128. ALDIZKARIA - 2002ko urriaren 23a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

73/2002 FORU AGINDUA, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak emana, Gazteen Entitateen Errolda egiteko arauak gaurkotzen dituena.

2002ko martxoaren 26an Elkarte-eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoa argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean. Haren laugarren azken xedapenaren arabera, indarra hartuko zuen Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta bi hilabete geroago.

Halaber, xedapen indargabetzaile bakarrean, elkarteak arautzen zituen abenduaren 24ko 191/1964 Legea eta Lege Organiko horri kontra egiten zioten xedapen guztiak indargabetu ziren.

Arestian adierazitakoarekin bat, bidezko da Gazteen Entitateen Errolda egiteko arau berriak onetsi zituen otsailaren 23ko 21/2001 Foru Agindua indargabetzea eta Elkarte-eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko arautegia gaurkotzea, 1/2002 Lege Organikoa onestearen ondorioz.

Horrenbestez, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 13ko 368/1999 Foru Dekretuak esleitzen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Gazteen Entitateen Errolda egiteko arau hauek eta bertan inskribatzetik heldu diren onurak onestea, Foru Agindu honen eranskinean ezarri bezala.

2. Foru Agindu hau Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko kontu-hartzaileari, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutura, horko Zerbitzu Orokorren eta Azpiegituren Atalera, Gazteriaren Zuzendariordetzara eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe utzi da Gizarte Ongizateko kontseilariak otsailaren 23an emandako 21/2001 Foru Agindua, Nafarroako Gazteen Entitateen Errolda egiteko arau berriak onetsi zituena, bai eta Foru Agindu honetan ezarritakoaren aurka dauden maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak ere.

Iruñean, bi mila eta biko irailaren hemezortzian.-Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilaria, Calixto Ayesa Dianda.

E R A N S K I N A

1. Nafarroako Gazteen Entitateen Errolda bat egitea, Foru Agindu honetan onetsitako arauei jarraikiz eta ondoko helburu hauekin:

-Elkarteko gazteen prestakuntza sustatzea, aisialdiaren eta denbora librearen bitartez.

-Gazteek gizartean partaidetza aktiboa izatea, elkartearen bidez.

-Elkartzeko joera bultzatzea, arraza, sexua, sinesteak edo edozein arrazoi dela-eta diskriminaziorik egin gabe.

Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak eginen du errolda eta bertan inskribatzea izanen dute halaxe eskatu eta baldintzak betetzen dituzten gazteen ekarteek.

Errolda etengabe eguneratuko da bertako entitateek ematen dituzten datuekin, Foru Agindu honetan ezarritakoari jarraikiz.

2. 14-30 urte bitarteko bazkideak izan eta Nafarroan jarduten duten entitateak hiru hilabeteko epean inskribatuko dira, eskabidea aurkeztu eta gazteriaren arloko teknikariek bisita egin ondoren. Ondoko talde hauek ezarri dira:

A) Elkarte-eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoari eta apirilaren 22ko 397/1988 Errege Dekretuari jarraikiz eraturik egonik, beren estatutuetan lehen aipatutako helburuak dituzten gazte-elkarteak.

B) Elkarte-eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren babesean eratutako elkarteen gazte atalak, baldin eta beren estatutuetan partaidetza organo propioak aurreikusten badituzte eta gazteentzako programak egiten badituzte.

C) Irabazi asmorik gabeko entitateak, gazteeentzako zerbitzuak ematen dituztenak. Kirol Zuzendariordetzak bidezko jotzen badu, atal honetan sartzen ahalko dira errolda hau egiteko helburuak betetzen dituzten gazte elkarteak.

Zenbait elkarteren ezaugarriak kontuan harturik, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak zilegi izanen du horiek Entitateen erroldako talde batean edo bestean inskribatzea, haren ustez entitate horiei hobeki egokitzen zaien taldean, hain zuzen.

Gazteen Atal edo Adar baten inskripzioak inskribatzeko ezintasuna ekartzen dio haren gainetik den pertsona juridikoari.

Inskribatzeko baimena ukatzearen kontra administrazioarekiko errekurtsoa jartzen ahalko da.

3. Ondoko hauek ezin izanen dute Gazteen Entitateen Erroldan inskripzioa egin:

-Kirol klub eta elkarteek eta haien Gazteen Atalek.

-Ikastetxeetako Gurasoen Elkarteek.

-Ikastetxeek eta eta haietako ikasleen elkarteek.

-1/2002 Lege Organikoaren babesean eraturik izanik, gazteentzako atal berariazkorik ez duten elkarteek.

-Bakarrik gazteentzat ez diren elkarteen federazioek.

-Erroldan dagoen Gazte Elkarteen Federazio bateko kide diren Gazte Elkarteek.

-Kideren bat erroldaturik duten Ekarteen Federazioek.

-Hirugarrenei laguntza emateko xedea duten elkarteek (GKE).

-Esparru jakin batean diharduten elkarteek, beste Departamentu baten menpekoak izan daitezkeenek.

4. Gazteen Entitateen erroldan inskribaturik dauden elkarteek ondoren azaltzen diren onurak izanen dituzte inskripzioaren berri ematen duen ebazpenaren egunetik aitzina:

a) Gazteriaren arloko laguntza eta dirulaguntzak eskatzea Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuari.

b) Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak eskaintzen dituen informazioak hartzea.

c) Nafarroako Gobernuak gazteen elkarteei buruz ateratzen dituen argitalpenetan edo gidaliburuetan agertzea.

d) Bere kideek lehentasuna izanen dute Gazteekin egiten diren Jardueretarako Nafarroako Eskolak antolatutako ikastaroetan parte hartzeko.

e) Nafarroako Gazteriaren Kontseiluan parte hartzea.

f) Ematen ahal diren gainerako onurak.

5. Erroldatutako datuak publikoak dira, pertsonen intimitatea ukitzen dutenak salbu. Publizitatea posta ziurtatuaren bidez eginen da.

6. Erroldan izena emateko, entitateek ondoko agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

-Izena emateko eskabidea, inprimaki normalizatuan betea.

-Lehendakaritza eta Barne Departamentuko elkarteen erregistroan izena emateko ebazpenaren fotokopia.

-Estatutu indardunen fotokopia.

-Identifikazio Fiskaleko Kodea.

-Karguen hautapen akta.

-Ordezkariaren ziurtagiria (entitateko buruaren NANaren fotokopia).

-Elkarte orokorretako, sindikatuetako eta abarretako gazte atal edo adarren kasuan, antolaketa arauak.

-Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera.

-Bazkideen, akten eta kontabilitatearen liburuak.

7. Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuan erroldatuak dauden elkarteek eguneratuak izanen dituzte bazkideen, akten eta kontabilitatearen liburuak.

8. Aurkeztutako agiriak aztertuta, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak inskripzioaren berri emanen dio entitateari edo, bestela, agiri gehiago aurkezteko eskatuko dio 6. puntuan azaldutako datuak egiaztatzeko, igorri den dokumentazioan argi ez badaude.

Entitatea erroldaturik egonen da bestelako asmoa adierazten ez duen bitartean.

9. Inskripzioa onetsi ondoren, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendariaren Ebazpenaren bidez, horren berri emanen zaio. Institutuarekin dituen harreman guztietan adierazi behar duen erregistro zenbakia ere jakinaraziko zaio.

10. Erroldaturik dauden entitateen datuak, 6. puntuan ageri direnak, aldatzen baldin badira, horren berri eman beharko dute erregistroan. Jakinarazpen hori ziurtagiri bidez eginen da eta bertan azalduko da, hitzez hitz, aldaketa egin zuen organoaren akta. Jakinarazpena hiru hilabeteko epean eginen da, aldaketa egiten den egunetik hasita.

11. Erroldaturik dauden entitateak beharturik daude datuak eguneratzeko Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak igortzen dizkien inkestak ematen zaien epean erantzutera.

Halaber, jardueren urteko memoria ezartzen zaien epean aurkezteko eskatzen ahalko zaie.

Inskripzioa eskatzeak bidea emanen dio Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuari Foru Agindu honetako 6. eta 7. puntuetan adierazitako datuei buruz behar diren egiaztapen guztiak egiteko. Orobat, zilegi izanen du entitateek erroldan inskribatu ondoren ematen dizkioten datuak egiaztatzea.

12. Erroldaturik dauden entitateen baja ebazpen bidez eginen da eta ondoko arrazoi hauengatik izaten ahalko da:

a) Entitatea deuseztatzea, organo eskudunak hala erabakita.

b) Entitatearen datuen aldaketaren berri ez ematea (10. puntua), hala nola entitatearen xedeak aldatzea.

c) 7. eta 11. puntuetan ezarritako betebeharrak ez betetzea.

d) Ematen dituzten datuak gezurrezkoak edo osatu gabeak izatea, ordenamendu juridikoan aurreikusitako erantzukizunak ezertan ukitu gabe.

e) Laguntzak eta dirulaguntzak emateko arauak ez betetzea, indarra duen legeriak aurreikusten dituen gainerako erantzukizunak ezertan ukitu gabe.

f) Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak elkarteak hiru urte jarraian jarduerarik egin ez duela egiaztatzen duenean.

g) Inskribatu ondoren gorabehera bereziren bat azaltzea, aurretik gertatuz gero inskribatzeko bidea ixteko modukoa bada.

h) Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak zilegi izanen du, ofizioz, entitatea erroldatik behin betiko kentzea edo beste sail batean inskribatzea, elkartearen funtzionamenduak eta jarduerek hala eskatzen badute.

i) Bajaren arrazoia arauak ez betetzea bada, entitateak ezin izanen du inskripzioa berriz eskatu urte bat igaro arte, jakinarazpena egiten den egunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: A0210108