121. ALDIZKARIA - 2002ko urriaren 7a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

1046/2002 FORU AGINDUA, irailaren 18koa, Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak emana, Legarda eta Mañeruko udalerrietan ondoko proiektuek ukitutako ondasun eta eskubideak okupatu aitzineko aktak egiteko dei egiten duena. Proiektuak: "Iruña-Logroño autobia, tartea: Zizur-Gares" eta "Iruña-Lizarra autobia: Garesko saihesbidea egitea (Arga ibaiko zubia izan ezik)".

Herrilan zuzendari nagusiak emandako uztailaren 5eko 590/2001 Ebazpenaren bidez behin betikoz onetsi zen honako proiektu hau: "Iruña-Logroño autobia egiteko proiektua, Zizur Nagusia-Gares tartea". Jendaurrean jarri zen abenduaren 27ko 1308/2000 Ebazpenaren bitartez.

Herrilan zuzendari nagusiak emandako azaroaren 8ko 1106/2000 Ebazpenaren bidez, behin betikoz onetsi ziren proiektu hauek: "Iruña-Lizarra autobia: Garesko saihesbidea egitea (Arga ibaiko zubia izan ezik)" eta "Iruña-Lizarra autobia: Arga ibaiko zubia egitea Garesko saihesbidean"; jendaurrean jarri ziren ekainaren 30eko 649/2000 Ebazpenaren bitartez.

Nafarroako Gobernuak, abuztuaren 5eko 182/2002 Foru Dekretuaren bidez, proiektuek ukitzen dituzten ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratu du.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitatearen Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen 23/1983 Foru Legearen 36.2 artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, eta Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legeko 52. artikuluarekin bat,

AGINDU DUT:

1. Legarda eta Mañeruko udalerrietan ondoko proiektuek ukitutako eskubide eta ondasunen titularrei dei egitea: "Iruña-Logroño autobia, tartea: Zizur-Gares" eta "Iruña-Lizarra autobia: Garesko saihesbidea egitea (Arga ibaiko zubia izan ezik)", Legardako udaletxean ager daitezen urriaren 21 eta 22an eta Mañeruko udaletxean urriaren 22an, ondasun eta eskubide horiek okupatu aitzineko aktak eta, behar balitz, behin betikoak, egiteko.

2. Egintza horretara norberak joan beharko du, edo bere izenean aritzeko behar bezala ahalordetutako pertsona batek; titularra dela frogatzen duten agiriak eraman beharko ditu (eskritura publikoa, jabetza erregistroko ziurtagiria, etab.); egoki baderitzo, peritoak edo/eta notarioa eraman ditzake, baina, betiere, norberak ordaindu beharko die.

3. Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, Nafarroako Foru Komunitateko bi egunkaritan eta Legarda eta Mañeruko udaletxeetako iragarki oholean argitaratuko da eta, banakako zitazio zedularen bitartez, ukitutako titularrei horren berri eman eta adieraziko zaie argitalpen hau Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legeko 59.5 artikuluan aipatzen diren ondorioetarako ere egiten dela.

4. Foru Agindu hau igortzea Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuko Desjabetzapen Atalera eta Legarda eta Mañeruko Udaletara.

Iruñean, bi mila eta biko irailaren hemezortzian.-Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilaria, José Ignacio Palacios Zuasti.

Iragarkiaren kodea: A0210302