I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
Beste Xedapenak
EBAZPENA, 2002ko irailaren 3koa, Nekazaritzako Egitura eta Elikagai Industrien zuzendari nagusiak emana, Nekazaritzako Elikagaien Artisautza erregulatzen duten arau berri batzuk onesten dituena.
2000ko maiatzaren 29ko Ebazpenaren bidez, Nekazaritzako Elikagaien Artisautza erregulatzen duten arauak onetsi ziren, Lanbideen Zerrendan ageri diren lanbide batzuei dagokienez. Arau hauek lanbide bateko eta besteko artisauen esperientziaren ondorio dira, eta Nekazaritzako Elikagaien Artisautza Batzordeak onetsiak izan daitezen aurkeztu dira.
Alde horretatik, Batzordeak 2002ko ekainaren 21ean egin bilkuran hainbat arau berriren onespena proposatzea erabaki zuen, ondokoen elaborazioari buruzkoak hain zuzen ere: oliba-olio birjina estra, jogurta, eta arrain kontserbak eta gazituak.
Nekazaritzako Egitura eta Elikagai Industrien Zerbitzuaren aldeko txostena ikusirik, eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak 1999ko irailaren 13ko Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskurantzak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Nekazaritzako Elikagaien Artisautza erregulatzen duten arau batzuk onestea, oliba-olio birjina estraren, jogurtaren, eta arrain kontserben eta gazituen elaborazioari buruzkoak.
2. Ebazpen honen kontra gora jotzeko helegitea jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazten denetik aitzina, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta hura aldatzen duen urtarrilaren 13ko 4/1999 Legean xedaturikoarekin bat.
3. Ebazpen hau jakinaraztea Nekazaritzako Elikagaien Artisautza Batzordeari eta Instituto de Calidad Agroalimentaria de Navarra S.A.ri, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, bi mila eta biko irailaren hiruan.-Nekazaritzako Egitura eta Elikagai Industrien Zuzendari Nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.
Iragarkiaren kodea: A0209795