126. ALDIZKARIA - 2002ko urriaren 18a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

I R U Ñ A

Alde Zaharreko erabilera debekatuei buruzko B.B.B.P.B.ko aldaketa puntuala behin betiko onetsita

Iruñeko Udalak, 2002ko irailaren 5ean egin osoko bilkuran, honako erabaki hau hartu zuen:

"Ikusirik Alde Zaharreko Babes eta Barne Berrikuntzarako Plan Bereziaren 89. artikuluko ("Erabilera xehekatuak. Bestelako zehaztapenak") 3. atalaren ("Erabilera debekatuak") aldaketa puntualaren hasierako onespeneran espedientea eta jendaurreko epea inolako alegaziorik jaso gabe iragan denez, espedientean dagoen txostena azterturik, honako hau erabaki da:

1. Alde Zaharreko Babes eta Barne Berrikuntzarako Plan Bereziaren 89. artikuluko ("Erabilera xehekatuak. Bestelako zehaztapenak") 3. atalaren ("Erabilera debekatuak") aldaketa puntuala hasiera batez onestea.

2. Lantalde bat sortzea, bertan egonen baitira, Iruñeko Udalaren indar politikoez gain, honako gizarte eragile hauek osatuko dutena: auzokoak, merkatariak, Ostalaritako Lanbide Elkarteak, gaian aritzen direnak, hori guztia arlo horretako gorabeherak aztertzeko eta Alde Zaharreko berrindartze sozial eta ekonomikoari irtenbidea eman ahal izateko.

3. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Idazketa berria, Alde Zaharreko B.B.B.P.B.ko Hirigintza Arautegi Orokorraren 89. artikuluko (Erabilera xehekatuak. Bestelako ohartarazpenak) 3. atalari (Erabilera debekatuak):

3.-Erabilera debekatuak.

3.1. Hauek dira erabilera debekatuak: Jatetxeak, gastronomi elkarteak, tabernak, ostatuak, kafetegiak, pubak, kafe-antzokiak, dantzalekuak, diskotekak, sex-shopak, eta horrelatsuko establezimendu publiko nahiz pribatuak, hori guztia kontuan hartu gabe kokalekua zein den, hau da, solairu, soto edota edonolako eremu libretan dauden. Debeku honetatik at gelditzen dira ostalaritzako jarduerak, horiek interes orokorreko zerbitzuetan edo guneetan badira, betiere horien kudeaketa sistemaren bidez (kontzesioa, errentamendua, etab.) bermatzen bada instalazio horren kontrol publikoa edota haren funtzionamendua. Halaber, debeku honetatik at gelditzen dira halako jarduerak non haiek instalatzeak lotura baduen hainbat lekutako sare sozioekonomikoa berrindartzeko plan edo programa zehatzekin, eta horiek Udalak onetsiak baldin baditu Lehentasunezko Esku-hartzeko Eremuak zehatz-mehatz mugatu ondoren eta garatzeko Esku-hartze Orokorreko Proiektua eginda.

3.2. Aurreko atalean agertzen diren ostalaritza jarduerak sailkatzen ahal dira, sortzen ahal dituzten gogaitze mailaren arabera, handienetik txikienera zerrendatuak, honelaxe:

1.-Dantzalekuak, kafe-antzokiak, diskotekak.

2.-Kafetegiak, ostatuak, tabernak, pubak.

3.-Jatetxeak.

4.-Gastronomi elkarteak.

Lizentziak indarrean izanik, 1989ko ekainaren 19 baino lehenagotik zeuden jarduren kasuan, eta 3. atal honetan debekatuak badaude:

Oro har, zaharberritzeko obrak egin daitezke, ordenantzei jarraikiz eta honako baldintza hauek kontuan hartuz:

-Azalera osoa handitu dezakete, biltegirako izanen diren guneetan bakarrik, eta horiek egungo lokaletik at egon daitezke, betiere eremu publikotik sarbide zuzena badute edo, hala bada, egungo lokaletik. Debeku da oso, lokala dagoen eraikinaren gune komunutetatik sarbidea izatea. Biltegirako azalera horiek izen horrekin agertuko dira jarduera lizentzietan, dagokion espedientea tramitatu ondoren.

-Musika ekipoak ezar daitezke egungo jardueretan, nahiz eta indarrean dagoen lizentzian zehazki ez agertu haiek erabiltzeko aukerarik. Musikaren indarra 55 dB(A) izan daiteke, gehienez ere.

-Jarduera aldaketak baimenduko dira baldin eta gogaitze maila txikiago batera aldatu nahi bada.

-1 eta 2 kategorietako jardueretarako diren lokaletan debeku da oso halako zaharberritze lanak egitea, horien ondorioz jendearendako azalera edo barraren luzera handitzen badira.

-Ostalaritzako jarduera mistoetan (ostatu-jatetxea, kafetegia-jatetxea, etab.) bakar-bakarrik handitzen ahalko da gogaitze maila txikiagoko jarduerari dagokion azalera, aurreko sailkapenaren arabera.

-Haien funtzionamendurako, Jarduera Sailkatuen arautegian finkatutako baldintzak, neurri zuzentzaileak eta ordutegia bete beharko dira, edota aplikatzen ahal diren haiek, bizilagunei enbarazorik ez sortzeko asmoz.

Puntualki, erabilera debekatu batzuren egungo jardueraren kokalekua tokiz aldatzen ahalko da, kasu hauetan:

-Etxebizitzerako beste solairu batzuk dituzten eraikinetan kokatuak dauden jarduerak, eta jendearendako sarrerak eraikinaren elementu komunetan barna baldin badute.

-Sustapen publiko baten helburuko eraikinetan dauden edota Eskuhartze Orokorreko Proiektuak abian jartzearekin lotuak dauden jarduerak eta haien ondorioz tokiz aldatzea gomendagarria bada.

Horretarako baldintzak honako hauek dira:

-Lekualdatzea beheko solairuetara eginen da edo/eta sotoetara, fisikoki biak lotuak badaude, baina inola ere ez eraikinaren elementu komunen bidez lotuak badaude.

-Lokal berria gehienez ere 150 metrotara egonen da hasierako lokaletik, salbu eta 3 eta 4. kategorietako jardueren kasuetan (jatetxeak eta gastronomi elkarteak), horietan ez baita aplikatuko distantzien gaineko mugarik.

1 eta 2. kategorietako jardueren kasuan, jarduera horiek baldin badaude sustapen publikoko helburu den eraikin batean edota Eskuhartze Orokorreko Proiektuak abian jartzearen ondorioz gomendatzen bada lokala tokiz aldatzea, horietan ere ez da aplikatuko egungo jardueraren tokitik 150 metroko distantziaren gaineko muga, betiere lekuz aldatzearen ondorioz jarduerare n kategoria aldatu eta legearen araberako ixteko ordua 1:30etatik luzatzen ez bada.

-Ez daiteke gainditu egungo azaleraren % 50 baino gehiago.

-Aldez aurretik jarduera sailkaturako dagokion espedientea tramitatu beharko da.

-Lekualdatzea egin baino lehenago, jarduera egiten den lokala izanen da indarra duen planeamenduak baimentzen duen jarduera baterako.

Ebazpen honen kontra, errekurtso hauetariko bat aurkezten ahal da, hautara:

-Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

-Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Sailari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aitzina; edo bestela,

-Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

Argitara ematen da Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruz indarra duen Legearen 59.4 artikuluan eta 59.5 artikuluaren a) idatz-zatian (azaroaren 26ko 30/1992 Legea) eta aplikatzen ahal den gainerako legerian xedatutakoa betez, izan litezkeen interesatu ezezagunentzat eta, legeak dioen bezala saiatuta ere, jakinarazi ahal izan ez zaienentzat jakinarazpen balioa izan dezan.

Iruñean, bi mila eta biko irailaren hamazazpian. Alkatea, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: A0210140