13. ALDIZKARIA - 2002ko urtarrilaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

ERABAKIA, 2001eko abenduaren 26koa, Nafarroako Gobernuak hartua, "Iruña-Logroño autobideko 2. tartearen trazadura: Lizarra-Logroño" Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatua, onesten duena.

I.-Aurrekariak.

Nafarroako Gobernuak 2001eko irailaren 10ean egindako bilkuran erabaki zuen "Iruña-Logroño autobideko 2. tartearen trazadura: Lizarra-Logroño" izeneko proiektua, horren alternatiba guztiak barne, Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala deklaratzea eta, horrekin batera, honako zehaztapen hauek egin zituen:

A) Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari adieraztea, proiektuari dagokion Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioaren aurretik, eta, kasua bada, aukeratzen diren alternatiben Eraikuntza proiektuaren aurretik ere, aurkeztu behar duen dokumentazioan, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren 2001eko abuztuaren 31ko txostenaren VI. atalean, ingurumenaren arloko zehaztapenak izenekoan, eskatzen dena erantsi beharko duela.

B) Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari adieraztea, UPSa onetsi aurretik, Erabaki honen azalpen zatian eskatzen diren departamentuetako txostenak aurkeztu beharko dituela, honako hauek alegia:

-Hezkuntza eta Kultura Departamentuarena, ukitzen den ondare historikoari buruzkoa.

-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuarena, ureztalurren gaineko eraginari buruzkoa.

-Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuarena, aztertzen diren alternatiben egokitasun mailari buruzkoa, Departamentuak eskualdeko industri lurzoruari buruz dituen aurreikuspenak oinarri harturik.

C) Adierazten da, orobat, egoki litzatekeela aukeratzen diren alternatiben eraikuntza proiektuan Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren 2001eko abuztuaren 31ko txostenaren V. atalean, Lurraldeko eta Hirigintzako zehaztapenak izenekoan, aipatzen diren alderdiak konpontzeko behar diren neurriak biltzea.

Horrekin batera, erabaki zuen espedientea jendaurrean jartzea hilabete batez eta, aldi berean, proiektaturiko trazaduren ondorioz ukitzen diren toki entitateei entzunaldia ematea. Jendaurreko aldia Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioaren prozeduraren ondorioetarako ere ireki zen.

Erabaki hori 2001eko irailaren 28ko 118. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen.

Espedientea jendaurrean egon zen bitartean, Herrilan Zuzendaritza Nagusiak informazio bilerak egin ditu jendaurrean jarri diren alternatiben trazaduren ondorioz ukituak izan litezkeen udalerri guztien ordezkariekin.

Azkenik, iazko azaroaren 23an, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak hainbat agiri aurkeztu zituen eta horietan oinarriturik eskatu zuen azkenean hautatzeko proposatzen diren alternatibei dagokien Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egin zezatela eta dagokion UPSa onets zezatela. Agiri horien artean, hauexek dira aipagarrienak:

-Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren txostena, non aurkeztu diren alegazioak, haien azterketa eta balorazioa eta bakoitzari eman zaion erantzuna ageri diren, hala nola aukeratu beharreko trazaduren alternatiben proposamena, tartez tarte, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioaren ondorioetarako eta dagokion UPSa onets dadin.

-Proposaturiko trazaduren ortofotoa, lotuneak eta lan osagarriak barne.

-Azterlan osagarriak, besteak beste, Los Arcos eta Logroño tarterako planteatu den "El Añal" Alternatiba berriaren trazaduraren planoak eta dagokion Ingurumen Azterlana.

Dokumentazio hori osatzeko, Nafarroako Gobernuak eskatu txostenak aurkeztu ziren abenduaren 5ean.

II.-Aurkezturiko alegazioen azterketa eta balorazio orokorra.

Jendaurreko epean 34 alegazio-idazki aurkeztu dira (horietatik 6 bi kopia utzita). 6 idazki partikularrek edo erakunde pribatuek aurkeztuak dira eta gainerakoak toki entitateek, dela banaka, dela taldeka.

Kontsulta horretatik ondorioztatzen da, oro har, toki entitateen parte-hartzea handia izan dela, besteak beste, komunikazio-bide garrantzitsu honek zuzenenik ukituko dituen toki entitateek esku hartu baitute. Azpiegituraren aldeko sostengua, bestalde, handia da. Izan ere, azpiegitura egitea ezbaian jartzen duen alegaziorik ez dago batere, nahiz eta aukerabideak baloratzeko orduan ezberdintasunak izan badiren. Autobidean sartzeko bideak hobetzeko zenbait eskaera ere egin dira. Alderdi horiek guztiak ondoren azaltzen dira, tartez tarteko alternatiba bakoitzari buruz alegazio-egileek duten iritziaren arabera.

Espediente honen jendaurreko aldian eta tramitazio prozesuan, berebiziko garrantzia du alternatibarik egokiena hautatzeak, bai onesteari begira, bai Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioari begira. Hortaz, aurkezturiko alegazioen azterketa eta balorazioa, jakina, helburu horri begira egin dira, proiektuaren bi tarteetarako berdin, hots, Lizarra-Los Arcos tarterako, eta Los Arcos-Logroño/Ebroko ardatza tarterako.

II.1.-Lizarrako saihesbidea-Los Arcos tartea.

Lehenengo tarte horretan, aurkezturiko alegazioen arabera, alegazio-egileen jarrerak bost multzotan sailka daitezke:

Lizarrako saihesbidea oinarri harturik, egungo N-111 errepidearen korridoreari segitzen dioten alternatiben alde (Montejurrako iparraldea) agertzen diren alegazio-egileak. Iritzi hori 19 alegazio-idazkitan agertzen da. 17 toki entitate daude ordezkaturik idazki horietan, besteak beste Lizarrako udala, hala nola Lizarrako merindadeko Enpresaburuen Elkartea eta Bargotako Ureztatzaileen Elkartea. Aipatu beharra dago, adierazgarria baita, 17 toki entitate horietatik 14 Santa María-Iruso Alternatibaren alde agertu direla espresuki.

UPSan eta alternatiben IEAn erabilitako metodologia ezbaian jartzen duten alegazio-egileak. Deikaztelu Alternatibaren ordez, beste alternatiba bat proposatzen dute, egokiena ez bada ere. Iritzi hori 14. alegazio-idazkian ageri da, Arronitz, Aiegi, Arellano, Lerín, Allo, Deikaztelu eta Sesmako udalek aurkeztua.

Deikaztelu Alternatibaren alde agertzen den alegazio-egilea, Montejurrako hegoaldetik doana, Donejakue bidea ukitzen ez duen bakarra delako. Iritzi hori Fenando Vega López jaunak aurkezturiko alegazioan biltzen da (9. alegazio-idazkia).

Besteak beste, bere udalerrian izango den eragina ez dela aztertu dioen alegazio-egilea, hau da, Aiegiko Udalak aurkezturiko alegazioa (23. alegazio-idazkia).

Gainerako 9 alegazio-egileen iritzia, horiek aurkezturiko alegazio-idazkiak 12 izan arren. Lizarra-Los Arcos tarterako planteaturiko alternatiba jakin baten alde agertzen ez direnez, haien iritziak ez du eraginik izango tarte horretarako alternatiba bat proposatzeari begira.

Azaldutako guztia kontuan harturik, ikusi da tarte horretarako proposaturiko alternatiba jakin baten alde agertu diren alegazio-egile gehienek Montejurrako iparraldetik joaten direnen alde egin dutela, zehazki Santa María-Iruso Alternatibaren alde, hots, Proiektuan hobekien baloratu zen alternatiba bera. Donejakue bidearen gaineko eragina ahalik eta gehien zuzentzeko hartuko diren neurriak gorabehera, alternatiba hori, oro har, egokiena dela uste dugu.

II.2.-Los Arcos-Logroño/Ebroko ardatza tartea.

Aurkezturiko alegazioen arabera, alegazio-egileek tarte horri buruz dituzten jarrerak bost multzotan bil daitezke:

Los Arcos eta Ebroko ardatzaren artean (NA-134) trazadura alternatibo bat egitea proposatzen dutenak, Linares Alternatibari jarraikiz hasierako tartean eta Viana Alternatibarekin bat azkeneko tartean. Iritzi hori 6 alegazio-idazkitan jaso da, non 4 toki entitate ordezkatzen diren (Los Arcos, Elizagorria, Mendabia eta Viana).

Los Arcos-Ebroko ardatza tarterako, Viana Alternatibaren alde agertzen direnak. Iritzi hori 15 alegazio-idazkitan jaso da, non 14 toki entitate eta Lizarrako Merindadeko Enpresaburuen Elkartea ordezkatuak dauden.

Viana Alternatiba edo alternatiba berria onartuta ere, autobidean sartzeko bideak aldatzea eskatzen dutenak. Iritzi hori 4 alegazio-idazkitan ageri da, beste horrenbeste toki entitatek aurkeztuak (Armañantzas, El Busto, Torres del Río eta Santsol).

Viana Alternatibaren aurka agertzen direnak, besteak beste ureztaketako lurrak ukitzen dituelako. Iritzi hori hiru alegazio-idazkitan ageri da eta bertan Bargotako Udala eta Ureztatzaileen bi elkarte daude ordezkatuak.

Alegazio-egile bakar batek bere jabetzapeko nekazaritza eta industria instalazioetan gertatuko diren eraginak azaltzen ditu. Alegazio-idazki hori (8.a) Fernando Zaratiegui Castellot jaunak aurkeztu du, San Adriango Bodegas Muerza, S.A. ordezkatuz.

Los Arcos eta Ebroko ardatzaren (NA-134) arteko trazadura alternatibo berri bat hautatzea nahiago duten alegazioei dagokienez, adierazi beharra dago bide-tarte honek ukituko duen eremuan ukituenak diren udalekin (Mendabia, Elizagorria, Viana eta Los Arcos) egindako informazio bileretan udalek planteatu zutela Linares eta Viana alternatiben arteko beste trazadura bat ikertu beharko litzatekeela, Elizagorritik Santsol/Torres del Riorainoko errepidea eta autobidea bera lotzeko bide bat eginez. Proposamen hori hasiera batean onetsi zuen Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak eta, horrenbestez, alternatiba hori aztertu eta garatzeari ekin zion, jendaurrean jarri ziren gainerako alternatibak bezainbeste. Azterketa horren emaitzen berri eman zitzaien eskaera hura egin zuten lau udalei, baita Santsol, Torres del Río, Armañantzas eta Urbiolako udalei ere. Azterturiko alternatiba hori, "El Añal" izenekoa, Linares eta Viana alternatiben erdi-bidea da, ez du eragin nabarmen gehiagorik sortuko, ez ingurumenean ez lurraldean, jendaurrean jarritako aldian aintzat hartutakoez gainerakorik ez behintzat. Luzeraz, Viana alternatiba baino laburxeagoa da, baina, garestiagoa da, 500 metroko tunel bat egin beharko baita. Funtzionaltasunaren ikuspegitik, hobekuntza bat ekarriko du, Mendabia eta Elizagorriko sarbideak hobetuko baitira, baita Santsol, Torres del Río eta Armañantzasekoak ere, NA-6630 errepidean lotune berri bat egingo baita. Era berean, Los Arcosen egiteko proiektatu den Ingurumenaren Tratamendurako Zentrorako sarbideak ere nabarmen hobetuko dira.

Hori horrela delarik, adierazi beharra dago Viana Alternatibaren alde agertu diren herriek autobidean sartzeko duten bidea Los Arcos eta Lizarra arteko tartean dagoela eta, horrenbestez, Viana izeneko hautabidea, ondorio horietarako, proposatu den alternatiba berria bezal-bezalakoa dela. Izan ere, azken horrek ez du Los Arcos eta Logroño/Ebroko ardatzaren arteko lotunea aldatzen, aitzitik, hobetzen du. Horregatik, herri haien iritzia eta alternatiba berriaren aldeko jarrera, hots, Linares eta Viana alternatiben konbinazioa, bateragarriak direla uste dugu.

Bestalde, nahiz eta proposatu den autobidearen alternatiba berriaren trazadura Armañantzas, El Busto, Torres del Río eta Santsol herrietatik urruntxeago egon, autobidea eta Santsol-Elizagorria errepidea lotzeko bide bat egingo denez eta errepide hura berrituko denez, aurreragoko atal batean azaltzen den bezala, herri horietatik autobidean sartzeko sistema egokia izango da.

II.3.-Ingurumenari buruzko arrazoietan oinarritzen diren alegazioak.

Aurkeztu diren 34 alegazio-idazkietatik hiruretan baino ez dira aipatzen ingurumenaren gaineko kontuak: 9. zenbakiduna, Fernando Vega jaunak aurkeztua, Donejakue bidearen gaineko eragina mintzagai duena; 14. zenbakiduna, Arronitz, Aiegi, Arellano, Lerín, Allo, Deikaztelu eta Sesmako udalek aurkeztua, zati batean, ingurumenari buruzko azterlanean erabilitako metodologia aipatzen duena, eta 23. zenbakiduna, Aiegiko Udalak aurkeztua, zeinen ingurumenaren gaineko alegazioak aurreko alegaziogilearen idazkian ere ageri diren. Alegazio horiei eman zaien erantzuna alegazioak banan-banan erantzuteko atalean ageri da.

II.4.-Komunikazio-bideak hobetzea helburu duten alegazioak.

Aurkeztu diren alegazio gehienetan hainbat eskakizun egiten dira, bai autobidean sartzeko errepideak hobetzeko, bai lotura berriak egiteko. Horrelakoak 16 alegazio-idazkitan ageri dira. Bertan 21 toki entitate eta Lizarrako Merindadeko Enpresaburuen Elkartea ordezkatuak daude.

Eskaera horien azterketa, Lizarra eta Los Arcos tarterako, Santa Maria-Iruso Alternatiba eta, Los Arcos eta Logroño (NA-134/Ebroko ardatza) tarterako, "El Añal" Alternatiba aukeratuko liratekeen testuinguruan kokatu da. Eskakizun horiek autobideko sarbideak hobetzen noraino lagunduko luketen baloratu da, aurrekontua, errepideen egungo egoera eta zerbitzua baliatuko duen biztanle-kopurua kontuan harturik.

Hori oinarri, gero eta hedatuagoa dagoenez Iruña-Lizarra-Logroño autobideak, ibilbide luzeko komunikazio-ardatz estrategiko bat izateaz gainera, bereziki, Estellerria garatzeko balio behar duela, ezin interesgarriagotzat jotzen da, Autobide berriarekin batera egin beharreko lanen artean, komunikazioko zeharkako ardatzak berritu eta hobetzea eta, orobat, lotura berriak egitea, autobidea lurralde honetan txertatzeko eta sartzeko bideak errazteko. Horregatik guztiagatik, ondoko lan hauek autobideko obren barrenean sartzea proposatzen da:

-NA-122 errepidea goitik behera konpontzea, Lizarrako saihesbidetik Deikaztelu-Allora bitartean (berriturik dauden bi tarteak kenduta, hots, Lizarrako saihesbidearen inguruan eta Deikazteluko gurutzaguneak), Morentin, Aberin, Muniain, Deikaztelu, Arellano, Allo, Lerín eta Sesmatik sartzeko bideak nabarmen hobetzearren.

-NA-6342 errepidea Arellano, Deikaztelu eta NA-122 errepidearen artean hobetzeko lan puntualak.

-NA-6340 errepidea goitik behera konpontzea Urbiola eta Allo artean, Lukin, Barbarin eta Arronizko saihesbideak barne, herri horietatik eta inguruko eragin-eremutik autobidean sartzeko bideak nabarmen hobetzearren.

-NA-7400 errepidea goitik behera konpontzea Urbiola eta Antzin artean, Olexua, Etaiu, Oko, Legaria, Murieta, Abaigar eta Antzinetik eta inguruko eragin-eremutik sartzeko bideak nabarmen hobetzearren.

-El Buston sartzeko NA-6362 errepidea konpontzea, N-111 errepidetik.

-NA-6330 errepidea goitik behera konpontzea Torres del Río eta Elizagorria artean, Torres de Río, Santsol, Armañantzas, Bargotatik eta eragin-eremuko gainerako herrietatik autobidean sartzeko bideak nabarmen hobetzearren.

-NA-7253 errepidea berritzea, Bargota eta N-111 errepidearen artean.

-NA-6310 errepidea goitik behera berritzea, Elizagorria eta Mendabia artean, Elizagorriko saihesbidea barne, Elizagorria eta Mendabiatik eta inguruko eragin-eremutik sartzeko bideak nabarmen hobetzearren.

-N-111 errepidea goitik behera berritzea, Viana eta probintziako mugaren artean, herri horretatik eta inguruko eragin-eremutik Logroñon, Ebroko ardatzean eta Edukiera handiko inguruko bide-sarean sartzeko bideen osagarri.

-Autobidea eta NA-112 errepidea gurutzatzen diren tokian lotune berri bat egitea, Ingurumena Tratatzeko Los Arcoseko Zentro berrian sartzeko.

-Autobidea eta NA-6330 errepidea gurutzatzen diren tokian lotune berri bat egitea, Elizagorrian eta Mendabian, Santsolen, Torres del Ríon, Armañantzasen, Bargotan eta haien eragin-eremuan sartzeko.

II.5.-Beste alegazio batzuk.

Azkenik, 14. alegazio-idazkiaren bi ataletan azaltzen diren bestelako alegazio batzuk daude, dagokien tokian erantzuten direnak. Idazki hori Arronitz, Aiegi, Arellano, Lerín, Allo, Deikaztelu eta Sesmako udalek aurkeztu dute. Funtsean, hauxe eskatu dute:

-Aurrekontuaren % 1 Espainiako Ondareari loturiko kultur intereseko lanak finantzatzeko bideratu dezatela, Estatuak osorik edo partez finantzatzen dituen obretarako 16/1985 Legeak dioena aplikatzeko asmoz.

-Udalez gaindiko Proiektu Sektorial berria jendaurrean egoteko aldia bi hilabete luzatzea.

III.-Aurkezturiko alegazioen edukia eta erantzuna.

1. alegazioa.-Jerónimo Gómez Ortigosa jauna, Los Arcosko Udaleko alkatea.

Udalak adierazi du, Monjardin tarterako, Lizarrako saihesbidea-Santa María-Iruso Alternatiba iruditzen zaiola egokiena, eta Elizagorria tarterako, berriz, Linares Alternatiba, tarte horretan, zehazki Mendabia eta Viana arteko tarterako, beste aukerabide batzuk aztertzea deusetan galarazi gabe.

Erantzuna:

Aukeraturiko alternatibak, hots, Santa María-Iruso izenekoa lehenbiziko tarterako eta El Añal izenekoa bigarren tarterako, eta II.4 atalean adierazitako loturak, hobekuntzak eta lan osagarriak ikusita, eskatutakoari kasu egin zaio.

2. alegazioa.-Jerónimo Gómez Ortigosa jauna, Los Arcosko Udala ordezkatuz.

Alegazio hau 1. alegazio-idazkiaren osagarria da, udal berak aurkeztu baitu, eta hauxe planteatzen du:

1. Ikuspegi tekniko batetik, Monjardin tarterako, Lizarrako saihesbidea-Santa María-Iruso Alternatiba egokiena iruditzen zaio. Bestalde, Los Arcos eta Ebroko ardatzaren arteko tarterako dauden alternatibak aztertuta, Los Arcosko Udala tarteko hautabide bat hartzearen aldekoa dela dio. Alternatiba hori, hasierako tartean, bat dator Linares Alternatibarekin, baina ibilbidearen erditik trazadura berria egingo litzateke Vianaraino, non Ebroko ardatzarekin bat egingo lukeen, Viana Alternatibarako aurreikusitako toki berean.

2. Alternatiba berria aukeratuz gero, komunikazio-bide horren hegoaldean nahiz iparraldean diren bizigune guztietatik autobiderainoko distantzia berdintsua izango litzateke. Gainera, Ingurumena Tratatzeko Los Arcosen egin gogo den Zentrotik hurbilago egongo litzateke eta, horrenbestez, Zentrora joaten diren ibilgailuak zuzenean sartuko lirateke autobidean, inguruko biziguneak ukitu gabe.

3. Lan osagarri batzuk egin beharko lirateke:

-Santsol/Torres del Río eta Elizagorria arteko errepidea goitik behera berritzea.

-Elizagorria eta Mendabia arteko errepidea goitik behera berritzea, Elizagorrirako saihesbidea barne.

4. Orobat, NA-112 errepidea eta autobide berria lotzeko bidea egin beharko litzateke, hala nola Santsol/Torres del Río-Elizagorria errepidea eta autobidea lotzeko beste bide bat.

5. Gainera, N-111 errepidea, Viana-Logroño tartean, berritzeko lanak ere aureikusi beharko lirateke.

Erantzuna:

1. alegazio-idazkian emandako erantzunera jo.

3. alegazio-idazkia.-M.ª Celsa Manso Sanz-Galdeano andrea, Armañantzasko Udala ordezkatuz.

Udalak adierazi du Elizagorria tarterako alternatibak ikusita, Viana Alternatiba dela egokiena, betiere autobidearen eta Armañantzasen arteko lotura egokia egiten bada.

Erantzuna:

Aukeratu den alternatiban, El Añal izenekoan, lotura bat aurreikusi da autobideak eta Elizagorria-Torres del Río-Santsol NA-6330 errepideak bat egiten duten tokian. Lotura egiteaz gainera, errepidea hobetuko dela kontuan harturik, alegazio-idazki horretan sarbideei buruz planteaturikoa aintzat hartu da.

4. alegazio-idazkia.-Lizarrako Merindadeko Enpresen Elkartea.

1. Lizarra-Monjardín tarteari dagokionez (Lizarra eta Los Arcos artean), Iparraldeko Bidearen alde jotzen dute. Hortaz, Deikaztelu Alternatiba alde batera uzten dute.

2. Hegoaldeko Bidea bazter uztearen ondorioz, ukituak diren herrietako sarbideak hobetzea kontuan har dezatela proiektuan.

3. Proiektuan Lizarrako egungo saihesbidearen bikoizketa aurreikus dezatela, izan ere, autobidea egitearen ondorioz sortuko den trafikoaz gainera, Gasteizera doan trafikoa ere hartzen segituko baitu.

4. Iparraldeko Bidea hartuta, proposaturiko hiru aukerabideen artetik hauturik ez duela egin, hots, "Santa María", "Urbiola" eta "Lukin", baina uste du trafikoarentzat seguruena izatea, herri garrantzitsuetarako nolako sarbideak dituen (Arronitz kasu baterako) eta "Camino de Santiago" elkartearen iritzia baloratu beharko liratekeela.

5. Elizagorria tarteari dagokionez (Los Arcos eta Logroño artean), Lizarrako Merindadeko Enpresen Elkartea Viana Alternatibaren alde agertzen da.

Erantzuna:

Aukeraturiko alternatibak, hots, Santa María-Iruso izenekoa lehenbiziko tarterako eta El Añal izenekoa bigarren tarterako, eta II.4 atalean adierazitako loturak, hobekuntzak eta lan osagarriak ikusita, eskatutakoari kasu egin zaio.

Lizarrako saihesbidearen bikoizketari dagokionez, Arronitz, Aiegi, Arellano, Lerín, Allo, Deikaztelu eta Sesmako udalek 14. alegazio-idazkian eta Aiegiko Udalak 23. idazkian eskatutakoari emandako erantzunera jo. Bestalde, alegazio-egileari adierazi behar zaio Lizarrako saihesbidea lau erreitan bikoiztea (autobidea) aurreikusita dagoela, hurrengo urteetan egiteko.

5. alegazio-idazkia.-José Luis Sáinz jauna, Elizagorriko Udala ordezkatuz.

1. Los Arcos eta Ebroko ardatzaren arteko tarterako proposatu diren trazadurak aztertuta, Elizagorriko Udalak uste du tarteko alternatiba bat kontuan hartu beharko litzatekeela. Alternatiba hori, hasierako tartean, bat dator Linares Alternatibarekin, baina ibilbidearen erditik trazadura berria egingo litzateke Vianaraino, non Ebroko ardatzarekin bat egingo lukeen, Viana Alternatibarako aurreikusitako toki berean.

2. Alternatiba berri hori aukeratuz gero, komunikazio-bide horren hegoaldean nahiz iparraldean diren bizigune guztietatik autobiderainoko distantziak berdintsuak izango lirateke. Gainera, Ingurumena Tratatzeko Los Arcosen egin gogo den Zentrotik hurbilago egongo litzateke eta, horrenbestez, Zentrora joaten diren ibilgailuak zuzenean sartuko lirateke autobidean, inguruko biziguneak ukitu gabe.

3. Lan osagarri batzuk egin beharko lirateke:

-Santsol/Torres del Río eta Elizagorria arteko errepidea goitik behera berritzea.

-Elizagorria eta Mendabia arteko errepidea goitik behera berritzea, Elizagorriko saihesbidea barne.

-4. Orobat, NA-112 errepidea eta autobide berria lotzeko bidea egin beharko litzateke, hala nola Santsol/Torres del Río-Elizagorria errepidea eta autobidea lotzeko beste bide bat.

5. Gainera, N-111 errepidea, Viana-Logroño tartean, berritzeko lanak ere aurreikusi beharko lirateke.

Erantzuna:

1. alegazio-idazkian emandako erantzunera jo.

6. eta 7. alegazio-idazkiak.-Samuel Caro Sádaba jauna, Mendabiako Udala ordezkatuz.

(7. alegazio-idazkia Udalak osoko bilkuran harturiko Erabaki baten ziurtagiria da, hots 6. idazkian biltzen diren alegazioak aurkezteko erabakiarena).

1. Alernatiba bakoitzaren proposamena azterturik, Mendabiako Udalak uste du tarteko alternatiba bat kontuan hartu beharko litzatekeela. Alternatiba hori, hasierako tartean, bat dator Linares Alternatibarekin, baina ibilbidearen erditik trazadura berria egingo litzateke Vianaraino, non Ebroko ardatzarekin bat egingo lukeen, Viana Alternatibarako aurreikusitako toki berean.

2. Alternatiba berri hori aukeratuz gero, komunikazio-bide horren hegoaldean nahiz iparraldean diren bizigune guztietatik autobiderainoko distantziak berdintsuak izango lirateke. Gainera, Ingurumena Tratatzeko Los Arcosen egin gogo den Zentrotik hurbilago egongo litzateke eta, horrenbestez, Zentrora joaten diren ibilgailuak zuzenean sartuko lirateke autobidean, inguruko biziguneak ukitu gabe.

3. Lan osagarri batzuk egin beharko lirateke:

-Snatsol/Torres del Río eta Elizagorria arteko errepidea goitik behera berritzea.

-Elizagorria eta Mendabia arteko errepidea goitik behera berritzea, Elizagorriko saihesbidea barne.

-4. Orobat, NA-112 errepidea eta autobide berria lotzeko bidea egin beharko litzateke, hala nola Santsol/Torres del Río-Elizagorria errepidea eta autobidea lotzeko beste bide bat.

5. Gainera, N-111 errepidea, Viana-Logroño tartean, berritzeko lanak ere aurreikusi beharko lirateke.

6. Nafarroako Plan Zuzentzailea onetsia dagoela kontuan hartu beharko litzateke, non Azketako tunela proiektutik kentzea aurreikusi baitzen, eta, orobat, N-232 errepidearekin eta autobidearekin lotzeko zubi bat egitea Agoncillon, El Sequero industrialdean, hori guztia Errioxako El Sequeron jarri gogo den salgaien garraio estazio bati begira. Proiektu horren osagarri, Agoncilloko zubia egingo balitz, sarbide zuzenagoa egongo litzateke N-232ra, A-68ra, salgaien garraiorako El Sequeroko estaziora eta Recajoko aireportura eta, horrekin batera, Estellerriko eta, preziski, Mendabiako garapen ekonomikoa bultzatuko litzateke.

7. Mendabiako Udalak errepide hori egiteko lur batzuk erreserbatu zituen, NA-134 errepidetik Ebro ibairaino, eta MOPUk ibaiaren bestaldean dauden lurrak desjabetu. Horrek N-232 errepidea bikoizteko eta hor barna Nafarroarantz bideratzeko erraztasun nabarmenak emango lituzke.

Erantzuna:

Aukeraturiko bi alternatibak, hots, Santa María-Iruso lehenbiziko tarterako eta El Añal izenekoa bigarren tarterako, eta II.4 atalean adierazitako loturak, hobekuntzak eta lan osagarriak ikusita, eskatutakoa aintzat hartu da, Agoncilloko zubiaz adierazitakoan salbu, jarduketa honen eragin-eremutik kanpo egonda, aintzat hartzerik ez baitago. Dena dela, Udalari jakinarazi zaio eskatutakoa Errepideen II. Plan Zuzentzailea 2002-2009 eguneratzeko markoaren barrenean planteatu daitekeela, erredakzio-fasean baitago.

8. alegazio-idazkia.-Fernando Zaratiegui Castellot jauna, Bodegas Muerza S.A. ordezkatuz.

1. Proiektuak Bodegas Muerza, S.A.ren jabetzako finka batean sartzen da, Recajo aldean, Vianako udalerrian, NA-134 errepideak eta Vianan sartzeko NA-632 errepideak bat egiten duten tokian, "Venta de Jalón" izeneko alderdian.

2. Aipatu finkan jarri den mahastigintza eta ardogintza proiektuaren inbertsioa kontuan hartu ez dela dio, hots, ardotegi bat eraikitzekoa, ardoa botiletaratu, ondu eta biltegiratzeko instalazioak, nekazaritza biltegi bat eta kalitateko mahastiak jartzekoa.

3. Enpresak 56.759 metro koadroko eremu osoaren truke Vianako Udalari ordaindu ziona landalurren balioa baino askoz gehiago izan zen. Aipatu Udalak mahastigintza eta ardogintza proiektuaren garrantzia ikusirik saldu zuen lur hori, bertan ardandegi bat egiteko baldintzapean.

4. Mahastiak finka osoan landatu dira eta nekazaritza biltegi bat eraiki da. Ardandegi berriaren eraikuntza ere hasia da. Inbertsioa 2.850 milioi pezetakoa da. Gainera, lizentzia guztiak lortzeko tramiteak egin dira kasuan kasuko erakunde eskudunetan.

5. Autobidearen eraikuntza funtsean aldatuko ez luketen trazadura alternatiboak badira, ardandegi eta mahastien proiektua zuzenean kaltetzen ez dutenak, NA-134 errepidetik iparraldera. Egungo trazadura mantenduz gero, goitik behera desegingo litzateke proiektua (ardandegia eta mahastiak) eta hondamen ekonomiko larria eragingo litzaioke. Horregatik eskatzen du beste trazadura batzuk aztertu eta proiektua alda dezatela, Bodegas Muerza, S.A.ren finkaren barna igaro ez dadin.

Erantzuna:

Ez Viana Alternatibak, ez alternatiba berriak, zeina Linares eta Viana alternatiben tarteko bidea baita, ez dute ukitzen aipatu ustiategia, izan ere, bi-biak NA-134 errepidea/Ebroko ardatzarekin egin beharreko lotune batean amaitzen baitira.

Lotune horretatik aurrera, N-232arekin eta A-68arekin Errioxan bat egiteko lotunera arteko bidearen behin betiko trazadura, Sustapen Ministerioak hurrengo hilabeteetan jendaurrean jarriko duen Informazio Azterlana nola garatzen den eta hortik ze ondorio ateratzen diren, horren araberakoa izango da. Hortaz, prozedura horrexetan eta ez orain agertu beharko da alegazio-egilea, Sustapen Ministerioak egiten duen proposamenen batek bere eraikuntza edo instalazioren bat ukitzen duela uste badu.

Ondorioa: aurkezturiko alegazioaren edukia ez da Udalez gaindiko Proiektu Sektorial honen xedea.

9. alegazio-idazkia.-Fernando Vega López jauna, Iruñekoa.

1. Lizarrako saihesbidea-Lukin-San Jorge Alternatibak Donejakue bidearen adar bat ukituko du Zaraputzen eta Bidearen ingurua etengabe, elkarren ondo-ondoan baitoaz tarte handi batean.

2. Lizarrako saihesbidea-Santa Maria-Iruso Alternatiba aztertuz gero, badirudi Donejakue bidea Villamayorretik aurrera desagertzen dela, Donejakue bidearen Nafarroako tartea mugatzen duen abenduaren 14ko 290/1988 Foru Dekretuaren 31. artikuluan ezarrita dagoen ezinbestekotasun baldintza tartean egon gabe, izan ere, proiektu horretan berean beste alternatiba batzuk egon, badaude. Edozein modutan ere, Azketa eta Villamayortik datorren bideak eragin nabarmena jasango du (lehenago, lurzati berrantolamenduen ondorioz ere aldatu zuten).

3. Lizarrako saihesbidea-Urbiola-Iruso Alternatiba da, itxuraz, Donejakue bidea gutxien ukitzen duena, baina egokiena litzateke, Urbiola eta Lukin igaro ondoan, Santa María-Iruso alternatibaren trazadurarekin bat egin beharrean, Lukin-San Jorge alternatibaren trazadurari segitzea, Donekajue bidearen eta autobiaren arteko distantzia handiagoa izan dadin.

4. Deikazteluko Alternatiba Donejakue bidea oso-osorik errespetatzen duen bakarra da eta, gainera, komunikazio-bideak hobeki banatzen ditu, izan ere, bide azkar horrek demografia eta industriaren ikuspuntutik garrantzitsuak diren beste herri batzuetara hurbiltzeko balioko du, eta hori aberasgarriagoa izango da komunikazioetarako.

5. Donejakue bideak, oro har, jasango dituen eraginei dagokienez, adierazten du autobia egote hutsa erromesen ibilaldiarentzat kaltegarria izango dela, hotsa aterako dela eta paisaia itsustuko dela.

Gogorarazten du Donejakue bidea Multzo Historiko Artistikoa deklaratu zutela 1962an, Ondare Historikoa 1985ean, Europako Lehenengo Kultur Ibilbidea 1987an eta Gizateriaren Ondare Unibertsala 1993an. Hori horrela, organismo eta erakundeek interes kulturaleko ondasunak zaindu, sendotu eta hobetu beharra dute, horretarako teknikaren baliabide guztiak erabiliz (1985-6-25eko Legea).

6. Orobat, adierazten du Bidea behera etortzeak (paisaiaren aldetik, naturgune erakargarriak) Santiago hiriari kalte ekonomikoa ekarriko diola, izan ere, erromes gutxiago izango dira eta, horrenbestez, turista gutxiago.

7. Hortaz, Deikaztelu Alternatiba aukeratzea erregutzen du, tarte horretan Bidea oso-osorik errespetatzen duelako eta Bideak inguru horretan jadanik afekzio asko izan dituelako (Zizurko auzoberria, Mañeru, Lorka, Galar, Erreniega, Obanos). Erromesak gero eta zailagoa du ibilbidean bakea aurkitzea. Orobat, Donejakue bidea Nafarroan barna igarotzeko ahalegindu ziren Nafarroako errege-erreginak gogoan, ahalegin hura baloratu eta errespetatu dezatela eskatzen du.

Erantzuna:

Egia da Deikaztelu Alternatibak ez diola Donejakue bideari eraginik ekarriko. Dena dela, alternatiba horrek ingurumenean dituen hainbat eragin, haren ezaugarri tekniko eta geoteknikoak eta kostuak ikusita, irizpide askotan oinarrituriko azterketa eginik, beste batzuen atzetik gelditu da.

Alegazio-egileak eta UPSren Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlanak aipatu bezala, Donejakue bidea Interes Kulturaleko Ondasun deklaratu zen eta Multzo Historiko-artistikoaren kategoria eman zitzaion.

Donejakue bidea babesteko arautegiari dagokionez, abenduaren 14ko 290/1988 Foru Dekretua hartu behar da kontuan, Bidearen babes araubidea ezartzen baitu. Hurrengo lerroaldeetan araubide horrek azpiegituren eraikuntzei buruz ezartzen dutena laburbiltzen da.

Dekretuan hiru metroko zortasun eremua ezartzen da, bidearen kanpoko bi bazterretatik neurtua, salbu eta Bidearen trazadura eta errepidea tangentzialak direnean, izan ere, kasu horretan 3 metroko zortasun-eremua errepidearen bestaldean dagoen bazterrean baino ez da ezarriko.

Interes Kulturaleko Ondasuna izanik, Bidearen trazadura osoan hogeita hamar metroko babes-zerrenda ezarri da, Bideko kanpoko bazterretik neurtua.

Hala hiru metroko zortasun eremuan, nola hogeita hamar metroko babes-zerrendan, zilegi da azpiegiturak jartzea.

Aipatu 290/1988 Foru Dekretuaren 3. artikuluak honela dio: bide edo ur sistemaren azpiegituraren bat egin beharraren ondorioz, nahitaez Donejakue bideko tarteren bat okupatu beharra dagoenean, azpiegitura horren proiektuan Bidearen trazaduraren lehengoratze lanak sartu beharko dira, okupatzen den tartearen ordez.

Horregatik, babes arauak kontuan harturik, bidezkoa litzateke Bidea ukitzen den tokietan lehengoratze-lanak egitea, betiere organo eskudunen baimena izanez gero (Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Kultura Departamentua eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentua).

Esan bezala, irizpide askotan oinarriturik egin den azterketaren emaitzek garbiki erakusten dute Deikaztelu Alternatibaren kostuak zenbatekoak diren. Horregatik, Deikaztelu Alternatiba aukeratzea ez da beste alternatibek Bideari ekarriko lioketen kaltea zuzentzeko sistema.

UPSren barrenean sartu den IEAn hainbat jarraibide eman dira aukeratzen den alternatibaren Eraikuntza proiektuan Donejakue bidean ukitzen den tarteak behar bezalako tratamendua izan dezan, Bideak kultur aldetik duen garrantziaren heinekoa.

Nolanahi ere, Azketa-Los Arcos (Santa María-Iruso) tarterako aukeratu den trazadura azterturik, zehazki Donejakue bidea ukitzen den aldea, ikusi da trazadura zertxobait aldatuz, hau da arautegiak babes-zerrendarako finkatzen duen mugaraino edo haratago mugituz, Bidearen okupazioa saihestu eta egungo ibilbidea mantenduko litzatekeela, deusetan galarazi gabe, batetik, Bidea eta autobidea elkarren ondoan doazen tartean ahalik eta tratamendu paisajistikorik egokiena egitea eta, bestetik, alternatiba horren eta Lukin/Urbiola aldetik datorren bigarren mailako adarraren arteko gurutze bakarra modu egokian egitea.

10. alegazioa.-Rubén M.ª Marañón Taberna jauna, El Bustoko Udala ordezkatuz.

1. Lizarra-Monjardín tartean, Deikaztelu Alternatiba alde batera uztea proposatzen du eta, Iparraldeko Alternatibari dagokionez, Santa María-Iruso lehenesten du.

2. Elizagorriko tartean, ondokoak kontuan harturik: Viana Alternatiba N-111 errepidearen hurbilen dagoen aldetik doala; eskualdea garatuko bada eta herriak hustu ez daitezen, ezinbestekoa dela autobidea Viana inguruko herrietatik ahalik eta hurbilen joatea; Viana Alternatiba aukeratuta, Logroño-Iruña tartea 5 kilometro laburragoa izango dela, Los Arcos eta Logroño arteko lotura zuzenagoa izango baita; eta, azkenik, Viana Alternatiba NA-232aren saihesbidearen iparraldeko hautabidearekin zuzenean lotuko litzatekeela; horregatik guztiagatik, Viana alternatiba aukera dezatela proposatzen du.

3. Autobideko zerbitzu-bide bat konpontzea eskatzen du, El Bustotik hasita autobidean aurreikusita dagoen hurrengo aterabidearekiko lotuneraino, zerbitzu-bide horretatik autobidean sartu ahal izateko, Logroñora bidean.

Erantzuna:

Aukeraturiko alternatibak, hots, Santa María-Iruso izenekoa lehenbiziko tarterako eta El Añal izenekoa bigarren tarterako, eta II.4 atalean adierazitako lotuneak, hobekuntzak eta lan osagarriak ikusita, eskatutakoari kasu egin zaio, "El Prado" bideari dagokionean izan ezik.

11. alegazio-idazkia.-Rubén M.ª Marañon Taberna jauna, El Busto Udala ordezkatuz.

Udal berak aurkeztu duen 10. alegazio-idazkia osatzen du eta hauxe dio:

Elizagorria izeneko tarterako beste alternatiba bat ikertzen ari direla jakinik, hots, iparraldeko (Viana) eta hegoaldeko (Linares eta El Charcal) trazaduren arteko alternatiba bat, eta El Bustoko udalerria komunikazio-bide egoki batzuetatik urrun geldituko litzatekeela ikusirik, zera eskatzen du:

-El Bustotik abiatuta N-111 errepidean Los Arcosera bidean sartzeko egungo errepidea moldatu eta hobetzea.

-El Prado izeneko bidea moldatu eta hobetzea. Bide hori hego-ekialderantz doa, N-112 errepideraino (Logroñora bidea).

Erantzuna:

10. alegazio-idazkiari emandako erantzunera jo.

12. alegazio-idazkia.-Dionisio Pérez Sanz jauna, Morentingo Udala ordezkatuz, eta 13. alegazio-idazkia, Ramón Vicente Erdozain jaunarena, Aberingo Udala ordezkatuz.

1. Lehenengo tarteari dagokionez, hau da Lizarra-Monjardín, uste dute Lizarrako saihesbidea-Santa María-Iruso alternatiba egokiena dela.

2. Bigarren tarteari dagokionez, egokientzat Viana alternatiba jotzen dute.

3. Proiektuan ondoko obra hauek sartzea eskatu dute: NA-122 errepidearen trazadura hobetzekoak, Morentin, Aberin eta Muniain-Iguzkitzan sartzeko bidegurutzeak hobetzekoak eta Deikazteluko bidegurutzetik Lizarrako Zabortegirainoko errepide-tartea (5 bat kilometro) hobetzea.

Erantzuna:

1. alegazio-idazkiari emandako erantzunera jo.

14. alegazio-idazkia.-Arronitz, Aiegi, Arellano, Lerín, Allo, Deikaztelu eta Sesmako udaletako alkate jaunak.

1. Komunikazio-bide horrek merindadeko herri guztiak eta egungo nahiz etorkizuneko baliabide guztiak lotzeko bide izan behar duela diote, baita industriak erakartzeko baliabide bat ere, prestatzen diren produktuak kanpora ateratzeko.

2. Errioxaren inguruan, alternatiba batean ere ez direla garbi gelditzen N-232 errepidearekin, A-68arekin eta NA-134 errepidean egin gogo den bikoizketarekin lotzeko moduak, izan ere, N-232 errepidean Agoncillon egin gogo den saihesbidea mugatu gabe dago eta itogune bat sor liteke. Horregatik, Lankidetza hitzarmen bat sinatzea eskatu dute, obrak burutzeko arazorik izan ez dadin.

3. Azterlanean aipatzen da ingurumen azterlanetan ez dagoela Lizarrako saihesbidea-Azketa errepidearen bikoizketaren aipamenik. Hori konpondu beharra dago, aipatu gabeak saihestuz, jarduketen baliogabetasunera iristeko biderik egon ez dadin.

4. Alternatibarik egokiena hautatzeko egin den jakintza-alor anitzeko azterketan zehaztapen garrantzitsu batzuk alde batera utzi dira eta beste alderdi batzuk modu desegokian baloratu. Horren ondorioz, alternatiba desegoki bat aholkatu da. Ingurumenari dagokionez, honako irizpide hauek ez dira kontuan hartu: eguratsaren kutsadura, hotsen maila, erliebearen alterazioak, naturgune babestuen afekzioak, landare-kentzeak, faunaren alterazioa, paisaiaren gaineko eragina eta kultur ondarearen gaineko afekzioak. Gainera, aintzat hartu ez diren beste alderdi batzuk ere aipatzen dituzte, trazadurari eta bide segurtasunari dagozkionak (eraikuntzako baldintzak eta obra fasearen bitartean erabiltzaileari egingo zaion kaltea) eta lurraldearen ingurukoak (egungo sareari lotzeko moduak, lotuko diren biziguneak, sendoturik dauden ibilbideak mantentzea, lurraldeko iragazkortasuna). Klimatologiak trazaduran izan dezakeen eragina ere baloratu gabe utzi da (euriak, tenperatura, eguzki-orduak, e.a.). Ondare arkeologikoari eta Donejakue bideari egiten zaizkien afekzioak ez dira kontuan hartu, ezpere Deikaztelu alternatiba penalizatzeko. Aurretik ez da kontsultarik egin. Alegazio hauen xede den erabakia onetsi zen arte, eraginpeko udalek ez dute inolako agirien berri izan. Aintzat hartutako irizpideak oinarri tekniko eskasekoak dira eta haien balorazioa subjektiboa da. Azterlan berri bat egin dezatela eskatzen dute, hots, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlan oso bat jakintza-arlo askotan oinarrituta, eta bertan alegaturiko guztia kontuan har dezatela.

5. Autobidea Montejurrako iparraldetik eginez gero, 10,5 kilometroko tarte batean ez da autobiderik izango, egun dagoen Lizarrako saihesbidea erabiliko baita, autobidearen ezaugarriak izan gabe, ez plantan, ez altxadan. Horrek guztiak istripuak ugaritzea ekarriko du eta bide-segurtasuna kolokan jarriko du. Horrenbestez, autobidea oso-osorik egitea proposatu dute.

6. Montejurrako iparraldeko alternatiben azterlanean ez da aurreikusi Lizarrako saihesbidearen bikoizketa. Alternatiba horiek Deikaztelukoarekin alderatuz gero, ikusten da ez direla onargarriak, ez teknikaren ikuspuntutik, ez ekonomikoki, zehaztasunik gabekoak direlako. Alternatiba horiek, gainera, Lizarrako industriaren hedapenerako traba dira, barrera gisa jokatuko baitute. Bestalde, Montejurrako iparraldetik doan Monjardin tartean lurralde-banaketa bat gertatuko da. Kasu horretan, gainera, oso zaila izango da zerbitzurako bideak egitea, hala zeharkakoak, nola luzerakoak. Hortik ondorioztatzen da Deikazteluko aukerabidea autobidearen 2. tartea oso-osorik egiteko aukera eskaintzen duen bakarra dela, eta egun dauden azpiegiturak gutxien ukitzen duena, gainera. Horrenbestez, beste azterlan bat egitea eskatzen dute, ahalik eta sakonena eta zehatzena.

7. Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legeak ezartzen du Estatuak osorik edo partez finantzatzen dituen obretan aurrekontuaren % 1 aurreikusi behar dela Espainiako ondarea babestu edo aberasteko lanetarako edo, bestela, obran berean edo inguruan sormen artistikoa bultzatzeko lanetarako. Hori oinarri, kontusail hori aurreikustea eskatu dute.

8. Iruña-Logroño autobidearen 2. tarterako prestatzen den UPS berria jendaurrean egoteko epea gutxienez 2 hilabetekoa izatea, proiektu berriko agiriak sakon aztertu ahal izateko.

Erantzuna:

1. puntuari: integrazioaren eta lurraldearen garapenaren ikuspuntutik, bat gatoz autobide batek tokian tokiko eremuaren garapen harmonikoari lagundu behar diolako baieztapenarekin. Hortaz, Iruña-Lizarra-Logroño autobidea egiteko helburuetariko bat Estellerriko garapena ausarki laguntzeko asmoa da, baina horrek ez du galarazi behar eskualdeko interes orokorretarako eta Nafarroako gainerako eskualdeen eta Ebro ibarraren arteko hartu-emanetarako onuragarriena den trazadura aukeratzea.

Horrenbestez, autobide berriarekin lotzeko errepideak egoki berrituz gero, edukiera handiko bide honen eraginpeko eremu osoak zuzeneko onura hartuko duela uste da.

2. puntuari: Logroñorekin, N-232 errepidearekin eta A-68 autopistarekin lotzeko sistemari dagokionez, Sustapen Ministerioak aurki jarriko ditu jendaurrean N-232 errepidea, Logroño eta Agoncillo artean, bikoizteko proposamenak. Egun dagoen informazioaren arabera, badakigu N-232 errepide bikoizturako proposatzen diren alternatiba guztiak erabat bateragarriak direla UPS honen xede den Iruña-Logroño autobidearen alternatibekin (Ebroko ardatza). Hurrengo hilabeteetan Sustapen Ministerioak N-232 errepidea bikoizteko behin betiko alternatiba aukeratu ondoren, bi administrazioen arteko lankidetza hitzarmena sustatuko da, obra horiek nola egin behar diren koordinatzeko.

3. eta 5. puntuei: Udalez gaindiko Proiektu Sektorial honetan ez da aurreikusi Lizarrako saihesbidea tarte batean autobide bihurtzea. Errepide horrek, gaur egun, edukiera handiko bidearen ezaugarriak ditu eta egungo trafikoa eta hurrengo urteetarako aurreikusitakoa hartzeko egokia da. Hortaz, ez da beharrezkoa bi galtzadakoa berehala bihurtzea. Dena dela, Udalez gaindiko Proiektu Sektorial honetan berean, Montejurrako iparraldetiko alternatiben atalean, Lizarrako saihesbidearen tarte bat autobide bilakatzeko aurreikuspena jaso da, Iguzkitza/Aiegi/NA-132-B lotunetik aurrera hain zuzen. Hori horrela, saihesbidearen 7,77 kilometro geldituko lirateke autobide bihurtzeko (Villatuertako lotunearen eta Iguzkitza/Aiegiko lotunearen artean), baina bide-tarte horretan trazaduraren % 70 baino gehiagoan 3 errei daude.

Gauzak horrela, Montejurrako iparraldetik doan alternatiba bat aukeratzen bada ere, Lizarrako egungo saihesbideko 7,7 kilometro moldatzea, hots egungo hiru erreiak kendu eta galtzada bikoitzeko errepide (autobidea) bihurtzea, hurrengo urteetan burutu beharreko aurreikuspena da. Moldaketa hori egiten denean dagokion Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlana aurkeztu beharko da.

4. Deigarria da alegazio-egileek diotena, izan ere, aipatzen dituzten ingurumen-alderdi guztiak ikertu dira, UPSren Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlanean propio adierazten den bezala. IEA horretan lehendik egindako ingurumen-lanaren laburpena ageri da, hots, "Lizarra-Logroño (N-111) Ardatzaren Aurretiazko Azterlana eta epe ertainera egin beharreko ekintzen Plan Zuzentzailea" (1999ko apirila) izenekoari dagokion Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlana, espediente honi erantsi zaiona. Ingurumenaren gaineko eragina aztertzeko egin diren bi azterlanetan alegazio-egileek aipatzen dituzten irizpide guztiak deskribatu eta baloratu dira, proposatu diren trazaduren alternatiba guztien eragina kalkulatu da, zuzenketa bideragarri eta eragingarriak proposatu dira, eta, azkenik, alternatiba bakoitzari balore bat eman zaio, eragiten dituen inpaktu kopuruaren arabera.

Ingurumenaren gaineko eragina neurtzeko bi azterlan horietan Kultur Ondarearen elementu guztien zerrenda berariaz ageri da, Nafarroan arlo horretaz arduratzen den administrazio erakundeak jakinarazi dituenak. Horrez gainera, ikerturiko alternatibek (Aurretiazko Azterlanaren IEA) eta aukeraturiko alternatibak (UPSren IEA) ingurunean eragin ditzaketen zuzeneko nahiz zeharkako afekzioak zehazten dira, Donejakue bidearen gainekoak esate baterako. Hortaz, planteaturiko hautabide guztien azterketa egin da, ez bakarrik Deikaztelu Alternatibarena, alegazio-egileek adierazten duten bezala. Orobat, Lizarra eta Logroñoko estazioen datu klimatologikoak ageri dira.

UPSren barreneko IEAn intereseko naturguneak, Batasunerako intereseko toki izendatzeko Nafarroako proposamenean sarturiko guneak (92/43/EK Zuzentarauaren arabera) eta Nafarroako Biodibertsitatearen Sareko beste osagai batzuk aztertzeko atal bat sartu da. Atal horretan adierazten da hautaturiko trazaduraren inguruan ez dagoela horrelako tokirik batere. Hitzez hitz honela dio: korridore ekologiko bat besterik ez dago inguruan, Linares ibai-bidearekin bat datorrena, ibarra eta Viana alternatibaren trazadura gurutzatzen diren tokitik hegoaldera dagoen puntu batetik aurrera,.... Korridore hori hegoalderantz doa, Linares eta Mayor ibai-bideei jarraikiz".

Bestalde, lurralde horrek iparraldean, ekialdean eta mendebaldean dauden intereseko naturguneekin duen harremana argi eta garbi aztertzen da, hala nola faunaren pasabiderako aukerak.

Are gehiago, landare-formazio bakoitzak okupatuko lukeen azalera neurtu da, alternatibaz alternatiba. Eguratsaren kalitatea, eguratsaren dispertsio-ahalmena eta eguratsaren poluzioa ere aipatzen dira. Hotsen eragina neurtzeko lana bereziki zorrotza izan da, eraikinetik eraikinera egin baita, eta etxebizitza-fronte guztietan. Gizakiaren gaineko eragina labore lurren eta produkzio lurren azalera neurtuz baloratu da.

Paisaiaren gaineko eragina lan handiena eman duen arloetariko bat. Mendi-zelaitze bakoitzaren eragina aztertu da, lurralde honetan inpaktuaren eragilerik adierazgarrienak baitira. Gainera, zelaitze-lanen ondotik, belar-estalki bat egiteko aukerak aztertu dira. Horrez gainera, ingurune bakoitzeko paisaiaren kalitatea eta ezaugarriak zehaztu direla kontuan hartzen badugu, paisaiaren kostuarena hobekien baloratu den ataletariko bat izan dela ondorioztatzen da.

Ingurumen arloko baimenen tramitazioari buruz indarra duen legediarekin bat, aurretik kontsultak egitea erakunde eskudunak duen ahalbide bat da, aukerakoa (Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua betearazteko Erregelamendua onetsi zuen 1131/1988 Errege Dekretuaren 13. artikulua). Ukitzen diren udal erakundeen iritzia, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egiteari begira, beste tramitazio-aldi batean jaso daitezke, kasu honetan bezala. Hortaz, aurretiazko kontsultak ez eginagatik, ez da hiritarren parte-hartzea ukatzen.

Kontrataturiko taldearen lan-eskarmentuak eta egin den ingurumen-inbentarioan izandako xehetasunak balorazioetan erabilitako irizpideen sendogarri dira. Informazio-iturriak honako hauek izan dira: landa-bisitak, zeinen ondorioz Azterlanari erantsitako mapa tematikoak egin diren, basozainekin egindako elkarrizketak eta kasuan-kasuan arloa kudeatzeko ardura duten administrazio erakundeetako datu-baseak, ondare arkeologikoaren kasuan, esate baterako. Alternatibak konparatzen direnean, erraza da eragina baloratzeko subjektibotasuna kontrolatzea, izan ere, balorazioa zuzeneko neurketetan oinarritzen da (horrenbesteko eremua okupatuko da, horrenbeste etxetan eragingo da hotsa, horrenbeste fauna-pasabide etengo dira, horrenbeste aztarnategitan barna igaroko dira, Donejakue bideko horrenbeste metro ukituko dira, landareztatzeko aukerarik ez duen edo ia ez duen horrenbesteko eremua zelaituko da ezpondetan). Neurketa horiek ingurunean kokatuta, atera dira inpaktuen kalifikazioak.

Azkenik, ingurumenari lotutako irizpideak jakintza-arlo anitzeko azterlanean baloratu dira. Azterlan horretan, irizpide teknikoez gainera (trazaduraren kalitatea, obraren bideragarritasun tekniko eta geoteknikoa, funtzionaltasuna, e.a.), ekonomiari loturikoak eta hirigitza-lurralde mailakoak ere aintzat hartu dira.

6. puntuari: lehen esan bezala, Lizarrako saihesbidea-Azketa errepidearen bikoizketa ez da azterturiko trazaduren parte izan, eta Udalez gaindiko Proiektu Sektorial honetatik kanpora utzi da. Montejurratik iparraldetiko alternatibak, UPS honetan aztertu direnak, Iguzkitzako lotunetik abiatzen dira, proiektu sektorialean berean adierazi bezala.

Edonola ere, ingurumenean izango diren eraginei dagokienez (ekologikoak, ondarearen eta paisaiaren gainekoak...), egina dagoen errepide bat bikoiztearen kostua autobide berri bat egitearena baino askoz ere baxuagoa izaten da beti, are gehiago kontuan hartzen badugu Lizarrako saihesbidean bikoiztu nahi den tartea (autobide bihurtzeko) 7,77 kilometrokoa besterik ez dela eta bide-tarte horren % 70 baino gehiagoan hiru errei daudela. Bestalde, Iparraldeko gainerako alternatibak N-111 errepidearen korridorean oinarritzen dira. Hegoaldeko Alternatiba aukeratuz gero, ordea, 23,9 kilometroko autobide berria egin beharko litzateke Villatuerta eta Los Arcos artean.

Autobidea Montejurrako iparraldetik egiteak Lizarrako industri garapena galaraziko lukeelako kontuaz den bezainbatean, adierazi beharra dago bai Lizarrako Udala, bai Lizarrako Merindadeko Enpresaburuen Elkartea Montejurrako iparraldeko alternatibaren alde agertu direla.

Azkenik, bai Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala prestatzeko, bai alternatibak aztertzeko egindako lanak behar bezain zorrotzak direla adierazi beharra dago. Bertan, proposaturiko alternatiba bakoitzaren afekzioei, abantailei eta desabantailei buruzko informazio egokia eskaintzen da eta, beraz, ez da beharrezkoa Iruña-Lizarra-Logroño autobide berriaren trazaduraren onespena atzeratzea, harik eta beste azterlan osagarri batzuk egin arte.

7. puntuari: alegazio-egileak adierazi bezala, 16/1985 Legea Estatuak oso-osorik edo partez finantzatzen dituen obretan aplikatzen da, ez bestetan. Hortaz, kasu honetan ez dago aplikatzerik. Dena dela, Iruña-Lizarra-Logroño autobide berria egitearekin batera, Nafarroako Gobernuaren asmoa da Nafarroako ondare historikoa hobetzeko berariazko lan batzuk egitea, berezi-bereziki Donejakue bidearen inguruan.

8. puntuari: Udalez gaindiko Proiektu Sektorial berri bat prestatzeko eta hura aztertzeko epea luzatzeari dagokionez, eskaera hori ezin daiteke kontuan hartu, izan ere, aski ongi azaldu bezala, ez da bide Udalez gaindiko Proiektu Sektorial berri bat prestatu eta tramitatzea. Gainera, erabaki horrek oraingo proiektuaren onespena atzeratuko luke eta, horrenbestez, baita Iruña-Lizarra-Logroño autobidea egiteko obrak ere, beharrik gabe eta bidegabeki.

15. alegazio-idazkia.-Josefina Bozal Bozal andrea, Lizarrako Udala ordezkatuz.

1. Lizarra-Monjardín tarteari dagokionez, Lizarrako Udala iparraldeko korridorearen alde agertzen da, egungo saihesbidea mantentzea eta integratzea aurreikusten duena. Deikaztelu Alternatibaren kontra agertzen da, izan ere, Lizarra merindadeko burutzat hartu behar da eta alternatiba horrek Lizarra autobidetik urrun samar uzten du. Horren ondorioz, Lizarra eta Logroño tartea 9 bat kilometro luzeagoa izango litzateke, autobidean sartzeko errepidearen tarte bat hartu beharko baita.

2. Lizarrako saihesbidea eta Los Arcos bitarteko azpitarteari dagokionez, zuzenean ukituak diren biziguneekin bat egiten du Santa María alternatibaren alde.

3. Elizagorria izeneko tarteaz den bezainbatean, Lizarrako Udalak "Viana alternatiba" izeneko bigarren korridorearen alde jokatzen du, Logroño inguruko errepideekiko eta A-68 autopistarekiko loturak hobeki garatuko direlakoan eta laburragoa izango delakoan, Los Arcos-Agoncillo alternatibaren kaltetan.

4. Allo eta Deikazteluko lotuneak berraztertzeko eskatu du, bai Lizarra-Los Arcos tarterakoak, bai Merkatondoa ingururakoak, Lizarran, izan ere autobide berrian sartzeko eta, besteak beste, Muniain, Morentin, Arellano, Lerín eta Andosillarekin lotzeko bide naturalak direlako, hala nola eskualdearen barreneko komunikazio-gune garrantzitsuak. Gainera, ezinbestekotzat jotzen du, batetik, Arronitz-Barbarin-Lukinekin, Olexua-Oko-Legariarekin, Antzin-Murietarekin, Desojo-Santsol-Elizagorriarekin eta Viana-Recajorekin lotzeko bideak hobetzea eta, bestetik, Bargota N-111 errepidearekin eta El Bustoko errepidea azken horrekin berekin lotzeko errepideak berritzea.

Erantzuna:

1. alegazio-idazkian egindako alegazioei emandako erantzunera jo.

16. alegazio-idazkia.-Lizarra, Los Arcos, Metauten, Murieta, Villamayor de Monjardín, Iguzkitza, Desojo, Antzin, Barbarin eta Lukingo udalak eta Azketa eta Urbiolako kontzejuak.

Lizarra-Logroño tarteko proiektuan honako lotura hauek sartzea eskatu dute:

Allo-Lizarra.

Arronitz-Barbarin-Lukin.

Olexua-Oko-Legaria-Antzin-Murieta.

Desojo-Santsol-Elizagorria.

Viana-Recajo.

Orobat, El Bustotik N-111erako errepidea eta Bargotako errepidea hobetzea eskatu dute.

Erantzuna:

Bide-sarea hobetzeko eta lotura berriak egiteko lanek, II.4 atalean adierazi direnek, eskatutakoa aintzat hartzen dute funtsean.

17. alegazio-idazkia.-Gregorio Alvarez de Eulate jauna, Bargotako Ureztatzaileen Elkartea ordezkatuz.

1. Los Arcos-Logroño tarterako alternatibak Bargotatik oso urrun igarotzen direla dio eta hurbilenekoa, hots, Viana Alternatiba, kaltegarria dela, jarri berri diren ureztaketako lurrak ukitzen dituelako, izan ere, Ureztatzaileen elkartearen lurretan lurperatu diren hodien sarea moztu beharko litzateke.

2. Ureztaketa lur horiek jartzeko herriko nekazariek ahalegin ekonomiko handia egin behar izan dute. Gainera, Bargota aldea Nafarroako Foru Komunitatearen ureztaketa planean sartuta dago eta, horrenbestez, lur horiek onura publikokoak eta interes orokorrekoak dira, martxoaren 16ko 7/1999 Foru Legearen arabera (Ureztaketetako jarduketa eta obrei buruzkoa Legea).

Orobat, Gobernuak 2001eko ekainean onetsitako Ureztaketen Plan Nazionalean ere Bargota ageri da, garatu beharreko eremu ureztagarrien zerrendan.

Horregatik guztiagatik Viana Alternatiba baztertzen dute.

3. Deikaztelu Alternatiba ere baztertzen dute, uste baitute autobide berriak Lizarrako saihesbide egin berria erabili beharko lukeela.

4. Azkenik adierazten dute proposaturiko alternatibak, oro har, Iruñetik Logroñora joateko ohiko bidetik asko aldentzen direla. Horrenbestez, inguruko herri txiki guztiak autobidearen eragin eremutik aparte geldituko dira.

Erantzuna:

Lehenbiziko tarterako aukeraturiko alternatibak, Santa María-Iruso izenekoak, planteaturiko eskakizun bati erantzuten dio.

Ureztaketako eremuen gaineko afekzioei dagokienez, adierazi beharra dago aztertu diren alternatiba guztiek antzeko afekzioak eragingo dituztela Ebroren terrazetan eta afekzio horiek saihestezinak direla. Horregatik, lehen adierazi bezala, interes orokorra eta inguruko toki entitateekin adostasuna lortzea helburu izanik, ezin da aintzat hartu alegazio hori. Hala ere, horrek ez du galarazten ukitzen diren instalazio eta zerbitzuak proiektu fasean aintzat hartzea eta eraikuntza fasean horiek lehengoratzea.

Alternatibak Bargota aldetik aldentzen direla eta inguru hori abandonaturik geldituko delako iritziari dagokionez, adierazi behar da proposaturiko alternatibak Bargota ingurutik igarotzen ez badira ere, inguruko baldintza topografikoen eraginagatik, kostuagatik eta planteaturiko alternatiben funtzionaltasunarengatik, hala hasieran planteaturiko alternatibak, nola alternatiba berria, hots, Linares eta Viana alternatiben tartekoa, eskualdearen interes orokorrerako onenak direla eta, funtzionaltasunari begira, oso alternatiba egokiak gainera. Bestalde, sarbideak hobetzeko II.4 atealean adierazi lanen ondorioz, Bargotan sartzeko modua ere hobetuko da.

18. alegazio-idazkia.-Jesús Guinea jauna, Abaigarko Udala ordezkatuz. 19. alegazio-idazkia, Jesús M.ª Martínez de Morentin Berruete jaunarena, Murietako Udala ordezkatuz, eta 20. alegazio idazkia, Jon Iriberri Berrosteguieta jauna, Antzinibarko Udala ordezkatuz.

1. Lizarra-Monjardín izeneko tartean, Abaigarko Udala lehenbiziko korridorearen aldekoa da, Montejurratik iparraldetikoa, hau da, Lizarrako saihesbidetik abiatu eta Villamayor de Monjardin eta Barbarin zeharkatzen dituena. Bigarren korridorea, hots, Deikaztelu Alternatiba, arbuiatzen du, batez ere, Lizarrako saihesbidea erabiltzen ez duelako. Lehenbiziko korridore hartarako Lizarrako saihesbidea-Santa María de Iruso izeneko Alternatiba defendatu eta sostengatzen du, egokiena delakoan.

2. Elizagorriko tarteari dagokionez, Abaigarko Udalak bigarren korridorea defendatzen du, "Viana" Alternatiba izenekoa, Lizarrako saihesbidea-Santa María-Iruso izeneko Alternatibarekin batera eginda autobidearentzako trazadurarik egokiena delakoan, oro har.

Erantzuna:

1. alegazio-idazkiko alegazioei emandako erantzunera jo.

21. alegazio-idazkia.-José Manuel Ruiz de Galarreta López jauna, Torres del Ríoko Udala ordezkatuz.

Udalbatzaren iritziz, Elizagorriko tarterako, herri horrentzako trazadurarik egokiena "Viana" Alternatibarena da, betiere hortik Torres del Ríora joateko lotura egiten bada. Lotura hori, gainera, autobiderako sarbidea izango litzateke ondoko herri hauentzat: Armañantzas, Aguilar Kodeskoa, Esprontzeda, Bargota, Torralba del Río, Azuelo, Santsol eta Desojo.

Erantzuna:

3. alegazio-idazkiari emandako erantzunera jo.

22. alegazio-idazkia.-Marta García Llorens andrea, Bargotako Udala ordezkatuz.

1. Proposaturiko alternatibak Bargotatik asko aldentzen direla diote eta hurbilenekoa, Viana Alternatiba, herrigunetik sei-zazpi kilometrora dagoela. Gainera, "Campo de Abajo" izeneko eremua ukitzen du, lurzatien berrantolamenduko ureztaketako finkak dituena, mahastiak batez ere, herriaren ekonomiarako berebiziko garrantzia dutenak.

Horregatik guztiagatik, Viana Alternatiba arbuiatzen dute.

2. Deikazteluko Alternatiba ere arbuiatzen dute, Lizarrako saihesbidea, egin berria izanik, aprobetxatu behar dela uste baitute.

3. Azkenik adierazten du proposaturiko alternatibak, oro har, Iruñetik Logroñora joateko ohiko bidetik asko aldentzen direla. Horrenbestez, inguruko herri txiki guztiak autobidearen eragin eremutik aparte geldituko dira.

Erantzuna:

17. alegazio-idazkiari emandako erantzunera jo.

23. alegazio-idazkia.-José Astiz Segura jauna, Aiegiko Udala ordezkatuz.

1. Lizarrako saihesbideko obrek eta hango hustubideak kanalizatzeko ondorengo obrek hainbat arazo ekarri dizkiote Aiegiri. Gaur den egunean, Nafarroako Gobernuak ez ditu arazo horiek konpondu.

2. Autobidearen 2. tarteak ingurumenean izango duen eraginaren azterlanean ez da jarduketa bat ere aurreikusi Lizarrako saihesbiderako eta ez da logikoa tarte horretan autobiderik ez izatea.

3. Lizarrako saihesbidea egin zenean bideak hondatu ziren, makina astunak sartu baitziren, eta horren ondorioz Montejurratik datozen ubideak desbideratu ziren. Kalte horiek konpondu gabe daude oraindik.

4. Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlanaren eta UPSren arabera, Aiegin ez da inolako obrarik aztertu edo baloratu. Horren ondorioz, Lizarrako saihesbidea egin zenean gertaturikoaren antzeko zerbait gerta liteke.

5. Iruña-Logroño autobideko obrek ukituko duten udal guztiek segimendu batzorde bat osatzea eskatzen du, obren segimendua egiteko eta Lizarrako saihesbidea egin zenean gertaturikoaren antzeko egoerak ebitatzeko.

Erantzuna:

1 eta 3. atalei: Lizarrako saihesbideko obren ondoriozko arazoak, alegazio-egileak aipatzen dituztenak, ez dira Udalez gaindiko Proiektu Sektorial honen xede. Dena den, adierazi beharra dago, Nafarroako Gobernuaren iritziz, aipaturiko arazo guztiak konponduak daudela.

2. atalari: Lizarrako saihesbidea-Azketa errepidearen bikoizketa ez da azterturiko trazaduren parte izan, eta Udalez gaindiko Proiektu Sektorial honetatik kanpora utzi da. Montejurratik iparralderako alternatibak, UPS honetan aztertu direnak, Iguzkitzako lotunetik abiatzen dira, proiektu sektorialean berean adierazi bezala.

Udalez gaindiko Proiektu Sektorial honetan ez da aurreikusi Lizarrako saihesbidea tarte batean autobide bihurtzea. Errepide horrek, gaur egun, edukiera handiko bidearen ezaugarriak ditu eta egungo trafikoa eta hurrengo urteetarako aurreikusitakoa hartzeko nahikoa da. Hortaz, ez da beharrezkoa bi galtzadakoa berehala bihurtzea. Dena den, Udalez gaindiko Proiektu Sektorial honetan berean, Montejurrako iparraldetiko alternatiben atalean, Lizarrako saihesbidearen tarte bat autobide bilakatzeko aurreikuspena jaso da, Iguzkitza/Aiegi/NA-132-B lotunetik aurrera hain zuzen. Hori horrela, saihesbidearen 7,77 kilometro geldituko lirateke autobide bihurtzeko (Villatuertako lotunearen eta Iguzkitza/Aiegiko lotunearen artean), baina bide-tarte horretan trazaduraren % 70 baino gehiagoan 3 errei daude.

Gauzak horrela, Montejurrako iparraldetik doan alternatiba bat aukeratzen bada ere, Lizarrako egungo saihesbideko 7,7 kilometro moldatzea, hots egungo hiru erreiak kendu eta galtzada bikoiztuko errepide (autobidea) bihurtzea, hurrengo urteetan burutuko den aurreikuspena da. Moldaketa hori egiten denean dagokion Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlana aurkeztu beharko da.

4. atalari: atal honetan azaltzen da, Proiektu Sektorialaren arabera, Lizarra-Logroño autobideko obrekin batera ez dela inolako lanik aurreikusi Aiegiko udalerrian. Hori gauza jakina da, izan ere, alternatiba bakar batek ere ez du ukitzen udalerri hori.

5. atalari: atal horretan eskatutakoa ez da UPS honen tramitazioaren xede. Hortaz, ez da bidezkoa aintzat hartzea.

24. alegazio-idazkia.-Luis María Zurbano García jauna, Santsolgo Udala ordezkatuz.

Elizagorria Alternatiba berriaren berri izan duelarik, hots iparraldeko alternatibaren (Viana) eta hegoaldekoaren (Linares eta El Charcal) artekoa dena, Torres de Río, Santsol, El Busto, Armañantzas eta inguru hartatik autobidean sartzeko bide zuzena egitea eskatu du. Sarbide horretarako trazadurarik logikoena litzateke Torres del Ríotik hegoaldera doan errepidea hobetzea, berritzea edo moldatzea.

Erantzuna:

3. alegazio-idazkiari emandako erantzunera jo.

25. alegazio-idazkia.-Luis Alberto Cardanso García jauna, Viana II. aldeko Ureztatzaileen Elkartea ordezkatuz.

1. Proiektaturiko hiru trazaduretatik Vianako Ureztatzaileen Elkartea ukitzen duen bakarra "Viana" Alternatiba izenekoa da. Horri dagokionez, zera dio:

-Egun Viana II. aldeko Ureztatzaileen Elkartearen menpean dagoen eremua Vianako udalerriaren hegoaldean dagoela. Apirilaren 11ko 937/2001 Ebazpenaren bidez, Viana II. aldeko lurzatien berrantolamenduaren eremua ureztaketako lur bihurtzeko Proiektuari dagokion Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egin zen. Proiektu hori Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak sustatu zuen eta Ureztaketako lurren Plan Nazionalean ere sartuta dago.

-2002. ekitaldirako proiektatuta dagoela eremu hori ureztaketako lur bilakatzeko obra orokor eta partikularrak hastea.

-Viana Alternatibak oso ondorio txarrak ekarriko dizkiola Ureztatzaileen Elkarteari, ureztaketako lur bihurtzeko obrak eta azpiegiturak ukituko baititu.

2. Viana Alternatiba gabe, beste bi alternatibetatik (Linares edo El Chacal) edozein aukeratzea eskatzen dute.

Erantzuna:

Ureztaketako eremuen gaineko afekzioei dagokienez, adierazi beharra dago aztertu diren alternatiba guztiek antzeko afekzioak eragingo dituztela Ebroren terrazetan eta afekzio horiek saihestezinak direla. Horregatik, lehen adierazi bezala, interes orokorra eta inguruko toki entitateekin adostasuna lortzea helburu izanik, ezin dira aintzat hartu alegazio horiek. Hala ere, horrek ez du galarazten ukitzen diren instalazio eta zerbitzuak proiektu fasean aintzat hartzea eta eraikuntza fasean horiek lehengoratzea.

26. alegazio-idazkia.-Gregorio Galilea Arazuri jauna, Vianako Udala ordezkatuz.

1. Udala Viana Alternatibaren aldekoa da garbiki.

2. Horrek esan nahi du, neurri batean, Nafarroako Gobernuak bere gain hartu beharko lituzkeela Errioxako mugatik Vianaraino doan errepidearen 4 kilometroak konpontzeko obrak.

3. Autobidea N-232 errepidearekin lotzeko modua ez da egokiena, industriak ezartzeko eremu bat ukituko litzatekeelako, besteak beste, berehalakoan ezarri nahi den industria bat. Gainera, 500.000 metro koadroko lur zerrenda bat ere ukituko litzateke, NA-134 errepidearen ondo-ondotik doana, non onespen bidean dagoen udal planaren arabera industrialde bat jarri nahi baita. Lur zerrenda horretan, gainera, inbertsio handiak egin dira azpiegiturak jartzeko. Azkenik, Bodegas Muerza, S.A. ardandegi bat jartzeko egiten ari den hiru milioiko inbertsioa bertan behera utzi beharra ekarriko luke. Horregatik guztiagatik, alegazio-egileak uste du lotune hori 2 kilometro haratago eraman beharko litzatekeela Logroño norabidean (azalpen plano bat erantsi du).

Erantzuna:

El Añal izeneko Alternatibak, II.4 atalean zehaztu diren lotura eta lan osagarriak barne, aintzat hartzen du eskaturikoa.

3. puntuan eskatutakoari dagokionez, planteaturiko proposamena egokia dela esan beharra dago, inguru horretan autobide berriak Logroñora bidean izango dituen lotuneak hobetuko baititu funtzionaltasunaren aldetik. Dena dela, UPS honetan ezin da ezer adierazi N-232 errepidearen tarte horretarako Sustapen Ministerioak planteatzen dituen trazaduren inguruan, nahiz eta Vianak proposatzen duen trazadura berria, onargarria baita, erabat bateragarria den Sustapen Ministerioaren ekimen horretarako proposatu diren trazadurekin, betiere gaur egun eskura dauden informazioen arabera.

Laburbilduz, autobide berria eta NA-134/Ebroko ardatza lotzeko puntua mendebalderantz eramateko egindako proposamena onartzen da.

27. alegazio-idazkia.-Gregorio Galilea Arazuri jauna, Vianako Udala ordezkatuz.

Alegazio hauek aurreko horien osagarri dira, eta honako hau azaltzen dute:

1. Alternatiba guztien trazadurak azterturik, Vianako Udalak uste du tarteko alternatiba bat aintzat hartu beharko litzatekeela. Hasierako tartean, alternatiba hori bat dator Linares Alternatibarekin eta ibilbidearen erditik aurrera trazadura berria izango luke, Ebroko ardatzarekin bat egin arte, Vianan, Viana izeneko Alternatibarentzat aurreikusitako puntu berean.

2. Alternatiba berri horri esker, komunikabide berriaren iparraldean zein hegoaldean dauden inguruko bizigune guztietatik autobide berrirainoko distantziak orekatuko lirateke. Gainera, Los Arcosen egin gogo den Ingurumena Tratatzeko Zentrotik askoz ere hurbilago egongo litzateke eta, horrenbestez, Zentro horretara doazen ibilgailuak zuzenean sartuko lirateke autobidean, inguruko herriak kaltetu gabe.

3. Lan osagarri batzuk egin beharko lirateke:

-Santsol/Torres del Río eta Elizagorria bitarteko errepidea goitik behera berritzea.

-Elizagorria eta Mendabia arteko errepidea goitik behera berritzea, Elizagorriko saihesbidea barne.

4. Horrez gainera, NA-112 egungo errepidea eta autobide berria lotzeko bidea egin beharko litzateke, hala nola Santsol/Torres del Río-Elizagorria eta autobide berria lotzekoa.

5. N-111 errepidea berritzea, Viana-Logroño tartean.

6. Gainera, N-232 errepidearekiko lotura berraztertu beharko litzateke, eremu horretan instalaturik dauden enpresei eragin ahal dien kalte ekonomikoarengatik (horietako enpresa batzuk eraikitze-bidean daude). Trazadura proposamenaren planoa aurkeztu du.

Erantzuna:

26. alegazio-idazkian emandako erantzunera jo.

28. alegazio-idazkia, Salvador Garín Zabala jaunarena, Iguzkitzako Barrutiko Udala ordezkatuz; 29. alegazio-idazkia, César Alcoz San Martín jaunarena, Lukingo Udala ordezkatuz; 30. alegazio-idazkia, M.ª Puy Goñi Ayúcar andrearena, Vilamayor de Monjardíngo Udala ordezkatuz; 31. alegazio-idazkia, Faustino Iriarte Barandalla jaunarena, Barbaringo Udala ordezkatuz; 32. alegazio-idazkia, Angel María Pascual Ripa jaunarena, Urbiolako Kontzejua ordezkatuz; eta 33. alegazio-idazkia, Luis Fernando Sáez de Jáuregui Pérez jaunarena, Azketako Kontzejua ordezkatuz.

1. "Lizarra-Monjardín" izeneko tarteari dagokionez, Iguzkitzako Udala lehenbiziko korridorearen alde agertzen da, Montejurrako iparraldetikoa, hau da Lizarrako saihesbidetik abiatuta Villamayor de Monjardín eta Barbarin herriak zeharkatzen dituena, eta bigarren korridorea, "Deikaztelu" Alternatiba izenekoa, arbuiatzen du, batez ere Lizarrako saihesbidea ez aprobetxatzeagatik.

2. Aurreikusitako hiru alternatibetatik Lizarrako saihesbidea-Santa María de Iruso izenekoa defendatzen du, udalerri horri kalte gutxien eragiten diona delako.

3. "Elizagorria" tarterako Iguzkitzako Udalak bigarren korridorea defendatzen du, hots, Viana alternatiba, trazadurarik egokiena delakoan.

Erantzuna:

1. alegazio-idazkiari emandako erantzunera jo.

34. alegazio-idazkia.-Alfredo Ruiz Martínez jauna, Tenaria, S.A. ordezkatuz.

Iruña-Lizarra autobideko obrak egitearekin batera, kable bidezko telekomunikazioetarako kanalizazioak egiteko baimena eskatzeko asmoa duela azaltzen du eta, horrez gainera, proiektua prestatzeko informazio grafikoa eskatu du, euskarri digitalean.

Erantzuna:

Tenaria, S.A.ren eskaeraren tramitazioan arlo horretako legedian ezarritakoa bete beharko da.

IV.-Trazaduraren aukerako alternatibak, "Iruña-Logroño autobideko 2. tartearen trazadura: Lizarra-Logroño/Ebroko Ardatza" udalez gaindiko proiektu sektoriala eta ingurumenean izango duen eraginaren deklarazioa onesteari begira.

Lenbiziko tarteari dagokionez, Lizarra eta Los Arcos artekoa, agerian gelditu da alegazio-egile gehienak Montejurrako iparraldetik doan trazaduraren aldekoak direla, N-111 errepidearen egungo korridorearekin bat datorrena, Lizarrako saihesbidea aprobetxatuz. Sostengu horien artean aipagarriak dira Lizarrako Udalarena eta Lizarrako Merindadeko Enpresaburuen Elkartearena. Gainera, Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren eta Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlanaren dokumentazio teknikoan ageri diren alternatiba horiek ere hobekien baloratu direnak dira. Hala ere, horrek ez dio garrantzirik kentzen beste zazpi udalek batera aurkeztu duten alegazioari, non Deikaztelu Alternatibaren alde garbiki azaltzen baitira, eta betiere hartu beharreko erabakia sendotzeko azterketa sakonagoa egitea eskatzen baitute. Horri dagokionez, prestatu eta jendaurrean jarri diren azterlan teknikoen edukia, zorroztasun-maila eta hedadura ikusita, adierazi beharra dago nahikoa izan dela, jendaurrean egoteko epea amaiturik, interes orokorrarentzat egokien den trazadura proposatzeko.

Bigarren tarteari dagokionez, hots, Los Arcos eta Logroño artekoa (Ebroko ardatza/NA-134), autobiak zuzenean ukituko dituen udalen arteko adostasuna aipatu behar da, horren ondorioz tarte horretarako alternatiba berri bat proposatu baita, Linares Alternatibaren hasierako tartearekin eta Viana Alternatibaren azkeneko tartearekin bat datorrena. Alternatiba berri horri "El Añal" deitu zaio. Trazadura berri horrek ez du funtsezko aldaketarik eragingo hasierako aternatiben aldean, ez lurraldearen ikuspegitik, ez ingurumenaren ikuspegitik, eta eskualdearentzat, oro har harturik, oso baliagarria izango da. Zeharkako komunikazio-bideak hobetuta eta proposatzen diren lotune berriak eginda, autobidea Nafarroako eskualde horren ardatz nagusia bilakatuko da. Bargotako Udalak eta Bargotako eta Viana II. aldeko Ureztatzaileen Elkarteek aurkeztu dituzten kontrako alegazioak ezin dira aintzat hartu autobide berriaren interes orokorraren mesedetan, baina ureztaketa lurren gaineko afekzioak ahalik eta gehien murriztea ekarri beharko lukete.

Ingurumenari buruzko alegazioak behar bezala aztertu dira. Horri dagokionez, adierazi beharra dago autobidearen proiektuak, Donejakue bidea kaltetu beharrean, hobetu eta zaintzea duela helburu; alegazioetan planteatu diren ingurumen arloko gainerako alderdiak Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlanean behar bezala aztertu eta ebatzi dira.

Sarbideak eta komunikazioak hobetzeko eta autobide berriarekin lotzeko bideak egiteko hainbat proposamen egin dira, eta gehienak kontuan hartu dira. Gainera, beste hainbat obra aipagarri egingo dira, besteak beste, Lizarra-Deikaztelu-Allo N-122 errepidea berritzea eta Urbiola-Allo NA-6340 errepidea berritzea, Lukin, Barbarin eta Arronizko saihesbideak barne.

Hori guztia ikusirik, bidezkoa da Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala onestea eta hari dagokion Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egitea, honako alternatiba hauen arabera:

Lizarra-Los Arcos tartea: "Santa María-Iruso" izeneko Alternatiba.

Los Arcos-Logroño/Ebroko ardatza tartea: "El Añal" izeneko Alternatiba, hau da, Linares Alternatibaren lehenbiziko tartearen eta Viana Alternatibaren azkeneko tartearen arteko konbinazioa.

V.-Onesteko bidean jarri diren alternatiben balorazioa, nafarroako gobernuak 2001eko irailaren 10ean hartutako erabakiaren zehaztapenetatik abiatuta.

V.1.-Erreferentziako Erabakian eskatutakoa betetzeko asmoz, Departamentuek emandako txostenen arabera.

Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren txostena, ukituriko ondare historikoari buruz. Ukitzen den ondare historikoari dagokionez, bi txosten egin dira:

a) Ondare Arkitektonikoaren Atalaren txostena, Santa María-Iruso Alternatibari dagokionez honako hau adierazten duena: "Herrilan Departamentuak emandako dokumentazio osagarria aztertuta, trazadura horrek Donejakue bidearen adar nagusia ukitzen ez duela ikusten da, Bidea babesteko arauak eskatzen duen distantziatik haratago doalako". Hortaz, trazadura hori bideragarria dela ondorioztatzen du, betiere alternatiba horren eta Lukin/Urbiola aldetik datorren Bidearen bigarren mailako adarraren arteko gurutze bakarra tratatzeko proiektu egokia prestatzen bada.

Los Arcos-Logroño tarteari dagokionez, adierazten da ondare horren gainean ez dagoela ezer aipatzerik.

Hori horrela, adierazi beharra dago Herrilan Departamentuak aurkeztu duen dokumentazio osagarrian, txostenean eskatutako hartan, alternatiba honen trazaduran aldaketa xehe bat dagoela, hasiera batean proiektaturikoarekin alderatuta, Donejakue bidean sartzea ebitatzen baita. Dokumentazio horren arabera, Bidetik hurbilenik diren autobidearen bi puntuak 32,20 metrora eta 40 metrora geldituko lirateke, hurrenez hurren. Neurketa hori Bidearen bazterretik autobidearen zelaiko kanpoko ertzeraino egin da.

b) Museo, Ondasun Higigarri eta Arkeologi Atalaren txostena.

Txosten horretan, El Añal Alternatibari buruz ari dela, adierazten da obrek arkeologi aztarnategietan gaur egun sortuko duten eragina toki batzuetan larria edo kritikoa izango dela. Egin beharreko lanak ere aipatzen dira, honako hauek alegia:

-Cohortecampoko aztarnategia, erromatarren garaikoa. Trazadura desbideratzea proposatzen da eta 50 metroko babes-eremua mugatzea. Neurri hori hartzerik ez badago, hiria oso-osorik induskatu beharko litzateke eta ondarearen ikuspuntutik balio handienekoak diren hondakin higiezinak (mosaikoak ustez) beste toki batera eraman.

-Valdeluenga eta Majalascabrasko Burdin Aroko aztarnategiak ukitu ahal dituzten obren aurretik, indusketa arkeologiko bat egin beharko da.

Azkenik, ondare arkeologikoa babesteko hartu beharreko neurri orokor eta generikoak adierazten dira, aurreko horiekin batera, UPSa onesteko Erabakian bildu beharko direnak.

Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuaren txostena, azterturiko alternatibak eskualdeko industri lurzoruari begira Departamentuak dituen aurreikuspenekin noraino egokitzen diren baloratzen duena.

Txosten horretan, besteak beste, adierazten da El Añal izeneko Alternatibak ez duela ukituko Nafarroako Gobernuak aurreikusitako edo osorik edo partez garatutako industri eremurik.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren txostena, ureztaketa eremuen gaineko afekzioei buruzkoa.

Txosten horren hasieran Los Arcos eta Logroño tarterako hasiera batean aurreikusitako alternatiba bakoitzak ukituko lituzkeen ureztaketa lurretarako Nafarroako Gobernuak finkatuak dituen jarduketa arloak deskribatzen dira. Alternatiba horiek guztiek "Viana, Bargota eta Mendabiako Ubidea" gurutzatu behar dute, lur horiek ureztatzeko ura ematen duena. Horregatik, kontuan hartu beharko lirateke inguruneko alterazioak, hura egoki mantentzeko zerbait (sarbideak, euri-uren bideen isurketak, e.a.) ukituko bada ere.

Gainera, lege mailako zehaztapen batzuk ere egiten dira. Ureztaketako eremu horiek araupetzen dituzten hainbat lege, plan eta xedapen aipatzen dira. Onura publikokoak eta interes orokorrekoak deklaratu direnak zehazten dira, are interes nazionalekoak ere, izan ere, lurralde eta hirigintzako planeamendua behartuta dago ureztaketako eremu horiek aintzat hartu eta zaintzera.

Azkenik, aholku bat ematen da, hots, Linares izeneko Alternatiba hautatzearen aldekoa, abian diren instalazioei kalterik gutxien eragingo dien alternatiba delakoan. Nolanahi ere, hori hautatuz gero, eraginak zehatzago aztertu beharko liratekeela dio, 1.800 hektarea baino gehiago landu gabe geldi ez daitezen urte bat edo gehiago, hau da, obrek iraun bitartean.

Hori horrela, hautatu den alternatibak, hots, El Añal izenekoak, eragingo dituen afekzioak azterturik, ikusi da ondoko ureztaketa lur hauek ukituko liratekeela:

-Viana II, non lurzatien berrantolamendua egina dagoen eta orain presiozko ureztaketa sistema abian jartzeko proiektuak erredaktatzen ari diren. Ureztaketa eremu hori litzakete ukituena, are gehiago N-232 errepidea bikoizteko Iparraldeko irtenbidea hautatuz gero, izan ere autobidearen eta errepide horren arteko lotunea ureztaketa lur horretan berean egingo bailitzateke.

-Bargota I, presiozko ureztaketa eremua, egun errendimendu osoz abian dagoena. Eremu osoa harturik, ukitua geldituko litzatekeen zatia, neurri batean, txikia da.

-Bargota II, non lurzatiak ureztatzeko instalazioak egitea besterik ez den falta. Ureztaketa eremu honen gaineko eragina oso txikia litzateke.

-Viana I, ureztaketa ondoan duena, ubide eta zelaitutako lurren bidez, erabateko errendimendua duena. Ureztaketa eremu hau N-232 errepidea bikoizteko Iparraldeko trazadurak eta NA-134 errepidea eta N-232 errepidea lotzeko bideak ukituko lukete, eta kasu bietan eragina nabarmena litzateke.

-Viana I/Tamarigal. Viana I. aldearen ezaugarri berberak dituen ureztaketa eremua. N-232 errepidea bikoizteko Iparraldeko trazadura hautatuz gero, eragina nabarmena izango litzateke.

Hori horrela, honako ohar hauek egin behar dira:

a) Lehenbizi, aipatu beharra dago autobideak Ebroko terraza gainditzeko planteatzen diren arrazoizko trazadura guztiek, N-232 errepidearekin lotzeko behar-beharrezko obra baita, ureztaketako eremuak ukituko lituzketela, ezinbestean.

b) El Añal Alternatiba aukeratu da hainbat faktore ponderatu ondoren, honako hauek alegia: lurraldekoak, ingurumenekoak, hirigintzakoak, funtzionalak eta ekonomikoak. Azkenik, alternatiba hori egokiena delakoan hautatu da.

c) Aipatu beharra dago El Añal alternatiba Sustapen Ministerioak N-232 errepidea bikoizteko planteatu dituen konponbide guztiekin bateragarria dela. N-232 errepidea bikoizteko Iparraldeko alternatiba aukeratzen bada, bide horren eta Linares Alternatibaren arteko bateragarritasuna txikiagoa dela dirudi, eta inguru horretan Iruña-Logroño autobideak azkenean izango lukeen trazadura, funtzionaltasunari begira, Añal alternatibarena baino desegokiagoa izango litzateke.

d) Nafarroako Foru Komunitateko Ureztaketa Planean sartutako ureztaketetako jarduketa eta obrei buruzko martxoaren 16ko 7/1999 Foru Legearen 6. artikuluak honela dio:

"Lurraldearen eta hirigintzaren antolamendurako baliabideetan, orohar, behar diren zehaztapen eta aurreikuspenak sartu beharko dira Ureztaketa Planean eta Foru Lege honen Eranskinean ureztagarri gisa deklaraturiko eskualdeak hiri-garapenaren prozesuaz babesteko. Hori helburu, lur horiek lurzoru urbanizaezinen sailean segituko dute eta babesteko behar duten kasuan kasuko hirigintza kategoria emanen zaie, salbu eta interes publiko edo sozialeko arrazoi justifikatuak tarteko, hiri lurzoru edo lurzoru urbanizagarri bihurtzea komenigarria baldin bada".

Hortaz, egin gogo den azpiegituraren interes publiko eta soziala nabarmena izanik, eta transkribaturiko agindua egoki interpretatzen bada -ureztaketa lurrak hiri garapen justifikaezinetik babesteko helburua du, baina betiere Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 10/94 Foru Legearen 32. artikuluaren zehaztapenak ukitu gabe, zeinen bidez nekazaritzarako emankortasun handiko lurretan azpiegiturak baimentzen baitira-, aukeraturiko alternatiba garatzea bidezkoa dela ondorioztatzen da. Ildo beretik interpretatu behar da txostenaren azkeneko oharra, Linares Alternatiba aukeratzea aholkatzen duena, horrek ere 7/1999 Foru Legean adierazitako ureztaketa lurrak ukituko bailituzke.

e) Aurreko guztia gorabehera, ureztaketetan kalte nabarmenak eragingo direla aitorturik, bidezkoa da trazadurak Ebroko terraza gainditzeko bidea ahalik eta zehatzen aztertzea, litezkeen aldaketak barne, bai eta N-232 errepidearekiko lotunea egiteko lurralde gutxiago okupatzeko modua ote dagoen aztertzea, hori guztia aipatu afekzioak ahalik eta txikienak izan daitezen.

V.2.-Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari agindu zitzaionaren inguruan, hots, aurkeztu beharreko dokumentazioan Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren 2001eko abuztuaren 31ko txostenaren VI. atalean, Ingurumen arloko zehaztapenak izenekoan, eskaturikoa jasotzea, bai Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egin aurretik eta, kasua bada, baita hartzen diren alternatiben Eraikuntza Proiektuan ere.

Txosten hartan adierazi zen, ingurumenari begira, Lizarra-Los Arcos lehenbiziko tarterako hautabiderik egokiena Santa María-Iruso izenekoa zela.

Los Arcos-Logroño tarterako hasiera batean hautatu zen alternatiba, Viana izenekoa, ingurumenari begira, egokienetan bigarrena zela adierazi zen, nahiz eta eragin kritikorik sortzen ez duen eta neurri zuzentzaileak aplikatzeko bidea eskaintzen duen. Hala ere, aukeratu den alternatiba berriak, El Añal izenekoak, natur landaretzaren eremu txikiagoa ukitzen du, faunaren pasabiderako iragazkorragoa da, eta Linares ibaiaren korridore ekologikoa biaduktu baten bitartez gainditzen du. Faunaren gaineko azkeneko inpaktua bateragarria da, obra fasean, tarteka, larria izan badaiteke ere.

Bestalde, adierazi zen Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlanean ondare arkeologikoari buruzko informazio garrantzitsua eskaini zela, Eraikuntza proiektuan eta garatzen den Ingurumena Zaintzeko Proiektuan osatu beharko dena. Hori guztia aztertu eta zehaztu da Museo, Ondasun Higigarri eta Arkeologi Atalaren 2001eko azaroaren 22ko txostenean, derrigorrez bete behar dena, deusetan galarazi gabe proposatzen diren neurri zuzentzaileak Eraikuntza Proiektuan eta Ingurumena Zaintzeko Programan ere sartzea.

Orobat, Donejakue bidearen gaineko eragina murriztu edo desagertzeko beharrezko diren neurri zuzentzaileak aplikatu beharko direla adierazi zen. Ondare Arkitektonikoaren Atalak horren inguruko txostena egin du, eta, hortaz, hango ondorioetara jo behar da. Dena dela, proiektuan paisaiaren taxuzko tratamendua aurreikusi beharko da, batez ere ezpondarena eta Bidea eta autobidearen artean dagoen zerrendarena, biak lerroz lerro doazen tartean, eta bien artean zuhaitz-hesi bat jarri beharko da.

Azkenik, txosten horretan ezarri zen, Proiektua behin betikoz onetsi aurretik, sustatzaileak ondoko dokumentazio hau aurkeztu behar zuela: egindako hotsen azterketaren informazio osagarria eta, bestetik, errepidea eta tokian tokiko Hirigintza Planeamenduetako aurreikuspenak nola egokitzen diren azaltzekoa. Horrez gainera, landare mota bakoitzetik azkenean desagertuko den eremuari buruzko informazioa osatzea eskatu zitzaion, 92/43/EK Zuzentarauaren tipifikazioa aplikatuz. Agiri horiek guztiak ekarri ditu eta Proiektuari dagokion Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioan baloratuko dira.

V.3.-Aukeratzen diren alternatiben Eraikuntza proiektuan Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren 2001eko abuztuaren 31ko txostenaren V. atalean (Lurraldeko eta Hirigintzako zehaztapenak) aipatu gorabeherak zuzentzeko neurriak hartzea bidezkoa ote den auziaren inguruan.

Aipatu txosten horretan, autobidearen lehenbiziko tarterako Santa María-Iruso Alternatibari dagokionez, besteak beste, hauxe adierazi zen: bidezkoa da onartzea, hasiera batean, oro har harturik, hautabiderik egokiena Lizarrako saihesbidea-Santa María-Iruso Alternatiba dela. Dena dela, Donejakue bideari eragiten dion kaltea nabarmena dela ikusirik, alternatiba hori aukeratzeak Bidea lehengoratzeko lan dexente egin beharra ekarriko du berekin (1,5 kilometro inguruko luzera duen tartean). Bestela, Urbiolako mendebaldetik pasako litzatekeen beste alternatiba bat aztertu beharko litzateke, afekzio hori ahalik eta txikiena izan dadin. Egoera hori konpontzeko arrazoizko ahalbiderik ez badago, aintzat hartu beharko litzatekeen bigarren hautabidea, gure iritziz, Lizarrako saihesbidea-Urbiola-Iruso izenekoa litzateke, baina kasu horretan Urbiola eta Lukin arteko pasabidea berraztertu beharko litzateke, hirigintzako afekzioak ahalik eta gehien murrizteko, eta horrek, seguruenik, hautabide hori nabarmen aldatu beharra ekarriko du".

Hortaz, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak aurkeztu dokumentazioaren arabera, ikusi da trazadura zertxobait aldatu dela eta, horren ondorioz, Bidearen gaineko zuzeneko afekzioak saihestu direla. Horri dagokionez, Ondare Arkitektonikoaren Atalak egindako txostenean aipatutakora jo beharra dago, proposamena ontzat hartzen baitu, eta aurreko puntuan ingurumenari buruz egindako ohar osagarrietara.

Horren guztiaren osagarri, adierazi beharra dago Lizarrako saihesbidea-Urbiola-Iruso Alternatibak Urbiolako planeamenduan aurreikusita dagoen familia bakarreko etxebizitzetarako eremu bat zeharkatzen duela eta trazadura horren zuinketak, Urbiola eta Lukin artean kokatuko bada, trazadura nabarmen aldatzea ekarriko lukeela berekin. Gainera, bi herri horien gaineko afekzioak areagotu eta betiko geldituko lirateke. Santa María-Iruso Alternatibaren kasuan, ikus eta entzunezko afekzioak bide-tarte jakin bat egin bitartean nabarituko lituzke bidegileak, hots, Donejakue bidea eta autobidea lerroz lerro doazen tartean, hau da, kilometro eta erdi inguruan.

Viana Alternatiba gomendatuari dagokionez, txosten horrek, bestalde, zera dio: "azterlanaren arabera, hautabide horren sendogarri litzateke N-232 errepidearen saihesbiderako iparraldeko alternatiba (Recajo-Agoncillo) hautatzea", eta hori aukeratzearen baldintzapean dago. Hortaz, azterlan horretan Viana Alternatibaren alde egiten den aholkuarekin, hasiera batean, bat egiten dugularik eta ohar horiekin ados gaudelarik, alternatiba hori behin betikoz aukeratzea baldintza baten menpean jartzen da, alegia, N-232 errepidearen saihesbiderako iparraldeko alternatiba (Recajo-Agoncillo) hautatu beharra, autobidearen azkeneko zatiak, NA-134 errepidetik aurrera, N-232 errepidearen saihesbidearekin (iparraldeko alternatiba) bat egin dezan. Horrela eginez gero, Logroñoko sarbidea zuzenagoa izan dadila bermatzeaz gain, El Sequero industrialdean sartzeko beharrezkoa den bidea ere bermatuko da, aski zuzena gainera. (Proposaturiko alternatiba berriak, El Añal izenekoak, hasiera batean ez du aldatzen aurreko ohar horietan adierazitakoaren zentzua, izan ere alternatiba berri horren azkeneko tarteak hasieran aholkaturiko Viana alternatibarenarekin bat egiten du).

Dena dela, ikusirik, batetik, alegazio-egile gehienen jarrera eta, bestetik, espedientea jendaurrean egon den aldia bukatuta, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak aurkeztu dituen agiri eta txostenak -horien helburuak zenbait alegazio-idazkiri emandako erantzunetan ageri dira, hots, 8.ean, 14.eko 2. atalean eta 26.ean-, honako hau ondorioztatzen da:

a) Proposatu eta/edo hautaturiko alternatibetan jende gehienen sostengua jaso duena, kasu guztietan, Viana Alternatibaren azkeneko tartearekin bat datorren trazadura da, hots, hasiera batean aholkaturiko alternatibari dagokiona.

b) Hobetsitako alternatiba berria (El Añal izenekoa) egiteko lehenengo fasean, autobidea eta NA-134 errepidea lotzeko bidea egitea aurreikusita dago.

c) Puntu horretatik N-232 eta A-68 errepideekiko Errioxako lotunera arteko bidearen behin betiko trazadura aukeratzea, N-232 errepidea Logroño eta Agoncillo bitartean bikoizteko proposamenei buruzko Informazio azterlanaren eduki eta ondorioen menpe dago, hurrengo hilabeteetan Sustapen Ministerioak jendaurrean jarriko baitu. UPS honek ezin du horren inguruko iritzirik eman.

d) Egun eskura dagoen informazioaren arabera, bikoiztu nahi den N-232 errepidearen trazadurarako proposaturiko alternatiba guztiak erabat bateragarriak dira UPS honen xede den Iruña-Logroño (Ebroko ardatza) autobidearen alternatibekin.

e) Sustapen Ministerioak N-232 errepidearen bikoizketarako behin betiko alternatiba hautatu eta gero, hurrengo hilabeteetan egingo baitu, bi administrazioen arteko lankidetza hitzarmena sustatuko da, obra horien exekuzioa koordinatzeko.

Aurreko puntuetan adierazitakoa ikusirik, eta aukeratzen diren konponbideek eduki beharreko lurralde mailako koherentzia kontuan harturik, honako hau adierazi beharra dago:

-Muturreko egoera batean, N-232 errepidearen bikoizketa egingo ez balitz ere, nahiz eta hori nekez gertatuko den, El Añal Alternatiba NA-134 errepidearekin elkartu arteko tokiraino eginez gero, Logroñoko ingurubidean sartzeko eta hortik noranahi jotzeko bide zuzenagoa egotea aseguratuko litzateke behinik behin, nahi bezain egoki ez bada ere.

-Bai aurreko kasuan, bai Sustapen Ministerioak N-232 errepidea bikoizteko hegoaldeko hautabidea aukeratzen duen kasuan, dagokion Lankidetza hitzarmena sinatu beharko litzateke Sustapen Ministerioarekin, El Añal alternatiba/NA-134 eta N-232 errepideak lotzeko tartea egiteko, eta kasua bada, A-68tik bide-tarte horrek eta N-232 errepideak bat egiten duten tokira arteko lotura egin ote daitekeen aztertzeko behar diren kudeaketak egin. (Gauzak horrela, Mendabiako Udalak aurkeztu duen 6. alegazio-idazkiari emandako erantzunaren ildotik, egoki litzateke inoiz NA-112 errepidea Agoncillorekin lotzeko bidea egitea aztertzea, besteak beste El Sequero indstrialdean sartu ahal izateko.).

-Sustapen Ministerioak N-232 errepidea bikoizteko iparraldeko hautabidea aukeratuz gero, El Añal alternatiba harekin lotuko litzateke Nafarroako lurretan eta kudeatzeko geldituko litzatekeen gauza bakarra N-232 errepidearen iparraldeko hautabide horren eta A-68aren arteko lotura egiteko ahalbideak litzateke, bi errepide horiek hurbilenik dauden tokian; iparraldeko hautabide hori aukeratuz gero, El Sequero industrialdean eta intereseko beste instalazio eta eremu batzuetan sartzeko bide-sarea aski ongi antolatua geldituko litzateke, lurralde-eremu zabal batean kokatua.

Kontuan harturik, horrenbestez, azterturiko hipotesi eta aukerabideak, bidezkoa da ondorioztatzea, lurraldearen ikuspegitik, El Añal alternatiba egokia dela.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak 2001eko abenduaren 18an eman txostena kontuan harturik eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legea eta aplikagarri diren gainerako arauak ikusirik, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Aurkezturiko alegazioak ebaztea, Erabaki honen azalpen zatian adierazi den moduan.

2. "Iruña-Logroño autobideko 2. tartearen trazadura: Lizarra-Logroño" Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatua, onestea, honako zehaztapen orokor hauek eginda:

a) Lizarrako saihesbidea-Los Arcos tarterako azkenik aukeratu den alternatiba "Lizarrako saihesbidea-Santa María-Iruso" izenekoa da.

b) Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak aurkeztu duen dokumentazioaren arabera, Los Arcos-Logroño/Ebroko ardatza tarterako azkenik aukeratu den alternatiba "El Añal" izenekoa da, hasieran proposatu ziren Linares alternatibaren lehenbiziko tartearen eta Viana alternatibaren azkeneko tartearen konbinazioaren ondorioz sortua.

c) Erabaki honen azalpen zatiko II.4 atalean ageri diren lotura-bideak, hobetze-lanak eta lan osagarriak Lizarra eta Logroño artean autobideko obrekin batera egin beharreko lanen barruan sartu beharko dira.

3. Eraikuntza proiektuan ahalik eta zorrotzen aztertuko da El Añal Alternatibak Ebroko terraza igarotzeko modua, egin litezkeen aldaketak barne, hala nola N-232 errepidearekiko lotura lurralde gutxiago okupatuz proiektatzeko ahalbidea, hori guztia ureztaketako lurren gaineko eragina murriztearren. Orobat, Viana, Bargota eta Mendabiako Ubidearen gaineko afekzioak modu egokian zuzendu beharko dira, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak egindako txostenean adierazitakoaren arabera.

4. Eraikuntza proiektuan, halaber, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioan zehazten diren baldintza guztiak bildu beharko dira. Aipatu Deklarazioan Donejakue bidearen gainean eta ondare arkeologikoaren gainean Erabaki honen azalpen zatian azaldutako alderdi guztiak ageri dira.

5. Obren ondorioz ukituak diren zortasun eta azpiegitura guztiak kontuan hartuko dira, besteak beste, Miranda de Ebro-Iruña-Zaragoza oliobidea. Horretarako, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak kasuan-kasuan eskumena duten organoen baimenak lortu beharko ditu.

6. UPS horren ondoriozko obrak interes orokorrekoak direla deklaratzea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legearen 66. artikuluan eta horrekin bat datozen xedapenetan ezarritako ondorioetarako.

7. Adieraztea Erabaki honen aurka zilegi dela, nahi bada, berraztertzeko errekurtsoa jartzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunetik hilabeteko epean, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 116. eta 117. artikuluei jarraikiz. Bestela, zuzenean ere aurkatu daiteke Administrazioarekiko Auzien Sailean, jakinarazi edo, bestela, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 46. artikuluak araututakoari jarraikiz.

8. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta honako hauei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan: Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari, Hezkuntza eta Kultura Departamentuari, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuari, Iguzkitzako Udaleko Azketa eta Urbiolako kontzejuei, Iguzkitzako, Villamayor de Monjardíngo, Lukingo, Barbaringo, Los Arcoseko, Villatuertako, Aberingo, Morentingo, Deikazteluko, Arellanoko, Arronizko, Elizagorriko, Mendabiako, Piedramillerako, El Bustoko, Santsolgo, Torres del Ríoko, Armañantzasko, Bargotako eta Vianako udalei eta alegazio-egileei.

Iruñean, bi mila eta bateko abenduaren hogeian.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria. Nafarroako Gobernuko idazkaria, Rafael Gurrea Indurain.

Iragarkiaren kodea: A0200138