I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
Xedapen Orokorrak. Ebazpenak
1254/2002 EBAZPENA, urriaren 10ekoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Errektoreak emana, Behin-behineko Gobernu Kontseiluaren batzordeak onesten dituen eta berauen eskumenak zehazten dituen Erabakia argitaratzea agintzen duena, 2002ko urriaren 7ko Behin-behineko Gobernu Kontseiluaren Erabakiak onetsitakoa.
Martxoaren 13ko 68/95 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Unibertsitateko Estatutuen 40. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, agintzen dut argitaratu dadila Behin-behineko Gobernu Batzordeak 2002ko urriaren 7an hartutako Erabakia.
ERABAKIA, BEHIN-BEHINEKO GOBERNU KONTSEILUAREN BATZORDEAK ONETSI ETA BEREN ESKUMENAK ZEHATZEN DITUENA
Gobernu Kontseiluaren A.26/2002 Erabakiak Nafarroako Unibertsitate Publikoko Behin-behineko Gobernu Kontseilua osatzeko eta hautatzeko erregelamendua onetsi zuen. Bere Bigarren Xedapen Gehigarriak ezartzen du aipatu organoaren funtzionamendua Erregelamendu honek ezartzen duenaren araberakoa izango dela, eta, bertan aurreikusten ez diren gaietan, Gobernu Batzordearen Barne Eraentzarako Erregelamenduak ezartzen duenaren arabera, Unibetsitateei buruzko Lege Organikoaren aurka egiten ez duenean.
Aipatu erregelamenduko 10. artikuluak ezartzen du ezen, komenigarria denean, gaiak modu egokian aztertu eta eztabaidatzeko behar diren Batzordeak eratu ahalko direla.
Idazkari Nagusiak hala proposaturik, Behin-behineko Gobernu Kontseiluak honako hau erabaki du, bere kideen eztabaida entzun eta gero:
ERABAKIA
Lehena.-Batzordeak.
Behin-behineko Gobernu Kontseiluak, Unibetsitatearen gobernu-erakundea denez, osoko bilkuran eta batzordean jardungo du. Bere iritzipean ekarriko diren gaiak aztertu eta erabakitzeko, Batzorde Iraunkorra, Irakaskuntza Batzordea eta Ekonomi Batzordea eratuko dira. Beren zereginak eta osaera ondorengo artikuluek ezartzen dutenaren araberakoak izango dira.
Bigarrena.-Batzorde Iraunkorra.
1. Batzorde Iraunkorra eratuko da. Errektorea eta Idazkari Nagusia berezko kideak izango dira, Batzordeburua eta Idazkaria izango direlarik, hurrenez hurren. Ondoko hauek izango dira batzordea osatuko dutenak:
a) 3 Irakasle funtzionario Doktore.
b) 1 Irakasle funtzionario ez Doktore eta Lan-kontratupeko.
c) 1 Dekano edo Ikastetxeko Zuzendari.
d) 2 Saileko Zuzendari.
e) 1 Ikasleen Ordezkari.
f) 1 Administrazio eta Zerbitzuetako langileen ordezkari.
g) 1 Gizarte Kontseiluko kide.
2. Behin-behineko Gobernu Kontseiluaren Osoko Bilkurak honako eskumen hauek delegatzen dizkio, berariaz, Batzorde Iraunkorrari:
Dagokion Saileko Kontseiluak hala proposaturik, Unibertsitateko Irakaskidegoetako lanpostuetara sartzeko lehiaketa-batzordeen kideak izendatzea, indarreko legeek ezartzen dutenaren arabera.
Unibertsitatearen ordezkariak izendatzea, dagozkion erakundeetan.
Beste unibertsitateekin eta beste erakunde eta zentroekin, publikoak edo pribatuak, egiten diren lankidetza eta truke-hitzarmenak berrestea eta salatzea.
Dagokion txostena prestatzea, irakasleak jakintza-arloz aldatzea eskatzen denean.
Irakasleen lizentziak baimentzea, arautegi aplikagarriak ezartzen duenaren arabera.
Irakasleak, aldi baterako, sailei atxikitzeko eskaerak onestea, bidezkoa bada.
Hauteskunde Batzordeko eta zerbitzuko kideak izendatzeko zozketak egitea, baita legokiokeen beste edozein ere.
3. Edonola ere, Kontseiluaren Osoko Bilkurak atzera bota dezake delegazio hau edozein unetan.
Hirugarrena.-Irakaskuntza Batzordea
1. Irakaskuntza Batzordea eratuko da. Errektorea, edo beronek, delegazioaren bidez, izendatzen duen Errektoreordea berezko kideak izango dira. Hau Batzordeburua izango da, eta ondoko hauek izango dira batzordea osatuko dutenak:
a) 2 Irakasle funtzionario Doktore.
b) 1 Irakasle funtzionario ez Doktore eta Lan-kontratupeko.
c) 1 Dekano edo Ikastetxeko Zuzendari.
d) 1 Saileko Zuzendari.
e) 1 Ikasleen Ordezkari.
2. Batzorde honek izaera teknikoa du, eta irakasleekin zein irakaskuntzaren antolamenduarekin zerikusirik duten gaietan arituko da. Gobernu Kontseiluaren Osoko Bilkurak onetsiko ditu bere proposamenak, hala badagokio.
Laugarrena.-Ekonomi Batzordea
1. Ekonomi Batzordea eratuko da. Errektorea, edo beronek, delegazioaren bidez, izendatzen duen Errektoreordea eta Kudeatzailea berezko kideak izango dira. Ondoko hauek izango dira batzordea osatuko dutenak:
a) 1 Irakasle funtzionario Doktore.
b) 1 Irakasle funtzionario ez Doktore eta Lan-kontratupeko.
c) 1 Dekano edo Ikastetxeko Zuzendari.
d) 1 Saileko Zuzendari.
e) 1 Administrazio eta Zerbitzuetako langileen ordezkari.
f) 1 Gizarte Kontseiluko kide.
2. Batzorde honek izaera teknikoa du, eta Unibertsitatearen kudeaketa ekonomiko eta finantzarioarekin zerikusirik duten gaietan arituko da. Gobernu Kontseiluaren Osoko Bilkurak onetsiko ditu bere proposamenak, hala badagokio.
Bosgarrena.-Indarra hartzeko eguna
Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman, eta biharamunean hartuko du indarra Erabaki honek.
Iruñean, bi mila eta biko urriaren hamarrean.-Errektorea, Antonio Pérez Prados.
Iragarkiaren kodea: a0211288