134. ALDIZKARIA - 2002ko azaroaren 6a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Ebazpenak

1248/2002 EBAZPENA, urriaren 9koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Errektoreak emana, 2002ko ekainaren 14ko Gobernu Batzordearen Erabakiak onetsi zuen Behin-behineko Gobernu Kontseilua Osatzeko eta Hautatzeko Erregelamendua argitara dadin agintzen duena.

Martxoaren 13ko 68/95 Foru Dekretuak onetsi zituen Unibertsitatearen Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, 2002ko ekainaren 14ko Gobernu Batzordearen Erabakia argitara dadin agintzen dut:

BEHIN-BEHINEKO GOBERNU KONTSEILUA OSATZEKO ETA HAUTATZEKO ERREGELAMENDUA

6/2001 Unibertsitateei buruzko Lege Organikoko Bigarren Xedapen Iragankorrak ezartzen du ezen, behin Unibertsitateko Klaustroa hautatu eta gero, Behin-behineko Gobernu Kontseilua eratu behar dela, lege horrek berak ezartzen dituen gorabeherak aintzat hartuz.

Unibertsitateei buruzko Lege Organikoko 15.2 artikulua da aintzat hartu beharreko gorabeherak zeintzuk diren ezartzen duena: Honako hauek osatuko dute Gobernu Kontseilua: buru izango den Errektoreak, Idazkari Nagusiak eta Kudeatzaileak, gehi unibertsitate komunitateko berrogeita hamar kidek, gehienez. Hauetatik, Errektoreak %30 izendatuko du; Klaustroak, bere kideen artean %40 izendatuko du, klaustroa osatzen duten arloen eraketa islatuz. Gainerako %30a estatutuek ezartzen dutenaren arabera izendatuko da Fakultateko Dekano, Eskolako Zuzendari, Saileko Zuzendari eta Unibertsitateko Ikerketa Institutuetako Zuzendarien artean. Gainera, unibertsitate komunitateko kide ez diren Gizarte Kontseiluko hiru pertsona ere Gobernu Kontseiluko kide izango dira.

Agindu hori betetzeko asmoz, Gobernu Batzordeak, 2002ko ekainaren 14ko bilkuran, erabaki du, 6/2001 Lege Organikoko bigarren Xedapen Iragankorreko 4. atalak ezartzen duenaren babesean, Behin-behineko Gobernu Kontseilua osatzeko eta hautatzeko Erregelamendu hau onestea.

1. artikulua. Behin-behineko Gobernu Kontseilua honako hauek osatuko dute: buru izango den Errektoreak, Idazkari Nagusiak, Kudeatzaileak eta beste hogeita hiru kide gehiagok, zeinetatik hogei unibertsitate komunitateko kide izango baitira, eta beste hirurak Gizarte Kontseilukoak, baina ez unibertsitate komunitatekoak. Gizarte Kontseiluak hautatuko ditu azken hiru hauek.

2. artikulua. Honela banatuko dira unibertsitate komunitateko hogei kideak:

-Errektoreak sei kide izendatuko ditu

-Klaustroak hautatuko ditu, bere kideen artean, zortzi klaustrokide, klaustroaren alorreko osaketa islatuz, ondoko banaketa honen arabera:

a) 5 Irakasle funtzionario Doktore.

b) 1 Irakasle funtzionario ez Doktore eta Lan-kontratupeko.

c) 1 Ikasleen Ordezkari.

d) 1 Administrazio eta Zerbitzuetako langileen ordezkari.

-Fakultateko Dekanoen, Eskolako Zuzendarien eta Saileko Zuzendarien taldeko sei ordezkari, zeinetatik bi Dekano eta Ikastetxeko Zuzendari izango baitira, eta lau Saileko Zuzendari.

3. artikulua. 1. Gobernu Kontseiluan Klaustroaren ordezkari izango diren zortzi kideren hautaketa, Gobernu Kontseilua eratzen den bileran egingo da. Arlo bakoitzak hautatuko ditu bere ordezkariak Behin-behineko Gobernu Kontseiluan bere arloko kideen artean. Hautaketa adostasunaren bidez egiten ahalko da, edo bozketaren bidez.

2. Bozketa egiten bada, zenbat ordezkari hautatu behar diren, beste hainbeste arloko kideri ematen ahalko dio botoa, gehienez, hautesle bakoitzak. Beren arloetan boto gehien jasotzen duten klaustrokideak izango dira hautatuak. Bozketaren emaitzean berdinketarik gertatuz gero, hurrenez hurreneko botazioak egingo dira, boto kopuru berdina duten hautagaien artean, berdinketa desegin arte.

4. artikulua. 1. Unibertsitateko Klaustroak hautatuko ditu Dekano, Ikastetxeko Zuzendari eta Saileko Zuzendarien taldeko sei ordezkariak. Hautaketa adostasunaren bidez egiten ahalko da, edo bozketaren bidez.

2. Bozketa egiten bada, talde bakoitzean zenbat ordezkari hautatu behar diren, beste horrenbeste ordezkariri ematen ahalko dio bere botoa hautesle bakoitzak, gehienez. Beren taldeetan botorik gehien jaso duten Dekano, Ikastetxeko Zuzendari eta Saileko Zuzendariak hautatuak izango dira. Bozketaren emaitzean berdinketarik gertatuz gero, hurrenez hurreneko botazioak egingo dira, boto kopuru berdina duten hautagaien artean, berdinketa desegin arte.

5. artikulua. Behin-behineko Gobernu Kontseiluko kideen agintaldia behin betiko Gobernu Kontseiluko ordezkariak izendatzen direnean bukatuko da, Klaustroak Nafarroako Unibertsitate Publikoko Estatutuak onetsi eta gero.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena.-Gobernu Kontseiluko ikasleen ordezkarien agintaldia, Behin-behineko Gobernu Kontseilurako hautatzen direnak postuaz jabetzen diren arte luzatuko da, Erregelamendu honek ezartzen duen prozeduraren arabera.

Bigarrena.-Behin-behineko Gobernu Kontseiluaren funtzionamendua Erregelamendu honek ezartzen duenaren arabera zuzenduko da, eta aurreikusten ez den guztietan, Gobernu Batzordearen Barne Araubideak ezartzen duenaren arabera, beti ere Uniberstitateei buruzko Lege Organikoaren aurka ez badoa.

Iruñean, bi mila eta biko urriaren bederatzian.-Errektorea, Antonio Pérez Prados.

Iragarkiaren kodea: A0211191