123. ALDIZKARIA - 2002ko urriaren 11

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

1111/2002 EBAZPENA, abuztuaren 13koa, Industria zuzendari nagusiak emana, Berako mugapean Composites Gurea S.A.ko hartunerako proiektuari Administrazioaren baimena ematen diona, instalazioak egin eta haien onura publikoa aitortzeko.

José Daniel Barua Odiaga jaunak, 2002-07-31n, Gas Natural S.D.G.S.A.ren izenean (ordezkaritza hori aski den ahalordearen bidez frogatu baitu), eskatu zion Administrazioari baimena instalazioak egin eta haien onura publikoa aitortzeko, Berako mugapean Composites Gurea S.A.ko hartunerako proiektua egiteko. Proiektu hori Angel Luis Gómez González bide-ingeniari jaunak prestatu zuen eta Elkargo Ofizialak 2002-07-25ean bisatu, 121855 zenbakiarekin.

Aurrekontuak bi mila, bederatziehun eta berrogei euro eta bi zentimo (2.940,02) egiten du.

Gas Natural SDG, S.A. Administrazioaren baimenaren titularra da Beran gas naturala banatu eta hornitzeko, Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legeko seigarren xedapen gehigarriarekin bat. Izan ere, Industria Ministerioak Enagas S.A.ri 1985eko abenduaren 23ko Aginduaren bidez eman zion kontzesio administratiboa iraungi da, Enagas S.A.ren jarduerak bereizi egin baitira. Haren titulartasuna orain Gas Natural SDG, S.A.k du. Halaxe jakinarazi zitzaion Departamentu honi 99-08-19an, urriaren 7ko 34/1998 Legeko 73. artikuluko 2. idatz-zatiarekin bat. Atal honetan aipatzen diren instalazioak egiteko Administrazioaren baimenaren eskabidea sareak garatu eta hedatzeko zerbitzu publikoaren eginbeharretan oinarritzen da, kontzesio haren arabera ezarri baitziren. 34/1998 Legeko hamabosgarren xedapen iragankorrean halaxe xedatu zen. Xedapen hori ondasun eta zerbitzuen merkatuen lehiakortasuna indartzeko presako neurriei buruzko 2000ko ekainaren 23ko 6/2000 Errege Dekretu Legeko 14. artikuluaren bidez aldatu zen (2000-6-24ko EAO, 151. zk.).

Gas Natural SDGSAk bere eskabidean adierazi duenez, instalazio hura egiteko ez da jabetza pribatuko ondasunik ukitzen eta beraz, ez da espedienterik izapidatu behar desjabetu ahal izateko.

Gas Natural SDGS.Ak ondasun eta zerbitzuak babesten dituzten erakunde publiko guztiei eskatu dizkie baimena eta baldintzak. Horregatik haiek ezartzen dizkioten baldintzak bete beharko ditu.

Proiektuak Erregai gasdunen sareei buruzko Erregelamendua betetzen du. Erregelamendu hori 1974ko azaroaren 18an eman eta 1974ko abenduaren 6ko EAOn argitaratu zen Aginduaren bidez onetsi zen, eta 1983ko apirilaren 26ko Aginduaren, 1984ko uztailaren 6ko Aginduaren, 1994ko martxoaren 9ko Aginduaren eta 1998ko maiatzaren 29ko Aginduaren bidez aldatu (Agindu horiek 1983ko azaroaren 8ko, 1984ko uztailaren 23ko, 1994ko martxoaren 21eko eta 1998ko ekainaren 11ko EAOetan argitaratu ziren, hurrenez hurren).

Horretarako ireki den espedientean arauzko izapidaketak beterik, Industri Segurtasuneko Zerbitzuak luzaturiko adostasun txostena ikusirik eta Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak urriaren 14an eman eta 133. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, urriaren 25ean, argitaratu zen 572/1999 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan ahalmenak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. Gas Natural Gas Natural SDG, S.A. enpresari Administrazioaren baimena ematea, Berako mugapean Composites Gurea S.A.ko hartunea paratzeko proiektua egiteko.

Administrazio baimena ondoko baldintzetara egokituko da:

Lehena.-Gas Natural SDG, S.A. enpresak bi hilabeteko epean 58,80 euroko bermea jarri beharko du, espedientean agertzen diren instalazioen aurrekontuaren 100eko 2a, bere eginbeharrak beteko dituela ziurtatzeko, Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legeko 73. artikuluko 4. puntuaren arabera. Delako bermea Nafarroako Gobernuko Ogasun Departamentuan jarri beharko da, uztailaren 22ko 1775/1967 Dekretuaren 11. artikuluaren 3. idatz-zatian zehaztutako moduetako batean. Berme hori instalazioak abian jartzeko akta gauzatutakoan berreskuratu ahalko da.

Instalazioetan eta beren muntaketan bete beharko da Gas Erregaien Sare eta Hartuneei buruzko Erregelamendua, 1974ko azaroaren 18an Industria Ministerioaren Aginduaren bidez onetsia, zeina, gero, Industria eta Energia Ministerioaren 1983ko urriaren 26ko, 1984ko uztailaren 6ko, 1994ko martxoaren 9ko eta 1998ko maiatzaren 29ko Aginduen bidez aldatu baitzen. Instalazio horiek prestatu beharko dira gas alorreko aurrerakuntza teknologikoekin batera joateko eta hornidura malgu eta seguruak lortzeko.

Bigarrena.-Gasa saltzeko tarifak finkatzerakoan, gai horri buruz indarrean dauden xedapenek diotenari jarraikiko zaio.

Hirugarrena.-Gas Natural SDG, S.A.k Hidrokarburoen Sektoreari buruzko Legeko 75. eta 76. artikuluetan aipatzen diren eskubide eta baldintzak izanen ditu banatzailea den aldetik, baita 83. artikuluan aipatzen direnak ere, banatzaile eta merkaturatzaileek hornidurarekin dituzten eskubide eta eginbeharrei dagokienez.

Laugarrena.-Baimen honek ez du erabateko eskubiderik ematen eta ez du monopoliorik onartzen.

Bosgarrena.-Industri Segurtasunerako Zerbitzuak Ebazpen honetan zehaztutako baldintzak zehazki betetzen diren begiratuko du.

Instalazioak eraiki eta gero, Zerbitzu horrek ikuskatuko du lan eta muntatzeak burutu diren eta, horiek bukatutakoan, eta instalazioen obra bukaeraren ziurtagiria -eskumena duen teknikari batek sinatua eta dagokion Elkargo Ofizialak ikus-onetsia- kontzesio-hartzaileak aurkeztu duela frogatu ondotik, aipatu Zerbitzuak hori guztia biltzen duen akta eginen du, eta ondotik Zuzendaritza Nagusi honetara igorriko.

Seigarrena.-Urriaren 7ko 34/1998 Legeko 73. artikuluko 6. idatz-zatian aipatzen direnak ez ezik, hauek ere izanen dira administrazio baimen hau bertan behera uzteko arrazoiak:

a) Bermea adieraziriko era eta epean ez ordaintzea.

b) Proiektuak aurrera eramaterakoan, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak baimendu ez duen aldakuntza edo hedakuntzarik sartzea, indarrean dauden xedapenak bete ahal izateko egiten diren aldaketak salbu.

c) Instalazioak Ebazpen honek ezarririko baldintzei jarraikiz ez egitea edo indarra duten erregelamenduek pertsonen eta gauzen segurtasuna bermatzearren ezartzen dituzten baldintza eta agindu tekniko oinarrizkoak eta hornidurarako baldintzak ez betetzea.

2. Gas Natural Gas Natural SDG, S.A.k Berako mugapean Composites Gurea S.A.ko hartunea egiteko aurkezturiko proiektua onestea eta baimena ematea proiektu hori egiteko, indarra duen legeriarekin bat egin behar dena, lurrak benetan okupatu eta egin beharreko lanak hasten direnetik hiru hilabetera.

3. Aipatu instalazioaren onura publikoa onartzea eta, beraz, ukitutako ondasun eta eskubideak okupatu beharra, baita presako okupazioa ere, 1954ko abenduaren 16ko Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legearen 52 eta 53. artikuluen ondorioz, Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legearen IV. Tituluko 103, 104, 105, 106 eta 107. artikuluei jarraituz.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko helegitea aurkez daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazpen egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean.

Ebazpen hau Gas Natural SDG, S.A.ri jakinaraziko zaio, behar diren ondorioak izan ditzan, bon.ean argitaratuko da eta indarra hartuko du argitaratu eta biharamunean.

Iruñean, bi mila eta biko abuztuaren hamahiruan.-Industriako zuzendari nagusia, Enrique Jiménez Goicoa.

Iragarkiaren kodea: A0209078