13. ALDIZKARIA - 2002ko urtarrilaren 30a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

B E R R I O Z A R

Berriozarko arau subsidiarioetako R1, R2 eta R3 unitateen Konpentsazio Batzordeko Estatutuak. Behin betiko onespena

Udalak, 2001eko abenduaren 19ko osoko bilkuran, ondoko erabakia hartu zuen, besteak beste:

"Udalak, 2001eko abuztuaren 24ko osoko bilkuran hartu erabakiaren bidez, hasiera batez onetsi zituen Berriozarko arau subsidiarioetako R1, R2 eta R3 unitateen Konpentsazio Batzordeko Estatutuen eta Jarduketa Oinarrien Proiektuak, Pedro Palacios Alzórriz jaunak Proyect Management Palacios, S.L. ordezkatuz eta haren izenean aurkeztutakoak.

Jendaurreko epean alegazio bakarra aurkeztu zen, Fermín Javier Ibarrola Alemán jaunarena, eta bertan ondoko alderdiak ageri ziren:

a) Alegazio-egileak adierazten du ez duela Berriozarko arau subsidiarioak R1, R2 eta R3 unitateetan aldatzeko proiektuaren behin betiko onespenaren berri izan, eta ez zaiola zuzenean jakinarazi berak espedienteari aurkeztu zizkion alegazioen ebazpena; bere ustez, hasiera batez onetsitakoa erabat deuseztatzen du horrek.

b) Estatutu eta Oinarrien sustatzailea ez omen da, bere ustez, unitateko lurren % 50 baino gehiagoren jabe.

c) Jarduketak bere senideei jakinarazi behar zaizkiela dio, familiako lur ukituen jabekideak baitira haiek ere.

d) Proiektuetan akatsak daudela alegatzen du, eta estatutuen 26.2 artikulua, kuoten ordainarazpenei buruzkoa, legez kontrakoa dela dio.

Aurkezturiko alegazioak ikusirik, Udalak, osoko bilkuran, ondokoa adierazi du:

1. Ekimen partikularrak planeamendu orokorrean sustatzen duen edozein aldaketa puntual zuzenean jakinarazi behar zaie ukituriko jabeei, baita haiek egindako alegazioen erantzuna nahiz espedientearen behin betiko onespena ere; hala ere, eta aurrekoa gorabehera, Batzordearen Estatutuak nahiz Oinarriak hasiera batez onetsi eta tramitatzeko ez da aldaketaren behin betiko onespenik behar, nahiz eta Berriozarko arau subsidiarioetako aldaketaren onespena ezinbestekoa den Estatutuak eta Oinarriak behin betikoz onetsi ahal izateko (85/95 Foru Dekretuaren 71.2 artikulua). Horrenbestez, Udalaren jarduketa horretan ez dago inolako deuseztasun kausarik.

2. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legearen 156.1 artikuluan agindutakoarekin bat, egia da ezen unitatearen azaleraren % 50 baino gehiago hartzen du(t)en jabeak/jabeek tramitatu behar ditu(zt)ela estatutuak nahiz oinarriak.

Katastroko erregistroen bidez eta birzatiketaren datuak begiratuz, egiaztatu da sustatzailea unitateko lurren % 50 baino gehiagoren jabe dela.

3. Espedientean egiaztatzen da Jesús Ibarrola Alemán jaunari aurtengo irailaren 26ko hasierako onespenaren erabakia jakinarazi zitzaiola, bai 138. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, 2001eko azaroaren 14an, jarri iragarkiaren bidez bai Eguesibarko Udalaren iragarki oholean paratutakoaren bidez. Ediktuak erabili ziren ezinezkoa izan zelako haren etxean eta posta ziurtatuaren bidez jakinarazpena egitea.

4. Bestalde, 24. e) artikuluan akatsa dago, 9.4. artikulua aipatzen baitu eta ez dago halako artikulurik, baina argitu beharra dago aipamena zortzigarren artikuluko hirugarren lerroaldeari dagokiola; hortaz, bidezko da alegazio hori baiestea.

5. Azkenik, Estatutuen Proiektuko 26.2 artikuluaren ustezko legezkontrakotasunari dagokionez, gogoratu beharra dago ezen bai Estatutuek bai Oinarriek ondokoak finkatu behar dituztela: batzordekideen betebehar nahiz eskubideak, Hirigintzako Kudeaketaren Erregelamenduko ekarpenak ordainarazteko arauak (166. artikulua, i eta j), eta jabeek Batzordeari ekarpenak egiteko modua eta epeak (167.1.j artikulua); hortaz, Batzordeak berak eta, kasu honetan, Estatutuek eta Oinarriek berek ezarri behar dituzte horren gaineko zehaztapenak.

Egia da Hirigintzako Kudeaketaren Erregelamenduko 181. artikuluak ezartzen duela ezen, batzordekideek beren zorrak ordaintzeari uko eginez gero, Batzordeak baduela ahalmena administrazioari desjabetzapena edo zorraren premiamendu bidezko kobrantza eskatzeko. Baina ahalmen hori gorabehera eta azken erabaki hori hartu aurretik, Estatutuetan halako errekarguak eta korrituak aurreikusten ahal dira epe barnean jaso ez diren kopuruen gainean ezartzeko, eta haiek osatuko dute, printzipalarekin batera, gero premiamendu bidean, halakorik bada, erabiliko den printzipala.

Laburbilduz, Estatutuek Batzordean ordainketak egiteko araubidea, modua, epeak, errekarguak eta korrituak ezarri behar dituzte, baina gero, estatutuko prozedurak onetsitakoan, desjabetzapena edo premiamendu bidea eskatzen ahal da.

Horrenbestez eta aurretik aipatu guztiarekin bat, gure ustez, hein batean ezetsi behar dira Ibarrola jaunaren alegazioak.

Horiek horrela, ondokoa erabaki da:

Lehena.-Fermín Javier Ibarrola Alemán jaunak aurkeztu alegazioak hein batean ezestea, aurretik azaldu arrazoiak direla bide.

Bigarrena.-Behin betikoz onestea Berriozarko arau subsidiarioetako R1, R2 eta R3 unitateen konpentsazio batzordeko estatutuen eta jarduketa oinarrien proiektuak, Pedro Palacios Alzórriz jaunak Proyect Management Palacios, S.L. ordezkatuz eta haren izenean aurkeztutakoak.

Hirugarrena.-Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Berriozarko Udalaren iragarki oholean argitaratzea, eta interesatuei banan-banan jakinaraztea.

Laugarrena.-Proyect Management Palacios, S.L.ri eskatzea konpentsazio proiektuaren eskritura publikoa egin dezan, ondotik jabetza erregistroan sartzearren.

Bosgarrena.-Proyect Management Palacios, S.L.ri eskatzea ezen, konpentsazio batzordearen estatutuak behin betikoz onetsi ondoko 15 egun balioduneko epean, testu bategina Udalari aurkezteko, eskritura publikoa egin dadin.

Seigarrena.-José Ríos Ochoa alkate udalburua Berriozarko Udalaren ordezkari izendatzea konpentsazio batzordearekin aritzeko".

Ebazpenaren aurka errekurtso hauetakoren bat paratu ahalko da, aukeran:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko Sailari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, ebazpena argitaratu ondoko hilabetean.

c) Berraztertzeko errekurtsoa ebazpena eman duen organoari berari zuzendua, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Argitaratzen da orok jakin dezan, eta Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59.4 artikuluan aurreikusi ondorioetarako, hau da, Jesús Ibarrola Alemán jaunak jakin dezan (azken helbide ezaguna: Elizalde auzunea, 5 zk., 31620 Olatz, Eguesibar).

Berriozarren, bi mila eta biko urtarrilaren zortzian, Idazkari nagusia, Tomás Mena García.

Iragarkiaren kodea: A0200379