126. ALDIZKARIA - 2002ko urriaren 18a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

T A F A L L A

Ezkondu gabeko bikote egonkorren Tafallako Udalaren erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantza

Udalak 2002ko uztailaren 30ean egin zuen osoko bilkura arruntean, erabaki hau hartu zen, bertzeak bertze:

2002ko urtarrilaren 29an hasiera batean onetsi zen Elkartze zibilen erregistroaren gaineko eta Ezkontza zibilen gaineko Tafallako Udalaren ordenantzak aldatzeko akordio proposamena.

Apirilaren 1ean iragarkia 2002ko 40. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuz espedientea jendaurrean egonik, inork ez du bitarte horretan alegaziorik aurkeztu;

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean xedatutakoa aplikatuz eta arestian aipatu udal ordenantzen aldaketaren onespenaren tramiteak Foru Lege hark ekarritako aldaketek indarra hartu baino lehenago hasirik, ordenantza haien behin betiko onespenaren argitalpenari dagokionez, horrexegatik

Honako hau erabaki da:

Lehenbizikoa.-Gorago aipatu udal ordenantzen aldaketa behin betikoz onestea; hemendik goiti, izenburu hauek izanen dituzte: "Bikote egonkorren Tafallako Udalaren erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantza" eta "Tafallako Udalean ezkontza zibilen antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantza".

Bigarrena.-Behin betikoz onesteko erabakia eta ordenantza horien testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko agindua ematea.

Tafallan, bi mila eta biko irailaren bederatzian. Alkatea, Luis Valero Erro.

TAFALLAKO UDALEKO EZKONDU GABEKO BIKOTE EGONKORREN ERREGISTROAREN ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Tafallako Udalak azaroaren 30eko osoko bilkuran sortu zuen Tafallako Udaleko Bikote egonkorren erregistroa; administrazio izaera du eta bertan hurrengo artikuluak aipatzen dituen elkartzeak, baita haien iraungitzea ere, inskribatzen ahal dira ordenantza honetan ezartzen diren era eta baldintzetan.

2. art. Bikoteek, sexu berekoak izan edo ez, erregistroan inskrabitzeko eskatzen ahal dute, baldin eta haien adostasun libre eta osoarekin ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatu badute.

Gutienez, elkartutako kide batek egon beharko du Tafallako Udalean erroldaturik, bertan bizi ohi delako.

Halaber, bi kideek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, ez daudela ez ezkonduak ezta inskribatuak ere Ezkondu gabeko bikote egonkorren bertze erregistroren batean.

3. art. Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioa egiteko, bi lagunek batera agertu beharko dute erregistroaz arduratzen den funtzionarioaren aurrera, haien artean ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatzen dutela deklaratzeko.

Ez da inskripziorik eginen bikoteko bat emantzipatu gabeko adingabea bada, edo lerro zuzenean odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaide badira, nahiz alboko lerrotik bigarren maila bitarteko odolkidetasunezko ahaide badira.

Bikoteko batek akats edo anomalia psikikorik badu, orduan ere ez da inskripziorik eginen. Horrelakoetan, medikuaren irizpena beharko du, ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatzeko gaitasuna aitortzen diona.

Era berean, inskripzioa ukatuko da bikoteko bat ezkontzeko gaitasun gabea deklaratua bada.

Orobat, inskripzioa ukatuko da agertzen direnetarikoren bat aldez aurretik ezkondua badago eta lotura hori modu irmo eta eraginkorrean bukatu dela dioen ziurtagiria ekartzen ez badu.

4. art. Lehenbiziko idazpena egitean, bikotekideek beren arteko elkartzeari buruz adierazten dituzten argitasun guztiak agertarazten ahalko dituzte. Hitzez hitz idazten ahalko dira elkartutako kideen giza eta ondare loturak arautzen dituzten hitzarmenak.

Aitzineko lerroaldean aipatutako edukiak geroago ere inskribatzen ahalko dira bikoteko biak bertara azaldurik.

Nolanahi ere, elkartzea bukatu edo iraungitzeko oharpenak egiteko, aski izanen da kide bakar batek hala eskatzea.

5. art. Erregistroa Udalaren idazkaritza orokorraren ardura izanen da.

6. art. Aitzineko artikuluetan aipatzen diren inskripzioak erregistratzeko Liburu Orokorra erabiliko da. Liburua orri mugigarri, zenbatu eta zigilatuez osatua dago eta irekitzeko eta ixteko eginbideak paratuko dira hasieran eta bukaeran.

7. art. Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioak oinarrizko inskripzioaren izaera izanen du eta horren bazterrean geroago Liburu Orokorrean elkartzeari buruz egiten den bertze edozein idazpen agerraraziko da.

8. art. Erregistroak Liburu Lagungarri bat izanen du, inskribatuen deituren arabera ordenaturik, eta bertan adieraziko da Liburu Orokorreko zenbatgarren orrialdean dauden haiekin zerikusia duten oharpenak.

9. art. Erregistroan inskribatutakoen intimitatea, norbanakoarena nahiz familiarena, babesteko ez zaio publizitaterik emanen idazpenen edukiari, salbu eta erregistroaren ardura duen funtzionarioak luzatzen dituen egiaztagiriak, bikoteko edozein kidek, epaileek edo auzitegiek hala eskatu ondotik.

10. art. Egiten diren inskripzioak nahiz luzatzen diren ziurtagiriak doakoak izanen dira

11. art. Izatezko bikoteen erregistroan inskribatzen diren ezkondu gabeko bizikidetasunezko elkartzeek, ezkontza bidezko elkartzeen tratamendu bera izanen dute Tafallako Udalean.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Ordenantza hau berrikusiko da, legeetan aldaketarik bada gai honen inguruan.

I. ERANSKINA

Tafallako Herriko Etxean, Udal Erroldaren bulegoan, halako egunean ..........., honako hauek batera agertu gara:

Izena: ........., jaioterria: ......., bizilekua: ....., helbidea (erroldakoa): .............., adinez nagusia, egoera zibila ........., N.A.N. zenbakia: .........

Izena: ........., jaioterria: ......., bizilekua: ....., helbidea (erroldakoa): .............., adinez nagusia, egoera zibila ......., N.A.N. zenbakia: .........

Eta honako hau azaldu nahi dugu:

"Ezkondu gabeko bikote egonkorren" Udal honetako erregistroan inskriba gaitzatela nahi dugula, horri buruzko ordenantzaren arabera, eta horretarako:

Lehena.-Aipatu ordenantzan aurreikusitako bizikidetasuna dela eta, gure helbidea honako hau izanen dela: .............. (oroitararazi behar zaio ............ jaun/andreari T.A.O.L.aren 15. artikuluari jarraikiz, erroldatu beharra duela ohiko bizilekuko udalerrian).

Bigarrena.-Ez gaudela gu biok ezkontzaren bidez lotuak, ez eta gutako inor bertze inorekin ere.

Hirugarrena.-Gure artean ez dagoela lerro zuzenean odolkidetasunezko edo adopzio bidezko odolkidetasunik, ez eta alboko lerrotik bigarren maila bitarteko odolkidetasunik ere.

Laugarrena.-Gutako inork ez duela akats edo anomalia psikikorik, ez eta elkartzeko inolako ezgaitasunik ere.

Borzgarrena.-Ez dugula nahi (nahi dugula) gure arteko giza nahiz ondare mailako harremanen gaineko hitzarmena erregistroan inskribatzea.

Seigarrena.-Baimena ematen dugula Tafallako Udal Erroldan datu hauek egiaztatzeko.

Eta zin egiten dugu gutako inor ez dagoela inskribatua ez Tafallako erregistroan, ez maila eta xede bereko inongo herritako erregistroan ere.

Horrenbertzez,

Ezkondu gabeko bikote egonkorren Tafallako Udaleko erregistroan inskriba gaitzatela eskatzen dugu.

Stua.: Stua.:

II. ERANSKINA

Tafallako Udalean, Harrera Bakarreko Bulegoan, halako egunean ............, honako hauek agertu gara:

Izena: ........., jaioterria: ......., bizilekua: ....., helbidea (erroldakoa): .............., adinez nagusia, egoera zibila ......., N.A.N. zenbakia: .........

Eta

Izena: ........., jaioterria: ......., bizilekua: ....., helbidea (erroldakoa): .............., adinez nagusia, egoera zibila ......., N.A.N. zenbakia: .........

eta adierazten dugu:

Ezkondu gabeko bikote egonkorren Udalaren erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantzan zehaztutakoarekin bat, asmoa dugula gure arteko bikote egonkorra bukatutzat edo iraungitzat jotzeko, izan ere horrelaxe inskribatua dago aipatu Udalaren erregistroan.

Horiek horrela, eskatzen dugu bukatutzat edo iraungitzat jo dezazuela elkartzearen inskripzioa.

Stua.: Stua.:

Iragarkiaren kodea: A0210052