I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
Beste Xedapenak
ERABAKIA, 2002ko urriaren 15ekoa, Nafarroako Euskararen Kontseiluak hartua, bere Funtzionamendurako Erregelamendua onesten duena.
Nafarroako Euskararen Kontseilua martxoaren 11ko 135/1996 Foru Dekretuaren bitartez sortu eta abenduaren 24ko 689/1996 Foru Dekretuaren bitartez aldatu zen. Dekretu horietan finkatu ziren haren osaera eta eginkizunak. Ezarritako eginkizunak betetzeko beharrezkoa da orain Kontseilu horren funtzionamendua arautzea.
Horregatik, bidezkoa da Nafarroako Euskararen Kontseiluaren Funtzionamendurako Erregelamendua onartu eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea. Haren edukiak bat etorri behar du Kontseilua sortu zuen Foru Dekretuarekin eta Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko 30/1992 Legeko II. Tituluko 2. Kapituluan ezarritakoarekin.
Hori dela eta, Kontseiluburuaren proposamenez, Nafarroako Euskararen Kontseiluak, 2002ko urriaren 15eko bileran,
ERABAKI DU:
Artikulu bakarra.-Nafarroako Euskararen Kontseiluaren Funtzionamendurako Erregelamendua, eranskin gisa doana, onartzen da.
Iruñean, bi mila eta biko urriaren hamabostean.-Nafarroako Euskararen Kontseiluko idazkaria, Fermín Villanueva Ferreras.
ERANSKINA
Nafarroako Euskararen Kontseiluaren Funtzionamendurako Erregelamendua
1. artikulua. Nafarroako Euskararen Kontseilua, Lehendakaritza Departamentuari atxikitako organo kolegiatua, bere funtzionamenduan Erregelamendu honek eta Kontseilua sortu zuen martxoaren 11ko 135/1996 Foru Dekretuak ezarritakoari lotuko zaio, baita horretako artikulu batzuk aldatu zituen abenduaren 24ko 689/1996 Foru Dekretuan ezarritakoari ere. Subsidiarioki Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko 30/1992 Legeko II. Tituluko 2. Kapituluak xedatutakoa aplikatuko da.
2. artikulua. Kontseiluak gutxienez sei hilabetean behin eginen du ohiko bilkura, eta bilkura bereziak lehendakariak deitutakoan, bere kabuz edo kontseilukideen gehiengoak eskatzen duenean.
3. artikulua. Deiak idatziz bidaliko dira bi egun lehenago gutxienez eta eguneko gaien zerrenda erantsirik dutela.
4. artikulua. Kontseilukideek, gutxienez Kontseiluaren heren baten ordezkaritza baldin badute, eguneko gaien zerrendan egoki iruditzen zaizkien gaiak sartzeko eskatzen ahal dute, Kontseiluburuari zuzendutako idazki baten bidez, zeinak baloratuko baitu gaia sartzearen egokitasuna.
5. artikulua. Kontseilua legearen arabera eratuko da eta erabakiak hartu ahal izanen ditu lehendakaria eta idazkaria edo, bestela, haien ordekoak eta, gutxienez, kontseilukideen erdiak bertan direnean. Bilkura bigarren deialdian ere eratu ahal izanen da legearen arabera eta gehiengoz hartu ahal izanen ditu erabakiak, zenbat kide agertu diren kontuan hartu gabe, betiere hiru edo gehiago badira.
6. artikulua. Erabakiak agertutako kideen gehiengo soilez hartuko dira. Lehendakariak kalitatezko botoa izanen du berdinketa gertatzen denean.
7. artikulua. a) Kontseiluaren osoko bilkura bakoitzaren akta eginen da, eta bertan zehaztuko dira, gutxienez, agertuak, eguneko gaien zerrenda, non eta noiz egin den bilera eta hartutako erabakien edukia.
b) Aktan jasotzen ahal da, kontseilukideen eskariz, hartutako erabakiari buruzko boto partikularra edo aurkakoa, abstentzioa eta jarrera horren arrazoiak edo aldeko botoaren zentzua.
c) Aktak bilkuran bertan edo hurrengo bilkuran onartuko dira. Hala ere, idazkariak badu ahalmena hartutako erabaki zehatzen ziurtagiriak luzatzeko, akta gero onartzearen kalterik gabe.
8. artikulua. a) Kontseiluburua kanpoan, kargua utzita edo eri denean kontseiluburuordeak ordezkatuko du.
b) Kasu horiexetan idazkariaren ordez kontseiluburuak izendatutako Nafarroako Gobernuko funtzionario batek hartuko du haren lekua.
9. artikulua. Kontseiluburuordeak berdin har ditzake bere gain Kontseiluaren funtzionamenduari buruzko eta kontseiluburuaren esku dauden egintza guztiak, baldin eta horretarako sinadura ahalordeturik baldin bada.
10. artikulua. a) Nafarroako Euskararen Kontseiluaren sorrerari buruzko 135/1996 Foru Dekretuko 7. artikuluak aipatzen dituen Batzorde Berariazkoak egonkorrak edo denboran mugatuak izan daitezke.
b) Batzorde Berariazko bakoitza sortzeko erabakian haien denbora-goraberak, osaera eta eginkizun jakinak zehaztuko dira.
11. artikulua. a) Kontseilukide bakoitza gehienez ere hiru Batzorde Berariazkotako kide izanen da.
b) Batzorde bakoitza gutxienez lau kontseilukidek eta gehienez ere seik osatuko dute.
12. artikulua. Batzorde bakoitzak bere kideen artetik Batzordeko eztabaidak zuzentzeko eta Kontseiluan eledun izateko pertsona bat aukeratuko du.
13. artikulua. a) Batzordeen lanak Kontseiluko idazkariak koordinatuko ditu eta ohiko bilkuretarako deia zabalduko du.
b) Kontseiluko idazkaria Batzorde guztien bileretara agertuko da, idazkari gisa arituko baita.
14. artikulua. Erregelamendu hau kontseiluburuak edo gutxienez kontseilukideen heren batek proposaturik aldatu ahal izanen da.
Iragarkiaren kodea: A0211144