72. ALDIZKARIA - 2017ko apirilaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

76/2017 EBAZPENA, martxoaren 31koa, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, epe bat ezartzen duena Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko langileak kontratatzeko zerrendetako izangaiek beren aukerak egokitu ditzaten Osasuneko kontseilariak martxoaren 23an emandako 347E/2017 Foru Aginduaren arabera. Aipatutako foru agindu horren bidez, Osasun Departamentuari atxikitako erakunde autonomoetako zentro eta establezimenduetan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak kudeatzeko arauak onetsi ziren.

2017ko apirilaren 12an argitaratu da, Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Osasuneko kontseilariaren martxoaren 23ko 347E/2017 Foru Agindua. Bertan, Osasun Departamentuari atxikitako erakunde autonomoetako zentro eta establezimenduetan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak kudeatzeko arauak onetsi dira eta aurreko 60/2015 Foru Agindua indargabetu da.

347E/2017 Foru Aginduak, 7.1.d) artikuluan, aukera ematen die izangaiei beren burua baztertzeko deialditik, baldin kontratazioa lanaldiaren heren batekoa edo handik beherakoa bada. Hori horrela izanik, aukera eman behar zaie izangaiei eskaintza horietarako deialditik beren burua baztertzeko.

Prestasunari dagokionez, 11.1. m) artikuluak ezartzen du izangaiak berak “eskatzen ahalko du jaso dezatela ez dagoela prest kontratu laburretarako eta/edo luzeetarako zerrendetako lanpostuetan aritzeko, eremu/aukera guztietan, gutxienez 6 hilabetez”. Aurreko arautegian jasotzen zen prest ez egotea zenbait kontratazio eremutan aritzeko; orain, eremu guztietako kontratu laburretarako eta/edo luzeetarako zerrendetan prest ez egotea. Beraz, egoki da epe bat irekitzea interesdunek hautaketa egokitu diezaioten arau berriari.

Azkenik, arau berriak aukera ematen du aldi baterako kontratazio laburretarako zerrenda bereziak prestatzeko, foru agindu honen III. eranskinean ezarritako unitate eta lanpostuak bete daitezen. Horregatik, epe bat irekitzen da, aldi baterako kontratatzeko zerrendetan dauden izangaiek izena eman ahal dezaten, baldin eskatutako baldintzak betetzen badituzte.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua erakunde autonomoa sortu eta bere estatutuak onesten dituen uztailaren 18ko 63/2012 Foru Dekretua aldatzen duen urriaren 14ko 242/2015 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Hamar egun balioduneko epea ezartzea, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik aurrera:

1.1. Izangaiek beren borondatez beren burua bazter dezaten deialditik, baldin kontratazioa lanaldiaren heren batekoa edo handik beherakoa bada.

1.2. Izangaiek adieraz dezaten ez daudela prest Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko kontratu laburretarako eta/edo luzeetarako zerrendetako lanpostuetan aritzeko, eremu/aukera guztietan, gutxienez 6 hilabetez.

1.3. Kontratatzeko zerrendetan dauden izangaiek ondoko zerrenda berezietan izena eman ahal dezaten:

Detekzio Goiztiarra (ETE).

NOPLOI (Osasun Publikoko erizaina).

NOPLOI (Osasun Publikoko osasun hezitzailea).

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honen kontra, ez baitu administrazio bidea amaitzen, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko kontseilariari zuzendua, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57.1. eta 2.c artikuluan xedatutakoarekin bat.

Iruñean, 2017ko martxoaren 31n.–Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, M.ª José Pérez Jarauta.

Iragarkiaren kodea: F1704015