126. ALDIZKARIA - 2002ko urriaren 18a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Ebazpenak

672/2002 EBAZPENA, irailaren 2koa, Hezkuntza zuzendari nagusiak emana, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuaren 2002-2003 ikasturteko Plan Orokorra ezartzen duena.

Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Hezkuntza Ikuskatzailetzaren antolaketa eta funtzionamendua arautu eta Hezkuntza Ikuskatzaileen Kidegoan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko sistema ezartzen duen irailaren 13ko 365/1999 Foru Dekretuak bere 9. artikuluan zehazten du Ikuskatzailetzak jarduketarako plan orokor bat prestatuko duela, eta bertan Ikuskatzailetzari esleitutako eginkizunen ondoriozko jarduketak bildu eta Departamentuak lehenesten dituenak zehaztuko dituela.

Irailaren 13ko 365/1999 Foru Dekretuan xedaturikoaren arabera, Zerbitzua antolaketaren printzipioei eta ondoko egiturari jarraikiz antolatu da: ikuskatzailetzako eskualdeak, curriculum arloak eta berariazko lan arloak. Halaber, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak abuztuaren 31n emandako 334/2001 Foru Aginduaren bitartez, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskatzailetza Teknikorako Zerbitzuaren berariazko lan arloen kopurua eta izena aldatu ziren.

Aurreko ikasturteetan bezala, Departamentuaren helburu behinena LOGSEtik datozen ikasketa berriak Nafarroan egoki aplikatzea da eta, 2001-2002 ikasturterako, zehazki, arautegi berriaren jarraipena egitea.

Ikuskatzailetzaren eginkizunen artean, garrantzitsuenetarikoa hezkuntza sistemaren ebaluazioan parte hartzea da, batez ere ikastetxeen funtzionamenduari eta zuzendaritza zein irakaskuntzaren jardunari dagozkien alderdietan, horien antolaketa, funtzionamendua eta emaitzak aztertuz.

Horretaz gain, Ikuskatzailetzak hezkuntza sistemaren ebaluazio orokorra egiteko Kalitate eta Ebaluaziorako Institutu Nazionalak egiten dituen proiektuetan parte hartu eta lagunduko du, azken ikasturteotan egin duen bezala.

Ikastetxe ez-unibertsitarioetako antolaketa eta funtzionamenduari buruzko arautegian jarduketa irizpide batzuk ezartzen dira, Ikuskatzailetza Zerbitzuaren ohiko lan bilakatu direnak, ikastetxe publiko zein pribatuen funtzionamendua kontrolatu eta gainbegiratzeko, ikuspuntu pedagogikotik nola antolaketaren aldetik.

Plan honetan sartu dira, halaber, Departamentuko bestelako zerbitzuekin egin beharreko lankidetza lanak. Bestalde, Ikuskatzailetzak parte hartuko du Zuzendaritza Nagusiak agintzen dizkion zeregin guztietan, edo ikastetxe, programa eta zerbitzuekin egiten den ohiko lanean ofizioz sortzen direnetan.

Ikasturte honetan Ikuskatzailetza Zerbitzuak zenbait eginkizun berariazko izanen ditu, hain zuzen ere Hezkuntza eta Kultura Departamentuarentzat bereziki interesgarriak diren azterlan batzuk.

Kontuan harturik, Ikuskatzailetzari dagozkion lanak nahi den bezain eraginkorrak eta baliozkoak izan daitezen, ezinbestekoa dela eginkizun horiek aurrera eramaten dituzten langileek behar bezalako trebakuntza teknikoa izatea, behar-beharrezkoa da prestakuntza plan bat diseinatzea, ikuskatzaileek beren jardueretan parte hartzeko bidea izan dezaten, betiere ulertuko delarik parte hartze hori eskubide bat eta, aldi berean, betebehar bat dela.

Horregatik guztiagatik, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuko zuzendariak proposaturik, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak irailaren 30ean emandako 339/1999 Foru Aginduaren bidez delegaturik ditudan eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuaren 2002-2003 ikasturteko Plan Orokorra, eranskinean azaltzen dena, onestea.

2. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman dadila manatzea.

Iruñean, bi mila eta biko irailaren bian.-Hezkuntza zuzendari nagusia, Santiago Arellano Hernández.

E R A N S K I N A

Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuaren 2002-2003 ikasturteko Plan Orokorra

I.-Sarrera

Hezkuntza Ikuskatzailetzaren jarduketa plan orokor honek Hezkuntza eta Kultura Departamentuak ikuskapenaren arloan, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuaren bidez, 2002-2003 ikasturterako ezarri dituen helburuak lortzeko bidea izan nahi du. Plan honek zenbait jarduketa ildo ezartzen ditu, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuko Zuzendaritzak diseinatuak. Horietako batzuk lehentasunezkoak dira, beste batzuk berariazkoak, hirugarren taldean hezkuntza ikuskatzailetzak izan ohi dituenak sartzen dira eta, azkenik, beste zerbitzuekiko lankidetzaren ingurukoak eta kasu jakinetakoak.

Aipatu jarduketa guztiak azaroaren 20ko 9/1995 Lege Organikoak eta irailaren 13ko 365/1999 Foru Dekretuak Ikuskatzailetzari esleitzen dizkioten eginkizunak garatzeko asmoz egin beharrekoak dira, betiere irakaskuntza hobetu eta kalitatea handitzeko xedez, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren laugarren Tituluko 61. artikuluaren 1. idatz-zatian ezarri bezala.

Kontuan hartu behar dugu ikuskapeneko lan funtsezkoaren ardatza ikastetxea dela, oinarrizko hezkuntza erakundea baita. Berez egitura konplexua izateaz gain, ez dugu ahaztu behar erakunde horretan programa bat baino gehiago bil daitekeela eta kanpoko laguntzako beste zerbitzu batzuek ere parte har dezaketela. Hortaz, beharrezkoa da baliabide horiek harmonizatu eta etekinik handiena ateratzea eta, horrenbestez, ezinbestekoa da hezkuntza ikuskatzailetzak baliabide horiek ezagutu, koordinatu eta gainbegiratzea, ikuskapenaren jarduna eta ikastetxeak antolaketa eta pedagogiaren aldetik duen autonomia bateragarri eginez.

II.-Ikuskatzailetzaren antolaketa

Irailaren 13ko 365/1999 Foru Dekretuak azaroaren 20ko 9/1995 Lege Organikoan eta abenduaren 28ko 2193/1995 Errege Dekretuan xedatutakoa garatu eta Zerbitzua egituratzen du ikuskatzailetza eskualde, curriculum arlo eta berariazko lan arloen arabera.

7. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ikuskatzaile koordinatzaile batek koordinatuko ditu ikuskatzailetzako eskualdeak eta berariazko lan arloak. Gainera, ikuskatzaile koordinatzaileek Zerbitzuko Zuzendaritzari berehala laguntzeko taldea osatuko dute. Ikuskatzaile koordinatzaile horiek, nork bere eskualdeko taldearen barruan, eskumena dute lanaren antolaketari eta ikuskapen bisitei buruzko gaietan erabakiak hartzeko, 365/1999 Foru Dekretuaren 7. artikuluan ezartzen den bezala.

Ikuskatzaile bakoitzak esleitu zaizkion ikastetxe, programa, jarduera eta zerbitzuen aurrean duen zuzeneko erantzukizuna gorabehera, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuaren helburua da eskualdeak koordinatzeko lana sustatzea eta eskualde horretako ikastetxe, programa eta zerbitzuetarako taldeak erantzukizun bateratua izatea, aipatu Foru Dekretuaren 10. artikuluan ezarritakoa garatuz. Izan ere, eskualdeetan sortzen diren gai interesgarriak ezagutu, aztertu eta erabakiak denen artean hartzea bermatu nahi du eta, horretarako, bilera arruntak eta taldekako bisitaldiak egitea eta materialak zein lan baliabideak elkarrekin prestatzea sustatuko du, eta betiere, taldeko kideren bat bajan dagoenean edo falta denean, ikuskapen lanak behar bezala eginen direla begiratuko.

Berariazko lan arloak ezartzearen xedea ikuskatzailetzaren parte-hartzea antolatzea da ondoko alderdi hauetan: ebaluazioa, hezkuntzaren arloko legeria, administrazio kontrola, eskolaren antolaketa, baliabideen plangintza, eskolatzea eta bestelakoak; hala nola Zerbitzuko kide guztiei laguntza ematea, ikuskapen zereginetan alderdi horiei loturik aurkitzen dituzten arazoetan. Irailaren 13ko 365/1999 Foru Dekretuan eta Hezkuntza eta Kultura kontseilariaren abuztuaren 31ko 334/2001 Foru Aginduan ezarritakoari jarraikiz, ondoko berariazko lan arlo hauek ezarri dira:

-Sistemaren eta adierazleen ebaluazio orokorra.

-Ikastetxeen eta hezkuntza kalitatearen ebaluazioa.

-Irakasleen ebaluazioa.

-Ikasleen ebaluazioa.

-Legeria eta kontrol administratiboa.

-Eskolaren antolaketa eta baliabideen plangintza.

-Eskolatzea.

-Aniztasunaren trataera eta kultur aniztasunarena.

-Araubide bereziko irakaskuntzak eta berariazko programak.

-Pertsona helduen hezkuntza.

-Lanbide heziketa berariazkoa.

Curriculum arloei dagokienez, ondoko hauek ezarri dira:

-Haur hezkuntza eta Lehen Hezkuntza

-Hezkuntza Berezia eta Eskola Orientazioa

-Giza eta Gizarte Zientziak

-Zientziak

-Filologia

-Teknologia

Ikastetxeak eta hezkuntza programak, jarduerak eta zerbitzuak ikuskatzeko ohiko jardunbidea ikuskapen bisitak egitea da. Bisita horiek ikuskatzaile bakar batek edo batek baino gehiagok eginen ditu, lortu nahi diren helburuen arabera.

Bisita bakoitzaren ondoren, agiri bat egin eta Zerbitzuko zuzendariari bidali beharko zaio. Bertan, laburbilduz, egindako jarduketen berri emanen da eta txostena ba ote den adieraziko.

Zerbitzuaren funtzionamendua egokia izan dadin, honako bilera hauek planifikatu beharra ikusi da:

a) Zerbitzuko bilerak. Zerbitzuko kide guztiak bilduko dira. Ikuskatzailetzaren jarduketak homogeneizatzeko helburua izanen dute, denei dagozkien jarduketak bateraturik planifikatuz eta aplikatu behar diren arauak aztertuz.

Bilera horiek, halaber, hezkuntza arau berriak aztertu eta eztabaidatzeko gune ezin egokiagoa izan behar dute. Hortaz, prestakuntzarako lehentasunezko gune behar dute izan.

Hasiera batean, bilera horiek hilabetean edo hamabostean behin eginen dira.

b) Koordinazio bilerak: zerbitzuko zuzendariak eskualdeetako koordinatzaileekin egin beharreko bilerak dira, planaren jarraipena egiteko eta aurrera eramateko irizpideak zehazteko.

c) Eskualdeko bilerak: eskualdeetako taldeek bilera egin beharko dute, lana koordinatzeko eta egin beharrekoak aurrera eramateko irizpideak eskualde horietan nola aplikatuko diren zehazteko.

d) Alorreko bilerak: berariazko lan arlo bakoitzeko kideak bilduko dira, irailaren 13ko 365/1999 Foru Dekretuaren 14. artikuluan eta Hezkuntza eta Kultura kontseilariak abuztuaren 31n emandako 334/2001 Foru Aginduan ezarritako eginkizunak betetzeko.

e) Bilera bereziak: Zerbitzuko kide guztien bilerak, Hezkuntza zuzendari nagusiak edo Zerbitzuko zuzendariak dei egiten duenean.

Azkenik, eskola aldietan, Zerbitzuko bulegoetan eskualde ezberdinetako lau ikuskatzaile egonen direla bermatuko da. Lan arrazoiak direla kausa, aldaketarik egin behar baldin bada, Zerbitzuko zuzendariak onetsi edo horren berri izan beharko du.

III.-Helburuak

1.-Ikastetxeen funtzionamendua kontrolatu, gainbegiratu eta horren gainean aholkatzea, antolaketaren eta erabiltzen den pedagogiaren ikuspuntutik batez ere.

2.-Hezkuntza sistema ebaluatzea.

Ebaluazioa hiru ikuspuntutatik eginen da:

a) Hezkuntza eta Kultura Departamentuak Kalitate eta Ebaluazioaren Institutu Nazionalean (INCEn) eta ebaluazio azterlan nazional zein nazioartekoetan duen parte-hartzea koordinatu eta bideratzea.

b) Ebaluazio proiektuetan eta ikerketetan parte hartzea autonomi elkarteekin eta INCErekin batera.

c) Hezkuntza administrazioak finkaturiko planei jarraikiz, Foru Komunitateko hezkuntza sistema ebaluatzea. Horretarako, Nafarroako Gobernuak onetsi eta baimendutako ikastetxe, zerbitzu, programa eta hezkuntza jardueren antolamendua, funtzionamendua eta emaitzak aztertu eta baloratuko dira.

3.-Hezkuntza eta Kultura Departamentuko beste zerbitzu batzuekin lankidetzan aritzea.

4.-Ikasturte honetan lehentasuna duten berariazko lan arloekin eta curriculum arloekin loturiko eginkizunak garatzea.

IV.-Jarduketak

1. Lehentasunezko jarduketak.

1.1. Hezkuntza etapak gainbegiratzea.

1.1.1. Haur eta Lehen Hezkuntzan:

a) Ikastetxeen antolaketa Hezkuntza eta Kultura kontseilariak uztailaren 5ean emandako 366/2002 Foru Aginduaren xedapenetara moldatzen direnetz gainbegiratzea. Foru Agindu horrek Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetako Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Lehen Hezkuntzako ordutegia aldatzen du.

b) Nafarroako Foru Komunitatearen beraren curriculuma irakasten den eta testuak indarrean dauden legeei egokitzen zaizkien kontrolatzea.

1.1.2. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren jarraipena.

a) Programazio didaktikoak martxoaren 25eko 61/2002 Foru Dekretuan eta Hezkuntza eta Kultura kontseilariaren martxoaren 26ko 85/2002 eta 87/2002 Foru Aginduetan ezarritako curriculumari egokitzeko eta programazioetan sakontze mailak jartzeko departamentu didaktikoek prestatu dituzten planak gainbegiratzea.

1.1.3. Batxilergoaren jarraipena:

a) Programazio didaktikoak martxoaren 25eko 62/2002 Foru Dekretuan eta Hezkuntza eta Kultura kontseilariaren martxoaren 26ko 86/2002 eta 88/2002 Foru Aginduetan ezarritako curriculumari egokitzeko departamentu didaktikoek prestatu dituzten planak gainbegiratzea.

1.2. Hezkuntza eta Kultura Departamentuarekin ituna duten ikastetxe pribatuen eskola jarduera osagarriak, eskola-orduz kanpoko jarduerak eta eskola zerbitzuak erregistratu eta baimentzea.

1.3. Hezkuntza sistemaren ebaluazioa.

1.3.1. Kalitate eta Ebaluazioaren Institutu Nazionalak koordinatutako ebaluaziorako estatuko edo nazioarteko proiektuetan parte hartzea.

a) Lehen Hezkuntzako ebaluazioa - 6. maila.

b) PISA 2003 proiektua: OCDEko ikasleen errendimenduaren adierazgarriak sortzeko proiektua.

c) TIMSS 2003 nazioarteko azterlana: IEAren azterlana matematika eta zientzietako joeren gainean.

d) Zuzendaritza lanen gaineko azterlana.

e) Europako herrietan ikasleen ingelesezko errendimendua ebaluatzea.

1.3.2. Autonomi elkarteekin eta INCErekin batera, ondoko azterlan hauetan parte hartzea.

a) Hizkuntzei eta horiek hezkuntza sisteman irakas-ikasteari buruzko ikerketa-ebaluazio proiektua.

b) Hezkuntza-adierazgarrien sistema.

1.3.3. Foru Komunitateko hezkuntza sistemaren ebaluazioa.

a) Gobernu organoei eta koordinazio didaktikorako organoei aholku ematea ikastetxeen barne ebaluazioa egiten dutenean, eta hobekuntza eta kalitate planen jarraipena egitea.

b) D. B.H.ko 2. eta 4. mailetan ingelesaren irakaskuntzaren ebaluazioari buruzko txostena egitea.

c) Lehen Hezkuntzako 6. mailan eta D.B.H.ko 2. eta 4. mailetan Gaztelania eta Literaturaren, Euskara eta Literaturaren eta Matematikaren irakaskuntzaren ebaluazioari buruzko txostenak egitea.

d) Departamentu didaktikoen funtzionamenduari buruzko Azterlanaren gaineko informazioa ikastetxeei itzultzea.

e) Zuzendarien kreditaziorako eta lanpostu aldaketetarako deialdietan parte hartzen duten irakasleen eta prestakuntzarako zerbitzu berezietan daudenen ebaluazioa, hala nola praktiketan dauden funtzionarioena.

2. Berariazko jarduketak

a) DBHko 4. mailako ikasleen ebaluazioa 2001-2002 ikasturtetik 2002-2003 ikasturtera pasatzen direnean.

b) 2002-2003 ikasturteko emaitza akademikoak aztertzea.

c) Irakasleen aldetik dauden premiak aztertzea, lanpostuak betetzeko.

3. Ohiko jarduketak

Jarduketa hauek ikasturtea planifikatu eta abian jartzeko prozesuetan laguntzeko eta Urteko Programazio Orokorra gainbegiratzeko eginen dira, indarra duten arauen arabera.

Jarduketa horietan honakoek garrantzi berezia izanen dute:

a) Ikastetxeko Antolamenduaren Agiria gainbegiratzea.

b) Ikastetxeetako Urteko Plan Orokorra eta Memoria gainbegiratzea, bereziki Koordinazio Pedagogikorako Batzordeak prestaturiko lan planari dagokionez.

c) Urteko Programazio Orokorrean sartzen diren programazio didaktikoetan gutxieneko edukiak, ebaluazio irizpideak, ebaluaziorako prozedurak eta kalifikatzeko irizpideak gainbegiratzea.

d) Hezkuntza etapetako ikasleak ebaluatu, sustatu eta titulatzeko ezarritako arau eta irizpideak bai eta ikasleen ebaluazioaren emaitzak aztertzeko eta agiriak betetzeko ezarritakoak ere modu zuzenean aplikatzen direla gainbegiratzea.

e) Irakasleen asistentziako hutsegiteak kontrolatzea.

f) Lagun bakarreko gobernu organoak betetzeko hauteskundeen jarraipena egitea.

g) Ikastetxeetako egutegia eta ordutegia onestea.

h) Curriculum aniztasunerako eta C.E.U.rako eskabideak gainbegiratzea.

i) Agirien egiazkotasuna gainbegiratu eta bisatzea.

Arlo horietako gainbegiratze lana egitean, Hezkuntzako Ikuskatzailetzak behar bezalako aholkularitza eskaini eta gertatzen diren gorabeheren berri emanen du, eta konponbide egokiak bilatzen lagunduko.

4) Kasu jakinetako jarduketak eta beste zerbitzu batzuekin lankidetzan egin beharrekoak:

Jarduketa horiek batzordeetan, epaimahaietan, ikastetxeetako liskarrak aurreikusi edo konpontzeko egin beharreko bitartekotza lanetan, irakasleak baloratzeko prozesuetan eta antzeko eginkizunetan parte hartzearen ingurukoak dira.

Hona hemen jarduketa hauetako batzuk:

a) Irakaskuntza berriak baimentzen esku hartzea.

b) Hezkuntza itunen gaineko txostenak.

c) Eskolatze aldia malgutzearen gaineko txostenak.

d) Lehen Hezkuntzan berandu sartzeari buruzko txostenak.

e) Ikastetxeetako espazioen beharrari buruzko txostenak.

f) Antolamendurako zerbitzu eginkizunei buruzko txostenak.

g) Funtzionarioei lan sariak murrizteko proposamenak eta kotraesanezko espedienteak eta, behar balitz, diziplina espedienteak irekitzea.

h) Irakasleen alorreko batzorde eta epaimahaietan parte hartzea: Katedratikoa izateko hautespen prozedurak, lanpostuak betetzeko deialdiak, irakasleak hautatzeko epaimahaiak, irakasle espezialistak hautatzeko epaimahaiak, praktiketako funtzionarioen batzordea, irakasleen kidegoetan sartzeko oposizio- lehiaketetarako deialdiak, maisu-maistren kidegoko gaikuntza batzordea,.

i) Ikasleak ebaluatzeko batzorde eta epaimahaietan parte hartzea.

V.-Prestakuntza eta hobekuntza

Irailaren 13ko 365/1999 Foru Dekretuaren 27. artikuluari jarraikiz, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak 2002-2003 ikasturterako ondoko plan hau egin du ikuskatzaileen prestakuntzarako:

a) Zerbitzuko kide guztiei kalitatearen kudeaketaren alorreko prestakuntza ematea.

b) Arautegiaren azterketa eta jarduketarako proposamenak, Zerbitzuko kide guztiek hilabetean edo hamabostean behin egin behar dituzten bileretan hartuak.

c) Teknologia berrietan eta Europako Batasuneko hizkuntzetan prestakuntza ematea.

d) Hala eskatzen dutenei, leku kopurua zehaztu ondotik, laneko arlo berariazkoetan, curriculum alorretan, edo hezkuntza sistemari lotutako beste edozein alderditan prestakuntza ematea.

VI.-Planaren jarraipena eta ebaluazioa

Planaren jarraipena eta ebaluazioa eskualdeko taldeen bilera arruntetan eta koordinatzaileek Zerbitzuko zuzendariarekin egin beharrekoetan eginen da. Bilera horietan egindako lanak ebaluatu eta Jarduketa Plan Orokorra aurrera eramateko behar diren neurri zuzentzaileak sartuko dira.

Kasu berezietan, Zerbitzuko zuzendariak, Planaren aplikazio egokia, jarraipena eta ebaluazioa egiteko, nahi adina dei egin ahalko du koordinatzaileekin edo ikuskatzaile guztiekin bilerak egiteko.

Ikasturtea amaitutakoan, Zerbitzuko zuzendariak azken memoriaren prestaketa zuzenduko du.

VII.-Planaren aldaketa

Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuaren plan orokorra, berez, eginkizunak ongi mugatuak dituen lan baliabidea da.

Hala ere, planaren dinamikaren eta hezkuntza errealitatearen ondoriozko beharren arabera, aurrera eramaten den bitartean aldaketak egiten ahalko dira eta, behar izanez gero, egin eginen dira.

Aldaketa horiek egiteko ahalmena Hezkuntza zuzendari nagusiak izanen du, noiznahi egin ahalko baititu, bai eta Zerbitzuko zuzendariak ere, presako jarduketaren bat egin beharra dagoela uste duenean. Betiere zuzendari nagusiari horren berri eman beharko dio.

Gainerako zerbitzuetako zuzendariek ikuskapenaren inguruan proposatzen dituzten jarduketetarako, oniritzia eman beharko du Ikuskapeneko zuzendariak, zeinek haien bideragarritasuna baloratu beharko baitu Urteko Plan Orokorraren arabera.

Iragarkiaren kodea: A0209791