121. ALDIZKARIA - 2002ko urriaren 7a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

A Z K O I E N

Kontribuzio bereziak, kale eta plaza hauetako zorua eta sareak berritzeko: María Auxiliadora zeharkalea, María Auxiliadora, Dabán, Cantarranas, Julián Gayarre, Sancho el Fuerte eta Venta Blanca kaleak eta Emilio Rodríguez eta Fueros plazak

Azkoiengo Udalak, 2002ko abuztuaren 26an egin osoko bilkura arruntean, legez eskatutako quorumarekin, jarraian laburturik ematen den erabakia hartu zuen:

1. Kontribuzio bereziak ezartzeko erabakia hartzea, hasiera batez, kale eta plaza hauetako zorua eta sareak berritzeko proiektua finantzatzeko: María Auxiliadora zeharkalea, María Auxiliadora, Dabán, Cantarranas, Julián Gayarre, Sancho el Fuerte eta Venta Blanca kaleak eta Emilio Rodríguez eta Fueros plazak.

2. Hasiera batez onestea kontribuzio berezien Antolamendurako Erabaki zehatza, honela dioena:

A) Subjektu pasiboak:

Zorua berritu behar zaion kalearen aldera ematen duten eta onura bereziki jasoko duen zonaren barrenean sarturik dauden lurzati eta eraikinen jabeak eta jabe-elkarteak.

Ukiturik gertatzen diren jabe-elkarteei egozten ahal zaien kuotaren ordez jabeetako bakoitzarentzako kuota banan-banakoa jartzen ahal da, betiere Udalari ematen bazaio eraikineko auzo bakoitzaren partaidetzaren ehunekoa egiaztatzen duen agiria.

B) Zerga oinarria:

Kaleari zoru berria emateko kostua, kontribuzio bereziei aplikatzen bazaie kale bakoitzaren kostuaren % 20 proiektuaren idazketa eta obraren zuzendaritza barne sartuz: hasiera batean aurreikusi da zerga oinarria 1.106.824,03 eurokoa izanen dela.

Kopuru hori finkatu da, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legeko 112.3 artikuluan oinarrituz, aurreikuspen soilaren modura, eta aldatzen ahalko da, behar baldin bada, obrak amaitu eta egiazko kostua ezagutu ondoren.

C) Onura bereziki jasoko duen zona:

Zorua eta sareak berritu behar diren kalearen aldera ematen duten lurzati guztiak. Espedientean sartzen dira jabeen izenen zerrenda eta ukituriko lurzatien zedulak.

D) Banaketarako irizpideak:

Kontribuzio berezien banaketan, oinarriaren ehuneko 50 eginen da lurzatiaren azaleraren arabera, eta zerga oinarriaren beste ehuneko 50 fatxadaren luzeraren arabera.

E) Xedapen aplikagarriak:

Kobrantzan, dirubilketan eta erabaki honetan espresuki aipatzen ez diren gainerakoetan, aplikatuko dira Kontribuzio berezien ordenantza, Ordenantza fiskal orokorra eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legea.

3.-Onestea zergadunen zerrenda eta zerga oinarriari ezarritako moduluak aplikatzetik ateratzen diren banan- banako kuotak, zehazki ukituriko finka eta jabeen zerrendari loturik, eta erabaki honetan onesten diren banaketa oinarrien arabera, zeinak espedientean baitaude.

4.-Erabaki hau eta espedientearen gainerakoa jendaurrera ateratzea, Udalaren iragarki oholean eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean iragarkia jarriz, eta 30 eguneko epea ezarriz interesatuek aztertu eta egokiak iruditzen zaizkien erreklamazioak aurkez ditzaten.

Ukituriko jabeek edo titularrek Zergadunen administrazio elkartea eratzen ahalko dute, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 6/1995 Foru Legeko 119 eta 120. artikuluetan aipatzen den bezala.

5.-Zehaztea ezen, erreklamaziorik aurkezten ez bada, kontribuzio bereziak ezartzeko eta antolamendu zehatzerako erabakiak hasierakoak izatetik behin betikoak izatera igaroko direla, berriz ere erabakia hartu beharrik izan gabe, eta orduan argitaratuko direla bai erabakia bai behin betiko testua, Toki Ogasunei buruzko Foru Legean eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoan ezarritako moduan, eta zergadunei jakinaraziko zaizkiela egokitu zaizkien banan-banako kuotak.

Azkoienen, bi mila eta biko abuztuaren hogeita hamarrean. Alkatea, sinadura ulertezina.

Iragarkiaren kodea: A0209534