I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak
105/2002 FORU AGINDUA, urriaren 3koa, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak emana, emakumeak lan munduan sartzeko eta laneko eta familiako eginkizunak batera eramateko laguntzak arautzen dituena.
Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak, uztailaren 5eko 82/2001 Foru Aginduaren bidez, laneko eta familiako eginkizunak batera eramateko laguntzak arautu zituen.
Laguntza horiek kudeatzen izaniko esperientzia dela-eta, komeni da artikuluetan aldaketa batzuk sartzea, errazago aplikatzeko eta aurkezten diren eskabideak laster eta zintzotasunez erantzun ahal izateko.
Bestaldetik, bidezko da arau berrian Nafarroako Foru Komunitateak eta sindikatuek langileendako izenpeturiko Ituna aintzat hartzea, Itun horretan laneko eta familiako eginkizunak batera eramateko neurriak biltzen baitira.
Foru Agindu honetan aipatzen diren dirulaguntzak Nafarroako Enplegu Zerbitzuko "Emakumeak laneratzeko programak" izeneko kontusailetik finantzatuko dira.
Adierazirikoarekin bat, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak,
AGINDU DU:
I. KAPITULUA
Emakumeak laneratzeko eta laneko eta familiako eginkizunak batera eramateko programak
1. artikulua. Xedea.
Foru Agindu honen xedea da laguntzen araubide bat ezartzea seme-alaba bat jaio edo sei urtetik beheitiko haur bat seme-alabatzat hartzearen ondoriozko legezko zainketak direla-eta, lanaldia murrizten duten beste inoren konturako eta Nafarroako Administrazio Publikoetako langileendako, baita haien ordez aritzeko emakumeak kontratatzen dituzten enpresa arruntendako ere.
2. artikulua. Dirulaguntzaren xede izan daitezkeen ekitaldiak.
1. Programa hauek sortzen dira laneko eta familiako eginkizunak batera eramateko eta emakumeei laneratzen laguntzeko:
I. programa.-Beste inoren konturako langileendako eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoetako langileendako dirulaguntzak, legezko zainketagatik beren lanaldia murrizten badute.
II. programa.-Legezko zainketagatik beren lanaldia murriztu duten langileak ordezteko emakume langabeak, kontratua izenpeturik, kontratatzen dituzten enpresa arruntendako dirulaguntzak.
2. Laguntza hauek hartu ahal izateko dirulaguntzaren xede diren ekitaldiak Nafarroako Foru Komunitateko lantokietan egin beharko dira.
3. Foru Agindu honetan aipatzen diren laguntzak Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren "Emakumeak laneratzeko laguntzak" izeneko 881001\84100\4709\322108 kontusailaren kontu finantzatuko dira, ekitaldi bakoitzean aurrekontuetan dagoen dirua agortu arte.
4. Programa hauetan aipatzen diren laguntzak bateraezinak izanen dira Nafarroako Gobernuak edo Estatuko legeek kontzeptu beragatik ematen duen beste edozeinekin.
LEHEN SAILA
I. programa.-Beste inoren konturako langileendako eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoetako langileendako dirulaguntzak, legezko zainketagatik beren lanaldia murrizten badute.
3. artikulua. Onuradunak.
Foru Agindu honetan aurreikusitako laguntzak honako hauek jasotzen ahalko dituzte:
1. Langileen Estatutuaren 37.5 artikuluaren lehenengo lerroaldean adierazten den eskubideaz baliatuta, lanaldia heren batean edo erdian murrizten duten langileek, seme-alaba bat jaio edo haur bat seme-alabatzat hartzearen ondoriozko legezko zainketak direla-eta amatasun atsedenaldia amaitu eta ondo-ondotik, ohiko lanaldi osoa gutxienez ere hilabete lehenago egiten ari badira eta lantokia Nafarroako Foru Komunitatean badute.
2. Nafarroako Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoetako langileek, eta, indarra duen arautegiarekin bat, Nafarroako toki entitateetako eta Nafarroako Nafarroako Su-itzaltze eta Salbamendu Zerbitzurako Partzuergoko funtzionarioek, seme-alaba bat jaio edo haur bat seme-alabatzat hartzeko legezko zainketak direla-eta, amatasun atsedenaldia amaitu eta ondo-ondotik, ohiko lanaldi osoa gutxienez ere hilabete lehenago egiten ari badira eta haren iraupena erdian murrizten badute.
4. artikulua. Dirulaguntzaren zenbatekoa eta iraupena.
Onuraduren 125 euroko dirulaguntza bat hartzen ahalko dute hilero, fondo galdura, beren lanaldia erdian murrizten dutenean, eta 83 eurokoa, heren batean murrizten dutenean, gehienez ere hamabi hilabetez, famili unitateko eta gertaera eragile bakoitzeko.
5. artikulua. Eskabidea eta betebeharrak.
1. Dirulaguntzaren eskabidea Nafarroako Enplegu Zerbitzuan aurkeztuko da, gehienez ere hilabeteko epean, lanaldi murriztua hasten denetik aurrera.
2. Eskatzaileek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
-Eskabide ofiziala.
-NANaren fotokopia.
-Enpresaren ziurtagiria, legezko zainketagatik lanaldia murriztu dutela frogatzen duena. Ziurtagiri horretan murrizturiko orduak eta murrizte ehunekoa agertuko da, baita murriztu baino lehenagoko hilabetean egiten ari zen lanaldi mota ere.
-Transferentzia bidez kobratzeko eskabidearen eredu ofiziala, behar bezala betea.
-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eskatzen dion beste edozein agiri.
BIGARREN SAILA
II. programa.-Legezko zainketagatik beren lanaldia murriztu duten langileak ordezteko emakume langabeak, kontratua izenpeturik, kontratatzen dituzten enpresa arruntendako dirulaguntzak.
6. artikulua. Onuradunak.
Programa honetan aipatzen diren laguntzak hartzen ahalko dituzte legezko zainketagatik lanaldia murriztu duten langileak ordezteko erabateko langabezian dauden emakumeak kontratatzen dituzten enpesa arruntek, ordezturiko langileagatik dirulaguntzak hartzeko egoerak diraueino. Langileak ordezteko kontratuak, gutxienez ere, ordezturiko langileak murrizturiko lanaldia iraun beharko du.
Ez da dirulaguntzarik emanen enpresaburuaren edo edozein sozietate edo elkartetako gobernu organoetako kide edo bazkideen ezkontideak edo bigarren maila bitarteko ahaide edo zehar-ahaideak kontratatzeko, ez odolkideak, ez ezkontza-ahaideak.
7. artikulua. Dirulaguntzaren zenbatekoa eta iraupena.
Enpresa onuradunek 150 edo 100 euroko dirulaguntza hartzen ahalko dute hilero, gehienez ere hamabi hilabetez, langilea lanaldia erdian edo heren batean murriztu duen beste langile bat ordezteko kontratatzen denean, hurrenez hurren.
Aurreko zenbatekoei 75 edo 50 euro gehituko zaizkie, gehienez ere, kontrataturiko ordezko langilea legeen araberako langabezian gutxienez ere 12 hilabetez egon denean. Azken 12 hilabeteetan 3 hilabete baino gutxiago lan eginagatik ez da langabeziako antzinatasuna etenen.
8. artikulua. Eskabidea eta betebeharrak.
1. Dirulaguntzaren eskabidea Nafarroako Enplegu Zerbitzuan aurkeztuko da, gehienez ere hilabeteko epean, lanaldia murriztu duen langilea ordezteko langabea kontratatzen denetik hasita.
2. Enpresa onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
-Eskabide ofiziala.
-Enpresaren IFZren fotokopia.
-Ordezturiko langilearen NANaren fotokopia.
-Ordezko langileari eginiko lan kontratuaren fotokopia. Horretan ordezturiko langilea, ordezpenaren arrazoia eta iraupena eta haren lanaldia agertuko dira. Lanaldiak gutxienez ere ordezturiko langileak murrizturiko adina ordu iraun beharko du.
-Lan Bulegoaren ziurtagiria, ordezko langileak noiz eman zuen izena langabeen zerrendan eta zenbat denbora eman duen langabezian adieraziko duena.
-Foru Agindu honetako 6. artikuluarekin bat, zinpeko adierazpena, ahaidetasunik ez dagoela dioena.
-Enpresaren ziurtagiria, legezko zainketagatik lanaldia murriztu dutela frogatzen duena. Ziurtagiri horretan murrizturiko orduak eta murrizte ehunekoa agertuko da, baita murriztu baino lehenagoko hilabetean egiten ari zen lanaldi mota ere.
-Transferentzia bidez kobratzeko eskabidearen eredu ofiziala, behar bezala betea.
-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eskatzen dion beste edozein agiri.
II. KAPITULUA
Izapidaketa eta kontrola
9. artikulua. Dirulaguntzen gaineko ebazpena.
1. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, programa bakoitzaren barruan, sartu eta hurrenkera horretantxe aztertuko ditu espedienteak. Eskatzaileei ebazpena emateko bidezkotzat jotzen dituen agiriak eskatzen ahalko dizkie. Agiri horiek gehienez ere 15 egun balioduneko epean aurkeztu beharko dira, jakinarazi eta biharamunetik hasita. Horrela egin ezik, besterik gabe, espedientea artxibatu eginen da.
Eskabideen gaineko Ebazpena Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Kudeatzaileak emanen du. Horretan baldintzak eta betebeharrak ezartzen ahalko ditu, dirulaguntzak egoki gozatzen direla bermatzeko. Halaxe jakinaraziko dio interesatuari, hiru hilabeteko epean. Epe hori espresuki ebazpenik gabe iraganez gero, ulertuko da eskabidea ezetsi dela.
2. Eskabideko espedienteari buruzko datuetan gezur eginez gero edo daturik ezkutatu edo okertuz gero, espedientea ukatu edo ezabatu eginen da.
10. artikulua. Dirulaguntzaren ordainketa.
Dirulaguntza emateko Ebazpenean xedatuko da emaniko zenbateko osoa batera pagatu dadila, betiere laguntzaren onuradunak Nafarroako Ogasunarekiko eginbeharrak eginak baditu. Zenbatekoa erabiltzen ahalko da pagatzeke dauden zorrak kitatzeko, antzinatasunaren arabera. Antzinatasuna pagatu beharko ziren dataren arabera zehaztuko da.
11. artikulua. Agiriak.
Dirulaguntzaren xede den aldiaren hurrengo hilabetean frogatu beharko da dirulaguntzaren xede den egoerak bere horretan dirauela, agiri hauek aurkeztuz:
1. I. programaren onuradunendako, enpresaren ziurtagiria, dirulaguntzarako eskubidea eman zion lanaldi-murrizketan dagokion aldi osoan iraun duela adierazten duena.
2. II. programaren onuradunendako, ziurtagiria, dirulaguntzaren xede den aldian ordezturiko langileak lanaldiaren herenean edo erdian iraun duela eta ordezkoa aldi horretan lanean egon dela adierazten duena.
Nafarroako Enplegu Zerbitzuak bestelako agiriak eskatzen ahalko ditu, dirulaguntzarekin lotuak badaude.
3. Onuradunari, artikulu honetan xedaturikoa bete ezik, emaniko dirulaguntzak kendu edo ezabatzen ahalko zaizkio.
12. artikulua. Kontrola.
1. I. programaren babesean lanaldi-murrizketagatik dirulaguntza hartu duen langileak, dirulaguntzaren xede den aldia bukatu aitzin bere lanaldi murriztua aldatzen badu, pagaturiko dirulaguntzaren zenbatekoaren eta lanaldi murriztuan emaniko hilabeteekin biderkaturiko hileroko hainbanaketaren ondoriozko zenbatekoaren arteko aldea itzuli beharko du.
2. II. programaren babesean dirulaguntza hartu duen enpresak ordezkoaren kontratuari eutsi beharko dio ordezturiko langilea dirulaguntzaren xede den egoeran dagoeino.
Kontratatzen den emakumeak enpresari egotzi beharreko arrazoiak direla-eta enpresa uzten badu, laguntza bertan behera gelditu eta dirua itzuli beharko du, zerbait jaso badu.
Langileak halaxe nahi izan duelako utzi badu enpresa, honek beste langile bat kontratatzen ahalko du, hilabeteko epean. Horrela egin ezik, dirulaguntzarako eskubidea galduko da, hark enpresa uzten duenetik hasita.
3. Laguntza hauen onuradunendako Foru Agindu honetan ezarririko eginbeharrak egin ezik edo Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren ikuskaritza eragotziz gero, emaniko laguntzak bertan behera edo ezabatuko dira eta, hala bada, egiazki harturikoak itzuli beharko zaizkio Nafarroako Ogasunari, ezabatze hori jakinarazten denetik hilabeteko epean.
13. artikulua. Arau osagarriak.
Foru Agindu honetan aurreikusirik ez dagoen guztian, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Aginduan xedaturikoari jarraituko zaio.
14. artikulua. De minimis klausula.
Foru Agindu honetan ezarritako laguntzak de minimis izaerakoak dira. Hortaz, Europako Batzordeak de minimis dirulaguntzei buruzko urtarrilaren 12ko EE 69/2001 Erregelamenduan ezarritako baldintzak bete beharko dira (EEAO, 2001-1-13).
Erregelamendu hori betez, onuradunak gehienez ere 100.000 euro hartzen ahalko ditu, hiru urtean.
XEDAPEN IRAGANKORRAK
Lehena.-Langileak kontratatzeko edo haien lanaldia murrizteko espedienteak, Foru Agindu honek indarra hartu baino lehen irekiak badira, 82/2001 Foru Aginduan xedaturikoarekin bat izapidatuko dira, Foru Agindu honetako 3. artikuluko 2. idatz-zatian aurreikusiriko laguntzak izan ezik.
Bigarrena.-Foru Agindu honetako 3. artikuluko 2. idatz-zatian aipatzen diren laguntzak hartzen ahalko dituzte, bertan adierazi bezala, lanaldia murriztua daukatela frogatzen duten langileek, egoera hori Foru Agindu honek indarra hartu aitzin gertatuagatik ere, baldin eta 2002an gertatu bada eta laguntzaren eskabideak Foru Agindu honek indarra hartu eta hilabeteko epean aurkezten badira.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Emakumeak lan munduan sartzeko eta laneko eta familiako eginkizunak batera eramateko laguntzak arautzen dituen uztailaren 5eko 82/2001 Foru Agindua eta Foru Agindu honi aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak indarrik gabe gelditzen dira.
AZKEN XEDAPENA
Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, bi mila eta biko urriaren hiruan.-Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilaria, Nuria Iturriagagoitia Ripoll.
Iragarkiaren kodea: A0210830