari buruzko 481. artikulua):

1.-Zuzenbideko lizentziatuaren titulua duten ofizialak.

2.-Bake Idazakaritza baten titular diren ofizialak.

3.-Gainerako ofizialak.

Aipatu hiru taldeetako bakoitzaren barruan, merezimenduak hurrengo atalean ezarritako baremoaren arabera baloratuko dira eta berdinketarik bada, lerrun handiagokoaren alde ebatziko da.

2.º 7.000 biztanletik beherako Bake Epaitegietako edo Bake Epaitegien Multzoetako idazkari eginkizunetan aritzen diren ofizialen lanpostuak.

Justizia Administrazioko ofizialen kidegoko funtzionarioek soilik eskatu ahalko dituzte lanpostu horiek.

Antzinatasunari eta euskara jakiteari buruzko merezimenduak honela baloratuko dira:

a) Antzinatasuna: Kidegoan emandako urte oso bakoitzeko puntu bat emanen da eta denbora tarte txikiagoak proportzionalki baloratuko dira (0,0027777 puntu eguneko). Hilabeteak 30 egunekoak izanen dira.

b) Euskara maila, ahozkoa eta idatzizkoa. Nafarroako Foru Komunitateko eremu euskaldun eta mistoa abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen 5. artikuluan ezartzen dira. Eremu horietako lanpostuetan, ahozko eta idatzizko ezagutzak 6 puntura bitarteko puntuazioa dakar otsailaren 16ko 294/1996 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen Erregelamendu Organikoaren bigarren xedapen gehigarrian ezarria dagoen bezala. Nafarroako Foru Komunitatearen ziurtagiri ofizial baten bidez egiaztatu beharko da edo, bestela, aurkeztutako tituluaren eta haren mailaren homologazioaren bidez. Honela dago baloratua:

1. 2. hizkuntz eskakizuna: bi puntu.

2. 3. hizkuntz eskakizuna: lau puntu.

3. 4. hizkuntz eskakizuna: sei puntu.

2. hizkuntz eskakizunerako ziurtagiri ofizialik ez dagoenez, maila horiek frogatzeko azterketa bat egin beharko da, gai horretan eskumena duten organoek antolatua. Organo horiek, proba gaindituz gero, ziurtagiria luzatuko dute.

3.º 7.000 biztanletik gorako eta beherako herrietako Bake Epaitegietako ofizial, laguntzaile eta agenteen lanpostuak.

Antzinatasunari eta Autonomi Erkidegoko hizkuntza ofizialaren ezagutzari buruzko merezimenduak 2. atalean ezarritakoari jarraikiz baloratuko dira eta agirien fotokopiak ez dira baloratuko konpultsatu gabe aurkezten badira."

Iruñean, bi mila eta biko irailaren hogeita zazpian.-Justizia zuzendari nagusia, José María Abad Alegría.

Iragarkiaren kodea: A0210863