128. ALDIZKARIA - 2002ko urriaren 23a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

D E I K A Z T E L U

Deikazteluko udal hilerria eta bertako zerbitzuak erabiltzeko tasak arautzen dituen ordenantza behin betikoz onetsirik

Deikazteluko Udalak, 2002ko urtarrilaren 31n egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Deikazteluko udal hilerria eta bertako zerbitzuak erabiltzeko tasak arautzen dituen ordenantza.

Onespenari buruzko iragarkia 31. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, 2002ko martxoaren 11n, eta jendaurreko aldia igaro da, inork alegaziorik aurkeztu gabe. Beraz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legeko 325. artikuluarekin bat, ordenantza behin betikoz onesten da, eta haren testu osoa argitaratzen, bidezko diren ondorioak izan ditzan.

Deikaztelun, bi mila eta biko maiatzaren hiruan. Alkatea, Carmelo Salvatierra Macua.

DEIKAZTELUKO UDAL HILERRIA ETA BERTAKO ZERBITZUAK ERABILTZEKO TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. KAPITULUA

Hilerriaren erabilpena eta erabilpen eskubideak

1. artikulua. Ordenantza hau Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aldatzen duen martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legearen 100. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babesean ezarri da.

2. artikulua. Administrazioak, zuzendaritzak eta zainketak ondoko ahalmenak dakartzate beraiekin:

a) Hilerriko higienearekin eta osasungarritasunarekin zerikusia duen guztia.

b) Hilotzak eramateari dagokiona eta hilerriaren barne araubidea ukitzen duen guztia.

c) Lurren eta hilobien antolaketa, banaketa, erabilpena eta aprobetxamendua.

d) Eskubideak eta kuotak kobratzea.

3. art. Alkatetzak bere ardurapean izanen ditu hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua. Horretarako behar adina langile izanen du eta, bere eginbehar hau ahalik eta hobekien betetzeko, proposamen zehatzak aurkeztuko dizkio Udalari.

4. art. Hilerrian behar adina hilobi huts izanen dira, udalerriko biztanleen erroldaren arabera, edo haiek egiteko behar adina lur, bederen.

5. art. Ehorzteko ekartzen dituzten hilotz guztiak lurperatuko dira, legezko izapideak bete badira, baina hartarako ordaindu beharko dira ehorzteko eskubideak, tasen eranskinean aipatzen direnak.

6. art. Hilotzak ateratzen ahalko dira hobitik, hilerrian berean besteren batera aldatzeko nahiz beste hilerri batera eramateko.

Nolanahi ere, osasunari buruz indarra duten xedapenetan ezarritakoari jarraikiz atera behar dira, bisitetarako ez diren orduetan eta osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak hartuz.

7. art. Hilotzak hobitik zein egun eta ordutan atera behar diren, horren berri emanen zaie hala egitea eskatu dutenei, nahi baldin badute jarduketa hori ikusi ahal izan dezaten.

Epea akitzeagatik hilotza atera behar denean, ordea, ez da inolako gaztigurik eman behar izanen.

Eskatzen duenari utzi eginen zaio hilotzak hobitik ateratzeko lanak bere kasa kontratatzen; baina, kasu horretan, Udalari jakinarazi egin beharko dio, aldez aurretik, hark baimena eman eta lanak gainbegiratuko baititu.

8. art. Hilerrian berean beste hilobi batera aldatzeko nahiz beste hilerri batera eramateko atera diren gorpuzkinak ez dira gorputegira eramaten ahal.

9. art. Heriotzaren arrazoiak osasun arriskurik ez badu, baltsamatu gabeko hilotzak baldintza hauetan ateratzen ahal dira:

a) Panteoietan ehortzitako hilotzak lurperatu zirenetik guttienez ere bi urte iraganda atera daitezke, hezur hutsa besterik ez badira.

b) Lurpean ehortzitako hilotzak lurperatu zirenetik guttienez ere zortzi urte iraganda atera daitezke, hezur hutsa besterik ez badira.

c) Hilobi mota guztietan ehorzketa zinkezko hilkutxan egin baldin bada, edozein momentutan atera eta lekualdatzen ahal da, betiere hilkutxa kontserbazio egoera ezin hobean badago.

Horiek baino laburragoko epeetan ez da hilotzik ateratzeko baimenik emanen, epaile baten aginduz ez bada.

Ekainetik irailera bitarte, biak barne, ez da ateratzerik bat ere eginen epaile batek manatu ezean.

Hala ere, bizitakoan, hilabete horietan hildako lagun baten ezkontide edo 2. mailako ahaide odolkide izandakoaren gorpuzkinak ateratzen ahal dira, hildakoarekin batean eta haren ondoan ehortzi ahal izateko. Betiere, ehorzketa hori egin ahal izateko, a), b) edo c) baldintzak bete beharko dira.

10. art. Hilotz baltsamatuak atera eta lekualdatzeko baimena noiznahi ematen ahal da, baina zerraldoaren kanpoko kutxa berria ezarri behar litzateke ongi kontserbaturik ez balego.

11. art. Bai hilotz bat atera eta lekualdatzen denean bai berriz ehorzten denean, horren oharra jasoko da behar diren liburuetan.

12. art. Urririk izan ala kostu bidez izan, hilerriko lur guztiak hileta aferetarako erabiltzeko Udalak kontzesio administratiboa eman beharko du erregelamendu honi jarraikiz.

Ez da inoiz ez inola emanen mugarik gabeko kontzesiorik.

Bi kontzesio mota izanen da:

a) Bat, doakoa, gorpu bakarreko hilobietarako, lurpean eta 10 urtetarako, nahiz eta, leku gutti izateagatik beharrean egonez gero, legeak agintzen duen guttienekoa beteta jasoko den handik.

b) Bertzea, kostu bidezkoa, gorpu bakarreko hilobietarako, lurpean eta 50 urtetarako.

Kostu bidezko kontzesioaren luzapena eskatzen denean, gehienez ere 49 urtetarako emanen da, eta ematen den garaian indarra duen prezioa ordainduko da; muga eguna baino bi hilabete lehenago eskatu ahalko da, azkarrenik, eta 15 egun lehenago, beranduenik.

13. art. Hilobien hileta erabileraren kontzesioa, eskabideen hurrenkeraren arabera onartuko du Udalak osoko bilkuran, interesatuak aldez aurretik eskatuta.

Eskatzaile bakoitzari ez zaio hiru hilobi baino gehiago emanen.

Adinez nagusia den edozeinek eskatu ahalko du hilobien kontzesioa.

14. art. Lagun bakarreko hilobien kontsezioagatik 25.000 pezeta ordainduko dira, lehen 50 urteetan. 1996ko urtarrilaren 1etik aitzina, ondorengo urteetako lehen egunean, aurreko urteko K.P.I.aren aldaketa erantsiko zaio prezio horri.

Luzapenaren prezioa aurreko erregelaren arabera dagokiona izanen da.

Kontzesioaren prezioa Udalbatzaren Kutxan sartuko da, kontzesioa jakinarazi ondoko 15 eguneko epean, eta ordainketak ez du inolako eraginik izanen harik eta ordainketa frogatzen ez den bitartean.

15. art. Doako nahiz kostu bidezko kontzesioen titularrek Ordenantza honen eranskinean zehaztutako ereduaren araberako gurutzea jartzen ahalko dute, ez besterik.

16. art. Hilerrian, lurren kontzesio guztiak, lurperatzeko eta hilobiak edo gisako eraikuntzak egiteko direla ulertu behar da. Eskuratzaileen eskubideak xede horretara mugatuta daude eta, hortaz, bai lurra bai haren gainean egiten diren eraikuntzek ordenantza honek zehazten dituen baldintzak bete behar dituzte alderdi guztietan.

17. art. Lurren kontzesioek ez dute salmentarik sorraraziko. Emandako lurretan hilobietako elementuak paratzeak ez dakar haien gainean xedapen egintzarik burutzen denik.

18. art. Alboetako lurzatien kontzesiodunek, gutxienez 30 zentimetroko tartea utzi beharko dute hobien eta esparruko murruaren artean. Tarte hori hezurtegi partikularrerako izan daiteke. Erdiko luzartien kontzesiodunek gauza bera eginen dute lurzatiaren barrenean, hilobia lurzatiko mugatik tarte berera uzteko. Tarte hori hezurtegi partikularrerako ere erabil daiteke.

19. art. Bi kontzesiodun ukitzen dituzten obretan, horiek men eginen diete mehelinari buruzko ohiko xedapenei.

20. art. Hobien kokaera, lurrerauzketa gastuak eta gainerakoak, kontzesiodunaren kontura izanen dira obra bukatu arte.

Hilobien arteko tarteak gaur egun hilobiratze eremuak mugatzeko zintarrien material eta handi-zabal berekin eginen dira. Udalak tarte lan horiek egin ditzake kontzesiodunen kontura.

21. art. Ordenantza honen aurreko kontzesioak zeuden horretan eta eman ziren bezalaxe errespetatuko dira. Hemendik aitzina ematen direnek, ordea, 12. artikuluan aipatu den iraupena izanen dute.

Familiaren batek gaurko hilobi bat betiko kontzesio gisa erabili badu eta titulurik ez duelako alderdi hori egiaztatzen ahal ez badu, gaurko erabiltzaileek eska dezakete haren kontzesioa kostu bidezko kontzesioetarako aipatu diren baldintza beretan.

22. art. Udalak hilobien ondorengotzari buruz egiten duen onarpenak ondorioak sorraraziko ditu administrazio aldetik, baina horrek ez dakar inolako aurreusterik arlo zibilean aferarik baldin bada.

23. art. Panteoiak eta kaperak, eta emandako lurrak, eskualdatzen ahal dira inter vivos egintzen bidez, oinordetza bidez, haien titularrak testamentua egin ala ez, baita dohaintza bidez ere, horrelakoetan araubidea ondorengotzarena bera izanen delarik.

24. art. 1. Eskualdaketa inter vivos egintzen bidez egin ahal izateko, beharrezkoa izanen da hilobian ehorzketarik egin ez izana kontzesioa eman zenetik. Salbuespenez, Udalak baimena eman diezaioke eskualdaketari, hilobia erabili izanagatik ere, behar diren baldintzak paratuz gero.

2. Eskualdaketa egiten bada ondoko ahaidetasun mailetan sartzen ez den pertsona bati:

-Titularraren ezkontideari,

-Horien bien lerro zuzeneko ahaideei, lerroa gorakoa nahiz beherakoa izan, mugarik gabe, eta alboko lerrotik odolkidetasunaren 4. gradu zibileraino eta ezkontzahaidetasunaren 3. graduraino, beraz, halako ez bertzeei egiten bazaie, eskuratzaile berriak kontzesioa eman zenean lurraren truke ordaindu zen prezioaren eta subrogazioaren egunean tarifen arabera ordaindu behar denaren arteko aldea pagatu beharko dio Udalari, eta eskualdatzaileak, berriz, ez du kontzesioa hartu zuenean Udalari ordaindu ziona baino gehiago eskuratzen ahal.

Hala ere, erregistroko liburuaren arabera, kontzesioa eman zenetik 5 urte baino guttiago iragan baldin bada, Udalak kontzesioa bertan behera uzteko eskubidea izanen du eta hilobia Udalaren eskuetara itzuliko da. Eskubide hori erabiltzen ez badu, aitzineko lerroaldean arautuari jarraituko zaio. Eskubide hau erabiltzeko epea hilabetekoa da modu fede emailean eskualdaketaren berri ematen denetik.

25. art. Hilobia erabiltzeko eskubidea nork duen aldioro jakiteko, erregistroko liburuan paratuko da nor den eskubide horren edukitzailea eta horregandik abiatuta kontatuko dira betiere, 26. artikuluak aipatzen dituen ahaidetasun mailak.

Eskubide horien eskualdaketak kontzesioaren tituluan ere jasoko dira.

26. art. Hilerriko lurren kontzesioak hilobia erregelamendu honetako aginduei jarraikiz erabiltzeko eskubidea ematen die titularrari eta ahaideei.

Lurren kontzesioetan, titularra eta ezkontidea ez ezik, lerro zuzeneko ahaideak ehorzten ahal dira, lerroa gorakoa nahiz beherakoa izan, mugarik gabe, eta alboko lerrotik odolkidetasunaren 4. graduraino eta ezkontzahaidetasunaren 3. graduraino.

Udalak bertze nornahiren ehorzketa baimentzen ahal du, titularrak aldez aurretik baimena ematen badu eta baimena ematen den momentuko eskubideak ordaintzen badira.

27. art. Hilobiak segur, xahu eta apain atxikitzea titularren betebeharra da.

Kontserbazio egoera behar bezalakoa ez bada, Alkatetzak errekerimendu eginen die interesatuei egin behar diren obrei ekin diezaieten, 30 eguneko epean. Hala egiten ez badute, ehorzketak egiten ez uzteko arrazoi aski izanen da.

Epe hori iraganik, Alkatetzak obren ordezko exekuzioari ekinen dio eta dagokion ordenantza fiskalean horri buruz xedatua aplikatuko; horren ondoriozko kontua interesatuei pasatuko zaie. Ordaintzen ez badute, kontzesioa amaitutzat joko da eta hilobia udalerriari itzuliko.

28. art. Kontzesioak honako hauengatik ere amaitu ahal izanen dira:

a) Hilerria desagertzeagatik.

b) Hilobi, panteoi edo lurzati batek 25 urte baino gehiago egiten badu abandonatua.

c) Hilobia erabili beharrekoak aienatzeagatik.

II. KAPITULUA

Tasak hilerrian zerbitzuak emateagatik

29. art. Zergagaia ondoko zerbitzuak ematea da:

1. zenbakia.-Ehorzketak.

2. zenbakia.-Hilobitik ateratzeak.

3. zenbakia.-Lekualdaketak (ehortzi eta ateratzea).

4. zenbakia.-Hilerrian egiteko bertze lan batzuk.

30. art. Ordenantza honetan araututako zerbitzuren bat eskatzen dutenak dira tasa hauen subjektu pasiboak, pertsona fisiko, juridiko ala, nortasun juridikorik gabe, batasun ekonomikoa edo ondare banatua eratzen duten entitateak izan.

31. art. Tasen eranskinean ezarritako tarifa aplikatzetik heldu den zenbatekoa izanen da tributu kuota.

32. art. Hilobi berean bi hilotz edo gorpuzkin nahiz gehiago batera lurperatzeko lizentziak ematen ahalko dira, baldin eta ehorzketalekuak behar bezain zedaturik badaude. Leku bakarreko ehorzketalekutik haratako lanak partikularrak egin beharko ditu eta bere kontura.

33. art. Hilerri honetako bertze hilobi batzuetatik atera eta berriz ere ehortziz gero, hilotza ateratzeagatik eta ehorzteagatik ordaindu beharko dira tasak. Gorpuzkinak bertze hilerritatik ekarriz gero, ehorzketari dagokion tasa ordainduko da bakarrik.

34. art. 29. artikuluko 1, 2, 3 eta 4 zenbakietan aipatzen diren zerbitzuei dagozkien tasak zerbitzuak eman baino lehen ordaindu behar dira, premia larriko kasuetan edo udal bulegoek jaieguna dutenetan izan ezik. Horrelakoetan, langileak oharra jasoko du eta horren berri emanen die udal bulegoei, behar den tasa ordainarazteari ekin diezaioten.

TASEN ERANSKINA

1. epigrafea.-Lurperatzeak, 300 euro. Bizilagun egoiliarren ehorzketak, 60 euro.

2. epigrafea.-Ateratzeak, 60 euro.

3. epigrafea.-Lekualdaketak (atera eta berriz ere ehortzi), ireki behar den hilobi batera: 60 euro.

4. epigrafea.-Bertzelako zerbitzuak. Ordenantza honetan zehazten ez den edozein zerbitzu eskatzen bada, edo ehorzketa ez bada arau orrokorrari jarraikiz egin behar eta, orduan, Udalak baimendu behar baditu, zerbitzuaren kostu osoa kobratuko da, Udalak egiten badu, edo bertzenaz baimena emanen da eskatzaileak bere kontura kontratatzen dituen lagunek egin dezaten.

5. epigrafea.-Lurzatien kontzesioa.

-Pertsona bakarra ehorzteko lurra: 180 euro ehorzketa bakoitzeko, lehen 50 urteetan.

Beste 49 urtetarako luzapena, 180 euro ehorzketa bakoitzeko.

Aurreko urteoko K.P.I.aren aldaketaren arabera eguneratuko dira urtero tasa horiek; lehen eguneratzea 2003ko urtarrilaren batean izanen da.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra.-Indarrik gabe uzten dira, baliorik ez eraginik ez dutela, ordenantza hau osoki betetzeari kontra edo traba egiten dioten udal lerruneko lehenagoko xedapen guztiak.

Iragarkiaren kodea: A0210446