I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
Beste Xedapenak
ERABAKIA, 2002ko urriaren 7koa, Nafarroako Gobernuak hartua, Sarrigurengo Eko-hiriko Udalez Gaindiko Plan Sektorialaren 2., 9. eta 10. Ordenantzak ("Herria", "Berrikuntzaren Kuboak" eta "Berrikuntzaren Hiria") eta P-26 Altxonbidearen trazadura aldatzeko espedientearen izapideari hasiera ematen diona. Espedientea Nafarroako Gobernuko Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak sustatu du.
Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak ondoko espedientea aurkeztu du izapidea eman dakion: Sarrigurengo Eko-hiriko Udalez Gaindiko Plan Sektorialaren 2., 9. eta 10. Ordenantzak ("Herria", "Berrikuntzaren Kuboak" eta "Berrikuntzaren Hiria") eta P-26 Altxonbidearen trazadura aldatzea.
"Herria" alderdian, 2A eta 2B lurzati guztietan aldaketak proposatu dira planeamenduaren zehaztapenak inguru fisikoaren, urbanizazioaren eta eraikuntza proiektuen baldintzekin uztartzeko.
"Berrikuntzaren Kuboak" alderdiaren gaineko aldaketa haiek paratzeko azterlan xehetuak eragin du, sarbideak, azpiegiturak eta inguruko antolamenduarekin duen erlazioa direla eta.
"Berrikuntzaren Hiria" alderdiari dagokionez, aurkeztutako agiriak arau partikularren hirigintza zehaztapenak bigundu nahi ditu, sektorearen antolamendu orokorra hobetu, bai eta eraikin berrietako elementu bioklimatikoei bidea eman ere.
P-26 Iraganbidea izeneko Altxonbidea dela eta, egun zati batean UPSren eremuan barrena iragaten da eta haren trazaduraren aldaketa proposatu da Sarrigurengo hirigintza multzoa ingura dezan.
Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak 2002ko urriaren 4an eman txostena kontuan harturik eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legea ikusirik, Nafarroako Gobernuak, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik,
ERABAKI DU:
1. Sarrigurengo Eko-hiriko Udalez Gaindiko Plan Sektorialaren 2., 9. eta 10. Ordenantzak ("Herria", "Berrikuntzaren Kuboak" eta "Berrikuntzaren Hiria") eta P-26 Altxonbidearen trazadura aldatzeko espedientearen izapideari hasiera ematea. Espedientea Nafarroako Gobernuko Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak sustatu du.
2. Espedientea jendaurrean jartzea eta xede diren instalazioek ukitzen duten tokiko udalari entzunaldia ematea. Bi izapide horiek batera eginen dira eta hilabete bat iraungo dute, gutxienez, Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik hasita.
Horretarako, espedientea Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan izanen da ikusgai (Alondegi kalea, 1-2. solairua, Iruña), aipatu epean interesatuek egoki iruditzen zaizkien alegazioak aurkez ditzaten idatziz.
3. Entitate sustatzaileari eskatzea, espedientea behin betikoz ebatzi aurretik, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen txostenean, hirigintzako zehaztapenen atalean, azaldutakoa ekarri edo, bestela, zuzendu dezan.
4. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta ondokoei jakinaraztea: Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentua; Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzua; Herrilanetako Zuzendaritza Nagusia; Eguesibarko Udala; Nafarroako Nekazaritza Ganbara; UAGN; EHNE; Errege Altxonbideen Adiskideen Elkartea; Biolur, Gurelur; Ekologistak Martxan eta Gorosti, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, bi mila eta biko urriaren zazpian.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne Lehendakaritza kontseilaria, Nafarroako Gobernuko idazkaria, Rafael Gurrea Induráin.
Iragarkiaren kodea: a0210865