134. ALDIZKARIA - 2002ko azaroaren 6a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

485/2002 FORU AGINDUA, urriaren 18koa, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emana, gizarte ekimeneko ikastetxe itunduetan obra txikiak egiteko dirulaguntzen deialdiko oinarriak onesten dituena.

2002ra luzatutako 2001. urterako Nafarroako Aurrekontu Orokorrek barne sartu dute Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Inbertsio Zerbitzuko Obra eta Ekipamendu Atalean, "Ikastetxe itunduetako obra txikiak" izeneko 410001-41120-7810-424103 kontusaila, 10001 proiektua, 282.149 euro dauzkana.

Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiak txosten bat aurkeztu du eta bertan eskatu, aipaturiko dirulaguntzak emateko deialdiko oinarriak onets daitezela.

Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeko 36.2 artikuluko c) eta d) idatz-zatien bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Gizarte ekimeneko ikastetxe itunduetako obra txikiak egiteko deialdiko oinarriak onestea.

2. Baimena ematea 282.149 euroko gastua ordaintzeko, 2002ra luzatutako 2001. urterako gastu aurrekontuko "Gizarte ekimeneko ikastetxe itunduetako obra txikiak" izeneko 410001-41120-7810-424103 kontusailaren kontu.

3. Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza Departamentuari eskatzea deialdiko oinarriak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara ditzala.

4. Foru Agindu hau Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiari, Inbertsio Zerbitzuari, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari eta Idazkaritza Teknikoari jakinaraztea, behar diren ondorioak sor ditzan. Aditzera ematen da Foru Aginduaren aurka bidezko dela gora jotzeko helegitea paratzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, bi mila eta biko urriaren hemezortzian.-Hezkuntza eta Kultura kontseilaria, Jesús María Laguna Peña.

GIZARTE EKIMENEKO IKASTETXE ITUNDUETAKO ERAIKINETAKO OBRA TXIKIAK EGITEKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Kultura Departamentuak deialdi hau egin du, oinarri hauei jarraituz,

O I N A R R I A K

1.-Xedea.

Hona hemen dirulaguntza izango duten obrak:

-Eraikinetako egitura elementuak, hala nola estalkiak, forjatuak, fatxadak eta hormak, hoditeria eta zorrotenak eta abar aldatu, konpondu edota hobetu.

-Ondokoak indarreko araudira egokitu: suteen kontrako babesak, oztopo arkitektonikoak kendu, eta abar.

-Eraikinetako oinarrizko instalazio osagarriak, hala nola, argiteria, iturgintza, berogailu eta abar, aldatu, konpondu edo indarreko araudira egokitu.

Deialdi honek ez ditu diruz lagunduko beste lan batzuk, hala nola, gelak, bulegoak edo beste didaktika edo administrazio gela batzuk egokitu eta banatzeko lanak, beste eraikin batzuk eraiki edo handitzeko lanak, urbanizazioak, sarbideak, barneko arotzeria ordeztu, pintura (salbu deialdi honek aintzat hartzen dituenak), informatika ekipoetarako, telefoniarako, megafoniarako eta abarretarako sareko kableatzeak.

Era berean, ez dira diruz lagunduko Nafarroako Gobernuak edo beste zeinahi Administrazio Publikok diruz lagundutako lanak.

2.-Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Emango den dirulaguntzaren zenbatekoa ez da deialdi honen xede diren obrak egiteko gastuaren %50 baino gehiago izango.

Era berean, 33.055,66 euro, gehienez, emango da ikastetxe edo titular eskatzaile bakoitzeko.

3.-Eskatzaileen betebeharrak.

Deialdi honen xede den dirulaguntza eskatu nahi duten ikastetxe itunduetako titularrek frogatu beharko dute obra mota hauek egitearen beharra, euren espazioak segurtasun araudira egokitzeko (suteen kontra babesteko dela, eragozpen arkitektonikoak kentzea dela edo bestelakoak direla) edo instalazio edo egiturako elementu hondatuak aldatzeko edo hobetzeko.

Aipaturiko beharren arabera, diruz lagundu ahalko dira 2000ko urtarrilaren 1etik 2002ko abenduaren 31ra egindako obrak.

4.-Eskabideen aurkezpena.

Laguntzen eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean edo Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Erregistroan aurkeztuko dira, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan xedaturikoa deustan galarazi gabe.

Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hogeigarren egunean bukatuko da.

Eskabideekin batera agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Obren aurrekontua, non agertuko diren hobekuntzen txostena eta plano deskriptiboa, baita aurrekontu osoa eta xehatua ere, non egin nahi diren edo egin diren lanak zehaztuko diren, Baloratzeko Irizpideen 6. oinarrian zehaztutakoa kontuan hartuz.

b) Ikastetxearen adierazpena, non azalduko den zenbat eskola unitate itundu dauden eta horietako bakoitzean zenbat ikasle dauden matrikulatuta 2002-2003 ikasturtean.

c) Gizarte desabantaila egoeran dagoen ikasle kopurua edo ikasle etorkinen kopurua.

d) Obrak finantzatzeko plana.

e) 2000ko eta 2001eko ekitaldietako Sozietate Zerga agiriak.

f) Higiezinaren edo lursailaren jabetzaren egiaztagiria edo 20 urte edo gehiago erabiltzeko eskubidearen egiaztagiria.

Dirulaguntzen eskabideak osorik ez badaude edo eskabidea baloratzeko kontu garrantzitsuak aski frogaturik ez badaude, eskatzaileari eskatuko zaio akats hori zuzen dezala. Horretarako gehienez ere hamar eguneko epea emanen zaio, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

5.-Balorazioa.

Batzorde batek baloratuko ditu aurkezten diren eskabideak. Hezkuntza zuzendari nagusia izanen da buru eta ondoko hauek kide: Inbertsio Zerbitzuko Zuzendaria, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuko Zuzendaria, Obra eta Ekipamendu Atalburua.

Idazkaritza Teknikoko legelari bat arituko da idazkari lanetan. Hizpidea izanen du, baina botorik ez.

Batzordeak bere eginkizuna egiteko behar dituen pertsonei aholkuak eskatzen ahalko dizkie.

6.-Baloratzeko irizpideak.

a) Eskolatutako ikasle etorkinak edo gizarte desabantailan daudenak. Egoera honetan dagoen ikasle bakoitzeko 72,12 euro.

b) Aurreko irizpideari jarraikiz, ikastetxe bakoitzari dagokion diru kopurua esleitu ondoren, diru soberakinaren %70 eskatzaileen artean hainbanatuko da, 2002-2003 ikasturte honetan dituzten unitate itunduen arabera, beti ere aintzat hartuz "1. Xedea" eta "2. Dirulaguntzaren zenbatekoa" oinarrietan ezarritako baldintzak edo mugak.

c) Gainerako % 30a banatzeko, jarraian aipatzen diren obra moten araberako balio-ehunekoak erabiliko dira:

d) Ikastetxea indarreko araudira egokitzeko lanen beharra, ondokoei dagokienez: suteen kontrako babesak, oztopo arkitektonikoak kendu eta antzeko obrak: deialdiaren arabera diruz laguntzeko eskubidea duen aurkeztutako gastu edo aurrekontu osoaren % 40.

-Eraikinetako egitura elementuak (estalkiak, forjatuak, karga-hormak, fatxadak, hoditeria, kolektoreak eta antzekoak) hondatuta egotearen ondoriozko obra-beharra: deialdiaren arabera diruz laguntzeko eskubidea duen aurkeztutako gastu edo aurrekontu osoaren % 40.

-Eraikinetako argiteria, iturgintza, berogailu instalazioak eta antzekoak hondatuta daudelako edo indarreko araudira egokitu behar direlako obra-beharrak: deialdiaren arabera diruz laguntzeko eskubidea duen aurkeztutako gastu edo aurrekontu osoaren % 20.

Ondorio hauetarako, eskatzaileek, aurreko tipologiari jarraiki, bereiz edo atalka aurkeztu beharko dituzte egindako obraren frogagiriak edo egitekoa den obraren aurrekontua.

7.-Ebazpena.

Batzordeak, aurkezturiko eskabideak baloratu ondoren, Hezkuntza eta Kultura kontseilariari igorriko dio bere proposamen arrazoitua, hilabeteko epean ebazpena eman dezan, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori espresuki ebazpenik eman gabe bukatzen bada, ulertuko da aurkezturiko eskabideak ez direla onartu.

8.-Ordainketa eta justifikazioa.

Agirien bidez obrak burutu direla egiaztatu ondoren, dirulaguntza ordainduko da. Dena den ordainketa zatika, zatikako justifikazioen bidez ordaindu ahal izango da.

Salbuespenez, onetsitako dirulaguntza aurreratu ahalko da. Kasu hauetan ikastetxe onuradunak banketxe bermea edo aseguruaren kontratua aurkeztu beharko ditu, aurreratutako diru kopurua bermatuz.

Eginiko inbertsioari, dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko kontuan hartu dena baino gutxiago baldin bada, dagokion proportzioa kenduko zaio.

Dirulaguntzaren xede diren obrak 2002ko abenduaren 31rako eginak behar dute, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak aldez aurretik baimenduriko salbuespenezko kasuetan izan ezik.

9.-Onuradunen eginbeharrak. Ordainketak itzuli beharra.

Onuradunek eginbehar hauek izanen dituzte:

a) Deialdi honen xede diren obrak egitea.

b) Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiak lan horiei buruz egin lezakeen edozein ikuskapen onartzea.

c) Dirulaguntza eman duen organoari jakinaraztea helburu berarako beste dirulaguntzarik eskatu ote dion beste edozein Administrazio Publikori edo berarengandik dirulaguntzarik eskuratu ote duen.

d) Dirulaguntza kobratu baino lehen, erregelamendu bidez ezartzen den moduan, frogatzea Nafarroako Ogasun Publikoarekiko zor guztiak kitatu dituela.

e) Bere kontabilitate edo liburu-erregistroan idaztea dirulaguntza kobratu duela, horretara beharturik egonez gero.

Bidezko izanen da harturiko dirua osorik edo hein batean itzularazi eta atzerapen-korrituak ordainaraztea dirulaguntza ordaintzen denez geroztik, Ogasun Publikoari buruzko abenduaren 26ko 8/1988 Foru Legeko 19. artikuluan aipatzen den kopuruan, kasu hauetan:

a) Justifikatu beharra ezarririko era eta epeetan betetzen ez denean.

b) Dirulaguntzaren xede diren lanak egiten ez direnean.

c) Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiaren nahitaezko baimena izan gabe proiektua aldatzen denean.

10.-Arau-hausteak eta zehapenak.

Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeko 27 eta 28. artikuluetan xedatu bezala eginen da arau-hauste eta zehapenen arloan.

Zehapen prozedura Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezartzen dena izanen da.

11.-Helegiteak

Oinarri hauek aplikatzeko egintzen aurka bidezko da gora jotzeko helegitea paratzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, helegitearen xede den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: a0211567