134. ALDIZKARIA - 2002ko azaroaren 6a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Legeak

28/2002 FORU LEGEA, urriaren 28koa, Nafarroako 2003-2006 urteetako estatistika planari buruzkoa.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak ondoko hau onetsi duela:

FORU LEGEA, NAFARROAKO 2003-2006 URTEETAKO ESTATISTIKA PLANARI BURUZKOA

Nafarroako estatistikari buruzko ekainaren 27ko 11/1997 Foru Legeak Nafarroan estatistika jarduera arautzen duen lege esparrua ezarri zen, Foru Komunitateko errealitate sozial, ekonomiko eta demografikoari buruz behar adina informazio, fidagarria eta alderagarria, edukitzeko helburuarekin.

Lege testu horrek berak arautzen ditu datuak eman eta informazioa erabiltzen dutenen eta estatistika jarduera garatu eta betetzen duen organoaren arteko harremanak, eta datuak eman beharra, emaitzen argitalpena eta zabalkunde egokia eta sekretu estatistikoa izatea ezartzen ditu. Era berean, estatistika plana estatistika jarduera sustatu, antolatu eta planifikatzeko tresna egokitzat hartzen du. Jarduera hori Nafarroako estatistika sistemak beteko du.

Ondoren, ekainaren 27ko 11/1997 Foru Legean xedaturikoa garatuz, Nafarroako 1999-2002 urteetako estatistika planari buruzko Foru Legea onetsi zen. Horrek, plangintzarako lehenbiziko saioa baitzen, Foru Komunitateko estatistika bideratzen zuen. Aldez aurretik helburuak zehaztu eta erakunde publikoek eta gizartearen eragileek erabakiak hartzeko lehentasunei buruzko arauak eman zituen. Sistema hau sendotuz joan da, bertan aurreikusten ziren urtean urteko estatistika programen bidez.

Aurreko planaren indarraldia agortu denez, beste bat onetsi beharra dago, Nafarroako 2003-2006 urteetako estatistika planari buruzko Foru Lege honen bidez.

Lege testu honek aipatutako ekainaren 27ko 11/1997 Foru Legean ezarritako aurreikuspenak garatzen ditu eta, halaber, Nafarroako 2003-2006 lau urteko estatistika planaren helburua ezartzen du; alegia, erakunde publikoei, gizartearen eragileei eta oro har herritarrei Nafarroako populazioa, gizartea, ekonomia, hauteskundeak eta ingurumena hobeki ezagutu eta aztertzeko behar adina argibide eman (ahal denean gizonak eta emakumeak bereizirik) eta erabakiak hartzeko baliagarriak izanen zaizkien estatistika jarduerak egitea, honako abiapuntu hauekin: ahal den kosturik txikiena eta dauden iturrien probetxamendu handiena, bikoiztasunak saihestuz, herritar, enpresa eta erakundeendako ahalik eta traba gutxien sortuz eta sekretu estatistikoa bermatuz.

Horrez gain, foru lege honek Nafarroako Gobernuaren eta entitate publiko zein nazioarteko erakundeen arteko lankidetza instituzionalaren harremanak ezartzen ditu, bai eta Nafarroako Estatistika Erakundeak plan hau betetzen izanen dituen eginkizunak ere.

Azkenik, foru lege honen eranskinetan ageri diren eragiketa estatistikoen inbentarioa (I. eranskina), Nafarroako Gobernuko Departamentuek sailkaturiko eragiketa estatistikoen inbentarioa (II. eranskina) eta eragiketa estatistiko bakoitzeko fitxa laburtuak (III. eranskina).

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Nafarroako 2003-2006 lau urteko estatistika planak, foru lege honek onesten duenak, Nafarroako Foru Komunitateko estatistika jarduera sustatu, antolatu eta planifikatzeko tresna den aldetik, lankidetza instituzionalaren barrutia zehazten du, zehazki Nafarroako Gobernuaren eta honako hauen artean:

a) Haren erakunde eta enpresak.

b) Entitate publikoak.

c) Erakunde nazionalak eta nazioartekoak.

Lankidetza horren xedea da Nafarroako estatistika sistema, bere inguruko sistemekiko, koherentzia, homogeneotasuna eta alderagarritasuna lortzen joatea.

2. artikulua. Nafarroako 2003-2006 lau urteko estatistika planak, arau honetan bildutakoak, indarra izanen du 2003ko urtarrilaren 1etik 2006ko abenduaren 31ra bitarte. Plana iraungitzean, hala ere, besterik onetsi ez bada, plana luzatu eginen da hurrengoak indarra hartu arte, salbu eta ezarritako epe edo aldien arabera baztertu behar diren eragiketetan.

3. artikulua. 1. artikuluko a) letran aipatutako entitateek plan honek eta berau garatzen duten estatistikarako urtean urteko programek haien esku utzitako estatistikak prestatuko dituzte, zuzenean edo beste entitate batzuekin elkarlanean.

4. artikulua. Nafarroako Estatistika Erakundeak estatistika plana eta estatistikarako urtean urteko programak bultzatuko ditu eta helburu horrekin honako eginkizun hauek beteko:

a) Estatistikarako urtean urteko programarako proiektuak prestatu eta horien izapidaketa eta onespena bultzatzea.

b) Nafarroako administrazio publikoek estatistika planak eta estatistikarako urtean urteko programek haien esku utzitako estatistika eragiketetarako behar dituzten aholkularitza teknikoko zerbitzuak ematea.

c) Foru lege honek eta berau garatzen duten estatistikarako urtean urteko programek haren esku utzitako estatistika jarduera instrumentalak egin edo proposatzea.

d) Nafarroako estatistikari buruzko ekainaren 27ko 11/1997 Foru Legeak estatistikak erregulatzeko aurreikusten dituen arau teknikoen proiektuak, estatistika planak eta berau garatzeko emandako estatistikarako urtean urteko programek haren esku utzitakoak, prestatu eta horien izapidaketa eta onespena bultzatzea.

e) Nafarroako administrazio publikoek, estatistika planak eta estatistikarako urtean urteko programek haien esku utzitako estatistikak estatistikari buruzko legeak betez prestatzen dutela zaintzea.

f) Nafarroan, informazio eta dokumentazio estatistikoaren inbentarioa egin eta haren mantenimendua egitea.

g) Nafarroako estatistika planean sartuta dauden estatistiken jarraipena egitea.

h) Estatistikaren arloan behar diren harremanak sustatzea foru lege honen 1. artikuluan aipatzen diren entitateekin.

5. artikulua. Foru lege honen ondorioetarako, estatistikako jardueratzat hartuko dira:

a) Estatistikak egiteko datuak, kopuruari zein kalitateari begira, bildu, lortu, tratatu eta gordetzea, emaitzak argitaratu eta zabaltzea eta antzeko izaera duen beste edozein, Nafarroako estatistikari buruzko ekainaren 27ko 11/1997 Foru Legearen 1. artikuluan ezarritakoarekin bat.

b) Aurreko letran zehaztutakoen aurretikoak edo osagarriak diren jarduera instrumentalak, legeak eska ditzakeenak edo teknikoki beharrezkoak direnak estatistikaren arloko legediak ezartzen duena bete ahal izateko, hau da, estatistikaren arloko prestakuntza espezifikoagokoak, ikerketa eta teknika, metodologia eta arauen garapeneko jarduerak.

II. KAPITULUA

Estatistika planaren egitura

6. artikulua. Estatistika lana, haren ardura zer departamentuk edo erakundek duen, horren arabera antolatua dago.

7. artikulua. Estatistiken sailkapena:

a) Estatistika sendotuak.

b) Proiektatutako estatistikak.

c) Direktorioak, erregistroak eta inbentarioak.

8. artikulua. Estatistika sendotuak errealitatea ezagutzeko balio dutela eta erabilgarriak direla frogatu eta sail estatistiko bat sortzen duen aldian aldiko jarduera osatzen dutenak dira, aurreko planetako eragiketen helburuak eta hurrengo saioetakoak garatu ondorengoak.

9. artikulua. Proiektatutako estatistikak eragiketetako helburu berriak osatzen dituztenak dira; alegia, interesgarriak izateagatik eta planaren helburu nagusiarekin bat etortzeagatik planaren indarraldian hasi behar dutenak.

10. artikulua. Direktorioa, erregistroa eta inbentarioa unitate estatistikoak identifikatu, atzeman eta sailkatzeko oinarrizko tresna estatistikoak dira. Errealitatearen alderdiren bat ezagutzeko aldian aldiko eta unean uneko errolda, inkesta eta estatistikak egiteko balio dute. Gainera, haien oinarrizko unitateen mota, izaera juridikoa, kokagunea eta bestelako ezagurrien gaineko funtsezko argibideak ematen dituzte.

III. KAPITULUA

Estatistika planaren helburuak

11. artikulua. Nafarroako 2003-2006 lau urteko estatistika planaren helburu orokorra datu estatistiko multzo koherente, fidagarri eta eguneratua lortzea da, ahal den kosturik txikienarekin, dauden iturrien ahalik eta probetxamendu handienarekin eta bikoiztasunik gertatu gabe, Nafarroako errealitatea, ekonomia, demografia, gizarte, ingurumen, lurralde eta soziolinguistikaren esparruetan (ahal denean, gizonak eta emakumeak bereizirik), ezagutzeko bide emanen duena eta erakunde publikoei eta gizartearen eragileei baliagarria izanen zaiena erabakiak hartzeko, hori guztia herritarrei ahal den traba gutxien sortuz eta sekretu estatistikoa bermatuz.

12. artikulua. Aurreko artikuluan ezarritako helburu orokorra fun- tsezko eta oinarrizko irizpidea izanen da estatistika plana betetzean esku hartzen duten organo guztiendako erabakiak hartzerakoan, eta foru lege honen eta berau bete eta garatzeko ematen diren xedapenen interpretaziorako irizpidetzat hartuko da.

13. artikulua. Helburu orokorra erdiesteko, informazioko helburu berariazkoak, antolamendukoak eta instrumental berariazkoak ezartzen dira.

a) Informazioko helburu berariazkoak datu eta emaitza estatistikoen beharrak betetzekoak dira.

b) Antolamenduko helburuak administrazio publikoen baliabide eta argibideak zentzuz erabiltzekoak dira.

c) Helburu instrumental berariazkoak estatistika egiteko behar diren normalkuntza eta prozedura metodologikoak garatzekoak dira.

14. artikulua. Informazioari dagokionez, hauexek dira helburu berariazkoak:

a) Informazio ekonomikoa handitzea, bilakaera ekonomikoaren jarraipen zehatz eta eguneratua ezarri ahal izateko, lan merkatua eta ekoizpen jarduna hobeki ezagutzeko bide emanen duten estatistiken bitartez.

b) Demografian eta honek beste arloekin duen loturan sakontzea, bereziki lan merkatuari, langileen prestakuntzari, osasunaren arloko plangintzari eta bizilagunen ongizateari dagokienez.

c) Estatistika sozialak sustatzea, eta halaber, bizilagunen bizi kalitatean eragina duten alderdiak hobeki ezagutzen laguntzen duten adierazleak.

d) Ingurumenaren arloko estatistikak garatzea, natur baliabideen egoera, ingurumenaren bilakaera eta bestelako fenomeno ekonomiko eta sozialekin duen lotura zehatz-mehatz ezagutzea lortzeko.

e) Estatistikak eta azterlan soziolinguistikoak garatzea, Nafarroako bilakaera soziolinguistikoa zehazki eta xehetasunez ezagutzea lortzeko.

15. artikulua. Honako hauek dira antolamenduko helburu berariazkoak:

a) Nafarroako estatistika sistemaren artikulazioa sendotzea honakoak bermatzeko: intimitatea gordetzea, sekretu estatistikoa, egindako estatistiken zehaztasuna eta zuzentasun teknikoa, emaitzen zabalkundea eta segurtasuna informazioa gorde eta ematean.

b) Nafarroako estatistika sistemaren eta Estatuko, Europako Batasuneko eta autonomi erkidegoetako sistemen arteko lankidetza instituzionalaren alde egitea, dauden iturriez baliatu, alderdi guztien intereseko proiektuak egin eta baliabideak aurreztu ahal izateko, bai eta herritarrei eta enpresei informazio eskaerak behin baino gehiagotan ez luzatzeko.

16. artikulua. Helburu berariazko instrumentalak hauexek dira:

a) Informazio estatistikoa zabaltzeko bideak bultzatzea, Nafarroako estatistika zabalkunderako sistema integratua ezartzeko bide eman eta erabiltzaileek informazioa eskura izatea erraz dezaten.

b) Nafarroako estatistika publikoaren arloko prestakuntza berariazkorako eta hobekuntzarako behar diren jarduerak betetzea, Nafarroako estatistika sisteman sartuta dauden langileei, bai eta beste profesional eta erabiltzaileei ere, metodo, teknika eta iturri estatistikoak hobeki ezagutzeko aukera eman diezaien.

c) Estatistikaren arloko ikerketa sustatzea, alderdi metodologikoetan eta Foru Komunitatearentzat interesa duten gaiei aplikatutakoetan, Nafarroako errealitatea, ekonomia, demografia, gizartea, ingurumenari eta lurraldeari dagokienez, hobeki ezagutzen laguntzeko.

d) Nafarroako estatistika sistemak emandako informazioaren normalizazioa, homogeneotasuna eta alderagarritasuna, Estatuko eta Europako sistemarekiko, sustatzea.

e) Nafarroako informazio estatistikoaren lurralde erreferentziazioa garatzea.

IV. KAPITULUA

Estatistika planaren garapena

17. artikulua. Informazioko helburu berariazkoak estatistikarako urtean urteko programen bidez garatuko dira. Programa horiek zehaztuko dituzte urte bakoitzean egin beharreko jarduerak.

Helburu instrumental berariazkoak horretarako onetsiko diren programen bidez garatuko dira.

18. artikulua. 1. Salbuespen gisa, eta sartzen diren programan kokatzeko arrazoiak azalduz, planean agertzen ez diren eragiketak sartu ahal izanen dira estatistikarako urtean urteko programetan, betiere baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Nafarroako estatistika planaren helburuetarako egokiak izatea.

b) Haien funtsezko osagaiak, bereziki Nafarroako estatistikari buruzko ekainaren 27ko 11/1997 Foru Legearen 27.2 b) artikuluan aurreikusitako zehaztapenak, agertzen dituen oinarrizko proiektu tekniko bat izatea, bete beharreko jarduera estatistikoen fidagarritasuna bermatzeko.

c) Aplikatzekoak diren zehaztapen teknikoei lotzea.

d) Haren metodologiatik emaitza fidagarriak eta beste estatistika batzuekiko alderagarriak lortzeko bide ematea.

e) Bidezkoa den kasuetan, aldizka eguneratzeko aukera ematea.

f) Teknikoki erabili ahal den lurralde bereizketa handienarekin egitea, hori erabilgarritzat jotzen denean.

g) Emaitzak zabaltzeko modua aurreikustea.

2. Estatistika jarduera horiek estatistikako urteko programetan sartu eta burutuko dira, betiere aurrekontu eta antolaketako baldintzen arabera.

3. Plana garatuko duten estatistikako urteko programetan zehaztuko da zein diren estatistika jarduera sendotuen kalifikazioa izanen dutenak, hurrengo programetan mantentzeko. Estatistika sendotutzat hartuko da errealitatea ezagutzeko balioa eta erabilgarritasuna dituela erakusten duena, estatistikako serie bat sortzen duen aldizkako jarduera izanik.

Estatistikako jarduerak sendotuen kalifikazioa harturik, artikulu honen 1. zenbakian ezarritako baldintzak betetzen dituela ulertuko da, hurrengo programetan sartzeko ondorioetarako.

4. Estatistikako urteko programetan sartutako estatistika jarduerak Nafarroako Foru Komunitateko estatistika ofizialak izanen dira, eta horiek prestatzeko eskatzen diren datuak ematea nahitaezkoa izanen da, Nafarroako estatistikari buruzko ekainaren 27ko 11/1997 Foru Legearen 23. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

19. artikulua. Nafarroako estatistikari buruzko ekainaren 27ko 11/1997 Foru Legearen 28.1 artikuluan aurreikusitakoaren babesean egindako eragiketa estatistikoek aurreko artikuluan araututako eragiketei eskatzen zaizkien baldintzak bete beharko dituzte.

20. artikulua. Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Estatistika Kontseiluaren txostena eskuratu ondoren, estatistikarako urtean urteko programa onetsiko du programaren urtearen aurreko abenduaren 31 baino lehen.

Estatistikako urteko programaren indarraldia urte naturalarena izanen da, baina luzatu ahal izanen da hurrengoa onetsi bitartean, haien izaera dela-eta jarraipena beharrezkoa duten jardueren kasuan.

21. artikulua. Nafarroako Estatistika Erakundeak estatistikarako urtean urteko programa bakoitzaren jarraipen txostena eginen du Nafarroako Gobernuak onets dezan, bidezko baldin bada.

Era berean, Nafarroako 2003-2006 lau urteko estatistika planaren ebaluazio proposamena eginen du, hura amaitu ondoren, Nafarroako Gobernuak onets dezan.

Agiri hauek aldez aurretik jakinaraziko zaizkio Nafarroako Estatistika Kontseiluari.

22. artikulua. Nafarroako Estatistika Erakundeak estatistikari buruzko arauak begiratu behar ditu, bereziki estatistika planean ageri direnak eta hauek garatzen dituztenak. Begiratu behar hori betearazteko, Nafarroako Gobernuari baimena ematen zaio Erakundeari ahalmena eman diezaion planeko estatistikak ikuska ditzan.

V. KAPITULUA

Lankidetza instituzionala

23. artikulua. Entitate laguntzaileak izanen dira Ekonomi eta Ogasun Departamentuarekin bi alderdien intereseko helburuetarako hitzarmenak izenpetzen dituztenak.

Aipatutako departamentuak, Nafarroako Estatistika Erakundearen bidez, eta entitate laguntzaileek beren intereseko informazio estatistikoa luzatuko diote elkarri, bai eta estatistikak prestatzeko behar den aholku teknikoa emanen ere.

24. artikulua. Nafarroako Estatistika Erakundea interesgarria deritzonean estatistika jarduerak betetzen dituzten entitate edo erakunde mota guztiei zuzendu ahal izanen zaie, Nafarroako 2003-2006 lau urteko estatistika planean ezarritako helburuen kudeaketaren ondorioetarako, ez besterik.

25. artikulua. Nafarroako Gobernuak, gure erkidegoan hartutako laginak hobetu ahal izateko, lankidetza-hitzarmenak egin ahal izanen ditu kasuko estatu-erakundeekin, horrela haien banakinetan ateratzen diren estatistiken adierazgarritasuna hobetu eta Nafarroari buruzko ustiapen osoagoak ahalbidetzeko.

26. artikulua. Ekonomi eta Ogasun Departamentuak lankidetza teknikorako akordioak izenpetu ahal izanen ditu 24. artikuluan aipatzen diren entitate eta erakundeekin.

VI. KAPITULUA

Emaitza estatistikoen zabalkundea

27. artikulua. Estatistika planaren helburu nagusia estatistiken emaitzak zabaltzea da, betiere sekretu estatistikoa gordeta. Horretarako, datuen gaurkotasuna eta zabalkundearen lastertasuna hartuko dira kontuan. Informazioko teknologia berriak lehenetsiko dira.

28. artikulua. Emaitza estatistikoak hiru motakoak izan daitezke:

a) Emaitza sintetikoak. Gaika lortu eta lurraldeen arabera antolatu diren orotariko emaitzak laburtzen dituzte.

b) Oinarrizko emaitzak. Orotariko emaitzak modu estandarrean erabiliz lortzen dira. Haien helburua taula gurutzatuak lortzea da, estatistikarako urtean urteko programetan xedatu bezala, kontzeptu, lurralde eta epeen arabera sailkaturik.

c) Emaitza berariazkoak. Haien xedea ustiapen estandarizatugabeak edo informazio estatistikorako sarbide berariazkoak lortzea da, sekretu estatistikoa gordeta.

29. artikulua. 1. Nafarroarendako interesgarriak diren estatistiketan emaitza sintetikoak gutxienez ere zabalkunde handiko eta sarbide libreko hedabide batean argitaratu beharko dira, hala nola, Interneten. Gainera, Nafarroako Estatistika Erakundean izanen dira eskuragarri, pertsona eta instituzio guztiek dohainik erabil ahal ditzaten.

2. Oinarrizko emaitzak eta emaitza berariazkoen ustiapena erabili ahal izateko Nafarroako Estatistika Erakundera edo eragiketa estatistiko bakoitza sortzen duen departamentuko idazkaritza teknikora jo beharko da.

30. artikulua. 1. Nafarroako Estatistika Erakundeak estatistika planeko eta estatistikarako urtean urteko programetako estatistiketak emaitzak eskura eduki, zabaldu eta argitaratu beharko ditu.

2. Nafarroako Estatistika Erakundeak Nafarroako estatistika sistemako beste erakunde eta organoei erraztasunak emanen dizkie, nahi badute, Erakundearen webgunean Nafarroarendako interesagarriak diren estatistiketako emaitzak sar ditzaten, bai zuzenean, bai beste webguneekiko loturen bidez.

Xedapen gehigarri bakarra.-Nafarroako Gobernuak foru lege honek indarra hartu eta hiru hilabeteko epean, gehienez ere, onetsiko du 2003. urteko estatistika programa.

Xedapen indargabetzaile bakarra.-Nafarroako 1999-2002 urteetako estatistika planari buruzko azaroaren 19ko 15/1998 Foru Legea eta foru lege honetan aurreikusitakoaren kontra doazen maila bereko edo apalagoko xedapen oro indarrik gabe gelditzen dira.

Azken xedapen bakarra.-Nafarroako Gobernuari baimena ematen zaio foru lege honetan aurreikusitakoa garatu eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, Foru Lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta Estatuko Aldizkari Ofizialera igor dadila agintzen dut eta hiritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, bi mila eta biko urriaren hogeita zortzian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: a0211697