123. ALDIZKARIA - 2002ko urriaren 11

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

164/2002 FORU AGINDUA, ekainaren 25ekoa, Ekonomi eta Ogasun kontseilariak emana. Honen bidez Errenta eta Ondare Kanpaina Antolatzeko Bulegoa kentzen da, aldatu egiten dira Entitate Laguntzaileen Bulegoaren eginkizunak eta ondoko Unitate Administratibo hauek sortzen dira Ogasuna Kudeatzeko Zerbitzuko Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergetarako Kanpainaren Atalari atxikiak: Informazioa Kudeatzeko Unitate Administratiboa, Koordinazio eta Prestakuntza Unitate Administratiboa eta Antolaketa Administratiboko Unitate Administratiboa.

Gaur egun, Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergetarako Kanpainaren Atalak aldizkako 49 langile finko ditu (A mailako 15, B mailako 22 eta D mailako 12), baita bi Bulego ere, bere jarduerak antolatzeko.

Kontuan harturik unitate horren tamaina, eta ikusirik bilakaeraren ondorioz kanpainaren ereduak gaur egun argi eta garbi bereizten diren bi fase dituela, alegia, alde batetik zergapekoari aitorpen proposamenak igortzea, eta, bestetik, zerga-bulegoetan aitorpenak egitea, beharrezkoa da Atal horrek egiten dituen eginkizunak berrantolatzea. Horretarako, egun dauden bi Bulegoetako bat kentzea proposatu da, hala nola gelditzen den Bulegoaren eginkizunak aldatzea eta unitate administratibo batzuk sortzea, gaur eguneko egitura osatu eta atalburuari baliabide batzuk emateko, esleiturik dituen eginkizunak eta bitartekoak hobeki kudeatu ditzan.

Hortaz, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 50.2 artikuluan ezarritakoarekin bat, horren arabera kontseilariei baitagokie, nork bere departamentuan, bulegoak edo unitate administratiboak sortu, aldatu eta deuseztea.

AGINDU DUT:

1. artikulua. Entitate Laguntzaileen Bulegoak, Ogasuna Kudeatzeko Zerbitzuko Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergetarako Kanpainaren Atalari atxikia dagoenak, ondoko eginkizun hauek izanen ditu:

-Entitate laguntzaileek zergei buruz egiten dituzten kontsulta eta erreklamazio teknikoei kasu ematea, Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergen Atalaren irizpideei jarraikiz.

-Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergei buruz entitate laguntzaileetako langileei eman beharreko ikastaroak koordinatzea.

-Entitate laguntzaileei laguntza ematea, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenak prozedura automatikoaz egiteko behar diren aplikazio informatikoak koordinatu eta paratzeko.

-Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergen aitorpena egiteko inprimakiak eta programa informatikoak banatzea.

-Zergei begira garrantzizkoak izanik, entitate laguntzaileek aurkezten dituzten agiri eta datuak egiaztatu eta aztertzea, Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergen Atalaren irizpideei jarraikiz.

-Ogasuna Kudeatzeko Zerbitzuaren ordezkaria izatea entitate laguntzaileen aurrean, Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergen aitorpenak egin eta jasotzeko.

-Aurrekoei loturik esleitzen zaion beste edozein.

2. artikulua. Informazioa Kudeatzeko Unitate Administratiboa sortzen da, Ogasuna Kudeatzeko Zerbitzuko Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergetarako Kanpainaren Atalari atxikia, ondoko eginkizun hauekin:

-Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergen aitorpenak egiteko aplikazio informatikoen prestaketa eta funtzionamendu egokia koordinatzea.

-Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergen aitorpenak egiteko informazioa gainbegiratzea.

-Aitorpenak prozedura automatikoaz egitea.

-Aurrekoei loturik esleitzen zaion beste edozein.

3. artikulua. Koordinazio eta Prestakuntza Unitate Administratiboa sortzen da, Ogasuna Kudeatzeko Zerbitzuko Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergetarako Kanpainaren Atalari atxikia, ondoko eginkizun hauekin:

-Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergen aitorpenak egiteko inprimaki ofizialak diseinatu eta egitea.

-Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergen Atalarekin batera, entitate laguntzaileei eman beharreko material didaktikoa egitea, Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergen aitorpenak egiteko laguntza ematen duten langileen prestakuntzari begira.

-Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergei buruz entitate laguntzaileetako langileei eman beharreko ikastaroen edukiei eta iraupenari buruzko irizpideak finkatzea.

-Aitorpenak prozedura automatikoaz egitea.

-Zergapekoek zergei buruz egiten dituzten kontsulta eta erreklamazio teknikoei kasu ematea, Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergen Atalaren irizpideei jarraikiz.

-Zergei begira garrantzizkoak diren agiri eta datuak egiaztatu eta aztertzea, aitorpenetan jasotako datuen egiaztagiriak biltzea eta, hala behar izanez gero, likidazio proposamenak eta dagozkion likidazioak egitea, Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergen Atalaren irizpideei jarraikiz.

-Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergen tributu-prozedurako egintzen kontra aurkezturiko espedienteak tramitatu eta haiek ebazteko proposamena egitea.

-Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergen Atalak ezarritako irizpideak jakinaraztea Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergetarako Kanpainaren Ataleko langileei.

-Aurrekoei loturik esleitzen zaion beste edozein.

4. artikulua. Antolaketa Administratiboko Unitate Administratiboa sortzen da, Ogasuna Kudeatzeko Zerbitzuko Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergetarako Kanpainaren Atalari atxikia, ondoko eginkizun hauekin:

-Agiriak hartu eta erregistroan sarrera ematea.

-Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergen aitorpenaren inprimakiak banatu eta aitorpen horiek hartzea.

-Zergapekoek Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergei buruz egiten dituzten kontsulta eta erreklamazio administratiboei aurrez aurre kasu ematea.

-Sinadura digitalaren ziurtagiria eskatzen dutenen sinadura eta identitatea egiaztatzea.

-Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergen aitorpenak prozedura automatikoaz egiteko Ekonomi eta Ogasun Departamentuak baimentzen dituen Tributu Langelei eman beharreko baliabide materialak koordinatzea.

-Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergen aitorpenen inprimakiak hartu, bildu, banatu eta kontrolatzea. p.-Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergen aitorpenei buruzko agiriak administratu eta zaintzea.

-Aurrekoei loturik esleitzen zaion beste edozein.

5. artikulua. Errenta eta Ondare Kanpaina Antolatzeko Bulegoa, Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergetarako Kanpainaren Atalari atxikia, kentzen da.

6. artikulua. Ogasuna Kudeatzeko Zerbitzuko Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergetarako Kanpainaren Atalari atxikirik sorturiko Unitate Administratiboak Foru Komunitateko edo hari atxikiriko funtzionarioekin bete ahalko dira edo, bestela, Atal horri atxikiriko aldizkako lan kontratudun langile finkoekin, hala aholkatzen baitute haietan eginen diren jarduerek eta haietako langileen ezaugarri juridikoek.

Aldizkako lan kontratudun langile finkoen izendapenak, Ekonomi eta Ogasun kontseilariak nahi duenean bertan behera utzi ahalko dituenak, ez dira kontratudun gisa zerbitzuak emateko ezarritako epe zehatza baino luzeagoak izanen, eta, beraz, bukatu eginen dira deitu zireneko kanpainak amaitzen direnean.

Iruñean, bi mila eta biko ekainaren hogeita bostean.-Ekonomi eta Ogasun kontseilaria, Fernando Iribarren Fentanes.

Iragarkiaren kodea: a0209625