134. ALDIZKARIA - 2002ko azaroaren 6a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

T U T E R A

Deialdia baliogabetzeko prozedura abiatzea

Alkatetza honek, irailaren 13an, ebazpen hau eman zuen:

"Alkatetzaren 2001eko urriaren 23ko 89-P ebazpenaren bidez, Tuterako Udaleko Bulego Teknikorako goi mailako ingeniari lanpostu bat, A mailakoa, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia onetsi zen.

Deialdi hori 2001eko 156. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, abenduaren 26an.

Berriz ere Alkatetzaren ebazpenaren bidez onetsi zen izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, 2002ko 35. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu baitzen, 2002ko martxoaren 20an.

Deialdiaren 3.1.c) oinarrian eskatzen zen betebeharretako bat hau zen: "Goi mailako ingeniaritza titulua edukitzea edo bereganatzeko maneran egotea eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean".

Nolanahi ere, Tuterako Udalak zalantzak ditu edozein ingeniaritza gaiturik edo ahalbideturik egotea goi mailako ingeniaritzetan behar zen espezialitate zehatzerako, izan ere eginkizunei zegokienez hau adierazten zen: "Orokorrean, lanbidez urbanizazio lanak prestatu eta zuzentzeko, hornidurarako, saneamendurako eta argiteriarako azpiegiturak barne, egiteko eskumena duen goi mailako teknikari batek berezko dituenak", eta horrek ekar lezake goi mailako ingeniari bat, bere espezialitatearen arabera, eginkizun horietarako gaiturik ez egotea.

Izangai onartu eta baztertuen zerrenda, 2002ko 35. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, 2002ko martxoaren 20an, eta Udal honek beharrezkotzat jotzen du urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 102. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako prozedurari jarraikiz jardutea.

Horrenbertzez, ebatzi dut:

Lehenbizi: prozedura abiatzea Tuterako Udaleko Bulego Teknikorako goi mailako ingeniari lanpostu bat, A mailakoa, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdiaren baliogabetasuna ofizioz deklaratzeko.

Bigarrenik: jakinaraz bekio ebazpen hau Zerbitzu Kontratatuen eta Bulego Teknikoaren zinegotzi eskuordeari, langileen ordezkariei eta behin behinekoz onartutako izangaiei, eta entzutea emanen da 10 egunean, haren kontrako alegazio edo kexak aurkez ditzaten.

Hirugarrenik: ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Laugarrenik: egintza hau ez da behin betikoa administrazio bidean".

Argitara ematen da, orok jakin dezan, Tuteran, bi mila eta biko urriaren hiruan. Alkatea, sinadura ulertezina.

Iragarkiaren kodea: A0210541